Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

24

 

Xake taularen alde banatan zeuden Oskar eta Eneko. Baina zain. Esan zitekeen ia, Oskar ere zain zegoela, xake partidan arreta berezirik jarri gabe. Egun hartan ezagutuko zuten Paula. Gertakaria zen Oliveirarentzat, eta beste bientzat ere bai. Emakume bat beti da gertakaria gizonezkoen bizitzan. Beti.

        Une delikatua izan zen enkontrua, disimuluzko azterketak, begirada azkarrak, neskaren formak igartzeko grina ezkutukoa. Oskarrek eskuaz agurtu zuen. Enekok bi musu eman zizkion, eta segituan abandonatu zuen partida. Hala hobe, jasotzen ari zen jipoiaren neurria ikusita. Jokoan ez jakiteaz harro agertu zen eta aldi berean Oskarren maisutasuna goraipatu zuen, inork ez zezan zalantzan ipini beste arlotan abila zenak gabeziak onar zitzakeela.

        — Fitxak mugitzen besterik ez dakit —aitortu zuen Enekok.

        — Ez dituk fitxak—zuzendu zion Oskarrek—, piezak dituk! Ez duk inoiz ikasiko, kabroi halakoa.

        Ofentsaz arduratu gabe segitu zuen gero, neskari itaunketan, neskaren arreta monopolizatzeko ahaleginean. Baina ez zen neska otzana, azkenean ihes egingo zion lilurari, edo hori espero zuen behintzat Oliveirak. Harrokeriaren eta zeloen arteko zalantzan zebilen: bere mundua erakusteaz harro, mundu hartako arriskuengatik izu.

        Guraso gabe bizitzeaz jardun zuen Enekok, baina zeharka, alegia deus ez. Putzontzi agertu gabe, kexu zen bere anai-arreben zabarkeriaz. Egun osoa eman omen zuen brikolajean: han apalategiak ipini, hemen bonbilla aldatu, beste hartan iturriaren isuria gelditu. Neskari amua jartzen ari zitzaion Eneko. Bere anai-arreben ustezko zabarkeriaren kontu hura beste zerbaitez jarduteko trikimailua baino ez zen.

        — Neskamea behar dutela ematen du, arraioa!

        — Aspaldi bizi al zara bakarrik?

        — 16 urtetatik. Orain ezingo nuke gurasoekin bizi. Baina abenturak badu bere alde gogorra, etxean dena egin beharra, badakizu.

        Xake taula Enekoren bizkarrean hautsiko luke Oliveirak. Geroko isiltasuna imajinatu zuen: denen harridura, Oskarren algara... Bai, Oskarrek barre egingo zuen, ziur.

        — Eta zuk, zer diozu? —galdetu zion Paulak Oskarri.

        — Zertaz? —zigarrokin bati kotoia ateratzen ari zitzaion.

        — Gurasoekin bizi beharraz.

        — Horren suertea izan nahiko nukeela neuk ere. Ez baita gauza bera gurasoen etxetik alde egitea edo gurasoek alde egitea etxea zuri utzita.

        — Emaitza bera da —esan zuen Enekok.

        — Emaitza bera? Nork ordaintzen dik ba etxea?

        — Et, et, et, nik lan egiten diat, e!

        — Diskoak jartzeari lan egitea esaten diok...

        — Ez al da lana!

        — Ze kristo, lana beste gauza bat duk.

        Bi lagunen arteko esgrima saioa baliatu zuen Oliveirak edari batzuk eskatzeko. Barratik zelatan segitu zuen. Ari ziren, bai, egurra ematen. Paulak Oliveirari begiratu zion eta keinu batez adierazi zuen mahai hartan zerbait handia erabakitzen ari zela... Baina ez zen konturatu horrek bazuela zerikusia Oliveirarekin. Oskarrek irabazten badu, neska niretzat, agindu zion Oliveirak bere buruari.

        — Badakik zer den lan egitea? —entzun zuen Oliveirak edariak ekarri zituenean—, honek egiten zuena!: atez ate liburuak saldu, jendearen mespretxua jasan, jendearen aurrejuzguekin borrokatu, kalerik kale hotza pasatu... Hori duk lan egitea.

        Oliveirari begira geratu ziren denak.

        — Nik dagoeneko ez dut libururik saltzen —esan zuen.

        — Herria goitik behera ezagutzen duk behintzat —esan zuen Oskarrek.

        — Badakizue zer pentsatzen duen jendeak bere etxeko atean liburu-saltzaile bat topatzen duenean? —esan zuen Oliveirak—. «Horra porrotaren irudia!».

        — Bai zera, porrotaren irudia, jendeak eguna filosofia egiten pasatuko balu bezala —Oskarrek.

