Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

6

 

Haitz Zumetaren etxen, ezinago ontsa bazkaltü ginen. Bena... Haitz eta Joana, biak, bilbotarraren Seat xurian, aitzinean nütüala, —ni bakotx (beti) 4Lean— arrakotxeatzen ari nintzan, Barkoxe Bürgüako jatekoa pürü hon zela errait en. Txipiroiek paradisüalat eroan nündüen, eta 1984ko Errioxako ardu famatüak, bürüa amiñi bat berotü zeitala aitortzekoa nüan. Bestela, zentako bada, sartüko nüan Allande Oihenarten izena, Haitzek eta Joanak prunki aztertzen züen Euskal Poesia Gaur geian. Biek, kexü koxiaz so egin zeitaen:

      —Oihenart aspaldikoa da —segitü züan Haitzek, eta Bilboko detektibe filologoa ez nüan sekülan ordüan bezain gaixto ikusi.

      Prefosta, gei barnakorraren estakürüaz —asko gustatzen zait, neuri ere bai noski!—, bihotzaren itsasoan amodio-sareak hedatzen ari ziren. Üzten nündüen, ahalkerik gabe, leihorrean, ni bardinki, hur-ments nintzalarik. Txipiroietan konzentratzea askiko nüan, arduaren ixil-ixilik edatea, eta noizean behin, solasean ari ziren bi «alfabetizatüer» erri txipiñi zonbaiten eskentzea, akortarzünaren erakasteko moldean. Negü ametsez nindagon, etaegiaren zen bezala agertzeko, ez nakian, Haitzez ala Joanaz, zoinetaz nintzan jeloskorrena. Doi bat anpletzeko, Arrokigako kürütxünealano, Oihenart maradikatzen nüan, lazgarriko transfer freudianoaren egitez.

      Seat-ak exker hartü züan. Arrokigako arrabotean eraitxi ginen autoetarik, eta Joana ene imur beltzaz ohartü zen; üdürialat, enekilan baizik erabilten ez züan Zaraitzuko eüskalkiaz hitzegin zeitan:

      —Kau ahorpegia!

      Ez neion arrapostürik eman. Bapatean, kexüak erori zeiztan, eta agitzen zena, oso normal atzaman nüan. Nik ere üken nezakean maitekortarzün inkaü bat, Euskal Poesia Gaur zelakoaz ah al banintza mintzatzen. Bena hola zen, bakarrekjakin, eta hanitxek... Sakolatik karnet bat elki nüan:

      —Arren, has gitean lanean.

      Arrabote gibelean, erdi kükütürik zagon mobileta urdina erakutsi zeitan Haitzek, eta karneta Joanari lüzatü neion, egiten nütüan oharpenak izkriba zitzan:

      —Mobileta. Pijo. Ez dizü makakorik. Zaküak hor ditizü orano. Odol markarik ez.

      Ekitoltzean, audela, ez zen behatz-marrarik ahal irakurtzen. Zaküak ideki nütüan, eskü lotsorraz mirazkatzeko. Bat arras hütsa zen. Kantükoan aldiz, Miroir de la Soule hamaboskariaren aile pirtzilikatüa ba zen. Zonbaki zaharra zen, «Gazoduc: Le Feu Vert» titülüa leit beit zitekean. Ordüko hitzak arra-begistatü nütüan Gaxparri pentsatzez, halako trixtüra batekilan. Projektoa, Mitikileko Matalas «chahuteur»tzat züenentako, orozbat poterekoentako, baikorra zen, Haitzen txipiroiak azkenean, gosetüentako hon ziren maneran. Halaz, artikülüari lotürik nintzalarik, paperaren kantu batean, telefonoa nümero bat kausitü nüan: 59 28 99 99. Harrigarria zen. Joanak nümeroa karnetean jarri züan, «Nor da?» galtoaren ondotik. Kontü-errendatü nintzan geroxeago, zaküak zoladüra bikoitza züala. Kartoinezko tapa altxatü neiolarik, bi mila bost ehün libera ba zen. Atarratzeko postan, gisala, esküalatü hiru miletarik, bost baizik ez ziren eskas:

      —Aurrera goaz! —oihüstatü züan Haitzek, eta bitartean, Joanak, bilbotarrari egiten zeitzon dei errontak miresten nütüan.

