Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hogeita bi

 

Lo al zaude, Esteban?

        Ez dago lo, ez esna, izarapean dago, bataren hatsa bestearenarekin nahastua, arnasa arnasarekin bat, bi hasperen ez dabiltzanak elkarrekin jolasean baina estropezu egiten dutenak, irri txikiak lasai lehertzeraino. Horrela da ia beti azkenaldian. Teresa maindirepetik irteten eta komunera arin batean altxatzen. Etengailuaren klika. Konketa gaineko fluoreszentea piztu da. Txiza komun hondoko ur putzutara hari mehe batean isurtzen. Usain gozoko paper bildua jiraka gero. Ur lohitua eta hatz luzeak paper zurian jaso ahal izan dituen hazi arrastoak eramaten bonba turrusta. Lehengora itzuli da fluoreszentea gero. Oinutsik hurreratzen zaion gorputz biluzia, ostera ere izarapera datorrena, azal hotzagoa dakarkiona abaro bihurtutako gozotasunari. Laztan bat ipurmasailean. Ezpainetan luzatzen ez den musu bat. Eta komuneko paper zati bat, eskura ematen diona. Tira, garbitu zaitez, umeak laster esnatuko dira, ez badira itzartu komuneko zaratarekin.

        Zoriontsu izana naiz. Lo nago?

        Orain ez dugu lehengo larritasunik. Umeak heldu dira. Azkenean heldu dira.

        Zabaldu begiak eta ikusi, Esteban.

        Argi urdinkara hau berriro ere. Ginebra izotz betean, Artikoko uretan igeri dabiltzan niniak, erabat aske ez direnak. Orpo, behatz, oin, belaunburu, izter pisutsu hauek. Esku baldarrok. Ohe estu hau. Bat, bi, hiru, zenbat hodi oheburutik zintzilik jakizu dagoeneko sentitzen ez dudan zer pozoi txertatzen. Joaten ez zaidan bero lotaratua garondoan, gero eta biziago, zirkinik txikiena egiteko beldurrez naukana.

        Txindurrien, zimitzen, bartzaren hazkura odol belztuan.

        — Teresa!

        Udaberri langarra zen, ospitaleko jardinetako zuhaitz bezatuak pixkana-pixkana melatzen. Muino naroak ustez eraikinak babesten zituen hesiaren bestaldean. Zorri piztuek eginarazitako txalet gorrikarak bide amaieran lerroz lerro, batere gusturik gabe eraikiak. Auto zuri bat kamioan behera. Zergatik euria, ordea, etorri zitzaion gelatik begira dagoen Esteban Alberdiri. Noiz zen ba, eguzkiak dirdira griskara batean zituen txalet gehiago eraikitzeko prestaturiko orubeak.

        — Zenbat denbora daramat hemen?

        — Ia hiru aste.

        — Zer gertatu zait?

        Teresak etxetik zekartzan hitzak neurtuta. Aurreneko aldiz bisitan joan zitzaionetik egunak zeramatzan bere buruari errepikatzen unea iristen zenerako, ispilu aurrean ere entrenatua zuen zergatik ez zekiela. Esan behar zionak baino Estebanek nola hartuko zuen izutzen zuen, azkenean, seguru zegoen, galdera helduko baitzen.

        Ertzainak izanak ziren deklarazioa hartzen, baina ezin izan zuten ezer atera Estebanen hitzek osatzen zuten anabasatik.

        Txatartegian giltza topatzea da zure gizonari ganorazko ezer ateratzea, izan ziren telefonoz entzun zituen hitzak. Beno, zure gizon ohiari, zuzendu zuen. Estebanek ez zuen ezer gogoan, antza. Ez afaria soziedadean, ez Karmenen tabernan egon zenik, ez etxerako bidea, ezer ez. Inkongruentziaz beteriko deklarazioa izan omen zen, egoera ikusita argitze-agirian hitzez hitz hartu ez zena.

        Ahal bezain azkarren azaldu zion komisaldegiko deia Teresak Estebani, astiro, silabak ongi ebakiz, jakin nahi zuen ulertzen ari ote zitzaion. Nola deitu zioten handik bi egunera, bazekitela banatuta zeudela, baina umeak daudenez tartean, abisatzea ere egoki iritzi ziotela. Ez zekitela oso garbi zer gertatu zen. Goizaldean jaso zuten abisua, aparkatutako auto biren artean aurkitu zuten gizona. Kolpeagatik, edozer izan zitekeela jakinarazi zioten. Kotxe batek bota zuen akaso, edo beste zerbait, borroka bat, lapurreta ahalegin bat, nahiz eta ez zuten uste, balioko gauza guztiak patrikan baitzituen jaso zutenean.

        — Ez zara ezerekin akordatzen?

        Nola ez naiz akordatuko oraintxe esnatu gara eta umeak baino lehenago, zuk nahi izaten duzun moduan elkarri laztanka hasteko, musuak ahoa handi, aldian behin bakarrik zabaltzen direnak horrela, bestea jateko keinuz, bestea berotzeko asmo hutsez barruak hala aginduta baino. Mekanikoa bihurtua dugu azkenaldian, aurrekoetan bezala mintzo dira bion gorputzak, berdintsuak dira tenpoak, eta lehen baino azkarrago doakigu dena, ahalik eta isilen lehertzen garen arte biok. Ni aurrena normalean, zu geroxeago ondoren, eta amorrua hartu diozun oheak astinaldi bakoitzarekin hautsi egin behar duela dirudielako.

        Somierra aldatu behar dugula esan duzu, nola ez naiz akordatuko.

        — Bisitan zatozen aurreneko aldia da, Tere?

        — Laugarrena, Esteban, laugarrena. Ez duzu gogoan? Ez iezadazu hori esan, gure solasaldi hauexek animatu dituzte-eta medikuak.

        — Eta zertaz aritu gara?

        — Umeez, lagunez, lehengo kontuez...

        — Noiz eraman behar nauzu etxera?

        — Esteban... urte eta erdi da ez garela elkarrekin bizi.

        Auto zuria desagertua zen txaletetatik jaisten zen bidean behera. Bidea hutsik ageri zen ostera ere. Halako ibai gris bustia muinoan behera. Atertu zuela zirudien.

        — Eta non bizi naiz orduan?

        Prestatu gabeko erantzuna eman behar izan zion Teresak.

        — Amarenean, zure ama hil artean bizi izan zen etxean.

        Estebanen begiradak galdua zuen bizipoza. Hutsari begira galduak ziren.

        — Hara joan zinen bizitzera elkarrekin ezin genuela segi erabaki genuenean. Hara eramaten dituzu bikiak zurekin egotea tokatzen zaienean. Zure amaren ohean egiten dute lo biek, erdiko gelan. Ez iezadazu esan ez zarenik gogoratzen.

        — Bai, bai... egia da. Lagundu egidazu janzten, berandu iritsiko naiz bestela.

        — Berandu, nora?

        — Lanera. Nora izango da ba.

        Teresak medikuekin hitz egin zuenean normaltzat hartu behar zela erantzun zioten, eboluzioaren barruan sartzen direla neurri horretako gorabeherak, posible dela egun batean izenik arrotzena ekartzea hizpidera eta hurrengoan gauza ez izatea seme-alabenez akordatzeko. Izateko pazientzia, luze joko zuela, eta seguru asko, beti geratuko zitzaiola laino hori buruan. Gaitza duela kolpea.

        Lainoa izan zen erabili zuen hitza. Lainoa buruan.

        — Esteban, ez duzu lanik. Ia hiru urte daramatzazu horrela.