        — Tipo bat apain baina luxurik gabe jantzita, exekutibo baten plantak egiten, larru imitaziozko karpeta bat besapean... Ate baten aurrean agertzea, herriko plazan larrugorritan jartzea bezalakoa da. Gardena zara, dena duzu agerian. Uste duzu zeure elekeriak norbait konbentzi dezakeela, baina ez duzu inor konbentzitzen, salbu eta aldez aurretik konbentzituak zeudenak. Bada espezie arraro bat, besteekiko errukia sentitzen duena, auskalo zergatik: horiek astintzen dute patrika, ez beste inork. Kalean eskale ibiltzearen aurreko pausoa da atez ate ibiltzea, automobilen artean gidariei kleenexak saltzearen antzekoa, edo kale kantoian zakurraren konpainian txirula jotzea... Inork ez du txirula kontzertua saritzen, txirularia bistatik kentzeko ematen dizkiote txanponak.

        Hitzaldia bukatzean konturatu zen Oliveira esandakoaz. Ez zekien hori pentsatzen zuenik ere. Modu arraro batez hunkituta zeuden lagunak.

        — Barka gure adiskidearen errealitate gaindosia —esan zuen Oskarrek, eta barre egin zuten denek.

        — Badu alde onik —esan zuen Oliveirak—. Besteren etxean sartzeko aukera. Besteren barrunbetan miatzea, norberari ustez itxiak zaizkion bazterrak aurkitzea. Atez ate ibiltzen denak mundua ezagutzen du, etxeak ezagutzen dituelako. Etxean ez dago antzerkirik: bakoitza den bezalakoa agertzen da.

        — Zergatik utzi duk ba lana? —galdetu zion Enekok.

        — Antropologia ikastea baino garestiagoa zelako! Ez nian zapatak ordaintzeko ere irabazten. Tino putakume hori...

        — Nor da ba Tino? —Paulak.

        — Zirkuko gizon bizkarroia. Nagusia. Lapurra.

        Edan eta edan aritu ziren, zerbait ospatzen ariko balira bezala. Eta hasierako nabarmentzeko asmoak baztertuta, seriotan hitz egiten hasi ziren: zer zen lana eta zer ez, lanari lan deitzeko lanak gogorra behar ote zuen, printzipio hura ez ote zen kapitalismoaren amarrua, alferrak errudun sentiarazi eta lanera bultzatzeko trikimailua.

        Oliveirak gogoratu zuen Eneko diskoak xaboiaz garbitzen aurkitu zuela bere etxeko sukaldean, eta ezin zela hori lana ez zenik esan. Enekok hasperen egin zuen orduan, norbait alde izateagatik konforme.

        Paulak jakin-minez galdetu zion Oskarri, nolatan irabaz zezakeen beti xakean. Gorritu egin zen.

        — Hori da nire lana —esan zuen.

        Denak azalpen luzeago baten zain geratu ziren. Alferrik, Oskarrek beti hitz egiten baitzuen motz: le mot juste eta abar.

        — Txorakeriak etxean utzi behar dira xakean ikasteko —amaitu zuen.

        Gero Oliveirak esan zuen xakea ez zela jokoa, hori esatea majaderia zela; eta piezak ez zirela fitxak; eta damari, noski, ez zitzaiola erregina esan behar, dama baizik, dama batek ez duelako zertan erregina izan behar, eta erregina batek dama ere ez.

        — Dama da lehiara atera behar den azken pieza —esan zuen Oliveirak.

        Oskarrek aharrausi egin zuen.

        — Zein da munduko xakelaririk onena? —galdetu zuen Paulak.

        Astia hartu zuen Oskarrek.

        — Ezin zaio galdera horri erantzun.

        — Zer ba? Benga, esan bat.

        — Garai bakoitzak bere maisuak izan ditu. Ezin da jakin zein den onena. Capablanca gustukoa dut, tipo dotorea zelako, ez gaur egungo xakelari obsesionatu horien tankerakoa. Berezkoa zeukalako irabazten zuen. Baina Kasparovek hartuko balu, sekulako jipoia jasoko luke, sekulakoa, inoiz ez ahazteko modukoa.

        — Zergatik? —galdetu zuen Paulak.

        — Kasparovek Capablancaren bizitza osoa aztertu du, eta beste askorena. Capablanca ia ezerezetik sortu zen, xakea inork gutxik jokatzen zuenean. Ikaslea beti gailentzen zaio irakasleari, ezta?

        — Capablanca —esan zuen Paulak—, ze izen bitxia.

        — Capablanca abizena zuen —ohartarazi zuen Oliveirak—. Esaiozu, Oskar, nola izena zuen.

        Buruaz ezetz egin zuen Oskarrek, sudurretik bota zuen airea.

        — Jose Raul izena zuen.

        — Nik bezala! —intziri moduko bat atera zitzaion Oliveirari.

