Deklaratzekorik ez
Deklaratzekorik ez
2019, nobela
312 orrialde
978-84-17051-26-6
Azala: Angel Aldarondo (Antoni Gisberten “Fusilamiento de Torrijos y sus compañeros en las playas de Málaga” koadrotik abiatuta)
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2009, poesia
2007, poesia
 

 

1996-05-07

 

 

Goizeko zazpiak dira. Polizia-operazioa Donostian. Azken hilabeteotako hainbat kale-eraso egin izana leporatzen dietela, zazpi lagun atxilotu dituzte: hiru Alde Zaharrean, bi Intxaurrondon, eta beste bi Antiguako auzoan. Guardia Zibilaren iturriek diotenez, Jarraiko talde bat osatzen zuten zazpi atxilotuek, eta, besteak beste, pasa den larunbatean Enrique Pozo PSOEko Errenteriako zinegotziaren kontra utzitako lehergailuarekin izango lukete zerikusia. Guardia Zibila zenbait etxe miatzen ari da oraindik, eta horietako baten aurrean dugu berriemaile Maialen Galatas.

      Egunon. Goizaldeko laurak aldera hasi da Javier Gomez Cruz epaileak agindutako operazioa, eta esan bezala, zazpi izango lirateke atxilotuak. Oraindik atxilotuen izen-abizenik ez dakigun arren, bai esan dezakegu Intxaurrondoko kuartelera eraman dituztela denak, eta inkomunikazio egoera ezarri diela epaileak. Etxe batzuetan luze ari dira jotzen miaketak. Gu Esterlines kaleko hamalaugarrenean gaude eta, entzun dezakezuenez, hogeita hamar bat lagun bildu dira atxilotuen askatasuna eskatzeko. Polizia iturriek diotenez, operazioak irekita jarraitzen du eta atxiloketa gehiago egon litezke datozen orduetan.

      Eskerrik asko, Maialen…

 

 

Petxutik gora, korapilo modua, ezarian eztarri guztia hartzen didana; faringearen luze-zabalak eztanda egingo balit bezala, lepoak eztanda egiteraino kasik. Esterlines kalea. Hau izorratzea. Imaz. Esterlines kaleko hamalaugarrena.

      Piztuta jarraitzen du irratiak baina ez dakit zertaz ari diren jada; ziztuan altxatu naiz, nora ez jakin ordea. Banekien, banekien, berandu baino lehen gertatuko zela, eta gertatu, gainera, goiz gertatu da. Aulkian pilaturiko jantzi ugarietatik, bakero, kamiseta eta jertse bana hartu dut, aliritzira, armairutik galtzontzillo-galtzerdiak, eta itsumustuan jantzi ditut, baldar samar. Nire baitara mundurako baino, ez naiz ohartu atea ireki eta aita dudala parez pare; ea zer diren presa horiek. Oierrekin geratu naizela eta laurdenetan azterketari azken errepasoa emateko; iratzargailua lehenago jartzea ahaztu zitzaidala bart.

      — Ederki zaudete orain ikasten hasteko asmoa baduzue.

      Apunteak biltzen ari naizelako itxurak egin eta hura noiz aldenduko itxoin dut; pasilloan barrena egin duenean sartu ditut motxilan jantzi gehiago motroilotik. La orquesta roja ere sartu dut, aurreko astean Oierrek pasatu zidan liburu maiztu bat. Komunisten erresistentzia isila nazien kontra, dena galduta zirudienean ere tinko borrokan, etsiak hartu gabe aurrera garai okerrenetan ere.

