Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hamabost

 

Orduan ere apirila zen, behorrak estaltzeko garaia, eta artean zaldi tratua inorekin egin gabe zeukala etorri zitzaion akordura Peñafloridako kondeari. Sagu mekanikoa metal-hariaren gainean utzi, behera itzuli beharra zutela adierazi, eta bizarginari aurretik joateko aginduta, giltza eman zion ateari. Eskailburura atera ziren biak. Miraz egon zen Esteban Alberdi gora begira. Hexagono perfektua zen sabaileihoa, eguerdiko argia lau hormen kontra egindako zurubiaren zuloan amiltzeko pentsatua. Maite zuen Peñafloridak ilunantz hura, egur ilunezko mailak zenbat eta beherago ozta-ozta erakusten zizkiona inguruak.

        Ez zegoen haatik etxean entzun gabe:

        — Egunen batean burua hautsita topatuko zaitugu.

        Goiko solairuan argia lihozko izara bat bezain gozo zabaltzen zen linternatik behera. Eskubandari eutsita egin ohi zuen Peñafloridako kondeak goitik beherakoa. Ez zen damu forja lanagatik ordaindu zuena ordaindu izana. Probetxua, ateratzen zion. Harro erakusten zien burdina-lana ikustera hurreratzen zitzaienei.

        — Eibartik ekarrarazi nuen errementaria.

        Fina zuen diseinua eskudelak, bere buruaren bila abiatzen ziren hari biribildu haiekin, erdi-erdian mundura sortzen ari zen landare samur bana zutela, graziaz kiribildua.

        Apirila zen, eta lurra itzartzen hasia zen. Egunak ziren Peñafloridako kondeak agindua emana zuela jauregiaren baranoko lurretan garagarra, patata eta bazka berdeak aldatzeko. Soroak ureztatuta zeuden ordurako. Ia hilabete zen oloa, lihoa eta ilarra ereina zela. Gariak iraulia zuen lurra, emana zitzaion gernu-ongarria. Esanda bezala, berdinduak zituzten inguruak. Laster ekingo zioten baba azkarregiei muturrak mozteari, lehenbiziko lorea gal ez zezaten. Gero helduko ziren jorratze eta zopizartze lanak, zotal hausteak eta mintegi artatzeak.

        — Ez da ederra, Esteban?

        Epelaldiak arin zekarkion aranondoari lorea.

        — Zatoz, Esteban, zatoz hona.

        Arbelezko lauza luzangek estaltzen zuten burdinazko egitura galerian.

        Ermita gaineko balkoira atera ziren. Espiritu Santuaren kapera ondotik abiatzen den bidexka ozta lokaztuan aurrera, zuhaitz etzan bat gailentzen zen muna barrenean. Kondearen hiru langileren joan-etorriei erreparatu zieten bi gizonek. Erlauntzak garbitzen ari zirela zirudien.

        — Ez duzu uste Jainkoak mundu zoragarria utzi digula?

        Berehala erantzutekotan egon zen Esteban, baina hinkik atera gabe jarraitu zuen gizonei begira. Bezperan lur eman zioten haurrak hartu zion izpi batez gogoa, zapia kokospean loturik, gurasoen ohe gainean etzanda, zurrunegi paratua lo egoteko. Ez, mundua ez zen zoragarria, ez behintzat orduan eta han, Intsausti jauregiko balkoitik. Kirats hura, gela osoa hartzen zuen aire ustela gurasoen, senideen, haurra ikustera hurreratutako auzoen arropetan itsasten. Mamorroak udaberrira esnatzen hasita zeuden ohol arteko zirrikituetatik. Lehenbiziko mandeuliak haur zurbilaren aurpegian. Maiz egin bezala, lantzetaz odolustua zuen mutil koskorra, baina gaitzak ez zuen atzera egin. Luze gabe, dardarak heldu zitzaizkion, sukarra igo. Eguna zabaltzerako hil zen, Esteban bera bertan zela.

        Etxe atzeko baratze zokoan hustu zuen terreina. Lurrak astiro irentsi zuen odola.

        Lanerako baino buruan zerabiltzanak entzuteko deitzen zuela batzuetan kondeak pentsatu zuen Estebanek. Ordu erdi zeraman jauregian, eta alaba lo zegoen aitzakiarekin, izainen gaia ateratzeke zuen solasera.

        — Ederra, hori da hitza. Hala utzi zigun, eta gizakiari ez dagokio edertasun horrekin ahal denik eta on guztia egitea baino.

        Neskamearen ahotsa ilunpeak janda heldu zitzaien.

        — Esnatzen ari da. Alaba laster duzu itzarririk, jauna.

        Eskerrak eman eta ostera ere urrats-hotsik gabe desagertzen ikusi zuten emakumea. Gelara bidean, liburutegian gerarazi zuen kondeak. Hormetan zituen kutxatxoetan erreparatzeko beta hartu zuen Estebanek, tximeletak ziren, orratzez iltzaturik guztiak tapizaturiko ohol mehean. Azpian, latinez zituzten izenak.

