Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

15

 

'Gauzak kanpoan gertatzen diren' taberna txiki horietakoa zen Azkena: barruan barrarako tokia, komuna eta botilak doi-doi sartzeko eta kartel matxinoak zintzilikatzeko metro koadro pare bat. Ez zen askoz gehiago behar. Mandoak kanpoan geratzen ziren, gramo poltsak han edo hemen ezkutuan, begiak barrandari. Ez zen jende kaskarinarentzat aterpea.

        Oliveirak kafesnea eskatu zuen. Oskarrek mihia klaskatu zuen, Oliveirak kafesnea norbait izorratzearren eskatuko balu bezala. Ez zen horrenbesterako. Antolin kamareroak barre egin zuen hortz-tarte eder bat erakutsiz, eta martxan jarri zuen mugimendu trebeez. Kanpoko eskaileretan eseri zen Oskar kalimotxoarekin. Oliveirak azukrea bota zion kafesneari eta, koilaraz eragin ondoren, barran utzi zituen koilara eta platera.

        — Nola joango haiz ba kafesnea eskutan gramoa erostera? —errieta egin zion Oskarrek.

        — Luzerna eskukada bat eramango zioat mando horri, gaizki iruditzen ez bazaik.

        Katilua baso bat balitz bezala helduta, beste mando askok bezala Txino izena zuen Txino mandoarengana joan zen, ea gramotxo bat izango zuen galdetzera. Itxaroteko esan zion Txinok, katilu handiari begira. Oliveirak kafesneari trago bat kendu eta ezpainetako aparra garbitu zuen mihiaz. Neska koadrila bat ikusi zuen inguruan, denak beltzez jantzita: The Cureren estetika. Berehala itzuli zen Txino. Merkatu txikian kruasanak sartzeko erabiltzen dituzten zorro zuri finaz bildutako poltsatxo bat jarri zion eskuan, sandwich ogien poltsetan erabiltzen duten alanbre txiki horrekin itxia, marrazki bizidunetan dirua sartzeko erabiltzen duten horietako bat zirudiena, baina miniaturazkoa. Mila eta bostehun pezeta ordaindu zizkion.

        Neskei begira zegoen Oskarrengana hurbildu zen.

        — Listo! —esan zuen Oliveirak.

        Reyna tabernara iritsi arte ez zen ezer aipagarririk gertatu. Txinok pasatako speeda dastatu zuten, speeda dasta badaiteke behintzat, Azkena aldameneko Zakilaren Plazan, beltzezko neskengandik gertu, halako moduz non baitzirudien ezkutatzen ari zirela, baina era berean marrak oso agerian eginez (jarrera ausarta eta sotila, inondik ere), The Cureren Boys don't cry abestia ona ote zen arin eztabaidatu bitartean. Speeda sudurretik eztarrira pasarazteko trantzea benetan zaila eta higuingarria egiten zitzaion Oliveirari; horregatik eskatu zuen kafesnea, sabela ongi pausatuta edukitzeko, botaka egiteko gogoa sartzen baitzitzaion sarritan. Ahotik hartu behar izaten zuen arnasa, bestela dena botatzen baitzuen, irentsitako marra barne. Speeda sabelera etenik gabe iristen ari zela konturatutakoan, pozez txoratzen sentitu ziren biak.

        — Felix Izetak irabaziko al lioke Bobby Fischerri? —galdetu zion Oliveirak—. Esan nahi diat, hamarretik bat irabazteko talentua izango ote lukeen.

        — Erotu egin al haiz!

        — Ehundik bat, akaso?

        — Ehundik bat... beharbada bai —onartu zuen Oskarrek.

        Eta Oliveirak sinetsi egin zion, aberriagatik halako harrotasun batekin. Speedaren kilimak sentitu zituen, bizitzeko gogo berritua eta (zergatik ez) baita dantza pixka bat egitekoa ere. Eta supituan tximista-irudi bat etorri zitzaion gogora: Pepelu burusoilak lepoan lanperna bat eramaten zuela zintzilik. Oskarri kontatu zion, xehetasun horrek amaren bikotekidearen nortasunaren zeinuak azaltzen zituelakoan. Oskarrek lauso erantzun zuen, gogo handirik gabe.

