Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

7

 

 

Goiz batean, amak uko egin zion ohetik jaikitzeari. Astebetean joan zen, bizi bezala, ondoan Xexili eta Ixabel zituela. Esti ez zen hiletara ere iritsi; biharamunean azaldu zen negarrez, sei maleta aldean. Ura pasa eta gero, presa egin.

         Bueltan hasi ziren komeriak: printzesa triste zegoen magiaren erresumatik bidali zutelako. Printzesak ez zuen lan eskean ibili nahi. Printzesak nahiago zuen herriko edozein gauzatan lan egin Donostiako eskoletan baino. Printzesa aspertu egiten zen. Printzesa desesperatu egiten zen. Printzesak ez zion ahizpari barkamenik eskatu ama zaintzen bakarrik uzteagatik.

         Halere, arkumea beti seme prodigoaren omenez sakrifikatu. Don Josemaria Astigarragarekin jardun zen hortaz luze Xexili, alferrik. Jeloskeriak itsutzen omen zuen; zeren jeloskeriak, ordea? Ez zen justua, eta kitto. Elizako doktore guztiek ez zuten konbentzituko: alaba prodigoaren aitak ez zuen alaba zintzoarekin gizalegez jokatu.

         Brigidak obratu zuen miraria: Estiren tituluak pregoilarien moduan lau haizetara ereinez, azkenean ernaldu zen aukera. Ikastola gero eta handiagoa, irakasle berriak kontratatzen hasiak ziren. Haietako bat luzerako gaixotu zenean, galdezka joan zitzaizkion Estiri, ea txikiei eskolak emateko prest egongo ote zen. Bat-batean, amona harro bai harro: Olatz ikastolan hasi zenean astoarenak bota ondoren, Espainia osoan ez omen zegoen kolegio hoberik.

         Baina, pobrearen poza... Amona sinetsita zegoen lanean hasteak Parisko erokeria guztiak sendatuko zituela. Inozenteagorik! Astebetean pasatu zen Esti etxean gotortzetik etxera ez sartzera. Lana, bilerak... Eta lagun horiek? Herriko bihurrienak ziren, Luisa haien aldean santu bihurtzeraino: kontzentrazioa hemen, manifestazioa han, parranda hemen, festa han. Eta amona gaixoa, tripak jaten.

         Santu Guztien bezperan, abisatu gabe azaldu zen Esti Xantion, auskalo nork eramanda kotxez. Etxean bezala, ukuilua zeharkatu zuen sukaldera igotzeko. Bost axola Olatz eta Ixabel ere hantxe egotea; lasai asko bota zion Xexiliri:

         — Amonak galdetuz gero, hemen geratu naun lotan, bale? —denen aurrean egin zion hikaz, nahiz eta jakin ahizpa oso urduri jartzen zela bere moda berri harekin. Muxuak erruz partitu ondoren, lagunen kotxera itzuli zen.

         Nora joan ote zen? Zertara? Broma gutxi brigada politiko-sozialarekin. Burgosko juizioarenak Parisen pasatu zituen; ez zeukan ideiarik Polizia nola ari zen, Ramiroren garaietan baino are gogorrago. Gau batzuetan, Etxe Zabalako kuartelean atxilotutakoen oihuak eta marruak aditzen omen ziren kaletik. Eta hori Zarautzen bertan.

         Amak zerutik bidalitako oparia izan zen bi egun geroago berarekin topo egitea gaueko mezatatik irten berritan. Estiren muxu eta poza eskuaz frenatu zituen:

         — Egon al hintzen Larraitzeko akelarrean? —haserre biblikoz.

         — Enteratu haiz —ustekabez harrapatuta, baina ez damuz—. Non aditu dun?

         — Sermoian aipatu din Don Josemariak, pentsa.

         — Nire izena?

         — Izenik ez, eskerrak. Txindokiren magalean jendetza bildu zinetela eta Ez Dok Amairuko gazte horiek kontzertua jo zutela...

         — Haietako batzuek.

         — Bost axola! Eta gero... zerak —baxuago—: orgiak.

         Karkaila sakon batek ihes egin zion Estiri:

         — Txorakeria galanta! Zer uste dun naizela?

         — Amodio librea ahotik kentzen ez dunanez...

