Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Aberria pantailan

 

        Euskaldunak poemako eszena eta argudioetan oinarrituriko filme bat folklorekeria hutsa izanen bazen ere bere garaiko euskaldun eta euskal herritar gehienendako. Buruzagi nazionalistek eragotzia zuten lehenagoztik zinematografia nazionalaren hastapenezko urratsa:

        Euskaldun batek, zinematografia munduan onetsitako izenduna, euskal filme nazional bat egin nahi izan zuen. Hasiera batean hautatu zuen gaia Navarro Villosladaren «Amaya» nobelarena izan zen. Norbaitek sinetsarazi zion bizkaitar saiatuari bere xedeak ez zuela etorkizunik. Ez zen aukeraturiko gai hura egokiena filmeari nortasun nazionala ematearren.

        Baina denak ez datoz bat. Iritzi desberdinak zeuden, filme nazional batek zer-nolakoa izan behar zuen. Editorial berean irakurtzen ahal dugu:

        Ajuria jaunak Argentinaren independentziaren filme handia Estatu Batuetan burutzen jakin baldin bazuen, ez da zer duda egin hemen, Euzkadin, euskal espiritu nazionalaren gomutagarri eder bat eginen zukeela, espiritu ultrasentiberako alderdikoi batzuek ez baliote eragotzi izan.

        Interesgarria izanen litzateke Ajuriaren proiektua ezagutzea. Zer ote zeukan ezonargarri? Nortzuen alderdikeriaz ari da F. de S.? Errealismoaren eta propagandaren arteko eztabaida ote? Comunión Nacionalista eta Aberrikoen arteko aurkakotasuna ote? Edo Bizkaiak nagusi behar Nafarroaren goiti? Nortzuk ote ziren ultrasentiberak, eta zer zen onartezina zitzaiena? Jakinen ahal dugu noizbait. Baina, eztabaidak eztabaida, aberriak pantaila hartu zuen azkenekotz.

        Badago, obraren lehen zatian bereziki, gure Aberriko ikusmira eta aurkintza zoragarrien erakustaldi bat, bere monumentu, kultur erakunde, ohitura, herri kirolena...

        Giroa egina zegoen, Alderdiak ere behar zuen. Gipuzko Buru Batzarrean Teodoro Ernandorena zegoen orduan lehendakari. Gizon bizia, ekintzara emana, Aitzolen lagun mina eta gerora ere, 1935ean bertsolariak antzoki barnera ekarri zirelarik, funtsezko lana eginen zuena. Bera arduratu zen guztiaz Euzkadi dokumental luzearen filmaketan, ekoizle exekutiboa eta zuzendari laguntzailea, osaketari nagusia eta garraiolari nekagaitza izan zen. Baldintza guztiak emanak zeuden, baina Ernandorena gabe nekez egiten ahal zen aberriaren filmea.

        Euzkadi, produktu osoki nazionalista gisa, soinuak protagonistaren nortasuna izan zuen lehen filmea izan zen. Gipuzko Buru Batzarreko agintarien nihil obstataren ondoren, kopia Lekarotzera eraman zen Olazaran eta Donostia fraile musikariek ikusi eta soinu eta doinu egokiak erabaki zitzaten. Ozenketa Bartzelonan egin zen, eta abesbatza oso bat bertaraino eramateko aski diru ez zeukatenez, Orfeó Catalá-k abestu zituen Euzkadi-koak, Pasaiako Koralaren sortzaile eta bertako parrokoa zen Don Gelasio Aranburuk zuzendua.

        [...] Osagarri musikala [...] zoragarri lortua dago [...] Musika pasarte hauek hagitz ongi harmonizaturiko euskal gai, doinu eta kantuz daude lortuak, eta emanaldiaren momentu bakoitzeko ongi hautatuak izan dira; aniztasunez daude eskainiak gainera, orkestraz, organoz, bandaz eta ahots bakarreko abesbatzaz.

        Miresgarriak dira guztiak eta azpialde atsegina egiten dute plastikotasuna indartuz. Organo joaldiek erlijiotasuna adierazten dute momentu batzuetan; orkestrarenek badute zonbait eszenek behar zituzten ozentasun ezti eta atsegina; bandarenek bozkarioaren alaitasuna dakarte; abesbatzarenek hunkitzen dute gehiena ene ustez, herriaren arima artistikoa zuzenen eta eztitasunez adierazten dutelakotz.

        Baina «Euzkadi» filmearen alderdi musikal honek ez du bakarrik pantailako koadro plastikoei lagungarri egiteko helburua, badu berez bertze helburu berezia..