        Egun batzuk lehenago Reyna tabernako disko jartzaileaz hitz egin zien ezagun batek. «Kristoren musika jartzen dik 18 urteko nerabe horrek». Lepotik zintzilik lanperna eramatea normala ote zen, horixe galdetu zion Oliveirak Oskarri atzetik garrasi eginez, ilaran baitzihoazen, tabernakide hieratikoak agurtzen. Oskarrek ezetz, ez zela normala: «Normalena litzateke urrezko plakatxoa eramatea: Pepelu eta Maite». Segituan ikusi zuten Txarlik aipatutako mutila, disko jogailuen aurrean makurtuta, orratza bi kanten arteko tartean ipintzen, eskuan bisturia balu bezala. Ilea mototsean bildua, alkandora gorria, borobil zuriz betea: morroi xelebrea zen, heldu izan nahi zuen dotoretasun gizongabean. Sartu orduko giroa nabari zen Reynan, lainotsua, zerbaitek harrapatuko bazintu bezala, sintetizadoreen eraginez seguruenik. Dj-aren aldameneko barra zatian dantzan ari zen koadrila bat, bere lagunak seguruen, ukabilak zerura jarraitzen zuten erritmoa, dj-ari begira maiz; hark irribarre egiten zien (neskei mutilei baino gehiago, Oliveira berehala ohartu zenez). Alproja azkarra zen gazte hura, bai. Gorrotatu ala maitatu, erabaki hori ikusi orduko hartu behar zen, ikusi eta entzun orduko, ezen musika bere lurraren zatia baitzen, akaso handinahi itxura hura bainoago. Baina Oliveirak arrangurarako eta inbidiarako burmuin zatiak itxita zeuzkanez abisu berrira arte, mutilak itxura ona zeukala esan zion Oskarri, eta Oskarrek, noski, ez zion aurka egin, berak ere kamustuta baitzituen zorrotz juzgatzeko mekanismoak.

        Kafe-antzokien gisako taberna zen Reyna, Ameriketatik ekarritako eredua, edo akaso beste nonbaitetik, jazz tankerakoa, nahiz eta gero jazza ez zen beste guztia jartzen zuten bezeroak ez uxatzearren. Groucho Marxen bibotea zeukan kamareroak atera zizkien tragoak, eta Oskarrek eta Oliveirak dj-aren zokoan gelditzeko zirrikitu bat aurkitu zuten, neska koadrila bat, denak zatarrak, sotilki bultzatuta. Eskua patrikan sartu zuen Oliveirak, poltsatxoa ukitu zuen, baina, nahigabetuta, luzeegia iruditu zitzaion komunerainoko bidea. Puzgarria haizea galtzen ari zen artean. Garagardo trago handia hurrupatu zuen orduan, eta zigarreta bat eskatu zion bigarren kalimotxoa edaten ari zen Oskarri, bi gauzon artean anfetaminaren eragina berpiztuko zitzaiolakoan. Guns N' Rosesen Welcome to the jungle kanta jarri zuen alkandora gorridun nerabeak. Taberna osoa saltoka hasi zen zoramenaz. Burua mugitzen zuen dj-ak ere, airezko gitarrari eragiten, bere onetik aterata.

        Oliveirak ezkerrera begiratu zuen, eta deskubritu zuen neska bat Oskarren belarrira hitz egiten ari zela. Natural agertzeko ahalegina egiten zuen Oskarrek: esateko zerbaiten bila ariko zen seguruen (zerbait normala), neska uxatuko ez zuen hitz apalen bat. Miraria izango zen neskak bezero berriaren arroztasunari ez erreparatzea eta harekin geratzea. Bazuen zerbait Oskarrek, neskak azkar izutzeko.

        Hormonen arteko enkontruari esker irabazitako bat-bateko askatasun hura baliatu zuen Oliveirak jendartetik barraraino joateko, dj-arekin hitz batzuk trukatzeko. Lotsa zeharo galduta zegoen.

        Eneko izena zuen nerabeak; zinez nerabe ahotsa zeukan, halako eztitasun arraro bat. Azkarra zirudien, zeukan adinerako eskarmentatua. Michael Jacksonen Billie Jean jarriko ote zion galdetu zion Oliveirak. Ezkerreko platoaren behealdean zeukan tiraderara joan zen Eneko. Kontable batek bezala pasatu zituen diskoak, banaka, ziztu bizian. Berehala aurkitu zuen, harrotasunez erakutsi zion Michael Jackson zuriz jantzita azaltzen zen diskoa, Oliveirak hatz lodia erakutsi zion.

        Txarli agertu zen. Ametsetan zegoela pentsatu zuen Oliveirak, eskuetan gitarra zuela ikustean. Gitarra ote zeukan? Egiazkoa?

        — Esaiok ume horri zarata hori kentzeko!

        — Musika kentzen badu jo eta txikitu egingo ditek.

        — Nik txikituko diat kentzen ez badu!

