Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

9

 

 

Kaleko atea zabalik utzi zuen Begok, histeriko:

         — Karlistak atxilotzen hasi dira Zinema frontoian! Defentsa Batzordekoak!

         Defentsa Batzordea: izen arranditsuagorik! Florentinak-eta erraztasun ikaragarria zeukaten hitz berri horiek ikasteko, baina errepikatzeak ez zien batere beldurrik gastatzen. Milizia. Mauser. Paseoa. Junker. Haien beharra zegoela onartzean hasiko ziren gerra galtzen.

         Gerra. Larunbatean lehen kanoi-hotsak, eta astelehenean eratu zituzten batzordeak, autoak konfiskatu... Urriza alkateak ihes egin omen zuen zinegotziren batekin; alkatea eta kargu berriak izendatu zituzten berehala. Mundu berri bat zen, legeak eta ohiturak egiteke. Greba orokorrak arlote alferrez bete zituen bazterrak, beti helmuga zehatza izatearen plantak eginez. Horiei bost axola janari-eskasia; ez zuten harririk irauli beharko otorduak osatzeko, 34an bezala.

         Zaintzak antolatu ziren leku estrategikoetan, eta gizonak harro paseatzen ziren gora eta behera, eskopeta zahar haiek sorbalda gainean. Itxurakeria: beldurrik eza, balentriak egiteko irrika, ausardia erakusteko beharra. Kemenik ez, ordea, onartzeko gizasemeak akabatzea zela helburua.

         — Joseba Olabeagak esan du herriko karlistek armak ezkutatzen dituztela —alabak, negar batean.

         Antoniaren semea. Ezin al zuten gizon bat aukeratu Defentsa Batzorderako? Sutsuki ari omen zen ditxosozko armen bila; ariko ez zen, ba, hemezortzi urterekin! Dena lau pistola zaharrengatik.

         — Don Melitoni zeharo lotsagabe galdetu eta, gero, herritik bidali omen du.

         Horregatik egiten al zuen negar? Etxean ere gerra, Espainiakoa gutxi balitz bezala. Iluntze batean, ahuldu eta senarrari aitortu zion manifestazioarena. Asto beltzarenak bota zizkion Joxek alabari eta honek duin jasan zuen. Geroztik, hitzik ez haien artean.

         — Don Segismundo Gantxegi ere atxilotzen saiatu dira —alabak, bere onetik zeharo aterata—, Villa Marciaraino joan zaizkio bila.

         Denok erotuta, bai. Hamaika kolumna omen zetozen Nafarroatik Gipuzkoara, Aiako Harritik barrena, Mola zakur zikin haren agindupean.

         Kasualitate ustela; Joxe behin itzuliko goiz etxera eta juxtu momentu horretan. Alabak lepora egin zion salto:

         — Borghetto villan gorde da don Segismundo, Silvino eta semeekin batera; hil egingo dituzte, lagunduiezu, bonbardatu nahi omen dituzte... —garrasi batekin buelta eman zuen kalera irteteko. Bi gurasoen artean heldu behar izan zioten.

         — Bonbak? Nahi bai Batzordeak! Egon lasai, gaztelu bat da Borghetto; ez zaie ezer gertatuko.

         Begiratzera joan zen, badaezpada ere, eta bueltan emakume guztiak topatu zituen egongelan arrosario santua errezatzen, Silvinoren hilotza beilatzen ariko balira bezala. Apaltasun faltsuaz eman zien gerra-partea: Gantxegik gotortuta jarraitzen zuela, batzordekoek bera aukeratu zutela negoziatzeko.

         Hurrengo bi eguneko saiakerek ez zuten kazikearen irmotasuna batere samurtu eta, azken arratsaldean Joxe zapi zuria makilan hurbiltzen ari zela, tiro egin zioten uxatzeko, nafarrak etorri arte eutsiko ziotela oihuka.

         Biharamunean, heroia eguzkiarekin kaleratu eta luto-aurpegiz etxeratu zen handik gutxira, familia gosaltzen ari zela. Begok duintasunez garbitu zuen ahoa, esne-katilua baztertu.

         — Goizaldean jo omen diete erasoa cntko anarkistek eta ugtko sozialistek, Defentsa Batzordearen baimenik gabe. Tiroketa latzak izan omen dira; azkenean, sartzea lortu dutenean, Gantxegiren bi gizon besterik ez dituzte topatu, Silvino hori eta Antton Legazpia. Nola Aiatik datorren harakin bat...? Horixe da Legazpia. Besteek tunel batetik egin omen dute ihes eta anarkistak zurrumurrua zabaltzen ari dira batzokiko kotxe batek hartu omen dituela. Esatea ere! Legazpiari elizkizunak eman dizkiote.

         Astero etortzen zitzaien etxera haragia saltzera. Zerk bultzatu zuen tiroka hastera?

         — Eta Silvino? —Begok, ahots-hari batez.

