Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

13

 

Züberoko hiri nagusitik kanpo gaü bat iragan ondoan, ohartü ginen, karriketako mobimentüak ez zirela hanitx kanbiatü. Peko Arrüan pürü, jentea ba zabilan zale, ostegün arrastirietan ere erosketen egiteko estakürüaz, aihalteko zietak beterik edükitzeko bederen. Zietaren betetarzünetik ageri zen «praubeekilako» desbardintarzün segürtamen ekarlea. Emazteak plaztikazko zakü hantüeki ikustez erran neion Joanari:

      —Goazan Championerat. Gaza ments dizügü.

      —Gaza kori! Ezu besterik agoan!

      —Parka bena kafea bero maite düzü bai zük ere.

      —Jüsto!

      Harritü nintzan Joana ene imitatzen entzün nüalakoz, eta so gaixto bat urtuki neion, bena soaren beltzaz arrunt damütü nintzan, ez beit nintzan orano imitatzekoa zen xiberotar plaña. Erriz lehertü ginen. Joana kantan ari zen eta mezperako lotsaren ezeztatzeko moldean «Bereterretxen Kantorea» heavy-metaleroen maneran eskentzen züan, ahoak emana ahala züntzürraren larrützez:

      —Kasü emazü, bihar marrailo zirateke.

      —Ba! Astezkenean zu bezein baniz, ezu deus.

      Oso ahatzerik nüan Garindaineko Hertzainaken konzertütik landa, botza arras galdürik nüala eta ez zeitala aski izan eztiz asetzea, ele-tresnaren bere hein normalealat arra-jinarazteko. Beti bardin agitzen zeitan: «estatuari gerra...» oihüstatzen nüan dantzarien arteko korpitz itxasoan eta biharamenetan —garagardo freskegiak edateak ere ba lüke frango funts!—, marrailo edo «baleiü» nintzan. Estatüari hitzemaiten geneion gerla ez zen sekülan hedatzen hain maite güntüan ordokietan, eta botzik gabe, eskü hüts eküratzen ginen, treinek desertatü bürdüin-bide erdoilatüen hegietan.

      Championeko parkinean ützi günüan errautsez estalgi 4La. Beste autoen erdian zikin emaiten züan, bena ez zen orozbateko zikinkeria, ibar lüze bat ebakitzen züan minaren ondoramenezko odol ttanka baizik. Joanari hamar libera jesan neion, eta kariota aitzinean süpermerkatüan sartü ginen, zaraitzuarra eta biok. Üsatü bezala, erosketen egitean, Championen ba zen Guk taldearen azken K7aren behatzeko planta. Ilüsionea gaintitü günüan eta kariota arradatü günüan, sonüaren bürüraino estimatzez, gaüza inütil hanitxeki. Pakatünealat heltzez, oritü nintzan:

      —Alajinküña! Gaza!

      —Xoriburu bat zra zu! —erran züan Joanak eta lasterka abiatü nintzan botila urdinaren txerkara.

      Joana, pakatünean egon zen herrokan haidürü. Aldi oroz beharrezkoena nüana ataletan abandonatzen nüan, hori güzia Guken müsika sal-erosteen mündü sofistikatüan jarten zeiküelakoz. Botila esküalatü bezain fite pakatünealat ützüli nintzan, eta Joana ari zelarik kariotaren arra-kargatzen, kartareki ordaintü nüan Ardürazko Jateko Ontarzün saila, ekonomistek zioen bezala. Kofrea ideki günüan eta gaz botilaz gain, bi zaküak han bertan pausatü güntüan. Zelüan kürlo goiztiarrak iragaiten amiratü nütüan.

      —Non da Gaxpar Büztanobi?

      —Ezta kori sorginkeria!

      —Alabadekoa.

      —Sinen zu ba Gaxparren bellitzea begamala!

      —Bellitzea?

      —Iratzartzea nahi bazu, bardin zu.

      —Santazin... mozkorrak belhitzen dütüzü gisala.

      —Aituzut.

      —...eta Belhi-Gaina ba düzü Ibar-Esküinean.