      Ez ditu ehun metrok banatzen bion etxeak; atarira jaitsi, Mirakruz kalea gurutzatu, urrats batzuk itsasaldera, eta atezain automatikoan jo diot. Zer-gertatzen-daka hartu nau, ezagun du ez dela oraindik ezertaz jabetu, harritzekoa ez haren ohiko patxada kontuan izanda. Irratian, bai, albistegian, bai, Esterlines kalean, Imaz behar du, noski; ez, ez dute haren izenik aipatu baina ez da dudarik, eta operazioa irekita dagoela, entzun, operazioa irekita dagoela, atxiloketa gehiago egon daitezkeela, beraz, atxiloketa gehiago, eta denetarik, entzun dut nire burua hizketan, denetarik. Lasaitzeko esan dit, oraindik gugana etorri ez badira ez direla derrepente etorriko, eta gainera nik ez dudala marroirik, ez dudala kezkatzeko motiborik. Baina zer kantatzen hasten badira denak, esan diot, apuntatzen hasten badira itsu-itsuan, apuntatzen hor eta ahor, seinalatzen hemen eta han, izenak eta izenak, burura etortzen zaizkien lehendabizikoak, bata bestearen atzetik, orduan zer. Ernegatu samar esan dit ez izateko histerikoa, gainantzezten ari naizela. Onena mugitzen hastea dela oharturik-edo, ordea, ibai alderantz jo dugu. Parte Zaharrera egitea azeriaren zulora joatea litzateke, baina ez dakigu bestela nora arraio joan gaitezkeen; akaso niri adarra jotzeko, lehenengo gauza ondo gosaltzea izan behar dela esan dit Oierrek, taxuz berdintzea sabela, bestela ezin dela erabaki onik hartu; tipo hau nitaz trufatzen ari da, baina ez dakigunez zer beste egin, erdialderantz jo dugu azkenean. Zubia gurutzatzen ari garela —haize-kolpe bortitzak, itsaso-zeru griskarak—, gosaritarako egokia izan daitekeen leku bat bururatu zait. Txikitan amarekin joaten nintzen kafetegi bat, antigoaleko estilokoa; ez gaitu inork han esperoko, ez bilatuko, inor ez dela konturatuko han, leku handia dela gainera, jendez mukuru sarri. Oharkabean igarotzeko leku espeziala. Algara txikia atera zaio Oierri, eta bekoz beko jaulki dit.

      — Bueno, bueno, uztazu. Enparanoiatzen ari zara.

      — Bai, zera.

      — Entzunzazu ondo: inor ez da zu atxilotzera etorriko, nahi badidazu niri lagundu ondo, baina lasai asko joan zaitezke institutura, etxera edo nahi duzun lekura.

      Ez du ulertzen, ez du ulertu nahi, egoeraren larria. Ez da kontu berria, arazoari eskapo egin nahian beti, ezer gertatuko ez balitz bezala. Ez du diskutitu nahi, ordea.

      — Isil hadi, hau ez duk jolasean ibiltzeko kontua eta.

      Ez da erraza Oier bere onetik ateratzea, baina batzuetan lortu egiten dut, badakidalako ziur aski gure arteko konplizitatea bere horretan geratuko dela haren amorrazioa gorabehera. Beltza du muturra, isilik jarraitu du aurrera Abenidan barna, agian ez soilik nigatik baizik eta ohartzen hasia delako zein den egoera; zuzen jarraitu dugu atsedenik gabe Loiola kaleko kantoira arte. Eskuinaldean geratzen da beirate zabala duen kafetegia. Ni sartu naiz lehenengo, atzetik Oier, ze ostia egiten dugu guk hemen esaten duela dirudiela, eta barra hondoraino jo dut, sarreratik ahalik eta aparteen. Hamazazpi urteko bi mozolo señora eta señorrez betetako kafetegi donostiarrean, bere barra luze marmolezkoarekin, bere taburete dotore lurrera atxikiekin, bere ispilu handi tonu okrezkoekin, bere pajaritaz jantzitako barman gominadun bastante nardagarriekin, antigoaleko lanpara laranja handikoteekin, sarrerako neoizko afixa finko modaz pasatutakoarekin, metalezko lotura batzuek eusten duten mahai-zapitxoekin, eta horrela; horterada bat, pentsatuko du Oierrek ziur aski, balizko glamour afrantsesatu badaezpadakoa, bere buruaz enpo, enpu, enpor eta enpot egiterainokoa. Eskatzera gerturatu naiz, kafesne eta croissant bana, baina mahaietako batean hartzeko lekua esan dit barmanak, etorriko direla galdean. Eseri gara, eta luze gabe gerturatu zaigu. Kartak luzatu dizkigu, eta ikustekoa izan da Oierren aurpegia, “nora-kristo-ekarri-nauzu-zertarako-ekartzen-digu-karta” soslaikoa. Bizkor erreakzionatu dut.