      —Ejer düzü amodioa! —ahozkatzen nüan nihauk, oren elibat lehenago kontrarioa asmatüa gatik, poxi batez pentsamentü paradoxala zela eranstez, bena üsü, paradoxalki bizitzen ginelako segürtantxa nüan.

      Mirazketa jarraitü nüan: mobiletak tartan zilatü ohantzean, whisky botila bat ba zen. Ez nüan finkatzen ahal, Arrokigako besten ondarkina zen ala Gaxpar Büztanobik bekanikako zaküan zakarren hontarzüna. Zena zela, txestatzea debetüa zeikün, whiskyrik ez beit zen.

      Mirazketa ürrentürik, asünetarik xütitü nintzanean, ez nüan ihor ikusi üngürüetan. Haitz eta Joana, biak, desagertürik ziren. Alaxintxoia... desagertze franko ixtorio hontan. Bena zühain baten maldatik herots bitxiak horra zeiztan, eta baratx-baratxa, ixtan baten bürüan bi lagünak, beren gordagietarik jalgi ziren.

      —Non zineen?

      —Erromar garaiko aztarnak aztertzen —ihardetsi züan Haitzek inozenteki; gezürra zion prefosta, ordea hala beit litzan honartü nüan, eta Joanaren soaz jabetü nintzalarik, nabaritü nüan, potten eztitarzüna faltan ükenen züala ene kolaborazaleak; honenbestez, aste batez, lanean aritzea nekeza agitüko zeiola. Adixkide protximoen amodioek ardüra beilatzen nündüen, eta ejer izateaz gain, abantxü eman neion Joanari, Haitzekilan Barkoxerat ezkapatzeko baimena. Arrazua mintzatü zeitan:

      —Ba goaza Lakarrirat!

      —Deañoa!

      —Karga dezagün mobileta hau.

      Haitzen indarraz baliatzez, mobileta 4Lako kofrian sakatü günüan. Joanak, lürrean pausatürik züan karnetaren biltzez, mozteak penatzen nündüan sohako xügüna egin zeion Haitzi. Arrokigari agurrak eskentü gineitzon. Bide osoan, irratia entzütez, ez günüan hitzik elki. Atarratzen, misterioski, Joanaren mihia askatü zen:

      —Barka.

      —Ez düzü zerik. Inazi-kaldüak entelegagarriak dütüzü.

      —Mutiko eder zu Haitz.

      —Potiko txit ejer saldoa ba düzü Xiberoan!

      —Eta...

      —Ba, oro ja ezkontürik.

      —Zuk ba zu bat?

      —...

      Jim nüan gogoan, Haranbeltzerat egin neion bijita antzüa, ene kolera, gazodüka, eta nitarik ihes bi txori-tendreek trükatü potten arana. Ez nükean audela, Jimetaz habororen azaltzeko inbearik, mentüraz Joanak, katiastatzen nündüan ezintarzüna ez züalakoz konprenitüko. Nola esplikatüko neion alabena, amodioaren enjogidüra galdürik nüala engoitik? Heltü ginen Lakarrirat ixilik. Büztanobiako amañia bortatxean zagon, ttottotürik, piperren kordatzen edo kordelatzen.

      Hüilantü gintzeion. Emazte xaharñiaren begia kürütxatü bezain laster, mezperan, Büztanobiko sükalte ülünean egarri aztoramentü bardinak kartzelatü nündüan. Amañiak helatü nündüan:

      —Arrastiri hon. Ba düzüa berriagorik?

      —Bai, phü. Zonbait ba dütüt, bai.

      —Nor düzü neskatila hori? —galtatü zeitan, inkiet, Büztanobiko etxekandereak. Ez nakian zer ihardets, eta egiaren erraitea deliberatü nüan:

      —Joana Garalda. Zaraitzuko ene lagünzalea.

      —Zureki ditit aferak nik.

      —Bai, prefosta!

      Zare batetarik txükatzera ützi piper gorritüak eskü lerden batez biltzen zütüan amañiak, eta orratz lodi baten segidan zagon hari gottorrean bederazka ezartzen. Elea libratü züan:

      —Negüan piperrak goxo dütüzü...

      —Ba bai, phü.

      —Gaxparrei zinez laket ziotzün zopan eta...

      —Zentako «ziotzün»? Bizirik düzü bai orano!

      —Ez nüzü segür.

      Aize hegoaren buhakoak senditzen ziren, zelüko odei arinak bulkatzen züelarik, eta halako histüra bat leitü nüan amañiaren sohakoan. Joana, hürrünago zagon, kezkatürik. Mintzatü nintzan:

      —Gaxpar atzamanen dizügü. Bizirik phü.

