Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

3

 

Bitor Larraldek hogeita hamar urtetik gora zeroatzan taxi gidari. Bikotebakoa zen, anaiaren etxean lo egiten zuen; bizi, taxian bizi baitzen, egunean hamabi bat orduz. Sorlekuan hasi zen, garraio publikorik apenas zegoen sasoian. Baserriz baserri arraina saltzen aritzen zen amarekin goizean goizetik, ortuan gainontzeko orduetan. Taxista lanak egiteko baimena zuen herrikide batek jubilatu asmo zuela jakin zuenean, atoan eskaini zion bere burua baimen-txartela erosteko, baita orduko dirutzaren truke lortu ere. Amak, arrastiro, herriko banketxe bakarra garbitzen eman zituen hamarkadak eta, zuzendariaren lagun egin zelarik, haren txaleta ere garbitzen urte piloa eman ostean, interes oso baxuko mailegua lortu zuen semeak taxista lanetarako baimen-txartela erosteko sosa. Lagunak debalde eroaten zituen apotan egitera, izen oneko alabak legez kanpoko emaginetara, apaiza eskualdeko gainontzeko herrietara mezatara, beti berandu iristen ziren mozkorrak fabrikara, topekan odolustutako ahariak eta euren ugazaba burutsuak irabaziak xahutzera. Berari baino berak ordaindutako bidaiak. Xantza izan zuen lehenbizikoan joan zen Bilbora zerbitzua eskaintzera, usterik eta taxia egunero ez zikintzeaz gain, ordaindu ere egingo zioten bezeroak zerbitzatuko zituela.

      Nik Bartzelonan ikasi nuen argazkilaritza, Institut d’Estudis Fotogrāfics de Catalunyan. Zabaldu zuten urtean bertan eman nuen izena. Damugoserik ez dakarkidan hartutako erabaki bakarra da. Eskolako lehen egunean alokairuan hartutako gelako ohantzean etzan bezain laster igarri nuen Bilbon bizitako urteetan gorputza gotortu zidan izotza urtzen hasi zitzaidala. Ororekin laketu nintzen: irakasleekin, ikaskideekin, ikasgaiekin, institutuarekin, hiriarekin, pisukideekin. Hiru ikasturte gogoangarriok luzatzeko era guztietako tailerretan eman nuen izena, harik eta ikasketak amaitu orduko egunkari zein agentzietatik deika hasi zitzaizkidan arte.

      Bitor Larralde ezagutu nuenerako urteak neroatzan gerra argazkilari lanetan, atertzen ez zuten gatazketako irudiak jasotzen, bidaia etengabean, irabazitakoak biharamuneko hegazkin txartelerako gordetzen, txakur txiki barik beti. Bilbora, amaren etxera itzuli behar izateraino pobretu nintzen. Esana dut, ezaguna ere egin nintzen, komunikabideetan nire argazkiak ahotan izaten zituzten sarritan, saritua ere izan nintzen, behin baino gehiagotan. Ez nuen deus aurreztu. Bartzelonako egonaldia salbu, oker ez banago, zorion une gutxi edo bat ere bizi gabea nintzen ordura arte. Akaso, ni baino zorigaiztokoagoak ikusten kontsolatzen nintzen; edo, sinpleki, ez nuen zoriontsua izateko astirik, edo Bilbotik alde egitea zen sakonean zinezko arrazoia. Gerran argazkiak egin - Bilbora itzuli - euria. Gogoan iltzatua dudan sekuentzia.

      Halaxe nentorren Kandil mendietan YJA-Star-eko emakumeekin hilabete igarota, Lampedusatik barna, pentsamendua are zuztarretikago formateatu zidaten bi erreportaje burutzetik.

      Loiuko aireportuan batu ninduen Bitor Larraldek, ilaran lehenago zituenak aurreratuta.

      Arantza: Bilbora, mesedez, Hernani kalera.

      Bitor: Gabon, bai.

      Arantza: Barkatu, leher eginda nator.

      Bitor: Bidaia luzea izan duzu.

      Arantza: Amaiezina.

      Bitor: Argazkilaria zara, ezta?

      Arantza: Gerra argazkilaria, hain zuzen.

      Bitor: Neuk ere asko maite ditut argazkiak. Aldeko zorroak kamerentzat dira, ezta? Zenbat daroatzazu?

      Arantza: Birekin moldatzen naiz.

      Bitor: Noski, bi begi, bi kamera.

      Arantza: Aizu, zelan ba utzi dizute ni jasotzen, ez zinen-eta lehena.

      Bitor: Denboraz larri nabilela esan diet.

      Arantza: Horregatik zoaz horren astiro.

      Bitor: Mesedeak ez dira esplikatu behar. Nondik zatoz?

      Arantza: Kurdistanen hasita Lampedusatik.

      Bitor: Argazkia zeri egin aginduta...

      Arantza: Ez, nagusi barik nabil, gura dudana jaso nezake.

      Bitor: Dagoena esan gurako duzu.

      Arantza: Ikusezinak argazkiratzea maite dudala esan gura dut.

      Bitor: Zure ofiziokide batek ernaiarazi zidan argazkilaritzarekiko afizioa, bateko eta besteko gerretan aritzen da hura ere. Donostiarako bidean lagun min egin ginen, huskeriez hasieran, hil ala bizikoez Itziar parean. Halako batean, Hi Bitor, hire ustez, zeinek betetzen zuen argazkiaren egitekoa kamerarik ez zenean? galdetu zidan braustakoan.

      Arantza: Ofiziokideen artean ohikoa den pitzadura, bai. Zer erantzun zenion?

      Bitor: Pinturak? Eeez! Kantuek? Ezta!... Memoriak? Eta isildu egin zen, pentsakor. Orio pasa arte ez zuen berriz ahorik zabaldu.

      Arantza: Ez da erantzun txarra. Baina argazkia egiatiagoa da.

      Bitor: Berebizikoa, argazkia zeri egin norberak aukeratzea dela esan didazu lehen.

      Arantza: Eta memoria ez?

      Bitor: Memoria gero lumintzen da, oroitzapenak kontatutakoan, irudiei hitza emandakoan, ez? Memoria beti manipula daiteke.

      Arantza: Eta irudiak ez? Irudiekaz eroso bizi gara, memoriagaz zakur borrokan. Berrehun urte barru ere, atzo atera nituen argazkiek ez dute gezurrik esango, baldin eta inork ez badio bere buruari galdetzen zertarako egin nituen.

      Bitor: Iragandakoak berriz bizitzeko zara gerra argazkilari, orduan.

      Arantza: Galderak erantzuteko. Ez dut gogoan noiztik ez diodan ezeri egiantzarik hartzen.

      Bitor: Askok egiten diote ihes bere buruari argazkietan. Memoria beste manipula daitezke. Baina barkatu, nekatuegi zaudela sumatzen dizut. Musika jarriko dut.