
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009: 
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009: 
kartzela eta literatura
 
Amuriza
 
«Nik kartzelan ez nian gehiegi idatzi. Idazlan kolektiborik ez, noski, eta indibidualik ere ez askorik. Bertso-sortak, batzuk idatzi nitian, baina gutxi. Eta arrazoi nagusia zuan ez nuela ikusten nola kanporatu, eta kanpora ez ateratzekotan, ez nian motibaziorik aurkitzen ezer idazteko... Hiztegi errimatua bai egin nian bertan gehiena, horrelako lan bat zentsura ofizialetik pasatzen uztea errazagoa zelako. Koaderno piloa atera nian, eskuz idatzita... Beste lan handi bat ere egin nian euskal atzizkiei buruz. Kopia bat Euskaltzaindira bidali nian. Bestea etxera ekarri ahal izan nian, baina miaketa batean hainbeste gauza eraman ziaten, hura ere bai tartean, eta kito.
        «Idatzi nuen Hil ala bizi eleberria kanpora nola bidaltzea lortu genuen kontatzeak beste nobela baterako gaia emango likek... Menditik mundurako zati batzuk kartzelan idatziak dituk, bertso-sortak batez ere».
        Xabier Amurizari hartu dizkiot hitzok. Idazteko grina bat lagun, motiboak ere asko eta indartsuak zituelako idazten zuela dio, eta denbora zertanbait bete behar zelako, jakina. 1970eko hamarkadaren lehen erdian gabiltza.
        Hil ala bizi eleberria (1973) Larraun izengoitiz sinatuta argitaratua aurrena, baserri bizitzaren hil ala bizia da, hain zuzen. Beste haren Garoa idilikotik asko askorik ez duena, bestalde.
        «— Badakizu, ba. Etxe hau hain dago aparte! Gainera gure Txikik ez dio jende normalari haginka egiten».
        Aparte dagoen mundutik gizarte multzora, borrokak eta iraultzak iragartzera doa pertsonaia:
        «— Isi, jaunak! Isi, esateko handiak eta urgenteak baitakartzat».
        Borrokak, grebak...
        «— Gau on.
        «— Ez al didak musurik eman behar?
        «— Ez al dun entzun greban gaudela?».
        Ironiak eta umoreak, hazi xehea batzuetan eta gatz larria bestetan, bizitzaren aurpegiak azaltzen ditu:
 
                Bizitzak zazpi alderdi ditu
                bi serio bost komiko
                bi hoik kentzerik lor bageneza
                bizi gintezke polito.
                Bizi bagara, hil ez bagara
                ez ginen jaio betiko
                umore honek aileza iraun
                gure bizitza guztiko.
                Lezalden pozik aurki dadila
                opa diagu, Handiko.
 
        Amurizak geroko idatzietan ere, bertsoetan zein prosan, egundo galdu ez duen tankera da liburu honetakoa, bizitzaren bekozko ilunenari aurre egiten ere lagunduko diona seguru asko.
        Dena dela, kartzelaz eta kartzela bizimoduaz gehiago dihardu Menditik mundura liburuan (1977). Presoek, nola oraingo hala lehengoek, bertso eta poesigintzara jo izan dute prosara baino gehiago, kartzelaz eta hemengo gorabeherez aritu nahi izan dutenean. Asko dira kartzelari buruz poema edo bertsoren bat egin duten presoak; narrazioan edo kronikan saiatu direnak, berriz, eskutitz edo antzeko komunikazio pribatuetan izan ezik, esango nuke ez direla hainbeste.
        Edozelan ere, batzuetan bertsotan egin daiteke kronika, eta Amurizaren Zamorako bertsoak adibide bikaina dira. Nik uste horregatik buruz ikasten eta kantatzen genituela gaztetan.
 
                Euskal Herritik aparte
                mila legoa bitarte
                esku ta hanka loturik preso
                Zamoran gauzkate.
                Pentsaturik zenbat urte
                behar dogun hemen bete
                pazientzia hartu beharko
                libre utzi arte.
 
                Horra amaitu baino lehen
                bost gizonok nortzuk ziren
                bat da Gabika hurren Kaltzada
                Naberan ondoren
                Amuriza da laugarren
                nor falta ote da hemen
                guztion buru Nikola jarri
                behar nuen goren.
 