      —Ailitza!

      Jente xaharrek, hain esperantxa eskasa edükitzea drole zeitan, uste beit nüan, gazteak beno baikorrago zirela, iraüpena züenaz gain. Amañiarekilan partekatzen nüan trixtüraren zimizta ahatze nüan, eta Joanarekilan, mobileta, Büztanobiko ezkaratzean aterbetü günüan. Sosa, amañiari eman geneion:

      —Ba dakizüa norena den telefonoa nümero hau?

      —A!, gaxoa. Ez beit dakit!

      —Tanpis... eta... whisky maite dizü zure senarrak?

      —Ene senarrak? Ba dizü aste bat kasik alargün nizala!

      —Otoi, amañi, arrunt dütüzü ürrezko ezteiak.

      —Maite dizü bai whisky. Soberasko.

      Gaxparrek edatea gustüko züala ba nakian. Amañia erriz ari zen. Aitzinatzen ginen. Telefona nümeroa, bideko kabina pübliko batetan iseatüko nüan eta entzünak-entzün, agian, pizta bat idekiko zeitan.

      Arrastialdia higatzear zagon. Ahüzki tiniarekin txoxtakan ba zoan ekia. Maulerat arra-joaiteko tenorea günüan. Halarik ere leküaz balia, nahi neion Joanari Ahüzkiko ütürria erakatsi. Autoan sartzean Joanak erhi püntaz agurtü züan amañia, eta Altzain gora abiatü ginen, bortügain hartarat. Igan arau, behera so egitez, Lakarri zolan pausatzen ari ziren gazodükaren arroilak, lür-peza üdalatüak, agertzen zeizkün, ülün tematsüan. Itxex handiak ziren.

      —Zaraitzun re ari dra lanian —murmuzikatü züan Joanak, beltzüra batekin botzean. Denek orok, ba ginakian, gisala, «Españako aldetik» jadanik mügalaino horratürik zela bürdüinazko mamüa:

      —Xardokitzerik ezu iago! —erantsi züan neskak.

      Alabena, Zaraitzun edo Erronkarin jente güti bizi zen, eta gazodükaren promotoreer aisa zeien, lekü desertatüetan beren xedeen bermaraztea. Ata, eskualde hortako kontrakoak ere jin ziren Maulerat, azaroko büragertaldialat, Maule-gaineko merkatü estalian —urte zonbait lehenago, behin, koblakariek erauntsi züen tokian—, karia hortarat, miretsi beit güntüan Zaraitzuko dantzari xotilak, bizkar ezürrean, odolaren ordez, heriotz-hüilanaren ikara ebilten zeikülarik. Ondoramenez, entelegagarria zen potere zentralak zentako treintraka, herri hok hüstü eta hüsten zütüan, baratx-baratxa, exodioa, destinüaren fatalitatea baizik ez zela arrapikatzez. Demokraziaren sortzeaz laüdatürik zen estadoak ez zükean Romaniako molde bortitzean arra-egitüratzen ahal bortüa, bortügaina edo kanpaina. Jenteen gogoetan sarazi züen beren ibarrak hilak zirelako sinesteak, eta hok, hein hortarik ez kantitzez, ororen honartzeko prestik ziren güneak arrapitz estakürüz: autobide gisako erregebideak, gazodükak, nüklear ondarkin bilgüneak, indar latzeko elektrika lineak, eta zentako ez, aht bat, Petri-ta-Paulo tinitik iragan litakeena. Hatxeirü ametsez betetzen ziren pirineotarren kaskoak.

      Ahüzkin ginen ja. Hoinez horra ginen ütürrialat. Bortügain bilaiziak gaüa bapatean argitü züan, oihanak hürrünean asmatzen üztez, eta Garazi aldea, gük, lano-pean imaginatü günüan. Hur edaten ari ginen —ez zeikün ardüra holakorik agitzen eta seinalagarria zen!—, «Bortüan Ahüzki» ahaidea ezpainetan. Agian, alkarri so ginelarik, gü ginen kantoreko «neskatila ejer» parea, Xiberoko artzain galant zonbaiten haidürü. Nola jakin? «Adio Ahüzki eta Nabolegi» xüxürlatzen günüanean, ütürriaren errekatik, botz hautse-metaliko batek, Bereterretxen zazpigerren kobla emaiten züan: «ama indazüt atorra / mentüraz sekülakoa...» Joana beha zagon lotsaz itzatürik. Ni, haren gibelean nintzan, batere ez fier. Huraren asotsak hantzen zütüan ondoratzen ari zeikün kantariak hatsa hartzea gatik, egiten zütüan ixilüneak. Odeiez kargatü zen zelüa, eta gizonaren begitarte zirrimarkatüa ikusi günüalarik, argizagiak, ortzearen estalgia zilatü züan. Beldürraren beldürrez, ene bürüa maradikatzen nüan, ohaidekariak txerkaratze-lanetan hanitxez xinpleago beit zen: zertarat jin ginen ixtorio hontara?