      —Mirakulu bat zu naski!

      Joanaren ezpainek boztarioa markatü züen. Ba zen jadanik zonbait egün, nintzan «Xiberotar Xainküa» «Zaraitzuko Eüskaldün Berria»reki ebilten ginela alkarreki, eta geroago nabarmenago zeikün eüskalkien arteko lotüra zintzo eta barnakorra. Mentüraz ezezagützaren mügak amodio-gaü batek hautse zütüan, entelegatze linguistikoaren ürratsen zaletzez. Egiazko azkaziak ginen audela. Eüskal Herri bazterretako eüskalki desagertüak imaginatzen hasi nintzan: Ziberoarik Bizkaialat ba zoan errontako eremüetan hoinarriz xiberotarra zen mintzajea erabilten züen Uxueko, Tuterako edo Gazteizko bizizaleek. Ametsak amets, Joanak, bere hitzeki Postalat bideratzeko züan xedea konpreniarazi zeitan, aitzineko negüan artzainek «oküpatü» züen gaznategiaren eretzetik gidatzean.

      —Postal zomait igorri bear tut.

      —Iruñealat?

      —Bai, Arturo Kanpioneko laguner... ta...

      —Eta zer?

      —Haitzi re deitu sarriko.

      —Sarriko?

      —Faten nuzu karen ikustrat... kala... agian eridren zut.

      —Zertarat?

      —Amodioa xesteretzrat.

      Bihotza jeloskeria xixta batek erre zeitan. Züntzürrean azten ari zeiztan «konportak» ahazten iseatzez ihardetsi neion:

      —Ontsa düzü. Ba noazü Mauleko xahar-egoitzalat.

      —Pette Kihilalten bila?

      —Bai. Etsitü batez ürrentü nüan solasaldia. Xiberoko Botzaren kantüan 4Laren geldiaraztez, Joanaren gibeletik Postan sartü nintzan, eta harek egin beharrak oro bete zitzan egürükitzez, txinatar aüzoan nintzaneko denboretan bezala, püblikoarentako zen mahai hegian jarririk egon pentsakor. Joanaren manera deliatüan Jimei telefonatzeko korajerik ez nüala kontü-errendatü nintzan. Koraje mentsaren ordez, errealismo zorta bat baizik ez zela eransten nüan nihauk, Jim zen potiko ejerrak ez beit zükean etxit enekilan «elkitzeko» inbea handirik ere, hitza emana gatik. Postako jenteer so hurtü nintzan. Langileak eüskara eta frantsesaren aldizkatzez, ari ziren klienten zerbützatzen. Brauki Gaxpar Büztanobiri, lehen mündüko gerlan tiratü zeioen potreta papoko sakolatik jalgi nüan:

      —Atzamanen haüt... diloa... gero Jimetaz...

      Eta zer Jimetaz? Zer nahi neion Jimi? Arrapostürik ez züen galtoak saihetseratzez Joana ikusten nüan kabina telefonikoan, Haitzeki elestan, biloen erroetalaino gorritzen.

      —Amodioa zoriona düzü. Edo hala behar likezü phü —murmuzikatü nüalarik, Joanak kabinaren tepoa ützi züan.

      —Kotxea bear zut.

      Prefosta auto... gogo-honez pestatüko neiola... Barkoxe-Bürgüalat ez zen alabena vttan partitüko... prefosta autoa... Telefona pakatü eta zonbait tinbre erosi ordüko Joana hüilantü zeitan giltz-eske.

      —Noiz ützüliko zira?

      —Eztakiñat. Iguzkiak Ezpeldoi bellitzean.

      —...

      —Ero ala zer iago?

      —Alabadere!

      —Ongi sin bat eginen drot Haitzi zure partez.