      — Barkatu, badakigu zer nahi dugun.

      Kafesne eta croissant bana baina ezetz Oierrek, cola-caoa nahi duela; ba cola-caoa. Ea ez dugun ezer gehiago nahi, zukuren bat, batido goxo askoak egiten dituztela, tostadak ere bai, baita pintxoak ere gazitik jo nahi badugu, edo pasta batzuk, etxekoak direla, ez beste edozein lekutan aurki daitekeen gozogintza mota industrial horretakoa; a, eta ahaztu baino lehen, edateko txokolatea ere egiten dutela: “Apostaría a que os encanta el chocolate caliente”.

      — Ez, eskerrik asko.

      Zeramika klasikoko katilutan —urre koloreko lerroa ertzetan, arrosen marrazkiak— ekarri dizkigute kafeak, eta barmana aldendu arte itxaron dugu hitz egiten hasteko. Temati dago Oier, ez dudala ezer pintatzen nik ihes egiten, ez dudala kezkatzeko motiborik.

      — Oier, Imaz dela.

      — Zer uste duzu, Imazen lagun guztien bila hasiko direla orain ala?

      Egia esan, bost axola zer esaten didan, nahi dituen plantak egin ditzake, baina arrisku handia sumatzen dut, nigana ere joango ote diren, areago azken hilabeteetako martxarekin, zenbat kontzentra, ilegal, legal, zenbat manifa, ilegal, legal, zenbat asanblada ireki, ilegal, legal, Imazekin, Unairekin, Oierrekin berarekin eta beste guztiekin. Ez dut batere garbi ikusten, nahiago egun batzuetarako desagertu, atertu arte itxaron, ea zer gertatzen den ikusi arte. Aitari zer esango diodan, horra beste kontua; baina atxilotua izatearen zamak puskaz gehiago estutzen nau.

      — Aber, hitz egin dezagun serio behingoz. Zuk ez duzu marroirik.

      — Zuk zer dakizu?

      Orain bai alditxartuko zaidala benetan; atzerantz bota du enborra, eskua suelto askatu gora, gora eta atzera, tinko —harengan ezohiko keinua—, orain-sinetsi-beharko-dut-uste-baino-gehiago-egin-duzula esango balu bezala. Arnasa sudurretatik botaz, ezezkoa egin du buruarekin, desesperazioz.

      — Ez daukazu erremediorik. Ez dizut burugogorkerian irabaziko.

      Croissant erdia sartu du katiluan, halako moldez non, batetik, cola-caoa irauli zaion kanpora, eta bestetik, opila gehiegi bustitzearen kariaz tantaka dariola-eta, keinu azkar batez sartu behar izan duen ahoan; alferrik, baina, kokotsetik beherako tantoek salatzen duten gisara. Irribarretxoa atera zaio kuxidade horren erdian, baina ni ez nago txorakerietarako, ingurura begiratu dut, lotsabera, ea norbait begira ari ote den.

      — Tira, tira, ez da horrenbesterako.

      — Noizbait ikasiko duzu leku hauen xarma estimatzen.

      — Nekez, ez baitidate etxean erakutsi…

      Barmana gerturatu zaigu zapia eskuan eta keinu urduriaz zatarreria txukuntzera. Ezta cola-caoa osorik irauli izan balitzaio ere. Ea kontua nahi dugun galdetu digu, eta ezetz nik, ez dugula presarik; gainera, oraindik ez dugu jan-edanekin bukatu.

      — Baso bete ur aterako didazu, mesedez?

