
Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
 
LEKUKOAK
 
Gauez berandu etzaten dira
    Gizon gazteak ohean,
Burukoek ez dituzte aisatzen
Buru artegak,
Beren patua erabakiko duen zozketa
    Bihar egingo da,
Norberak abiatu beharra du eta arrisku
    Eta oinazeari aurre egin.
 
Neroni ote? Neroni ote?
 
Bihotzean begiratu eta ikusi:
    Hor dago erantzuna.
Bihotzak malabari
    Edo dantzari argi antzera
Eskujoko bitxi anitzez
    Engainatzen zaitu,
Eta zioak polizonteen gisa
    Beranduegi aurkitzen dira.
 
Zer eginen du, bere bihotzak
    abiatzea aukeratu badu?
 
Bihotza laztu ahala
    Lasaitasuna galduko du,
Bekaitz izanen die txori astunei
    Etxean, lorategietan,
Ibili behar baitu
    Premiabako arriskutik
Segurtasun amaigaberako
    Bide huts eta berekoia.
 
Salbatuko ote da eta itzuli
    soinua bere lurraldera?
 
Hodei eta lehoiak
    Aurrean ditu zutik, lanjeros,
Eta ametsen herra.
    Beraz utzi lauda gaitzan,
Ahalke izan ez dadin
    Krisiaren orduan,
Herdoilaren bailaran
    Zartatuko zaio distira.
 
Nor zara zu, zeinen mintzoa
    entzuten baita urrunegi?
 
Zu hiria zara eta gu erlojua.
Gu malkortegiko atearen zaindariak gara,
    Biak.
Ezker-eskubi,
Gau eta egun,
    Zelatan zaitugu.
 
Gure hitza desobeditu dutenei gertatutakoa
Ez galdetzea zuhurrago litzateke;
    Horiendako
Gu zurrunbiloa ginen, gu haitzondoa,
Gu lokamuts formala, tristura
    Eta zoritxarreko arrosa.
 
Igo mastan gora, ikasi marinelaren hitzak
Txoriez zamaturik irletatik datozen untziak
    Porturatzean;
Kontatu arrantza eta beste gizonei buruzko istorioak,
Bizitza gatibuen amets zabalak,
    Ostatu argituan.
 
Baina ez uste ez dakigunik,
Edo axoleza itxuraz gordetako hori so batez aurkituko
    Ez genukeenik
Ez dugu ezer egin, ez diogu ezer,
Baina ez erratu hilik gaudelako ustez;
    Ez nezakeen dantza egin.
 
Erorialdia izan dezakezulakoz gaituzu kezkan;
Ordutan izan gaituzu zelatan lorategiko
    Hormatik;
Zerua iluntzen ari da izpila bezala;
Zerbait erortzear da euria bezala,
    Eta ez dira loreak izanen.
 
Betazalen antzera zelai berdeak irekitzean,
Estaltzea hobe zena errebelatuz
    Atsekabea:
Eta begira, zure atzean zaratarik gabean,
Oihanak hazten eta hedatzen ari dira
    Kreszendo hilkorrean.
 
Maratila bere sarrailan ari da irristatzen;
Leihoz kanpo mudantzetako furgoi
    Beltza
Eta orain bapateko larritasun azkarrez
Kaputxadun emakumea dator, zirujano konkorduna
    Eta Guraiza Gizona.
 
Edozein egunetan gerta daiteke;
Kasu, beraz, esan eta egiten
    Duzunarekin,
Izan garbi, izan apain, olioztatu sarraila,
Jorratu ortua, eman giltza erlojuari;
    Gogoratu Biak.