         — Ederra zegonan gaua amodio librea praktikatzeko.

         — Ez zaidan batere gustatzen gezurretan aritzea eta oraindik gutxiago hire abenturak estaltzeko.

         — Ez zakinat amonak nola sinistu zinan ere, Santu Guztien bezperan eta urte erdia ez ama joan zitzaigunetik...

         — Ez huen ezer ere egin behar; galdetuz gero, baietz esatea, horixe besterik ez.

         — Ba al dakin ze gau pasatu ninan hi han hengoela? Ez hidan txintik ere esan.

         — Ez urduritzeko, ezagutzen haut eta.

         — Amonak atzotik beste gairik ez, akelarre santua gora eta behera.

         — Laster izango din, ba, beste kezka bat: etxe bat alokatu dinat Luisarekin, Santa Marina kalean.

         — Isilik egon hadi...

         Hegan ikasitako txoriak habiara itzuli nahi ez. Nahiz eta Brigidarenean bizitzea zaila izan, nondik ateraldi hura?

         — Hurrengo astean hasiko gaitun han bizitzen.

         — Jesus, Maria eta Jose! Zer egin behar duzue bi neska gaztek bakarrik etxe batean? Zer esango din jendeak? Ume txikiekin lan egiten dun eta.

 

 

Hura eskandalua! Xexilik uko egin zion ardi galduen etxera joateari, baina zorretan zegoen ama zenarekin. Ezin hari beste maite bat galtzen laga eta, arratsalde batean, kasualitatez bezala egin zion bisita ahizpari. Bakarrik zegoen etxean, ateratzeko prestatzen. Barre handien artean kontatu zion kalean askok beste aldera begiratzen zutela haiek pasatzean eta ez zirela gutxi iluntzean etxeko txirrina jotzen zuten gizasemeak. Non zegoen grazia, ordea?

         Janzten bukatu eta liburu bat hartu zuen apalategitik.

         — Irakur ezan —Estik—. Poesia dun; atera hadi hire kobazulotik.

         — Nora hoa ordu honetan?

         — Lagun batekin geldituta nagon.

         Azkenaldian, bolo-bolo ari zen aipatzen “Aldalur” izeneko bat, behin ere izena argitu gabe. Kanaberarekin atera zion muxikarra zela, ela Berrikoa eta hitzaldi batean ezagutu zutela elkar.

         — Senargaiarekin?

         — Lagun batekin.

         Berokia jantzi eta ia etxetik bidali zuen.

 

 

Larunbata zen. Eguerdian, Esti mamuak bezain zuri sartu zen Xantioko sukaldera, Ramiro eta Teofilo garotan zirela.

         — Jexus, neska —Ixabelek, zirikatzeko doinuan—, hain gogorra izan al dun seietako sermoia?

         Astuna zen, gero! Bost axola Olatz eta Mikeltxo aurrean egotea; ez zuen aukerarik galtzen gogoratzeko Esti ez zela mezatara joaten. Haien artean zeukaten bat-bateko tratu estua ere ez zen normala; Xexilirekin ez zuen inolaz ere horrela jokatzen. Ez zen emakume txarra, baina kalera oso gutxitan joan arren, herrian gertatutako guzti-guztiaren berri zuen, astebururo joaten baitzen inguruko baserrietara bisitan.

         — Gaizki esaka ari ditun ikastolaren kontra —Ixabelek, serioago.

         — Zer, gurutzearena? —Estik.

         — Eta bestea.

         — Hori ere aditu al dun? —Estik. Eta Xexili haria galduta ikusita—: Guraso batzuk kezkatuta zauden, haien seme-alabei ez omen diegulako gurutze egiten irakasten. Hori gutxi balitz, astakeria pila bat ari ditun zabaltzen, esaterako ikastolako andereρo batek bi ume biluztu eta elkar zirri-zarraka jarri omen dituela larrua nola jotzen den erakusteko. Seguru nagon udaleko zerri horiek asmatu dutela.

         — Zerri horiek beraiek eman zizuen baimena Zinema frontoian kantaldia egiteko —Xexilik.