        Hamaseiko sortatik lehen eta azken bertsoak dira horiek. Kartzelara sarrera, epaiketa, tribunala... azaltzen ditu.
        Bertso berriak horma zaharrei jarriak sortu, berriz, kartzela konkordatuzko hartan zer bizimodu zuten azaltzen du. Hona bosgarrena:
 
                Kanpotik infernua
                dirudin kaiola
                barrutik zerri toki
                edo zerbait hola
                jaten behintzat lujorik
                ez dugu inola
                tantaka zurrupatzen
                digute odola
                oraindik bizi gara
                nik ez dakit nola.
 
        Eta hamaikagarren hau:
 
                Lotsagarri da baina
                sinestu hau jaunak
                ate gabe ditugu
                hemengo komunak.
                Testigu gabe hortan
                ohiturik ginanak
                agiriz egin behar
                ezkutuko lanak
                erakutsi ditugu
                dokumentu danak.
 
        Miguel Castells Adriansens-ek esaten zuen, oker ez banago, komunak aterik gabe zituztela Martutene kartzelan, eta coram populo egiten zituztela euren obramenduak. 1968ko kontuak.
        Gogoan dut Teruelgo kartzela, 1990 urteetakoa, eta hango patioan nola zeuden komunak, hormek angelu egiten zuten txokoan aldare modura jasotako goigunean. Hantxe egiten zituen jendeak bere zerak, kokoriko jarrita, arra bete biko petriltxoaren gainetik begira patioan zebilen populuari.
        Kontzentrazio zelaietako gorabeheren artean ere, poemak eta kontakizunen kapitulu osoak merezi izan ditu kakagintzak. Gauza nabarmena ematen du kakalanak baduela —zentzu zirin-mokordoan— bere ildo bateratua eta tradiziotxoa kartzeletan eta gisako lekuetan. Baina ez nuke nahi orriok erabat kirasterik ere kontuokin.
        Itzul nadin, baina, galdu nahiko ez nukeen harira. Urruntasunak badu bere lekua Amurizaren bertsootan, ez baita gaurko zera euskal presoen urrutiratzea.
        Arestian aipatu dugu «Euskal Herritik aparte, mila legoa bitarte» hasten den bertso sorta. Hurrengoa, berriz, honela abiatzen du:
 
                Espainian behera
                han dago Zamora
                basamortu hoberik
                nonbait izango da.
                Ez mendi ez itsaso
                ez belar ez lora
                hementxe biziz behar
                hainbeste denbora
                hain maite dugun Euskal
                Herritik kanpora.
 
        Eta hona nola amaitzen duen hamazazpiko multzoa, itxaropenari deika:
 
                Ilunpean dagonak
                maite du argia
                baita egarri denak
                ere ur garbia.
                Noizbait hautsiko ahal da 
                gure uztarria
                hazia sortzen denez
                lurpean jarria
                kartzelan erneko da
                Euskadi berria.
 
        1973ko azaroa, zuloa egin zuten Zamoran. Dena prest zeukaten irteteko, Julen Kaltzadak kontatzen duenez. Baina dena zapuztu zitzaien, dena erori, eta akabo ihesa. Orduan, dena galduta zeukatela ikustean, kartzela hartako bizi baldintzekin nahikoa estututa eta nazkatuta zeudela kontuan hartuta, bazter guztiak txikitu eta erretzea erabaki zuten. Motinari, ondoren hasitako gose grebari jarri zizkion Amurizak.
 
                             1
                Ke azpitik su gainetik
                gar artetik ihesi
                uhuka sei ihizi
                hauts eta putz ahal zen dena
                erre eta erauzi.
                Ai kartzela Zamorako
                nola geratu haiz hi
                eskerrak sei apaizi
                ez zaik ezer sano utzi
                egik sutan garraisi.
 
                             3
                Mahai eta komun leiho
                hausten ezin kontsola
                hura kristal uhola
                telebista patioan
                tripak zerizkiola.
                Gotzain eta Aita Saindu
                gutaz gaur arte nola
                bost zareten axola
                horra zuek barru erre
                beharreko kaiola.
 
                             10
                Hemen nago hemen gaude
                orain bigarren guda
                gose greba heldu da
                ez dugu ezer jan edango
                horma hauetaz barrura.
                Lor nahiz eror irten arte
                edo kanposaindura
                han ez zaigu ardura
                lur nahiz zeru nahiz infernu
                ala harren kontura.
 
        Kartzelako bizitzaren, borroken eta itxaropenen kronika, eta bertsolaritzaren iraultza ere hortixe zetorrela esango nuke. Hiztegi errimatua (1981, AEK) eta halako lanak ez ziren denbora-pasa soilak izan. «Kartzelan erneko da Euskadi berria» zioen bertso baten amaieran, eta, egin eta eragin duen bidearekin, erakutsi ere bai zerbait berria sortu zela kartzelan.