Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

2

 

 

Armairuan gordetzen zuen kutxa metaliko biribila, Danimarkako pasten urdin horietako bat. Barruan, altxorrak. Hiru egunkari-orri atera zituen, klip metalikoa kendu. Lehena Xabik eman zion. Igandea, 1975eko irailaren 28a. Bezperako partiduaren berri ematen zuen: Realak bat eta huts irabazi zion Espaρoli. Azkeneko esaldia azpimarratuta zegoen: partiduaren interesa kontuan hartuta, espero zitekeen baino jende gutxiago joan omen zen. Egun horretan fusilatu zituzten Txiki, Otaegi eta besteak; ze pena bonba atomiko batek partiduko ikusle bihozgabetuak akabatu ez izana.

         Txiki heriotzara kondenatu zutenetik exekutatu arte luze joan ziren egunak. Burgoskoan baino zarata gehiago atera omen zuten: manifak, kotxeak erre, harriak bota, propaganda latz banatu... Eta poliziak inoiz baino egur gehiago: uholde berdeak, grisak, gomazko balak eta, tarteka, benetakoak. Zaurituak. Hildakoak.

         Momentu batean, ematen zuen krimena geldituko zutela, frankistak kikildu egingo zirela: Espainiako enbaxadak erre zituzten atzerrian, protestak antolatu, aita santuak ere errukia eskatu zuen...

         Alferrik. Sei boluntariok hil omen zuten Txiki. Zaila zen burutik kentzea: sei heroik eman zuten izena beste gizon bati bizitza kentzeko. Boluntario.

         Bigarren egunkariko orriak bi lerrotan laburtzen zuen hileta biharamunean egin zela, Zarauzko parrokian. Ez zuten aipatzen milaka lagun bildu zirela barruan eta kanpoan, gorpurik gabe ejerzitokoek Bartzelonan hilobiratu zutelako, familiari eman gabe. Beste kontu txiki bat ere ahaztu zuten kontatzen: meza ondoren, Txikiren ama eta apaiza atxilotu zituzten, hiletan esan zuten zerbaitengatik. Ordu luzeak igaro ziren askatu zituzten arte. Gau hartan, izugarri haserretu zen amarekin. Zain zegoen baserriko atean, Olatz noiz etxeratuko. Ez “kaixo”, ez “gabon”; amak zuzenean bota zion:

         — Kontuz ibili, faborez.

         — Kontuz? Ni? Ez naiz ni jendea akatzen jardun.

         — Horregatik.

         Astunegia egiten zitzaion ama beti gainean izatea. Nota onak ateratzen zituen, ondo portatzen zen, baina ezin zuen ahaztu non bizi zen eta zer zen.

         Hirugarren orria 1975eko urriaren 2koa zen. Goiko argazkian, Orienteko palazioaren aurrean espontaneoki bildutako jendetza. Beheko batean, Franco eta Juan Carlos printzea; bestean, pankarten detailea: “Franco, gaur eta bihar beti zurekin”, “Espainiako herria legearekin”.

         Errotuladore beltzez, hitz batek zeharkatzen zuen orria diagonalean, Olatzen letraz: independentzia.

         Ordutik, xelebre-xelebre ari zen Xabi. Ez zion kontatu nahi zer zekarren esku-artean; behintzat ez zuen ukatzen. Birritan ordubete beranduago agertu eta beste batean agertu ere ez. Bakarrik esaten zion ez kezkatzeko, ez zeukala loturarik harekin, jakingo ez balu bezala egiten zuen edozein gauzak zeukala lotura Olatzekin. Banatzen ariko ote ziren konturatu gabe? Bigarren aukerak amorru handiagoa ematen zion Olatzi: Xabik babestu egin nahi zuela. Zer uste zuen, ez zela gai edozer egiteko? Akaso ez al zuen Xabiren ondoan jardun azkenaldiko manifa eta saltsa guztietan?

         Logelako atean kax-kax. Ederra sustoa; hain kontzentratuta zegoen! Burkoaren azpian dena ezkutatu eta pelikulen dotoreziaz “Bai?” galdetu zuen ozen.

         Aitona Teofilok ireki zuen, musugorri eta irribarretsu. Balantzaka sartu zen, denboraren poderioz aldaka pitin bat zabalduta, eta esku latz bat ireki zuen billetea eskaintzeko: hogei durokoa.