      Ondo ezagutzen dudalako dakit nekez ari zaiola Oier barreari eusten. Ezer esan gabe aldendu da barmana, ozpindu samar. Solasaldiarekin jarraitu dugu, Oier berean temati, zuhurtzia beharrezkoa dela, baina itsutu gabe —“zuhurtzia kontrolatua” da erabili duen esapidea, entzungo zion hori ere norbaiti—, eta gaudenean, trankil egotea askoz ere egokiagoa dela. Formazio batzuetan entzundakoa kontatu dit, alegia, sarekadetan hobe dela sobera ez mugitzea, “bakoitzak bere postuan jarrai dezala” esan zioten zehazki, ezin duela errepresioak norberaren egitekoa baldintzatu, ezin duela beraien estrategiak gure agenda markatu, hori argi izan behar dugula, hori akabua litzatekeela, eta hobe dela egokiera hauetan ez hanka egitea. Gaztigu bat ere eman omen zieten, azken boladan sarekadak ugaritzen ari direla, geroz eta jende gehiago hasi dela ihes egiten, denboraldi baterako behinik behin, gauzak lasaitu artean, torturak ekiditeko behintzat, eta gero, gertakarien arabera, beren burua entregatzen dutela —zuzenean kartzelara komisariako infernua igaro gabe—, edo ezer gertatuko ez balitz bezala itzultzen; baina horrek eskualdeko egituren desegitea ekartzen du de facto, tarte baterako behintzat, eta kosta egiten da berriz ere aurreko ekinbidera itzultzea. “Ondo dakigu guk ere, askoz ere errazagoa da eraistea eraikitzea baino”, halaxe esan omen zieten formazio hartan. Operatiboki arazo handia baitira espantada orokortu horiek; izua geldiarazlea dela, izua gezurra dela, eta izua azkena dela eta izua dela haien armarik indartsuena. Gertatuko dela gertatu beharrekoa baina irmotasuna ez dela inoiz galdu behar, irmotasuna dela borrokan funtsezkoa. Gizon biboteduna gogoratzen du Oierrek, inguruko militante ezaguna, azalpen horiek guztiak ematen, hizkera eta manera larderiatsuarekin, eta nola etorri zen gero tipo gazteago bat, hogeita hamarren bueltan egongo zena, psikologoa bera, eta hark emandako ordubeteko saioa askoz ere interesgarriagoa suertatu zitzaiola. Erortzen bazarete hau eta bestea egin, komisarian beste hura, galdeketetan halako eta besteko, guardiako medikuarenean harako hura, eta horrela. Jario ederra zuen, eta batez ere, euskarari buruz esandako gauza bat gogoratzen omen du, nola esan zuen euskarak ez duela sinonimorik, hitz guztiek dituztela ñabardura bereziak, eta hala, gauza bat dela beldurturik egotea eta beste bat ikaraturik, akaso ez zutela jakingo baina badela alderik, ñabardurak direla baina garrantzi handikoak. Bat egon litekeela beldurturik, oso sentimendu humanoa dela, are gehiago “guk bizi dugun zapalkuntza testuinguru honetan”, baina besterik dela ikaraturik egotea; ikarak dardara esan nahi duela, ikaraturik dagoenean, batek egin beharrekoa egiteari uzten diola, erori egiten dela, kontu fisiko bat inondik ere, etsiak hartzen duela bat, eta azken batean, ikara dela “edozein militantek uxatu behar duen lehen sentimendua”. Beldurra zilegi dela, beraz, baina ikara luxu bat. Eta hementxe ni, croissant burgesa eskuan, luxu burgesa barne-muinetan, erreguka hanka egin dezagun ez si ez no, ihes berandu baino lehen; neroni, urrats txiki bat aurrera egiten inoiz ausartu ez den tipo hori, beti hesiaren beste aldean, ez dit gutxitan gogorarazi ba Imazek, zoru tinkoan zutik beti. Ikara justu hauxe da, bai, Oier, badakit hori esan nahi didazula, nirea dela ikara, ikara dela erridikulua egitea, egin beharra, kafetegi demonio honetan egotea, barman madarikatu haren begirada jasan beharra, ikara dela katilu klasiko hori, arrosa eta guzti, ikara da mundua hankaz gora sumatzea, eta norbera zer esanik ez. Eta gero bestea ere badagoela, jarraitu du Oierrek, hanka eginda zure burua sobera nabarmentzeko arriskua duzula, itu bihurtzekoa alegia, eskura-eskura uzten diozula Poliziari “honek ere alde egin dik” eta “zerbait izango dik” eta “itzuliko duk noizbait” eta, hala, ez dela zertan itxaron behar atxilotuak zer aitortuko, lana egina uzten zaiola etsaiari. Gaztainondoari eragin eta gaztainak beren kabuz danbolinera. Ez dela defentsara jokatzeko unea, erasora joatekoa baizik, une historiko baten aurrean gaudela eta aprobetxatu behar dela handira joz, ausarki. Horiek guztiak eta gehiago esan omen zizkieten formazio hartan, kontatu dizkit niri. Hanka egitea azken soluzioa baino ezin dela izan, datu “objektibo, konprobagarri eta seguruak” daudenean soilik erabiltzeko karta, okerrena okerraz konpontzeko modu bat, besterik ez, inolaz ere ez estrategia orokortu bat; azkenaldian badirela auzoak, badirela herri osoak, atxiloketaren bat egon eta erdiak egin duela ihes, eta hori ezin dela, horrela ezin dela jarraitu.