      —Fan adi beaz —moztü nüan minberatarzün zerbait nitan pizten züan mintzaldi llabürra, Joanaren ahürrean giltzak pausatzez. Joana, Postako leiho übelen gibeletik desagertzen jarraiki nüan, eta bigerren aldikoz aste hontan, oso bakarrik senditü nintzan. Aitortzekoa nüan maneran, üsatürik nintzan emazte-bakotx ebilten eta balin norbaiten konpainian paseiatzeko gusta egokitzen ba zeitan, ondoko egünak gaizki egarten nütüan. Enfin... Treville fama latzeko kontearen izena züan karrikan zagon Mauleko xahar-egoitzalat nindoalarik, gogapena hits nüan. Bena aitzinatü arau ordea, Orhimendi tinian nola, odeiak altxatzen nabaritzen nütüan.

      Xahar-egoitzako aterbean sartü nintzalarik izpiritüa hein bat argi nüan. Honki-jin leküan zagonari galto egin neion:

      —Nahi nikezü Pette Kihilalt elestatü.

      —Egürük ezazü amiñi bat.

      Haidürü egon nintzan xütik. Egürüküan nindagon artean, amañi bat jin zeitan kantüalat bere kaidirako errotak besoen indarrez bulkatzen zütüela. Botz hautsez deitü nündüan:

      —Eroan nezazü hebentik.

      Bizpahirutan arrapikatü züan deia. Ez nüan deüs ahal egiten. Erizain batek lerdenki üngüratü zeion kaidira eta eraman züan amañi oihükaria.

      —Etxealat nahi nüzü!

      Erizainak kaidira amoltsüki lotü züan eta borta idekitik ageri zen kuluar hersi batetarik abiatü ziren biak. Handik laster, erri handia ezpainetan, andere galant bat plantatü zen ene itzal-gainen.

      —Nor zira zü? Noreki mintzatü gei düzü? Familiako bateki?

      —Joanik düzü honki-jineko langilea Pette Kihilalten txerkara.

      —Nola deitzen zira?

      —Amaia Ezpeldoi. Detektibe rüral nüzü. Maulen.

      —Pettarreko ala Basabürüko?

      —Manexina nüzü sortzez. Eta zü?

      —Madam Oskigil nüzü, errejent ohia, xahar etxe hontako «püblic-relation» zerbützüetakoa.

      —Kontent nüzü zure ezagützez.

      —Ez ni bezain ez. Hura Suzanne düzü.

      —Suzanne?

      Ene harridüra nekez irakurri züan Oskigil andereak, bena segitü züan erraitez Suzanne horrek, departamentüko xahar-egoitzetarat telefonatzen iragaiten züala egüna, atxekitzez Maulen ez zela batere üsatzen.

      —Ata zinez ontsa gütüzü heben —ahozkatü züan harroki Oskigil andereak.

      Beste emazte bat jin zen gure aldealat eta arrunt, saldo bat ba zen ene eretzean. Oskigil andereak ororen presentazionea egin zeitan, eta bakotxak bere hitz eztia ba züan murmuzikatzeko nintzan kanpotiarrari. Leonie batek honttoak eskentü zeiztan eta imur honez aberats zen Jüjek erriz galtatü zeitan:

      —Nola maite dütüzü gizunak? Izotz ala idor?

      Xaharrak karkaza ozenzüetan lehertü ziren. Ageri zen ez nütüala hiltzen ari zen mündü-rüral-erraldoiaren hitz-joküak entelegatzen, eta ene damüaren arintzeko ordez beren arteko arrailerietan lerratzen ziren. Honki-jin lekükoa ützüli zenerako erriak anpletürik ziren. Leoniek beharrialat erran zeitan:

      —Gure gazte denborako balentriak dütüzü.

      —Ba bai, prefosta!

      Erizainaren hüilantzeak saldoa desegin züan. Ez nüan kürütxatü nütüan jente berrien agurtzeko astirik ere üken.

      —Pette Kihilalt karrikan dizügü.

      —Ez düt zorterik egün ño!

      Honki-jin gelakoaren ondotik, Maurice izeneko batek arrastiri hegotsüaren itzala ebaki züan:

      —Paper hau ützi ditazüt Pettek.

      Xügünki plegatürik zen papera lüzatü zeitan lotsaz bezala Maurice zelakoak. Kanporateko bidearen hartzen ikusi nüan, galtza-llabürretan eta bunet gorria bürü-gainen züala.

