Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

10

 

Errebalerainoko bidea oinez egitea erabaki nuen.

      Bigarren bilerarako zalantzak zerrendatuta ekartzeko eskatu zidan Bitorrek. Eta goizean goizetik hara eta hona sabel asegarrirako argazkigintzan jardunda, barneko zurrunbiloa baretzeko beta barik eman nuen eguna.

      Hiru asteren buruan inauguratu behar nuen erakusketa baten prestaketa lanen erdian, taxista misteriotsu bati mundu mailako neuropsikiatra bizkartzainez babestu bat bahitzen lagundu behar nion, batari zein besteari buruz deus gutxi jakinda. Lana zen lana, eta ni profesionala.

      Baina batez ere dirua behar nuen, demaseko diru saldoa.

      Ekin nion lanari. Azkura gutxien objektiboek ematen zidaten. Bahiketa hasi eta amaitu, zein lekutatik igaroko ginen biltzea zen nire lehen egitekoa; eta hori urrunerako objektibo bategaz burutuko nuen. Turistentzako plano batean ibilbidea gorritu, argazkiak nondik aterako nituen X batez markatu, leku bakoitzari objektiboa egokitu. Bilbon jada ez zegoen kontrol kamerarik gabeko kale bazterrik. Zack Vicenteren ibilerak ere urruneko bategaz jasoko nituen, baina zoom bikoitza beharko nuen.

      Ulertezinak zitzaizkidan azalpenen arabera, hirugarren laguntzailea izango genuenari bertatik bertara atera behar nizkion. Biziki garrantzitsua zen haren aurpegia ezbairik gabe antzematea. Bitorrek bahiketaren historia geroratu asmo zuen, munduari aurpegiratzeko zeinen gutxi egiten dugun Egiaren alde, pertsona bakar batek erantzi diezaiokeela katamaloa Gezurrari, norbere esku dagoela askatasuna.

      Hori guzti hori, bere buruaz beste egin baino lehen.

      Ez nintzen segur koloretan edo zuri-beltzean, ez nintzen batere segur.

      Bigarren bilera hartan ezagutu nuen Saioa. Ile beltza eta artez-arteza alde bat, eskuineko begia ostentzeko belarrien pareraino moztua. Azalez zuria. Bitorren erranetara, Baxenabarreko birramatxiren berdina. Neuk eskatuta kontatu zidan apurrarengatik, Ezterenzubin zuten Larralde Minaberritarrek sorlekua. Iragan mendeko lehen erdira arte Garaziko bulego batekoek bertako neska-mutilak hegazkinetan zein trenetan sarrarazten zituzten. Parisera neskak, AEBetara mutilak. Parisen ondo ordaindutako lanbide duina hitzemanda, maitasunaren hiri unibertsalean prostituta lan egitera behartzen zituzten. Mutilek artaldea eta basamortuko bakardadea zuten esperoan. Pantxika Minaberrik ahizparen gutuna jasotzeko zorion mirarizkoa ukan zuelako ez zuen Parisera jo. Senargai zuen Jakes Larralde ez zuen laketzen artzain lanak eta, Ezpeletako azoka egun batean, abeltzain bizkaitar baten ahotik Bilbo inguruko fabrika handietan eskulana behar zutela jakin zuelarik, fite hartu zuen Bizkaia alderako bidea, frantsesa izaki, herren ideologikorik agertu beharrik gabe. Halaxe bizkaitartu ei ziren senar-emazte baxenabartarrak, Basauriko San Migel auzoko baserrian maizter. Munduratu zituzten seme-alabetatik hiru Tubespan hasiko ziren gazterik beharrean, beste bik AEBetako bidea hartuko zuten, aurrez migratutako osaben abaroan aberastuko zirelakoan. Azkena munduratzeak, aurrekoen bideak ezagutzeak, berea tentuz aukeratzeko beta ekarri zion Bitorri. Ikusita zegoen aita fabrikan katean lanean, egunean hamabi orduz. Gogoan du igandeetan ere bazkalordura arte lan egiten zuela. Lanbrotuta bizi du aitagintzan lanaldi murriztukoa zen gizon haren oroitzapena. Gogoskarbi bakarrak urtean behin, udan, bakantzak Ezterenzubin igarotzen zituztenekoak ditu. Hamabost egunez, amari zein aitari ihintzak berpizten zizkien urtean zehar porlanak malenkoniatutako begiak. Mendi hegietan orduak igarotzen zituztela oroitzen du Bitorrek. Larreetan eserita, ama eta aita luzaroan egoten zirela isilik, egonean. Ezterengibelen freskatzen zirela bedatseko lehen beroetan. Amatxik sarritan kontatzen zizkion artzain joaki erotutako baxenabartarren tragediak, ordekan behin bakarrizketan behin ardiekilan behin uluka aurkitu zituzten artzain kideen testigantzak. Aitatxik afalosteetan kantatzen zituenetatik gutxi ziren irri karkailetarako.

      Semeetarik gazteena zen Bitorrek taxista izatea deliberatu zuen.