      Artzain bat zela honartzez, anpletü nintzan eta Joana baliatü zen üneaz, ütürriko harrokaren itzalean kükützeko. Gizona, guri so eküratü zen:

      —Nor zidee? Nork igorten zütüe?

      —Gü... be...

      —Zer nahi düzüe?

      —Gaxpar Büztanobiren ondotik gütüzü —ihardetsi neion artzain izan zatekeanari, eta klartarzün-ürrako baten lagüngoaz pentsatü nüan, gizon hori Barkoxeko Topet-Etxahunen arra aragitzea baizik ez zela. Ausartü nintzan:

      —Eta zu? Nor zira?

      —Bereterretx nüzü.

      —Kantorekoa?

      —Bai, hamalau nabela-kaldüz ebaki zitazüen bihotza.

      —Jakin ginizün, bai.

      —Berriak agüdo badoaza gaurko menteetan! —mobitü zen Bereterretx. Bizkarrean züan paltoan kontatü nüan xüxen hamalaü zilo, odol txükoa zarioela. Hormatürik bezala ginen.

      —Ohart zireea Bazko-Gauerdi hartzaz?

      —Mendekü-ordüa horra zaizü ala?

      —Ez düt mendekü-gogorik. Beude hilak hileki. Gaxpar Büztanobi hori... Marisantz amagurearen ondokoetarik düzü.

      —Kusi hürrüna beraz?

      —Gaxo Gaxpar!

      —Alkarreki atzamanen dizügü.

      Hitz horik erran nütüaneko, odeiak hersatü ziren, eta Bereterretx hürtü zen, «arreba ago ixilik / ez otoi egin nigarrik...»en aranak, Ahüzki gaina karroatzen züalarik. Joanak begiak bustirik zütüan:

      —Ze agitu zaiku?

      —Ez dakizüt.

      —Sin zu... fan zu.

      —Bai, drole düzü.

      Ahürra hartü neion, eta behinekoz, erri ahül bat marrazkitü züen Joanaren ezpainek. Autoalat lerratzeko momentüan, daldaraka ari nintzelarik, Joanak, esküa enetik bortizki elki züan, berotarzün beharrik handiena nükealarik nik.

      Ahüzkirik Altzaiko herri-bildüalat mütütarzünak lotürik eraitxi ginen, emeki-emeki, bide bazterreko erroitz eta lezeetan barna purruskatzearen izialdüraz:

      —Kolaborazale bat da dizügü phü.

      —Aitzina!

      —Kexü zira ala Joana?

      —Ez —eman zeitan arrapostü llabürki, bena kantan hasi nintzan. Bereterretxen kürütxatzearekilan, üdüritzen beit zeitan Gaxparri hüilantzen ari gintzeiola. Joana imur beltzez zen oso, agian ene botz traheila ez züalakoz estimatzen, edo orano hormatze-garaien iragarritarzünaren lotsaz hantürik, edo azkenik Haitz... ments. Bede-hizketan ari nintzan gazodükaz, ordokietako bekanika erraldoien ikustez. Oritü nintzan Gaz-Pars taldearen ele zonbaitetaz: «Jenteen bizitzea eta libertatea ez da tratügei. Gaz-Pars alkarteak galto egiten dü lanen eta projektoaren segidako gelditzea!» Arrunt, sümendi batean iraünen günüan, eta zigarretaren piztea bera debetüko zeiküen, ororen zartarazteko arrisküaren gatik. Ahapetik nion: herri hau ezinago laket zeitala, kantüan mütür zagon Joana ere bai, eta desir nükean Bereterretxekilan arra-mintzatü, Gaxpar Büztanobi gaxoaren lehen beno lehen atzamaiteko.