        Paulak joan beharra zeukala esan zuenean, bihotza azkartu zitzaion. Betiko joango balitz bezala. Gerarazten saiatu ziren, baina ez zuen amorerik eman.

        Laguntzeko proposamena egin behar ote zion? Gauza asko zeuzkaten hitz egiteko. 1: Noiz hasiko ziren liburua grabatzen. 2: Noiz elkar ikusiko zuten berriro. 3: Zein modutan jarriko ziren harremanetan (nork nori deituta). 4: Zein zen Paularen telefonoa. 5: Zein zen Oliveiraren telefonoa. 6: Zer egingo zuten euren bizitzetan hurrengo 25 urteetan.

        Baina Paulak jaka jantzi zuen, bufanda estutu zuen, denei irri egin zien, oso ongi pasa zuela esan eta Gasparretik irten zen.

        Tabernako musika aditu zuten estreinakoz, hirurak ipurdi harekin (txundituta) amets eginez.

        Nolatan joan zitekeen duda horiek guztiak argitu gabe? Atera begira geratu zen Oliveira. Berriz sartuko zen Paula, Oliveirarengana gerturatuko zen... eta eskatuko zion laguntzeko mesedez etxera.

        Berokia janzten bazuen, Paularen atzetik zihoala pentsatuko zuten. Berokia jantzi zuen hala ere.

        — Nora hoa? —galdetu zion Oskarrek.

        — Etxera, nekatuta nagok.

        — Paularen atzetik joan nahi dik —esan zuen Enekok.

        Eskuak patriketan sartu zituen Oliveirak.

        — Ederra duk neska —onartu zuen Oskarrek—. Sudurra zera dik... okerra, ezta?

        — Zer duk, galdera bat? —Oliveirak.

        — Alde batera zaukak, baina ez duk zatarra, ez —esan zuen Enekok, eskuaz bere sudurrari okerreko forma emanez.

        Paularen fisionomiaz hausnar sakonean utzi zituen lagunak. Paulak zein bide hartu zuen asmatu behar zuen. Biteri kaletik joango zen seguruenik. Harantz jo zuen. Ez zekien zinez harrapatu nahi ote zuen. Harrapatzen bazuen, hondamendia izango zen: uxatu egingo zuen. Ezingo zion aurpegira begiratu.

        Lasterka hasi zen.

        Morrongileta kalean sartu zenean urrunera begiratu zuen, baina Paula ez zen inondik ageri. Hobe!, pentsatu zuen. Lasterka segitu zuen ordea. Lasterka igo zuen Beraunera iristeko hiru maldetako lehena ere. Birikak erre beharrean zeuzkan, hankak txindurrituta. Zortzigarren mailako soinketa azterketatik ez zuen horrenbeste lasterka egin. Bigarren maldara iritsi zenean zuzengune bat aurkitu zuen, hurrengo berrehun metroak ikusten zituen, baina neskaren arrastorik ez. Hantxe bertan ezkerrera jotzen bazuen, Pio Baroja ikastetxetik Pontikara sartuko zen etxera joateko. Gorantz segituz gero, hogei minutu izango zituen gero etxera itzultzeko. Pentsatzeko denborarik ezin zuen hartu: banku batean eseri zen, ideiak argitzearren. Elektrogailu denda bat zegoen bankuaren ondoan. Garbigailu bat merkealdian. Erakusleihoko argiak piztuta zeuden artean, oinezkorik ez bazen ere; Oliveirarentzat piztutako argiak ziren. Galtzaraborda auzoko talaia hartatik paper fabrika ikusten zuen. Horra herriko zigarrorik handiena, pentsatu zuen. Fabrika hark ematen zion herriari sarri izan ohi zuen zakur usaina. Baina zer zen herria fabrikarik gabe?

        Oskarren hitzak oroitu zituen: sudur okerra dik. Akatsa besterik ez ote zuten ikusi? Eta Paulak, bere akatsa ikusi ote zuen besteen begietatik? Lerro artean ibili ote zen neska sentimendu haren bila? Paula ispilu aurrean imajinatu zuen, sudurrari begira.

        Grabagailuarekin Gabrielaren etxera joango zen biharamunean. Beso zabalik hartuko zuen. Bihar ez, etzi, pentsatu zuen. Egun bateko tartea utzi behar zuen, bere hutsunea nabari zezaten, ez zitezen ohitu, ez zitezen nekatu. Ez zedin lilura amaitu.