        Gure Aberriaren erakustaldi bat eman nahi izan denez, ikusmira, aurkintza, kirol, ohitura, dantza, erlijiotasun, lantzaletasun eta zaharrenganako begiramenaz landa, beharrezkoa zen bere musika ere jasotzea, Euzkadin benetako instituzio nazionala baita, herri nortasunaren ezaugarrietako bat; eta ikustazue nola eszenen garapenean hunkigarritasuna eskaintzen duten pasarte hauetan, gure kantutegia daukagun eskainia [...] Presta bitez euskal artistak hasitako lanari jarraitzera emaitza oparoaren itxaropenean.

        Garaiko prentsatik baino ezin dugu hauteman kaputxino bien ekarria zinema ozenari. Euzkadi filmearen kopia biak faxistek suntsituak izan ziren, antza, bata Bilbon eta bertzea Bartzelonan.

        Ez du iduri, Eizagirrek euskal artistei egindako erronka gorabehera, burukideak oso artezaleak zirenik zinemagintzan. Ernandorenaren beraren lana ere salbuespena izan zen bere jardun kulturalean. Ongi adierazgarria da Aitzolen komentarioa, filmea ikusi ondoren, Hitler-en publizitate teknikari buruzko hausnarketa luzea izatea:

        Arrazaren bulegoek frogatua daukate irratiari esker hamabi mila jendek entzun zutela Hitler behin. «Fuhrer-ak», beraz, lortu egin du nahi zuena. Bere hitzarekin jende samaldak menderatzea.

        Baina jendetzak abertzaletasunez asetzeko baitezpadakoak zituen Hitlerrek bertzelako propaganda eta komunikabideak. Irratia erabilia zen, manifestaldi eta agerraldi gaitzak antolatua zen, afixak ezarria zen uste izanen ez ziren lekuetan ere, lauburua zeukaten oihal erraldoiak ezarria zen katedrale gotikoen dorre luzeetan eta ehundaka lantegiren tximinia harroetan, su alaiak errea zen bere mitinen hondarrerako.

        Hala ere, propagandaren indar eragileena gordetzen duen gaztelua hartu gabea zen oraino: zinematografoa. Berak baino lehen, bertze kaudilo abertzale batek, Hugenberg-ek, hamahiru milioi marko ezarri zituen Nordisk Fil C. eta U.F.A. entrepresen akzioetan. Hitlerrek, zinemaren indar liluragarriaren jeloskor, «Svástika Tonfilm» erakundea sortu zuen, arrapiztu egin den aberriaren espiritua Alemaniako herrian txertatzeko.

        «Nibelungen» bezalako legendak, heroien oroitzapen historikoak, «Schlageter» bezala... eta abertzaletasunaren sukarra suspertzeko gai ugari dabiltza aretoz areto, giroa herriagana eta bere historiaganako maitasunez eta onginahiez beterik.

        Halako zerbait egina du euskal abertzaletasunak ere. Berari esker egin ahal izan dira «Aberri Eguna» eta «Euzkadi-Europa» bezalako manifestaldi handiak, egundaino ezagutu gabeko heinean.

        Abertzaletasunaren propagandan zinemak gure herrian eta munduan zehar sakabanatuak dauden euskaldunen artean eman dezakeenaren aurretiko gisa
—ideia eta jakingarri abertzaleen propaganda— «Euzkadi» filmea daukagu.

        Folkloreak, herri artearen emaitza ugariekin, zirraraz eta edertasunez beteriko filmeak eman ditzake. Herriaren arimak poesia, legenda eta usadioetan «irulearen» inguruan sortu duenarekin bakarrik aski eta sobera dago filme baten egiteko. Aski izanen da euskal emakumearen iduria edertasun jatorrez eta abertzaletasun espirituz betetzea.

        Propaganda zabaltzeko baliabide bezala ikusten da zinema, artegai baino. Soinua erantsi ahal izan zitzaionean ohartu ziren mundu guztiko politikariak nolako arma interesgarria zuten zinema:

        Agerraldi politikoetarako zer erranik ez. Nazio Elkartearen hainbat bileratan «egon gara»; alemanak izan bagina hameka aldiz asaldatuak izanen ginen Hitlerren mintzamolde tinkoarekin, [...] faxista italiarrak bagina, Mussolini-ren antzerki-keinuak beteko zuen askotan gure bihotza «Duceren» iduri harroa pantailan ikusitakoan; zinema bidezko propaganda politikoa ez da sekretua nehon, eta badakigu hemen, eta frogatuak gaude, Ekoizpen etxe bat behartu egiten dela ekintza ofizialak har ditzan. Gil Robles-ek berak filme ozen bat egin eta Madrilgo karriketan erakutsi zuen hauteskunde bezperetan.

