Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Nehoiz egin ahal izatekotan, oraintxe

 

        Euskaldunok oro-lehenak izan baldin bagara ere, gure hizkuntza, mendez mende, arazo artean bizi izan da sasi artean ez errateagatik, eta herabe ibili da beti komunikabide berrietara urratsa eman aitzin. Faktoreak anitzak dira: mintzaile kopuru murritza, burgesia nazionalik eza, euskalki sobera hizkera estandarra gabe, debekuak eta zigorrak, larderia falta, bildu eta zabaldu eginen duen hiri nagusiaren beharra... Inprenta sortu eta handik ehun urtera jarri zen euskara moldetan. Lehen aldizkaria 1911n izan zuen gure hizkuntzak Iparraldean, Eskualduna, eta 1916an Hegoaldean, Euzko Deya, prentsa foruzaleak eta nazionalistak urteak eta urteak zeramatzatelarik gaztelania erabiltzen, euskarari lekutxoren bat emanez betebehar sinbolikoetarako, jokabide guztiz diglosikoan. Lehen irratsaioa ere aski berandu izan zuen, Luzear eta Zubimendiren ahotsez, astean behin erratari edo irratari bilakatzen ziren euskal idazleak. Lehen egunkaria ez zuen ezagutuko 1990 arte, eta egitate pribatuz zen argitaratu. Lizardi, ideia honen sustatzaile Primo de Riveraren diktadura garaian, bere alderdiko buruzagi uzkurrak hartara sustatu ahal izan baino lehen hil zen...

        Zinema mutua kaltegarri baldin bazitzaion gure herriaren indiosinkrasiari, zer kalte ez zion eginen zinema mintzatuak...! Moralaren lohitzeari hizkuntzaren higadura gaineratzen zitzaion orain. Bernardo Garro idazlea, Otxolua, haserre zegoen:

        Badira beste arerio batzuk. Zine eletaria edo parlantea. Bizkai'ko uri azitxoetan erderearen zabaltzale andienetarikoa da...

        Berrikuntza teknikoak ez dira, berez, kultura urrien edo hizkuntza zapalduen kaltean jiten. Erne egon behar, datorrenari buru emateko trebetasuna eduki behar. Hain zuzen, ordura arte mutu —hitzaren zentzurik zabalenean— egon ziren zinema nazionalen sorrera ekarri zuen zinema ozenak. Logikoa zen: bikoizketa asmatu gabea zegoen, eta tokian tokiko mintzaira, hizkuntza nazionala, filmea berrizkotik eginda baino ezin zen lortu. Horrela osatzen da ahotsari lehentasuna emanen dioten filmeen aroa, hainbat naziotako kantari ezagunenak filmatuz: Libertad Lamarque eta Carlos Gardel tangoarekin, Jorge Negrete rancheraekin, Carmen Miranda sambarekin...

        Alabaina, ozengarritasunak zinemagintza nazional batzuen oinarriak altxatzen lagundu zuen arren, yanki erraldoiak kolonizatze plan berria ediren zuen: jatorrizko filmearen ordezkoak egiteari lotu zen, «bertsio bikoitzak» sortuz nonahiko aktoreekin, filmeak esportagarriak izan zitezen, bereziki frantsesa, espainola eta alemaniera mintzatzen zen nazioetara. Espainiako II. Errepublika garaian, Paramount estudioek Hollywooden edo Joinville-n gaztelaniaz eginiko 123 filme (bertsio) ikusi ziren estatu osoan, eta bertan egindakoak berriz 105 izan ziren.

        Zinema eletaria Espainiako II. Errepublikarekin batera zabaldu zen Euskal Herrian. Euskara Primo de Riveraren diktaduran baino aiseago zebilen, bazegoen irakite politiko bat eta nehoiz ezagutu gabeko adierazpen askatasuna. Orixe, Lizardi, Lauaxeta eta prosalari mordoa buru-belarri hasiko da literatura modernoaren lehen urratsak ematen. Abesbatzen aroa da. Antzerkia ideien zabalkunderako da erabiltzen. Euzko eta uskal zinema, bizkitartean, egiteko dago. Giro honetan hasi ginen kanpotikako latin berria liseritzen. Bertakotu nahi dugu behingoz. Zinema entzungarria da orain, erran nahi baita hizkuntzari irekia. Guk badugu hizkuntza bat, Hollywoodek kontuan hartuko ez duena.

        Iñoiz euskal zinerik egin al izatekotan oraintxe egin diteke ba. Ingeles eta aleman ortxe entzuten ditugu egunero, ta gaztelar izkiarekin azaltze utsa asko degu mintz edo pelikulak atsegin biziz ikusteko. Konplikazio aundirik gabekoak dira nagusitxo bezela azaltzen zaizkigunak: eresi, abesti ta maitasun gaiekikoak. Ereslari ta abeslariak ez ditugu palta. Zine antzezlari bezela jarriko lirake gureak ere noski. Ta Schubert'en «Ene abestiak egaz» bezin gauza politik ez ote genuke ba asmatuko? Orrelako bat naikoa berriz ludiko bideak irikitzeko. Ta euskera, irudibilmintzetan (zine pelikulatan) «etxekoandre». Alemana baño goxoagoa litzake beintzat, gaztelar belarrientzako izan ezik.

        Ametsetan ari al naizen? Zer egingo zaio ba? Ezpaitu gizonak bizitzeko ogia bakarrik asko. Amets goi oietatik jetxita ere zerbait egin diteke ordea, orra. Badakit nik etxetako zinemintz saltzalle bat, Paris'ko olarekin tratuan ibillia dala. Illean onenbesteko bat saltzea eskatu diote: ortan ezin gindezke saiatu? Lenengo oinkada auxe izan diteke, «zinea» gure lagun egiteko. Ta zinea lagun izanik...

        Ez dakigu zertan gelditu ziren egiteko haiek. Egun daukagun oinordea ez da alimalekoa. Euskara pantailan entzun zen estreinaldia 1930ean izan zen, M. Champreux jaunaren ordu t'erdiko dokumentalean, Au Pays des Basques, Hegoaldean Alma Vasca izenarekin zabaldua. Aita Donostia filme honen ikus-entzuleen artean egon zen, eta biziro gustaturik, filmearen kopia bat eros zezala eskatu zion Eusko Ikaskuntzari. Azterketa etnografikoaren ildo honetan aipagarria da halaber Sinfonía Vasca, 1936an mustua, Adolf Trutz alemaniarrak egina. Baina euskaldunok fikziozko zinema-pertsonaiak euskaraz hitz egiten entzuterako eguzkiak berotu behar izan zuen bi aldiz.