      — Tipo horrek nahi duena esango du, baina nik ez dut eraman nazaten nahi.

      — Ze eramango zaituzte zu.

      Bistan da bera ere ez dela fio, nahiz eta nire aurrean ezaxolaren plantak egiten ari den, ezagun zaio keinukeran.

      — Edozein kasutan, Unairekin hitz egin beharko dugu, hori bai.

      — Hori moldatuko zen dagoeneko.

      Adierazkorra izan da isilunea, baina ez dio nire amuari heldu; altxatu eta aterantz egin du.

      — Telefono dei pare bat egingo ditut, ea zer esaten didaten.

      Barraren bestaldean ikusi du telefonoa, Oier abiatu den norabidean; telefono moderno bat, kolore urdin eta berde bizikoa, ez datorrena bat tokiaren jite klasikoarekin. Ez da orain tipo hau barra ertzean deika hasiko ala? Hor señora eta señor guztien aurrean erdizka hitz egiten, klabean hitz egiten? Nire lasaitasunerako, ordea, aurrera segitu eta irten egin da. Croissantaren azkeneko apur eta kafesne hondarrekin utzi nau, bakarrik, bakarrik nire ikararekin.

      Hemen sartuko balira, hemen atxilotuko bagintuzte, hori bai zorigaitza. Auskalo nola sartuko liratekeen, buruak estalita, arma luzeak besoetan, ziztuan kafetegiaren sakonera, korrika ihes egin ez genezan, nahiz eta hemen ez genukeen aterabiderik; korrika, mahaiak alboratuz, tazak lurrera, señoren oihuak, señorrak señorak lasaitu nahian, aulkiak dantzan, taza gehiago lurrera, arrosa pitzatuak. Esposatuko gintuzketen derrepente, noski, baina nola? Eskuak aurrealdean? Ukondoak gora tripa barrura, xuxen joateko. Edo atzean? Petxua aurrera oilandaren tankeran, harropuzkeriatan ibiltzeko tenorea ez izanagatik. Atxiloketa bortitza izango litzateke? Sarri entzun ditugun horietakoa? Ez lirateke ba kafetegian bertan ostiaka hasiko, ezta? Zer esango lukete donostiar zuhur hauek guztiek? Zer esango lukete bizitzan espanturik ezagutu ez duten ongi orrazturiko señora, gaizki ondutako señor hauek guztiek? Ez ahal lukete onartuko debaldeko espektakulurik. Terrorismoaren kontra egotea gauza bat dela, baina hori ez zela modua, basapiztien gisara tratatzea bi gazte herabe horiek. Auskalo nork berotuko zizkieten kaskoak, auskalo zein aire kaskarinek jo dieten bi mozolo hauei; gurasokeriaz, gainetik dagoen barkaberatasunaz betiere. Ken itzazue paretik, ez ditut ikusi nahi, baina ken itzazue bazterrak nahastu gabe; hautsi dituzue katiluak, bota duzue parean egokitutako guztia, zisko eginda utzi duzue kafetegi enblematiko hau; ekar ezazue arduradunen bat, zuena edo beste norbaitena, baina arduradunen bat, arduradun batekin aski dugu, arduradunen bat hau guztia aklaratu dezan.