         — Eskerrik asko, aitona —eta muxu eman zion. Asteroko zeremonia zen Ixabelen lekukoa hartu zuenetik Berdura plazako postuan. Nahiz eta baserritarra izatearen lotsa gaindituta zuen, ezinegona sortzen zion oraindik jendaurrean barazkiak saltzen jarduteak, atso haien modura, azazkaletako lurra garbitu ezinik. Tira, agian lotsa pixka bat ere bai, baina latza zen bere bokata ordaindu ahal izatea.

         Atzera bakarrik, hamaikagarren aldiz nekatu zuen erlojua: bi ordu oraindik, goizegi. Irakurtzeko gogorik ez: bizi nahi zuen; sosegurik ez besteen istorioetan sartzeko. Bitxia; lehen, jan egiten zituen liburuak.

         Izeba Estik, Xantiora aldatu zenean, gainezka ekarri zuen egurrezko kutxa dotore bat. Zabalik zeuzkan beti gela eta kutxa, ale misteriotsuak kaotikoki sakabanatuta. Ikaragarri gustatzen zitzaion Olatz irakurtzen ikustea; zenbat gomendio eta aholku! Adibidez, Luca de Tenaren Edad prohibida eskuetan harrapatu zuenean, eskolatik ekarria. Kendu eta leihotik behera bota zuen lokatzetara. Panfleto frankista omen zen, emazte fidel eta otzanak moldatzeko prestatua.

         Hura hil ondoren, haren logelan babestu ohi zen Olatz, ezer aldatu ez izanak nolabait lasaituta. Mesanotxe gainean jarraitzen zuen izebaren azken argazkiak: baserri aurrealdeko zabalgunean Andu Lertxundi, Manolo Urbieta, Paulo Eskibel eta Maria Eugenia Fernandez, beso-katean kantari, Estik baino ez diola kamerari begiratzen, Haurra ipuin denean liburuaren ale bat harro erakusten.

         Argazki ondoan, amak jarritako gurutzea eta hura estaltzeko izebak pilatutako liburuak: Franz Fanon, Sartre, Camus eta, goi-goian, Simone de Beauvoirren Bigarren sexua-ren bi zatiak. Bizirik zegoela, ez zuen hura ahotik kentzen.

         Behin batean, lurrean eserita zegoela, aurreneko alea jaitsi zuen magalera. Espainol txukunean zegoen. Zer da emakume bat? Emakumeak definitzean, emakumea dela markatzen da lehenengoz. Gizona beti unibertsal.

         Laugarren orria irekitzerakoan, ezin: ebaki gabe zegoen goian.

         Kolpe batez itxi zuen, sekretuak jota.

         Izebaren arropa tantaka hartzearekin konformatu zen; amona Brigidak moldatzen zion. Eta Xexilik, mutu amen, harik eta labaderotik zetorren batean, oihu ezohiko batez agindu zuen arte Estiren gauza guztiak jaisteko.

         Lasterka joan zen Olatz izebaren gelara, Beauvoirren konfidentzia ezkutatzera. Alferrik; ama enbata bezala sartu, liburu-kutxa gainean hustu armairua eta eskaileretan behera bota zuen dena, sutara. Izebaren xanbrea atzera itzuli zen baserri zaharreko beste gela hotz bat izatera.

 

 

Berandutu egin zitzaion azkenerako. Animoa ilun, bakero zaharrak erreskatatu zituen armairutik: kritikatzen hasiko zen ama, ez zirelako kalera joateko modukoak.

         Modelo zinemaren aurrean, ilara ederra; Xabik besarkatu egin zuen, eta Olatzek gustura onartu: ordurako ez zion erreparorik ematen.

         Xabik bi sarrera zituen, opari, eta Olatz muturtu egin zen: pribilegioak baliatzea ez zegoen ondo, eta nahi adina zituen Xabik. Ez zuen harrotasunik erakusten, baina lotsarik ere ez.

         Argiak itzalita, nodoaren tronpetak hasi ziren. Madrilen feria bat zabaldu omen dute eta ez dakit zer. Elkarrekin xuxurlaka aritzeko minutuak ziren, buruak gertu-gertu tentsio elektrikoa sumatzeko. Halere, Xabi mutu ari zen pantailara begira, ezinegonean, aulkian eroso eseri ezinik. Eta ez zen bakarra. Pelikularen erdialdean ozendu zen zurrumurrua. Tiroak Santa Ana aurrean. Zauritu bat. Txapelokerra. Polimiliek. Hilda.

         Txalo bat. Beste bat. Xabi barrez hasi zen, urduri, ia histeriko. Karmelo katuka hurbildu zitzaien pasillotik.