         — Zakurraren putza! German Mendozak eman zigunan; Luisak konbentzitu zinan —Estik, eta ezpainak estutu zituen, damututa. Ixabelek irribarre egin zuen, ihes egindako informazioa hausnartzeko gordeta—. Halere, ez naun horregatik etorri. Ez duzue sinistuko.

         Haren aurpegi serioa ikusita, Xexilik itxaroteko keinua egin eta kanpora bidali zuen Olatz umearekin. Adin zailean sartzeko zorian zegoen, eta ez zuen arazorik nahi. Ahizpa gai zen bere letra-zopa eroa gonbitoka hasteko: lcr, ela, eaj, eta, troskoak, maoistak, Etxe Zabalako jipoiak... Nahikoa aditzen zuen, bestela, alabak.

         — Atzo Basoerdirenean egon nindunan, Luisarekin.

         Lotsa gutxi behar zen pailazoak baino pintatuago horixe esateko.

         — Ba al zegonan inor barruan? —Ixabelek.

         — German Mendoza eta.

         Xexilik burua jaitsi zuen urduri. Beste gairik ez al zegoen?

         — Ze ordutan? —Ixabelek.

         — Berandu. Afalondoren.

         Ez zen ordua, ez, gizon ezkondu bat tabernetan ibiltzeko. Haren semeak gizonak ziren ia-ia, hamalau eta hamabost urterekin. Eredu txarra.

         — Luisa Germani kasu egitera joan eta ni Basoerdirekin geratu nindunan. Badakizue nolakoa den: segituan jarri zunan barra gainean, txakurren antzera lerdea dariola... Atzealdeko apalak lepo zauzkan: oinetako pare bat, antiojo zahar batzuk kristalak txikituta...

         — Batek zakin —Xexilik.

         — Dakitenak ez zauden bizirik kontatzeko —Ixabelek.

         — Koadernoa erakusteko eskatu nionan eta txundituta begiratu zidanan, zerbait susmatuko balu bezala. Ez zidanan inorekin lotzen, bazakinat. German Mendozak bai, baina Luisarekin okupatuta zegonan —eta eskua altxatu zuen besteen galderak geratzeko—: gero kontatuko. “Etorri hadi bila” esan zidanan Basoerdik, eta nik erantzun “kontuz, amodio librearen apostoluak omen gaituk-eta” —Ixabelek eta Xexilik batera egin zuten gurutze—. Pixka bat kikildu zunan, zerri ahobero hori. Sinistuta zegon Paul Newman dela...

         — Halaxe zunan, ba —Ixabelek—. Gerra aurretik, “Silvino” esaten ziotenan, aitonarengatik. Haren aitak egiten zinan lan Basoerdirenean; jatorrizko Basoerdi hiltzean, taberna eta izena hartu zizkinan. Langile porrokatua zunan hura, baina Silvino... etxekalte hutsa. Gerra ondoren, Madrilen eta Valentzian jardun omen zunan lanean eta, agidanean, kartzelan ere egon omen zunan.

         — Orain gixajo musugorri bat besterik ez dun —Estik, eta mahai gainera bota zuen koadernoa.

         — Amatxo maitea! —Xexilik—. Zer ez ote dun egin behar izan horren truk.

         — Hartu eta korrika irtetea —haserre.

         Luze aztertu zuten, Santa Teresaren beso usteldu gabea balitz bezala. Larruzko azala gogortuta zegoen; tabako-kiratsa zerion. Larruzko lokarritxoaren korapiloa askatu zuten. “Irene Garmendia du Peyrer, 1937” jartzen zuen txukun eta letra handiz. Behean, trazu ezberdinez, “Hartu eta izan lekuko. Miren X.”. Hurrengo orrian, tinta-zipriztinak eta ur-tanta moduko mantxa batzuk. Besterik ez koaderno osoan.

         Mikeltxok barre egin zuen, gertu; hura isiltzen saiatu zen Olatz. Xexili bote batez tentetu eta eskailera-hasieran bertan topatu zituen, belarriak erne.

         — Utzi, neska —Ixabelek, sukaldetik—. Beren familia ere bada.

         Arriskua. Galdetzaile nekaezina zen alaba, txiki-txikitatik, “zergatik” eta “ze ba” beti prest. Sukaldera itzuli ziren hirurak.