      Ez nüan Pette Kihilalten mezüa zatekeana segidan ideki. Egon nintzan orano zonbait minütaz, ene üngürüan bildü zen saldoaren hurtzeaz pentsaketan. Ideiak nahastekatzen zeiztan: holako egoitzak beharrezkoak ziren... gaztentako ere ez litazke gaizki... ihork ez dezan bakartarzün ez haütatüaren pezürik egar. Bapatean, nihauren zahartzearen ildoa iragarri nüan eta ikara ertzo batek katiastatü nündüan: zale ba zoan denbora... zale bizitza... laster hel-mügan izanen ginen... begitartea eta korpitza tximaldüraz estalgirik... bortüetan gora igaiteko indarrik gabe... karrikan baratx-baratxa ebilten... ahülezia eta bakartarzüna gure hatea zatekean. Orit nintzan behin Peko Arrüan, xaharñi batek besotik tinkatü nündüala:

      —Lotsa nüzü.

      —Lotsa? Bena zertzaz?

      —Hiltzeaz!

      —Anple zite, ez zira orano hortan, ez.

      —Lotsa nizala!

      Ezkapi zen amañia, engoitik bere hitzetaz ahalketürik, eta hura joan bezain fite, damütü nintzan —üsatü bezala!— ene axolagabekeriaz. Alabena, harek senditzen züan lotsa aipatü gei züan, ardüra ostatüetan arraheinki agurtzen pürü zükean batekilan, eta ni ez nintzan holako eleen entzüteko prestik. Damüaren gainara beldür hotz batek esteki nündüan, eta xahar-egoitzako honki-jin gelan nindagolarik azken hatsaren tenorea ütxüratü nüan. Erizaina ene planta gaitzaz ohartü zen, eta begiak Mauleko Apezek hedatü denie-dü-kült galtoari lüzatü nütüan, irakurtez destrenpüaren ezabatzeko: ...aberatsenek beren gaineratikotik eman dezaela... beharrunantek aldiz beharrezkoen düenetik... eta herio latzak bardintzen handi txipiak... Hori zela egiazko jüztizia zoziala imaginatzez erriz hasi nintzan sardonikoki. Erizaina mintzatü zeitan:

      —Gaizki zira ala?

      —Ez.

      —Erran deizüt Pette adeja joanik zela.

      —Bai, entzün düt, bai.

      Honki-jin gelako anderea debeatzen ari zen. Alde-kanpoko argialat bideratü nintzan arrunt, Petteren paper plegatüa esküan natxikalarik.

      Maitatzen ziren jenteer amodioaren erraiteko denborarik gabe ba zoan bizia. Treville karrikako eki-leinürü epelak berotü züan herio latzaren hormak gogortü ene bihotza. Ahal bezala bizi behar zela niolarik, Petteren papera desplegatü nüan izkribü daldarakariaz idatzirik zenaren irakurteko. Haurzaintegiaren eretzean eküratü nintzan ele herrokatüen ürrenealat heltzeko: R.d.v. arrastiri hontan zazpietan xüxen elizabide üzina ohian! Prefosta, tenorez hüilantüko nintzala Pette kihilalten hitzarmenealat. Agian... agian ez günüan hüts-eginen! Haur-Zaintegitik haur oihü airosak behatü nütüaneko, ene erreüstüra jabaltürik nüan. Treville Karrika ohargarria zela pentsatzen nüan ondotik: biziaren ildotik ba zoan Haur-Zaintegitik ilerriraino, xahar-egoitzatik eta Gema lantegi aitzinetik iragaitez. Bien artean... hatsartzearen zurrunbiloa!

      Arrastiriko bostak ziren. Jojobarrerat joaitea erabaki nüan kafearen edateko estakürüareki, tximaldürek sortüko züen biharko bakartarzün egünen ahazteko doia. Doia hitzaren ahozkatzez Joana Haitzekilan zoriontsü asmatü nüan, eta lagün-min baten ezpain idorretarik behin erori zühürtzia arrapikatü enetako:

      —Doiak hegiak zorrotz.