         — Txerrimutur garbitu ditek —ahopean. Eskuak bihotzera eraman eta hildakoarena egin zuen lurrean. Kurrinka hasi zenean, barre-algara izugarriek erantzun zioten.

         — Alde hemendik! —Xabik—. Atentzioa ematen ari haiz, ergel hori!

         — Lasai, Romeo, banoak. Semeak gorpua ikusi omen dik —eta arrastaka urrutiratu zen.

         Olatzek bistaz ezagutzen zuen semea. Zer izango zen horrelako aita izatea? Aurreko urtean, aitona Teofilo Guardia Zibilaren egurraz hizketan ari zela, Olatzek heldu-plantak itxuratu eta murmurikatu zuen:

         — Putakumeak.

         Amaren haserrea!

         — Gizaseme bat ez da putakumea guardia zibila delako, gaiztoa delako baizik.

         Putakumea esan zuen lehen aldia izan zen. Eta azkena.

         Gaiztoa, ordea, txiki geratzen zitzaion Txerrimuturri. Merezita zituen tiroak: putakumea.

         Ezin irudikatu zer-nolakoa izan zitekeen aita tiroz jota aurkitzea.

 

 

Hogei minuturen faltan, Xabik belauna estutu eta alde egiteko keinua egin zion. Kaleko ate astunak zabaltzean, zapla, sei txapeloker zain.

         — ΏPrisa? —ahots burlati batek, ezkerretik.

         Begiratzeko astirik gabe jaso zituzten buruan kolpeak: Capitantrueno. Bultzaka eta arrastaka kuarteleraino, aitaren lagun batek ikusi zituen bidean. Esango al zion? Lagunduko ote zien? Adineko bikote batekin gurutzatu ziren, kanpotarrak. Beldurrez begiratu zieten, baina ez guardiei, baizik eta lapurren pare zeramatzaten mutil eta neskari.

         Lapurren pare.

         Bultzada batez bota zuten Olatz ziega batera. Orduak izututa: jakingo al zuten orriak botatzearena? Zer egingo ote zioten?

         Goizeko ordu txikietan, botatzarren urratsak eta ate metalikoaren giltzarrapoa. Ireki eta bokadilo bat laga zion lurrean guardia zibil gazte batek. Mortadela, azeituna zatiekin. Ezin jan.

         Oroitzapen lasaietan babestu nahi izan zuen. Zergatik ez zen kuadrillakoen antzekoa? Politikan sartzeko tentaziorik gabe, buruhauste arruntekin...

         Botak bueltan: altxatzeko. Zaharragoa zen guardia hura, biboteduna. Zakarra. Besoa estutuz gidatu zuen eskaileretan gora. Neska bat garrasika, minez. Guardiak aitorpen-ahotsez xuxurlatu zion Ibarrako bikote batek ere hartua zuela gela hotelean. Tolosan ere bazuten kuartela; zergatik ekarri Zarautzeraino?

         Gela batean, lau guardia eta Capitantrueno. Kantatzen hasteko. Negarrak egin zion ihes Olatzi; zer esan behar zien?

         Capitantruenok keinu bat egin eta guardietako bat Olatzi hurbildu zitzaion eskua altxatuta. Norbaitek jotzerik ba al zeukan haserre egon gabe?

         Belarrondoko latz bat.

         Txiripaz ez zen lurrera erori. Harridurak estali zizkion minaren aurreneko segundoak; gero, taupaka hasi zitzaion masaila.

         Guardiak eskua ireki eta zapla! Mina, bete-betean.

         Aitortzeko dena.

         Zer, ordea?

         Lurrera bota, iletik arrastatu, ostiko bat, beste bat. Aulki batean pausatu zuten. Erantzuteko. Zotinka hasi zen, eztarria itxita. Hankartean, epeltasuna zabaldu zitzaion: txiza. Barreak. Burlak. Masaileko bat. Beste bat. Beste bat.

         Eranzteko.

         Birritan errepikatu behar, burmuinak uko egin ziolako “fuera la ropa” itzultzeari.

         Gizonak irrikaz. Jertsea kendu. Oinetakoak. Galtzerdiak. Eta miraririk ez: alkandorako goiko botoia. Bigarrena. Guardietako bat hurbildu eta tiroi batez zartatu zituen gainerakoak, alkandora tiraka erauzi. Beste batek bularretakoa askatu, kendu.