         — Ondarretako kartzelan.

         Alabari segundo batez aurpegia argitu, segituan ilundu, eta, aulkia burrunbaka atzera arrastatuz, tentetu zen. Aitak ukondotik heldu zion haserre:

         — Fusilatzea nahiago al duzu? Horixe nahi zuten-eta ugtkoek. Lanak Ondarretara eramaten! Han, behinik behin, babesean egongo da —Bego alferrik saiatu zen askatzen—. Eta ahaztu kartzelara jana eramatea; ezta okurritu ere, aditu? Milizianoak erotuta dabiltza, ez Jainkorik, ez legerik. Mokadu goxoegia zinateke haientzat! Zure moduko neska gazteak, erabili ondoren, bide bazterrera botatzen dituzte tiro bat buruan. Gerran gaude, ea behingoz konturatzen zaren!

         Begok duintasunez konpondu zuen blusa.

         — Hobe tiroa buruan.

         Aitaren belarrondokoak belauniko bota zuen, txundituta. Negarra natural hasi zitzaion irteten, barru-barrutik. Joxek, aitzakiarik edo kontsolamendurik topatu ezinik, herio batean egin zuen alde. Hain zen erraza hitz batez konpontzea...

 

 

Toldoak konfiskatuta, kostak basamortua ematen zuen, biluzik. El Dνa kendu eta Frente Popular izeneko beste periodiko batek ordezkatu zuen. Halako baikortasun zeremoniatsuaz xehatzen zituen berriak: erasoak, kontra-erasoak, bonbardaketak... Zenbait irratik eliza eta komentu erreak aipatzen zituzten, moja bortxatuak, apezpiku atxilotuak.

         Buzo urdinengandik urruntzen ikasi zuten. Dendetan, nahi zutena hartu eta paper-mutur ziztrin bat ematen zuten ordainetan. Kamioikadaka igarotzen ziren gora eta behera errepidean, beti pozik, beti kantari, beti harroputz.

         Euzko Gudarostea. Irenek birritan aditu behar izan zuen zer zen ulertzeko; gizonek besarkadetan hedatzen zuten berria. Euzkadi defendatzea, aberria, denok Azpeitira izen ematera. Loiola jarri omen zioten izen zarauztarrez-eta eratutako konpainia bati.

         Xebasek, argi: izena eman behar zuen. Bizkiari proposatu eta Joxek ezetz: gerran ez zela bakarrik soldadurik behar eta herrian geratuko zela. Eskerrak. Ez ziren zeharo antzuak Borghettoko joan-etorriak. Beste baliente batek ere uko egin zion gloriari, Anjelmari Izetak: ez omen zeukan sasoirik fusila aldean korrika ibiltzeko.

         Gizon bikain asko joanda, Joxe aitzaki-maitzaki hasi zen etxean geratzen, sukaldean enbarazu egiten, pasillo erdian, ohean etzanda sabaira begira. Beste gerra bat.

 

 

Xebas gudari joan eta gutxira, plazan andre bat builaka: “Seρora Paki! Seρora Paki!”. Doρa Maria del Rosario zen; etxera igo eta, semea lurrean utzi gabe, parean belaunikatu zitzaion Pakiri, eskuak otoitzeko jarrita. Aita santuaren aurrean bezala makurtu zuen burua, kopeta lurreraino: buzo urdin batzuek don Cesar atzeman omen zuten paseoa emateko.

         Zalapartak ekarrita, alkandora galtzetan sartu gabe agertu zen Joxe. Non zegoen lehengo gizon lerden eta alaia? German semetxoa hurbildu zion doρa Maria del Rosariok.

         — ‘Ayuda!

         Pentsatu gabe kaleratu zen Joxe. Andre koitaduak, haren atzetik korrika irten aurretik, umetxoa jarri zion besoetan Pakiri. Hitzen beharrik ez, biak baitziren ama.

         Andonik sei hilabete, Germanek bi urte; jaio izana beste errurik ez.

         Iluntzean itzuli zen Joxe:

         — Batzokiko bi gudariri esker geratu ditut, kanposantuko bidean gora zihoazela. Etxean laga dugu; gudariek zaintzan emango dute gaua.

         — Eta bihar? —Irenek.

         Senarrak keinu itsusia egin zuen lepoaz.

         — Egon lasai; gehienez, kartzelan sartuko dute.

         — Kanposantuko bidean gora? —isilune ozena—. Aditu: joan Florentinarengana, haien baserriko zuloren batean gordeko du-eta.

         Kale-baserria ez izan arren, Salbide Txiki oso gertu zegoen kaletik. Milizianoei ez zitzaien bururatuko han begiratzea.

         Gauerdian oheratu zen Joxe. Florentinak ukuilura sartu zuen don Cesar; ikustekoa omen zen udatiar fina txerrien artean.

         Barre egiteko gogorik ez, ordea.