Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

11

 

Txikitero kaleratu berrien algarak eta Doloresen marmarrak papoan borborka, ardoa eta txorizoa eskuetan, zuzenean jantokira egin genuen.

      Helburutik desbideratuko gintuzketen berbadarrak saihestuz, Zack Vicenteri buruzko informazio dosi berria zekarren Saioak.

      Eta Bitorrek, bestalde, orrialde askotako txosten baten lehena erakutsi zidan: Txosten medikua zen. Gaixoaren izena: Bitor Larralde. Diagnostikoa: Huntington gaitza. Gaixotasunaren eboluzioa: Lehen agerpenak. Bat-bateko dardarak ezkerreko eskuan. Iraupena: minutua eskas.

      Saioa: Osabak argazkilaria zarela esan dit. Gidatzen jakingo duzu.

      Bitor: Vicente neuk hartuko dinat, Saioa. Arantzak ez din horren ardurarik.

      Saioa: Ahalik eta gauza gehien egiten dakien jendea behar dugu, osaba. Batek daki zenbateraino okertuko zaigun dena.

      Arantza: Zertarako ekarri dizkidazu txosten medikuak, Bitor? Zein harreman zehatz dute bahiketarekin?

      Bitor: Sendatzen ez banaiz zenbat sufrituko dudan jakin dezazun gura dut.

      Saioa: AEBetara egindako bidaia batean jakin zuen osabak Huntington gaitza duela. Osaba hitz neurtukoa genuen, barea, egonarri handikoa, zuenarekin nahikotzen zena, lantu faltsuen gaitzesle. AEBetatik itzuli zena mutu beste da berbalapikoa, gaur irri bihar malko, bihar edozerengatik agirika dabilena eta etzi zazpi buruko herensugeari aurre egingo liokeen zalduna, herenegun tangada batean ito eta etzilimo tsunamitik bizirik aterako litzatekeena. Saihestu ezinezko heriotzak lanbrotu egiten dio zentzuna batzuetan, jitoan galdutako bela-ontzia da, baina argi baino argiago du xedea. Bakarrik ezingo du erdietsi, lagundu egin beharko diogu.

      Bitor: Hemen nago, Saioa. Kontatu diozun ezerk ez du bahiketan eraginik. Horretaz mintzatuko gara taxi bueltaren batean. Gatozen gurera.

      Saioa. Etorkizuna baldintzatuko digun ekintza burutzera goaz, osaba. Burkideok elkar ezagutu beharko dugu, ba!

      Bitor: Ondo bidean, biharamunean bezperakoak izango gara, eta nork bere bidea hartuko du, ez beste inorena.

      Arantza: Bahiketa bat gorabehera.

      Bitor: Aztertu ditut zure argazkiak. Ez dut sinesten bahiketa honengatik kirioak dantzan dituzunik.

      Arantza: Beste batzuk dira nire ametsak. Inor bahitzea ez da eguneroko fantasia.

      Saioa: Eta zein dira ba zure ametsak?

      Bitor: Orain ez, faborez, hau gauza serioa da...

      Saioa: Bizitzan izan ditudan pozik handienak lagunek beren ametsak kontatu dizkidatenean izan ditut. Esan, esan, zein dira zure ametsak?

      Arantza: Zu hasi.

      Saioa: Lore-sorta eta bi musu jaso bezain pronto desitxuratzen den emaztea agertzen zait. Ez da inoiz emakume berbera. Ilea galtzen du lehenik, begiak lekutik ateratzen zaizkio, azala zatika erortzen, hezurrek eztanda egin arte. Maitasun galdu bati egindako omenaldia da.

      Arantza: Nire ametsetako batean bugainbileak ernetzen dira kare-harrizko museo bateko gela ilunean. Eta lurrak sua hartzen du orbel bihurtzeko suizidatzen diren petaloekin. Sabaitik buruz behera nagoelarik, garrik gorrienak erreko nauen unean bertan itzartzen naiz.

      Saioa: Nire ametsetan mamuak barka eskean datoz. Ustekabekoa izan dutenez, joan egin behar dutela, itzuliko direla matxura konpondutakoan. Burumakur egiten didate berba. Lasaitzeko erantzuten diet, niretzat iraganak jada ez duela eraginik geroan, ez diedala ihes egingo, ez diedala arrotzei nire burua entregatuko. Mamuek, ilaran, muin ematen didate ezkerreko eskuan.

      Arantza: Heroiek ere onartu beharko luketela beldurra...

      Saioa: Beste amets batean amatxi dakusat, artoa garantzen. Otzarara, artoagaz batera begiak eta belarriak eta hatzak erortzen dira.

      Arantza: Ezterenzubin...

      Saioa: Fabrikako txandan hasteko ilaran!

      Arantza: Fabrikako kea, zuria ala beltza da?

      Saioa: Amatxiren atzamarrak dira gorriak. Gainontzekoak ez du kolorerik.

      Arantza: Ohartu zara, eguneroko elkarrizketetan, lagunek, etxekoek, ezagunek, ezezagunek esaten dizkigutenetan, zenbat gezur datozen?

      Saioa: Ametsez ari gara. Zein zerikusi dute gezurrekin?

      Bitor: Nahikoa da.

      Saioa: Ekin diezaiogun lanari, bai. Elkar ezagutu dugunez, lasaiago nago. Daborduko hautatuko zenuen-eta, nor izango da ba gure laugarren burkidea?

      Bitor: Fidel Imaz.

      Arantza: Zure laguna al da morroi hori?