        Arnasa baretu zitzaion. Zeraman arropa mordoaren azpian izerditan zegoela sentitu zuen. Oro lanbro zen, hotzak errukirik gabe izoztutako paisaia, eta bera izerditan. Etxera abiatzeko zutitu zenean, burura kanta bat ekartzen saiatu zen bidean pentsamendu ilunak baztertzearren. Menderatua zuen teknika. Une bakoitzari, tenore bakoitzari zegokion kanta jakin bat. Garrantzitsua zen hitzak osorik gogoratzea, bidean ez galtzeko. Tango bat bilatu zuen eta Volver aurkitu zuen. Nola hasten zen? Hasiera da kanta guztietan zailena. Gero hitzak hitzekin lotzen dira, segidan, puzzleen gisara. «Yo adivino el parpadeo, de las luces que a lo lejos, van marcando mi retorno...». Beti izan zuen ongi kantatzeko fama. Fama edo zera. Beti esan izan zion Oskarrek ongi afinatzen zuela, eta horrek harrotasunez hanpatzen zuen. Oskarren amak bazuen Gardelen disko bat, han deskubritu zuen Lepera izeneko batek idatzi zizkiola Gardeli kantuarentzako hitzak. Ederrak, zorionean zoriontsu eta nahigabean hondoraturik sentitzeko hitzak. Esaldi bakoitzak zekarren mezuren bat, eta kanta osoak mezu ikaragarria: denboraren iragate gupidagabea. «Son las mismas que alumbraron, con su pálido reflejo, hondas horas de dolor».

        — Ezagutzen duzu Volver?

        — Tangoa? Noski.

        — Nire kuttuna da.

        — Oso ederra.

        — Niretzat ikaragarriena da biren arteko lana izatea, batek hitzak eta besteak musika egin izana, eta batuketa hartatik halako gauza ederra ateratzea.

        — Biren artean? Ez dut halakorik inoiz entzun.

        — Bai, Gardeli besteek idazten zizkioten tangoak. Lepera delako batek idatzi zion Volver. Gardelen tango mordoa idatzi zituen. Askotan pentsatu izan dut nola izan ote zen biak, hitza eta musika, elkartu ziren unea. Eurentzat ia egunerokoa izango zen hitzak eta musika trukatzea. Behin, ordea, Leperak Volver tangoa eramango zion Gardeli, hain justu Volver, eta ez beste bat. Imajinatu Buenos Aireseko kafetegi zahar bat. Taxi beltz batetik jaitsi da Gardel eta aldameneko dendako emakumearekin topo egin du, aspaldiko ezaguna. «Señor Gardel: mire que le he guardado unas pastitas»; «Noooo, pero bueeeeno, vos si sos liiiinda, graaaaacias, no hacía falta»; «Es para mí un gusto, señor Gardel, Carlitos, que un chico del barrio sea tan famoso»; «No es para tanto, Lucita, sólo que aparezco nada más que de vez en cuando en los afiches». Lepera zain izango zuen atean: «¡Ché, Carlos, no te demorés más, carajo!». Eta gero taberna barruan: «Ché, Carlos, te dije que estaba tomando unas notas sobre el pasado, sobre la cosa esa de tener que volver a un punto, ¿te acordás?»; «Sí, esteeeeeee, sí, sobre la necesidad de volver a sentir cosas de antaño, ¿no?»... Une horretan Leperak orri tolestu bat utzi dio barran. Poliki, zeremoniatsu, truku bat egiten ari balitz bezala. Eskua gainean utzi du segundo batez eta, ondoren, poliki kendu. «Ahí tenés» esan dio. Gardelek sonbreirua erantzi du, barran paratu. Hatza zeruratuz zerbitzariari deitu dio: kafe hutsa, bel-beltza. «Bueeeno», esan zuen azkenik, «a ver ese pasado cómo suena». Irakurtzen hasi zen Gardel eta, irakurri ahala melodia irudikatzen saiatu zen. «La reconcha», esan zuen, «¡es magistral!». Burua mugitu zuen, begiak itxita, eta eztarriaz hots apalak egin zituen, geroko noten lehen arrastoa. «Yo adivino el parpadeooooo, ta-ra-ta-ta... van marcaaaando mi retornooooo... ¡es divina, Lepera!». Eta Lepera alboan, eskuak igurtziz, irri eginez: «Es un tango para vos».

        Irri egin zuen Paulak ere.

        — Nondik atera duzu kontu hori?

        — Ez dakit, dena asmatua da.

        Halakoa izan zitekeen elkarrizketa. Elkarrizketa ederra benetan, Paula belauniko jartzeko modukoa. Baina etxean zen jada Oliveira, hozkailuko atea zabaltzen. Platerkada bat garbantzu zerbitzatu eta mikrouhin labean sartu zuen. Berotzen zen bitartean, txorizo zati bat sartu zuen ogi tartean eta haginkada on bat eman zion. Une batez Paula ahaztea lortu zuen, txerrikiaren koipea aho-sabaian zabaldu zitzaion une zerutiarrean.

 

 

 

© cc-by-sa Lander Garro

 


www.susa-literatura.eus