        Zinema ideiak zabaltzeko bidea da beraz, yankiek bertzelakoa sinestarazten saiatzen diren arren. Politikariak datoz zinemara beren ahotsarekin, diskoetarako balio ez zuenak on egin dezake iduriak. Zinemak indar berezia du. Eztei-erreportaia Erkalaren aurkako manifestaldia bihur liteke, adibidez. Alfonso XIII.a Espainiatik alde egin eta lau urtera, honako ohar hau zabaldu zuten estatu osoko gobernadore zibilek prentsan:

        Filmeak. Jakingarria. Segurtasunerako zuzendari orokor jaun txit gorenak, atzo helduriko telegramaz, honela dio: «Debekatu egin dut nazioaren lurralde osoan «Don Jaime de Borbón Batenberg eta Manuela Dampierre andereñoaren ezkontza» izeneko filmea erakustea, Cine Educativo etxearena.

        Euzkadi filmeak nolabaiteko ardora sortu zuen nazionalisten munduan, 1933ko abenduan antolamendu zinematografiko nazionala egiteko asmoa aipatzen da, hurrengo urtean berriz badakigu Donostian proiektu handiak daudela, nehoiz azalduko ditugu...

        Deus guti heldu zaigu egundaino erreportaia politikoetarik. Egin zen apurra, galdua dago guztiz, erre zuten, suntsitu zuten frankistek. Haatik, El Día de Guipúzcoa bezalako filme zoragarriak gorde izan dira. Hogoi minutuko erreportaia, 1924an egina, martxoak 16 zituela filmatua Donostian. Historian izan duten egunik handienetarikoa izan omen zuten gipuzkoarrek huraxe, hala dio filmeak. Zuzendari jauna Agustín Macasoli da, abizen bereko kamera lantegi bat sortuko zuena (hark alokatu izan dizkie kamerak, urteetan, Euskal Herriko operadoreei), eta Madrid Film entrepresa da ekoizlea (honen laborategietan errebelatzen dira gure filmeak). Hau dateke F. de S.-k aipatzen zuen ekoizpen etxe behartua, bertakoren bat izan ezean. Filmea mutua da, jakina, eta txartelak ditu lagungarri. Planoak onak baldin badira, literatura ez da makalagoa:

 

Kantauriko Perla,
bere noblezia eta leialtasunagatik
mundu osoan ezaguna.

 

        Portuaren goialdetik hartutako planoak, Kontxa erakusten. Ez zen izanen, orduan ere, plano hura filmatzen zuen lehena. Madrilek ez dauka itsasorik, barkatua dago.

 

Miramar Jauregia,

Espainiako subiranoen Udako Egoitza.

 

        Miramar jauregia. Ez dira errege-erreginak ageri. Martxoa da. Eguraldi ona hala ere.       

 

Euskal-espainiartasuna sendotzeko festa.

Gipuzkoako herria,

arabarrek, bizkaitarrek eta nafarrek

berez eta zinez lagundurik,

berotasun handienean ernalduta,

Espainia aberriagana oinordez harturiko

maitasun sentimenduek

irmo irauten dutelako froga garbia.

 

        Ehun soldadu gipuzkoar desfilean, bandera espainola buru dutela. Ondoren, autoritateak: militarrak, elizakoak, frakdunak. Frakadunak atzerago, banderatxo espainolak paparrean. Gipuzkoako herrietako zinegotziak.

 

Denek ageri dute,

anaitasun demokratikoan,

euskaldunen txapela maitea.

 

        Ondoren datozenek ez daramate txapelik:

 

Aita Zacarías, Iruñeko apezpikua.

Aita Mateo Múgica, Arabako apezpikua.

 

        Bizarrandi bat orain, ez Singer batek, baina medaila ugarik josia jaka. Gerla kolonialetako major bat ematen du.

 

Juan Arzadun gobernadore txit duina.

 

        Elizakoek elizakoak egiten dituzte Alderdi Eder zabaldegian, bandera espainola bedeinkatzen dute. Hiru kanoikada mutu eta minutuko isilaldia:

 

Donostiak

bere betiereko kultura erakusten du

gogoeta isilean baitaratuz.

 

        Haurridetasunezko festa baita, orain Gernikako Arbola jotzen (omen) du bandak.

 

Euskaldunak ezin gehiagoan!

 

        Eta ondorengo txartelak ez du gezurrik erraten. Bonete, kapelu, bonbin eta zapeldun guztiek —jende samalda benetan— banderatxoak inarrosten dituzte. Erret-martxa jotzen (omen) du bandak.

 

Esku guztiek

inarrosten dituzte banderak,

ez dago begi ez ezpain hotzik:

guztiz espainolak!

 

        Arzadun gobernadorea arras aktore ona da. Piperpotoari musu hunkitua emateaz gainera, oso garbi ahoskatu du, erraz bikoiztuko genioke:

 

Gora Vasconia!

Gora Gipuzkoa espainiarra!