      Barmana gerturatu eta zakar antzean utzi dit platertxoa fakturarekin. Ahoz ere esan dit prezioa, zalantzarik balego: “Trescientas veinticinco, caballero”. Kaballero. Hantxe geratu zait zutik zirkinik egin gabe, eta berehala jabetu naiz hobe dudala momentuan ordaindu, ea behingoz kentzen dugun txorimalo hau gainetik. Diskutitzeko batere gogorik ez, gainera, eta kartera atera dut motxilako patrika txikitik. Milakoa utzi diot. “No tendrás veinticinco”. Badut, bai; baina ezetz, ez dudala.

      Luze jo du esperoak eta, egin beharrekoak eginda, hemen ez dudala ezer pintatzen ohartu naiz, eta gauza guztiak hartu ditut —baita Oierrenak ere— kafetegitik irteteko. Ate bazterrean geratu naiz; ez da inondik ageri, eta hainbeste gauzarekin mugitzeko zail dudanez, kanpoan itxoitea erabaki dut. Euri tanta batzuk sumatu ditut, jasaren atarikoak ziur aski, eta paretara pegatu ditut gauza guztiak; haizea gorabehera, fatxadari ateratzen zaion estalkiarekin nahikoa izango da. Eskuinaldean begiztatu dut telefono-kabina bat, baina hutsik da; Abenida aldera dago beste bat, errepidetik harago, baina ez naiz inor dagoen ikusteko gauza. Momentu egokia zigarro bat pizteko, alajaina, tabakorik ez ordea. Eskean ibiltzeko gogorik ere ez, haatik. Geroz eta gogorrago entzuten dira itsasaldetik datozen haize-ufadak, baretasunetik oldarrera eta buelta. Ez nago despistatzeko, horregatik ikusi dut berehala Oier ezkerraldetik agertu denean, Onceren kioskoaren aldamenetik, bizkor antzean. Prest naiz hura iristerako, eskura luzatu diot motxila. Agerikoa da kezka aurpegia.

      — Desagertu egin behar dut.

      Desagertu egin behar duela, hara. Ez naiz hasiko orain ikustenka, hori ere ez. Gauzak daudenean, ez dut uste orain nire kontra hasiko denik, eta bere atzetik jarraitu diodalarik, jada onartua izango du harekin joango naizela ni ere.

      — Unai?

      — Lurrak jan izan balu bezala.

      Ez dutela atxilotu konfirmatu diote behintzat, segurki hura ere itzaletara pasako zela. Bizkor egin dugu Loiola kalean barna, igaro dugu merkatua, igaro katedrala, bizkor segi aurrerantz, zuzen Primetik, gelditu gabe Mendeurrenaren Plazan barna, arranoaren etxea goian, aurrera, Sancho el Sabion jada, arin Pio XII.eraino; eta aurrera jarraitu dugu tinko, autobus arteetatik sartzeko, atzetik, aurretik, lehenengo batetik, gero buelta eman eta bestetik, harik eta Arrasatera doana aurkitu eta igotzen saiatu garen arte. Hura sartu da lehenengo eta ni atzetik, jada autobuseko lehenengo eskailera-mailan igota. Honezkero, absurdoa litzateke galdetzea ea nik ere ihes egiteko asmoa dudan. Bi tiket eskatu dizkio txoferrari, eta hark, zakar, motxilak uzteko lehenik maletategian, bestela autobusa lepo joaten dela, tramankuluak eta maletak alde guztietatik. Que esto no es un autobús peruano, eh.