
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009: 
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009: 
kartzela eta literatura
 
Nola bizi giren
 
Hona artean idatziei begira, ematen du Soria, Puerto de Santa Maria eta Herrera de la Mancha direla batik bat presoen idatzien sorlekuak. Euskal presoak elkarrekin egon diren lekuetan, talde handiak elkartu direnean, bakarkako lanez gain lan kolektiboak egiteko dinamikak sortu izan dira. Horregatik ematen du beste inon baino eta inoiz baino gehiago idatzi izan zela euskal presoen kolektiboa multzo handitan zegoen urte haietan.
        Baina 1989az geroztiko sakabanaketa eta bakardade urteetan ere jarraitu dute idazten euskal presoek, bai Herreran eta Puerton, bai beste hainbat zulo ezkututan. Esango nuke inoiz baino gehiago idatzi dutela euskal presoek azken 18-20 urteotan, eta inoiz baino ugariago argitaratu direla lan horiek. Han eta hemen, liburuetan eta aldizkarietan, bertso, poema, ipuin eta narrazio asko legoke denak biltzen hasiz gero. Saiakerak eta iritzi artikuluak ere bai, egunkarietan-eta.
        Musika CDetan ere aurkitu daitezke presoen letrak. 1998an Iparraldeko preso sostengu komiteen koordinaketak bildu zituen preso batzuen poemak, beste zenbait herritarren letrekin batera musikatu eta Gaur olerkiak bihar presoak Euskal Herrirat! CDan kaleratzeko. Honela dio atari poemak:
 
                Noiz arte bakarrik
                noiz arte isilik?
                noiz arte urrundurik?
                Ba ote dakizu nola bizi giren?
 
        Nola bizi garen azaltzen saiatzeko idazten dugu batzuetan geure testigantza xumea, eta, musikarako edo tonuen jolaserako erritmoa txertatzen saiatzen bagara testigantza horri, sentimenduren baten kordela dardarazteko izango da. Ez al dira ba horretantxe ahalegintzen mundutar guztiak?
        Ilargipean datorren goizaldea erakutsi nahi digute Annick Lagadec-ek eta Carmen Gisasolak poema zati honetan:
 
                Karratu txiki batera mugatzen da
                goizalde ordinario honetako
                ilargiaren potentzia
                ohe ertzean jaiotzeste moztua luzatuz
                daramagu, egunero bizia.
 
        Idoia Lopez Riañok, berriz, amari begira du gogoa, antzina hartan Iparragirrek legez:
 
                Bai baleki negar egingo luke
                Negar egingo luke bai baleki.
                ...
Baina negar eginen zenuke
                Zer besterik egin zenezake
                Negar eginen zenuke
                Ama non eta nola nabilen
                Baldin bazeneki
                Ama non eta nola nabilen
                Baldin bazeneki
                Bai baleki negar egingo luke
                Bai baleki negar egingo luke.
 
        Xabier Makazagak, ametsaren eta ihesaren olatuak dakartza bertsoen neurrira:
 
                Ametsen bidez ez da hain zaila
                espetxetik ihestea
                nahikoa baita irudimena
                erabiltzen ikastea
                herriko postal bati begira
                atsegin dut nik hastea
                edertasuna nigan atxiki
                eta begiak ixtea
                horrela zinez erraza baitzait
                zorionera iristea
                penak albora uztea
                esperantzari eustea
                Euskal Herrian laster batean
                gure burua ikustea
                denon artean lortu ondoren
                dispertsioa haustea.
 
        Alegiazko ihesak eta zinezko ametsak, minezko hesi eta horma artean mamitutakoak ia denak.