         — Silvinoren andregaia omen zunan zuen izeba. Bego zinan izena —Ixabelek.

         — Zer esaten... —Estik.

         Ixabeli begiratu zion Xexilik, eta segituan Olatzi, hura babestu nahi eta ezinean.

         — Egiatan, ezin duzue orduko Silvino imajinatu: Rodolfo Valentinoren bibotea utzi eta mutil askok kopiatu ziotenan.

         — Tira —Xexilik, jakinda Olatz adi-adi zegoela—, ez dago inor gerra sufritu ez zuenik —amorratuta zegoen Ixabel zaurian piko egin nahian ari zelako.

         — Izango ez da, ba! —Ixabelek—. Batzuek ederki baliatu zuten gerra patrikak betetzeko; hamaika adibide dauzkagu. Hemendik bidali zituztenak, berriz, gehienak ez ziren itzuli, adibidez zuen amonaren koinata, Paki. Bilbon hil omen zuten.

         Koinata. Hil. Listua irentsi zuen Xexilik; gezurra behar zuen, ez zen posible.

         — Badun ordua zorrak kitatzen hasteko —Estik—; ez dinagu ezer ere barkatuko.

         — Begia begi truk, eta mundua itsu utziko duzue —Xexilik—. Gainera, arrasto guztiak haizatzen ditin denborak, ezabatu nahi direnak salbu.

         Begirasun gogorra egin zion Estiri, behingoz isildu zedin. Bide batez, hura al zen Parisen barra-barra espainolez egiten zuena, ismo hitzak gora eta behera? Pare bat hilabetean, txalupaz aldatu eta, zabala da itsasoa! Hasia ez zen, ba, marmarka herria inoiz baino erdaldunago zegoelako? Pare bat hilabetean.

         — Orduan German Mendoza eta hire lagun hori... —Ixabelek.

         — Umeak —Xexilik ahizpari mehatxuka.

         — Nazka-nazka eginda nagon. Ia gauero etortzen dun bisitan, ea dena ondo dagoen kontrolatzeko aitzakian.

         — Jesus, Maria eta... —Xexilik. Hamaika aldiz galdetu zion Estiri zorioneko ugazaba zein arraio zen, alferrik.

         — Luisa sinistuta zegon emaztea lagako duela.

         — Koitadua —Ixabelek—. Germanek ez din emaztea bizi-alargun egingo, Segismundo Gantxegiren alaba da eta. Hori bai, ostikoka jardungo dun hura hilobian; ederra zunan, ba! Germanen aita ere, don Cesar Mendoza, ez dun makala. German bizi den plazako etxebizitza hori zuen aitona Joxerena zunan; zuek alokatu duzuena, Paki eta Xebas Bizkiarena. Denon aurrean lapurtzera ausartu bazunan, zer ez ote zinan atzetik egingo!

         Amona eta aita diskutitzen, ama negarrez. Altxatu egin zen bere malkoak frenatzeko. Estiri keinua egin eta hura ere zutitu zen umeei muxu emateko. Ateraino lagundu zion Xexilik:

         — Tori —mantaleko poltsikoan zeraman liburua itzuliz.

         — Irakurri al dun? —letren bitartez ari zen ahizpa ilunpetatik atera nahian.

         — Ez zaukanat ia astirik: baserria, umeak, akademia... Zer moduz Aldalur?

         — Ondo. Hemendik hara, badakin.

         Bizikleta hartu eta pedalei indartsu eraginez urrundu zen, handiegi traste zahar hartarako eta ile hori fina haizean kulunkan.

         Getariako bi anai-arreben poesia-liburua zen, Mikel eta Amaia Lasa. Estik markatutako orrietako bat irekia zuen behin eta hautsa geratu zitzaion ahoan, ardo txarra edatean bezala. Hustuta zegoen aurreko urtean ama zaindu ondoren, eta orain Esti ere zaindu behar. Mikel txikia ere bazeukan. Olatz zoragarria. Etxean zegoen Xantiorenean behingoz, Ramiro lasai... Orduan, zergatik mugitu zizkion erraiak hitz-segida horrek?

 

Ez emakume

ez ama

ez eme

ezin izanik.

Emakumetasunean

amatasunean

galduak

libertatearen ordez

segurantzari helduak.