        — Zaude. Gauza bat erakutsi nahi dizut.

        Apalategira gerturatu eta liburu bat berezitu zuen kondeak.

        — Batteux. Utziko nizuke frantsesez irakurtzen jakingo bazenu...

        Botila ardoari bezala begiratzen zion Peñafloridako kondeak liburu-bizkarrari. Les Beaux-Arts réduits à un même principe, ebaki zuen ahoz gora, Estebani perfektua iruditu zitzaion eran. Urteak ziren Charles Batteuxen lanetan aurkitu zuela idatzia buruan zerabilena; artearen ederra naturan zegoela, alegia, ez zela besterik egin behar hura imitatu baino.

        — Hura imitatu, den bezalakoxea jasoz, neurrian, espanturik gabe, berez dena indartzeko tentazioari ihes eginda. Gertatu izan baita hori ere, ikusgarritasuna lortu nahi eta neurria erabat galtzea, zeharo exajeratzea munduak ematen diguna. Koloreak koadro batean, esaterako. Eta orduan zer, Esteban? Ez duzu uste zeharo itsutzen gaituela orduan margo horrek, ez dugula galtzen benetan izadiak dioskuna hain goitik ari zaigulako?

        Horazioren itzultzaile izan zen Batteux, eta harengandik zituen jasoak lerro gehienak, aspaldi zion kondeak igarria.

        — Eta Horaziorengandik bezainbeste Zizerorengandik, pour en former un tout exquis qui fût plus parfait que la Nature elle-même.

        Horrexegatik zuen eskuan liburu hura, eta ez beste bat, alaba iratzartzen ari zen eguerdi hartan. Horiek eta gehiago esan nahi lizkioke bere bizarginari. Montesquieutik ere asko du, Esteban, eta Voltairetik, katoliko garbiagoa izatea hau, gureagoa, katedra du Collège de Francen, eminentzia bat, nire aita pontekoa, nire itsasargia Charles Batteux, l'abbé Batteux, Parisko bakardadetik argi egiten Euskal Herri ilun honi.

        Alferrik zen, ordea. Jasminak urdeari ematea zen, zetazko maindireak eskaintzea ahuntzainari. Nola ulertuko zuen letrak bata bestearen atzetik elkartzen ozta zekien bizargin-zirujau batek zer esan nahi zuen la Belle Nature zioenean?

        Eta pena zen, erakutsi nahi lizkioke-eta ordura artekoak baino gehiago. Estimua zion kondeak, ahalegintzen zen gizona biltzen antolatzen zituen ekitaldi batzuetara. Erakutsi, ikasteko; gustua zer den, esaterako. Ez ahosabaikoa, Esteban, haren ordaina baizik, ariman duguna. Batak ahoan sartzen dugun edozer ona edo txarra den dioen bezala, halaxe bereizten ditu arimakoak ere ona txarretik, ongia gaizkitik, ederra ezainetik, fina zakarretik eta berebizikoa erdipurdikotik.

        Isilik jarraitu zuten gizon biek. Bata, aspaldi hartu gabeko liburuko orriak gainbegiratzen. Bestea, hormarantz itzulia zen. Tximeletetan, batek zituen bete Estebanen begiak. Guztietan handiena zen, horia eta beltza erabat. Koloreak baino, formak liluratu zuen. Ordura arte ikusiak zituen guztien antzekoa zen goialdean, biribildua. Behean zen berezia, bi buztan haiekin, bi tanta beltz airez aire.

        — Papilio thoas.

        Ameriketatik ekarri ziotela argitu zuen kondeak, lagun batek harrapatu zuela Montevideoko portutik ez oso urrun, Bordelerako ontziaren zain zegoela.

        — Ikusgarria da, ezta?

        Ikusgarria baino, edertasun doia zuen tximeleta hauskorrak.

        Ikatz hautsezkoak zituen hegalak.

        — Alferrik esango duzu ezetz. Horixe da bada Batteuxek dioena. Ez zara ederra ez denaren miraz egongo. Hala egin behar du gizakiak ere, ez zaitu zatarrak liluratuko. Eta horretarako daude hain zuzen Arte Ederrak, la Belle Nature imitatuz gizakiari plazer eman eta bide zuzena erakusteko.

        Bazen zerbait, baina, Peñafloridako kondeak beretzat gordetzea ebatzi zuena. Tximeleta beltzek, a zer txorakeriak Indietatik heldutako sineskeria haiek, zoritxarra zekarkioten ikusten zuenari.

        — Eta orain esadazu, ez dugu betarik hartu harrezkero hartaz hitz egiteko-eta. Eta ez errepikatu pozteko motibo franko dudala. Zer iritzi zenion Bergarako antzezlanari?