Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Hitzetan lander

 

        Baita egiteetan ere. Nahi genukeen bezain eder ez da behinik behin euskalduna obretan. Baina funtsean euskaldunok bertze nonahiko erdaldunak bezain motzak gara, ez haboro. Mito hori gure hizkuntzatik lekora sortua da. Logikoa da erdaldunek gutxi egitea euskaraz. Napolitarra berean bezain hiztuna da euskalduna euskaraz. Mahai onak tertulia piztu ohi du. Bertsolaritza, oker ez bagaude, hitzaren kirola da. Ahoz eman izan zaizkigu ia egundaino gure ipuin eta legendak. Agrafoak izan garela erran ohi digute. Hiztunak izan behar nehondik. Euskalduna aktorea da: zelemonak, xaribariak, maskaradak, pastoralak zer dira, comedia dell'arte jator eta berezi baten zatiak bertzerik? Frankismoaren azken urteetan, Euskal Herriak Europako aktore tasarik handienetarikoa zeukan biztanleko. Lan herrikoiaren anonimatotasunean gelditu da aktore samalda.

        Aktoretzaren inguruko lehen erakundea Euskal Iztundea izan zen, edo ezagunagoa den bezala, Euskal Hizkuntza eta Deklamazio Eskola, 1915ean Donostian sortua. Lehenago ere, liberal gipuzkoarrak Ziburun «atzerriratuak» egon zirelarik 1873-76ko gerlan, aktore talde bat eratua zen Marcelino Soroa idazlearen inguruan. Eta ganbara-antzerki honen aitzindari bezala har daitezke Peñafloridako Kondeak Azkoitian antolatzen zituen saioak XVIII. mendean. Iztundeak lan bikaina egin zuen, eta Toribio Alzagak, bere lehen zuzendariak, hogoi obraz goiti mustu zituen 1925 arte.

        Lehen euskal aktore handia Pepe Artola dugu, XIX. mende hondarreko pieza kasik guztietako protagonista nagusia. Jeneroko aktorea erran ohi dena, garaiko hiri-antzerkiak erabiltzen zituen baserri usainari eta kaikukeriei bikain egokitua, arrakasta alimalea izaten zuen Donostiako kaletarretan. Hegoaldeko komedia ezdeus baina antzokiko hauen ondoan Zuberoko artzainek drama historikoak antzezten zituzten mendipean...

        Avelino Barriolaren lanek, dramatikoak eta tesiak aurkezten zituztela, berrikuntza nabarmena ekarri zuten antzerki zabar hartan. Barriolak planteatzen zituen egoerek aktuazio landuagoak behar zituzten, ñabarduraz beteriko jokamoldeak. Pepe Artolak ezin ditu lan hauek burutu, Gregorio Beorlegi eta Joxe Egileorri egin behar die leku, aniztasun eta egokipen ahalmen handiko aktoreak biak. Egile eta aktore berriei esker gure antzerkia arlotegintza edo Santo Tomasetako barregarrikeria ez bertze zerbait bilakatu zen. Garai berdinean, Iparraldeko antzerki taldeek berrehun obrarekin egiten zuten lan. Euskal artista xume hauen historia, arlo honetako hainbertze gauza bezala, egiteko dago.

        Gure lehen aktore zinematografikoak, halabeharrez, lehen zinemagileen ahaideak eta adiskideak izan ziren, eta baita beraiek ere: Nieves eta Félix Gonzalez, Aureliano aita, Gil del Espinar... Eta ez bakarrik aitzinkontu arazoengatik. Edurne filmatzeko hitz emandako aktoreek jakin zutelarik karriketan filmatu behar zela, jan egin zuten hitza. Ez zegoen profesionaltasunik. Emakume aktoreetan nehor ez zegoen prest El Mayorazgo de Basterretxe-n ageri den lilitegia girotzeko, eta jakina, halako uko gogorra ezin xarmatuz, benetako profesionalei eskatu behar izan zitzaien ea egunero egiten zutena eginen zuten kameraren aitzinean... Ramon Zubiaur bilbotarrak pantailan erakutsi zuen Bizkaiko herrietan barrena zeraman pertsonaia, Martinchu Perugorria. Henri Roussel aktore eta zuzendari baionarraren eskutik bertze aktore bat lotuko zaio zinemari 1913an, Pierre Etxepare. Hogoiko hamarkadan hasi zen kameraren aurka ordura arte zezenketari gisa jarduna zen Pedro Basauri eibartarra, Pedrochu.

        Hiru euskal aktorek lortuko zuten, lehen aro hartan, nazioarteko ospea: Carmen Larrabeiti bilbotarrak, Conchita Montenegro donostiarrak eta Juan de Landa mutrikuarrak. Egun ahantzi egin ditugun izenak dira, baina beraien bikaintasunak Espainiara, Estatu Batuetara eta Italiara eraman zituen. Gure zinemak, hasmentan amateurra, gero dokumentala eta ondoren dekretu bidez ezizana mende erdian, ezinbertzez ikusi ditu sortzaile eta aktore garrantzitsuak izan zitzakeenak atzerriko zinemagintzetan lanean.

        Juan de Landa izen artistikoa zuen Juan Pisón Pagoagak. Mutrikun jaio zen 1894an, eta umea zela ihes egin zuen etxetik antzezle talde batekin. Kutsatua dator, aktore izan nahi du. Familia Paraguayn jarri zen nekazari 1912an, baina Juanek Buenos Aires jotzen du, aktorea izan nahi. Ezin izan zuen gauza handirik egin Argentinan. Mutrikura itzuli zen maisu, eta herria eskertua gelditu zitzaion baztanga izurritean izan zuen portaeragatik. Buenos Airesera doa berriz, eta han diru poxi bat bildutakoan bere ametsa betetzen du: Erromara doa kantu ikasketak egitera. Hartzen dute zonbait operatan. Estatu Batuetan Ignacio Zuloaga eta Paulino Uzkudun ezagutzen ditu. Hollywooden Buster Keaton-ekin egiten du lan Doughboys luzemetraian (espainolez De frente... ¡Marchen!, 1930, Edward Sedgwick-ek zuzendua), eta aktore nagusia da espainolezko bertsioan (bikoizketa aitzineko bertsio bikoitz haiek) The Big House filmean ere (1930, George Hill-ek egina eta Wallace Beery-k interpretatua ingelesez, espainolez El Presidio izenarekin banatua). Landaren aktuazioa Beeryren beraren parekotzat hartzen da, Greta Garborekin lan egiteko parada ematen dion ospe handia hartuz. Mutrikura heldu zen berriz 1934an, eta bertatik Madril, Bartzelona eta Erromara joaten ohi zen zuzendariek dei egiten ziotenetan. Mutrikun ezkondu zen 1958an, eta bertan zendu 1969an. Hil baino zertxobait lehenago hitzaldia ematera gomitatu zuen Gipuzkoako Diputazioak, antolatzen zituen kultur ekintza bakan eta triste haietako batean. Entzun zutenek oroit dute Landaren dotoretasuna eta euskara ederra.

        Urte haietan ari zen euskal antzerkiaren bigarren iraultza ematen. Donostian Jarrai eta Bilbon Kriselu sortuak ziren, talde gazte eta dinamikoak. Gabriel Arestiren luma zorrotza zuten atzean, eta Adriá Gual talde kataluniarraren laguntza teknikoa... Baina Ricart Salvat-ek pastorala lehenengoz ikusi zuelarik, hauxe erran zien antzerkiaren teoria berrienekin obsesionatuak zeuden gazte haiei:

        — Hau baino modernoagorik ez duzue nehon aurkituko!