        — Tabernatik ostiaka atera eta txorimalo bat bezala utziko ditek lurrean botata.

        — Esaiok txorimaloari musika kentzeko! —errepikatu zuen Txarlik, ez zen txantxetan ari.

        Konposizio perfektua zen Billie Jean. Bateria doinu harrigarri batez hasten zen, baxuak sendo lagunduta. Sinplea eta indartsua zen hasiera hura, hezurrak mugimenduan jartzeko parerik gabea. Inguruko lagunek oihu egin zioten Enekori. Oliveirak kilimak sentitzen zituen buruaren atzealdean, eta bigarren zerbeza eskatu zuen. Konturatuta zegoen hegaldi hartatik lurreratzea gogorra izango zela, baina patrikan zeukan bidaia luzatzeko ekipajea. Txarli bere parean ikusten zuen, argudioren batean galduta, kablerik gabeko musikaren alde aldarri egiten; baina ez zen hura aditzeko gai, edo ez zegoen entzuten zuela agertzeko gai. Hodei batean zegoen. Bere buruari galdetu zion nola jokatuko ote zuen Txarlik gitarraren barruan garagardoa isuriz gero. Bizitzaren ironia: hortxe zeukan begien aurrean lagun estimatua, Michael Jacksonekin lehian, hura baino interesgarriagoa izan zitekeelakoan, nor eta ikastolatik kanporatutako irakaslea, udaletxeko arkupeetan noizean behin kantuan ibiltzen zena, ordurako Michael Jacksonen taldekide bilakatua, akaso nota bat edo beste tonu egokian jotzen.

        Komunera alde egin zuen Oliveirak, speed dosi txiki bat hartzeko premiaz. Haragi eta izerdi masa handi bat gainditu behar izan zuen horretarako. Komuneko ilaran seriotasun handia zegoen: banketxe batean egon zitekeen, edo dentistaren itxarongelan: denak irriaren maskara erantzita zeuden. Komunetik irtendakoan Oskar ikusi zuen. Zoriona. Airean joan zen lagunarengana.

        — Zer egin duk neskarekin?

        — Ez zakiat non sartu den.

        — Ez zegoan gaizki.

        — Ergela zuan.

        — Zer esan dik?

        — Burua haizez betea sentitzen zuela eta nirekin egoteko gogoa zeukala.

        — Eta zer esan diok hik?

        — Ea xakean badakien.

        — Zer?!

        — Ez zaidak besterik bururatu, kristo!

        — Nola puñetas galdetu diok hori?

        Isilik geratu zen Oskar, John Wayne putaseme hura baino serioago, zigarroa ahoan.

        — Oinak soinetik separatuta dauzkak —gaia aldatu zuen.

        Oliveirak bere oinei begiratu zien, beste norbaitenak balira bezala zoruan. Eta aldamenean beste dozena bat oin, denak dantzan. Oin haiek guztiek ere euren soinetatik libre ziharduten alaitasun eta graziarik gabe.

        — Ikusi al duk Txarli? —esan zuen Oliveirak—. Erotuta zabilek!

        Oskar zigarro bat pizten ari zen, eta txiskeroak sua eman nahi ez zionez astindu egin zuen, kolpetxo batzuk eman zizkion gero esku-ahurraren kontra. Horrek adierazten zuen ez zegoela lur hartzeko tenorean eta berdin ziola, horrenbestez, Txarli gertu ote zebilen.

        — Kendu txano hori burutik, motel —esan zion Oskarrek—. Kristoren beroa zagok hemen.

        — E? —zaratarekin Oliveirak ez zion ulertu.

        Txanoa hartzeko keinua egin zuen Oskarrek, baina eskua buruan jarri zuen Oliveirak, txanoa eutsiz.

        — Utzi txanoa bere tokian! —oihu egin zion.

        Orduan halako parentesi bat suertatu zen, non (ia) denak (ia) denekin hitz txoroak gurutzatu baitzituzten, tragoen eta zigarroen eta izerdiaren eta beroaren eta xanpainaren eraginez. Edo aitzakian.

        Oskarrek eta Oliveirak dj-aren ondoan eraiki zuten kanpalekua. Hantxe geratu ziren, Enekori kanta zailak proposatzen, kanta zailok jartzen zizkienean ingurura harro begiratzeko. Gero whiski botila oso bat eskatu zuen Oskarrek, eta hiru baso txiki. Ez zuten botila hustu arte handik alde egingo. Hura zen Oliveirak estimatzen zuen Oskar: hitz gutxikoa, baina estilo handikoa.

 

 

 

© cc-by-sa Lander Garro

 


www.susa-literatura.eus