
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Dramak biderkatu, Danele Sarriugarte
ERRESISTENTZIA ARAZO FISIKOA DA
5. Informe I: Ingreso por deambulación
PROMESA BERDINA EGIN DIEGU LAGUN GUZTIEI
4. Zergatik zaude haserre? (I)
5. Bizitza lagunak galtzen joango garela onartzea da
6. Zergatik zaude haserre? (II)
7. Itxi begiak gure urtebetetzean
9. Talde politak osatzen ditugu
2. Has gaitezke elkarri kopiatzen
8. Laguntasuna defentsa basati bat da
9. “Hemen egongo baigera beti”
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Dramak biderkatu, Danele Sarriugarte
ERRESISTENTZIA ARAZO FISIKOA DA
5. Informe I: Ingreso por deambulación
PROMESA BERDINA EGIN DIEGU LAGUN GUZTIEI
4. Zergatik zaude haserre? (I)
5. Bizitza lagunak galtzen joango garela onartzea da
6. Zergatik zaude haserre? (II)
7. Itxi begiak gure urtebetetzean
9. Talde politak osatzen ditugu
2. Has gaitezke elkarri kopiatzen
8. Laguntasuna defentsa basati bat da
9. “Hemen egongo baigera beti”
12. ALDARRI GUTXI ETA PUPA ASKO
(Taldea ahots bakarra bihurtzen da diskurtso bat botatzeko. Elkar laguntzen dute.)
maiti:
Maitasunaren enpresariak bihurtu gara
eta abisatzen dizuet:
kudeatu hitza esaten duenari
tiro egingo diot.
Esan, e? Esan!
Kudeatu…
Esan! Erabili sinonimo bat,
antolatu, bideratu, gestionatu…
Zer hasiko gara?
Bakoitzak eman eta jasotakoa
gramoka neurtzen?
Bi hilabeteko ghostinga bider hiru erantzun zakar berdin… Zer?
Bere depresiorako joera bider nik ez zoriontzea zati zure laguna ama izan behar delako ez poztea berdin… Zer?
Zer?
Zer? E?
Ez nago prest minak neurtzen hasteko,
txosten analitikoekin,
ondorio ordenatuekin,
ez nago prest esateko,
pertsona honek min hau egiteko eskubidea du! beste honek ez!
Ez gara hobeak izango.
Hitz eta pitz segitzen dugu,
hitz eta pitz,
eta ez dakit zer lortu nahi dugun:
bestea ulertzea,
bestea konpontzea,
edo bestea konbentzitzea.
Efizientzia emozionala ilusio bat da,
norbaitekin ona izateagatik
ez zaizu bueltan etorriko.
Ez gara hobeak izango.
maia:
Mila aldiz
errepasatu dugu gertatutakoa
eta, hala ere,
ez dugu ulertuko
zergatik
egiten dugun alde elkarren ondotik.
Ez gira hobeak eta
ez gira izango.
Promesa berdina
egin diegu lagun guztiei
lagunak izango ginela heldutan.
Gu, beti.
Gu, betirako.
Eta zer da promesa bat ba?
Keinu bat?
Hau da promesa bat?
Horrela egotea betirako,
nahiz eta dagoeneko ez den inor beste aldean?
Promesa berdina
egin diegu lagun guztiei:
etorkizunerantz zubi bat eraikiko genuela elkarrekin.
Eta batzuekin egin dugu,
eta beste batzuekin
a la mierda.
ixa:
Baina eske
gehienetan
ez da izan
sikiera
a la mierda.
A la mierda da
orain egotea
eta gero
bat-batean, puf!
ez egotea.
Gehienetan
festa aretoaren izkinan
pixkanaka desinflatzen ari diren globoak gara.
Airea galtzen dugu,
amaitzen zaigu energia
elkarren ondoan tinko segitzeko,
eta hori da dena.
Ez diogu sikiera elkarri esaten,
aizu, nekatuta nago,
agortzen ari zait airea
hemen segitzeko,
zure ondoan alaiki flotatzen.
Ez dugu indarrik edo gogorik
irteera dramatiko bat egiteko ere,
pollo bat montatzeko sikiera.
Baina eskua luzatzeari uzten diogu,
elkarri inolako abisurik eman gabe.
Eta ez gara inor baino hobeak.
ana:
Eta gero… Ba bueno...
Alde egin eta gero
datozen akusazio guztiak
errepikapen hutsa dira,
gehiegitan entzun dugun
kantu baten estribilloa:
ez zara hor egon,
ez nuen hau espero zugandik.
Min abstraktu bat dago
eta ez du nukleorik.
Min ematen du, bai,
Baina ez dakigu zergatik.
Eta zer egingo dugu minarekin
ez badakigu non dugun ere?
maia: Mina!
(maia lurrera botatzen da minaren adierazpen dramatiko bat eginaz. Beat soinua kolpean geratzen da. Taldeak ez dio jarraitzen.)
ana: Ez gara inor baino hobeak.
“Laguntasuna” hitzarekin sortu diren testu guztiek matiz ilun bat dute barruan,
eta promesa bakoitzak badu
itzal kamuflatu bat.
(Inork jarraitu ez duela konturatuta, maia dena hankaz gora jartzen hasten da bortizki.)
maia: Aldarri gutxi eta pupa asko. Kapitalismoak bezala, berdin-berdina: Aldarri gutxi eta pupa asko.
(maiak objektu estrainioa botatzen du. Asaldura eta ezintasuna giroan.)