         Txistuak. Pareko guardia atximurka titietan. Txaloak.

         Jarraitzeko berak.

         Larru-hutsik amaren aurrean ere ez. Galtza bustiek azalari eusten ziotela, kremailera jaitsi zuen, begiak itxita. Jaistean, askatzeko borrokatu zen. Kuleroak ez katigatzeko kontuz, hanka bat atera, bestea; ez zekien galtza tolestu edo ez, bota edo utzi. Txiza epela izter barruan.

         Jarraitzeko.

         Esku librearekin irristatu zituen kuleroak beherantz, orkatiletaraino. Dardaran zegoen, negarrak bista lausotuta. Beso meheen atzean gordeta, ezin ezkutatu titiak eta alua eta dena.

         Besoak gurutzean jartzeko.

         Mojetan zigortzen zutenean bezala. Denak begira-begira, bera malkoz jantzita, barregarri, babes gabe, baldar, umiliatuta. Armadura zen haien uniformea.

         Capitantrueno aurrera: borrarekin titiak jaso, askatu. Hanka tartera jaitsi, muturrarekin bultzatu. Birjina ote zen eztabaidatu zuten algaraka, nork lehenago bortxatu jokatu. Nahi zutena egingo zioten.

         Janzteko.

         Ziegaraino arrastatu zuten, dardaragatik ibili ezinik. Manta bat gainetik jarri arren, ezin gelditu lurrikara. Eta, loak amesgaiztotik askatzen hasi zuenerako, bueltan gora: Capitantruenok jarraitu, besteak ezezagunak.

         Aitona Manuel bertaratu omen zen gauean, karlisten txapel gorria buruan eta gerra-dominak paparrean, tente-tente sabeltzarra disimulatu nahian. Oihuka exigitu omen zuen kapitainarekin hitz egitea, biloba askatzea, okertu egin zirela, harik eta esplikatu zioten arte neskatxa errugabe gaixoak zer egin zuen. Burua makurtu eta lotsa-lotsa eginda joan omen zen.

         Capitantruenok eskua altxa zuen, belarrondokoa prest. Dena zekiten; aitortzeko.

         — Ibarrakoak! —Olatzek. Eskua frenatu zela ikusita, buruan bilatu zuen arrapaladan—. Haiek ematen zioten dena Xabiri, haiek!

         Barre-algarak: Xabi aspaldi zegoen aske, aitari esker. Bakarrik utzia zuen, benetako gizonak ezagutu zitzan. Halere, Olatzek esan bezala saltsan bazebilen, segituan ekarriko zuten berriro. Saltsan zebilen ala ez?

         Atzera negarrez, propagandarena errepikatu zuen, Xabik jaso besterik ez zuela egiten, haren papera arindu nahian.

         Belarrondokoa. Zerbait ari zela ezkutatzen; ez bazuen esaten, zapladaka aterako zioten.

         Capitantruenok iletik hartu eta altxarazi egin zuen, bere aurpegiraino hurbildu. Olatz hanka-puntetan zegoen; kapitainak orban bat zeukan bekainean.

         Iletik tiratu zion gehiago. Zer ari zen ezkutatzen? Aita ekartzea nahi zuen? Teofilo? Ama? Anaia ere ekarriko zuten, horrela jarraituz gero.

         Mikel gaixoa. Bere txikia. Xaloa. Txintxoa. Maitekorra.

         Capitantruenok esateko behingoz, edo Xantio erreko zuten goitik behera eta Olatzek oihuka ezetz, Ibarrakoek, Ibarrakoek... Paperak, armak. Zulo bat.

         Kapitainak irribarre egin zuen, ehiztaria harrapakin etsiaren aurrean.

         Bazegoen bainera bat, komuneko ur arrez goraino. Muturreko bat. Lurrera bota, alfonbra batean bildu, estutu, burua besterik ez kanpoan, birikak ireki ezinik arnasa lortzeko, ostiko-zaparrada eta ahoa odolez beteta, burua zapaldu zioten, segituan airean jaso eta bainera gainean mantendu kiratsa arnastu zezan, txiza, kaka, ustela, eta abisatu gabe ur lohian murgildu zuten, aztalka egin nahi eta ezin, airea hartu nahi eta ezin, itotzen ari zen, airerik ez, txizak sudurra bete eta, ezpainak estutu arren, ahoa bete kaka, eztarria bete, birikak bete, komisarian hilko zuten Koldo Arriola bezala, ezin zion amari hori egin, amari ez, ama gaixoa, ama.