Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

7

 

— Ezagutzen al duk Zarate margolaria?

        — Zarate? Nongoa?

        — Hemengoa, Oreretakoa.

        — Ez, hemengoa ez diat ezagutzen.

        — Eta beste nonbaitekoa?

        — Ezta ere.

        — Zergatik galdetu didak orduan nongoa?

        — Ez zakiat, akaso pistaren bat emango hidalakoan.

        Zirika jarduten zuten Oskarrek eta Oliveirak. Eta batez ere elkarri arrazoia kentzen. Baina bazuten mundua eurek ikusten zuten bezalakoa zelako sentimendua, elkarri arrazoia ematen bukatzen baitzuten gehienetan. Zer zen mundua? Elkarren artean mintzatzean ateratako ondorioen isla, hori besterik ez. Eta ondorio horiekiko fede itsua zuten, ia dogmatikoa. Munduaren behatzaileak ziren, orduak eta orduak ematen zituzten ñabardura txikien eta datu harrigarrien bila. Gero hori dena epaitzen zuten, ozpin eta umore dosi batez.

        Erdipurdikokeria, horixe zen besteen ezaugarri nagusia.

        Liburuak irakurtzen eta musika entzuten eta xakean jokatzen zuen mundua nahi zuten. Gutxietsi egiten zituzten, beraz, hiru oinarri horiek betetzen ez zituztenak.

        — Ospetsua omen duk Zarate margolaria.

        — Dudarik gabe.

        — Bere etxean izan nauk gaur. Liburuak saldu zizkioat bere emazteari. Emakume brillantea.

        — Hara!, lehena saldu duk!

        — Utzi kontu horiek, Oskar. Beste zerbaitez ari nauk.

        — Poztu egin beharko hintzateke, ezinezkoa zirudiena lortu duk.

        — Pozten nauk, bai —onartu zuen etsita.

        Oskar ogi mami zati bat biribiltzen ari zen mahaiaren kontra. Beste nonbait zeukan burua.

        — Gaur ero pila bat zabilek hemen barrena —esan zuen azkenik.

        — Eta?

        — Ezer ere ez.

        Publikoa. Hori zen arazoa. Oskarrek publikoaren beharra zuen: 18 urteko neskatila koadrila pare bat, begiratu bat, irriño lotsagarriak, barrarainoko paseoak, gerriak arreta eske eta... bi xakelariak serio, euren gogoeta estrategikoetan murgilduta. Baina egun hartako publikoa, betiko moduan, herriko eskizofrenikoek osatzen zuten.

        Oliveirak bere aita gogoratu zuen, haren jokaera eszentrikoa, dena aldrebes egin behar hura, gauza guztiei eta uneoro barre egiteko joera. Dibertigarria zen, eta hori nahikoa zen. Urrundik begiratuta, ordea, aitaren piurak eta atzeko haienak antzekoak iruditzen zitzaizkion. Bazekien aita beretzat beti izango zela tipo inpekablea, ona, alaia, bikaina ia. Zergatik bikaina? Gizakion baitan noizbait izandako umeak agintzen duelako, aginte hori aldatzeko edo sikiera dekoratzeko ahalegin neketsuak eginagatik ere. Oskarri behin baino gehiagotan esan izan zion putaseme handia zela aita, fundamentu gabea. Baina hori guztia umearen diskurtsoari gehitutako elekeria zen, arrazionaltasun handiz baino egiarik batere gabe esandakoa.

        Oskarren aita ez zen hobea. Bizi zen, artean. Sekulako herra zion Oskarrek. Gorroto zuten Oskarren ume begiek ere. Oskarren baitan ez zegoen aita barkatzeko arrakalarik txikiena. Ezta beharrik ere. Oliveirak ez zuen uste Oskar horretan disimuluan ibiltzen zenik, bera bezala, gauza bat sentitu eta bestea adierazten; gezurra sentitu eta egia esaten, hain justu.

        Garai batean, hamar solairu dauzkan etxeko diruzaina izan zen Oskarren aita, diruarekin ospa egin zuen arte. Herriaren ingurumarian jarri zen bizitzen, abandonatutako lantegi batzuetan, auto barruan. Udaltzainek atxilo eraman zuten, baina gizonak bide judizial amaigabean endredatu zituen bizilagunak, legearen geldotasuna baliatuz. Zigortzeko ordua iristerako, azken xentimoa ere xahutua izango zuen. Tipo grisa eta bakartia, inori irri faltsurik egiten ez ziona. Fama txarra izan zuen beti Oskarren aitak, txutxu-mutxuen biktima ohikoa. Arrazoi lausoei esker irabazitako famari, azkenean, pisuzko argudioak erantsi zizkion; hitz egin nahi bazuten, orain bazuten motiborik: diru guztiarekin ospa egin zuen.

        Ereduzko aitaren itxura zeukan, gaizkile guztiek bezala. Horrek ematen die gaizkile izateko parada: ihes egingo dutelako sentimendu gozoak. Gaizkile itxura balute, nekez onartuko lituzkete diruzain, eta ez lukete izango diru hori guztia argi neonezko etxezulo bateko beltzaran baten titien gainean gastatzeko tentazioa.

        — Ilargi betea izango duk agian —esan zuen Oliveirak tabernako bezeroengatik.

        — Bai, etxetik bota ditiztek denak. Bazterrak nahasten ariko zituan, hozkailua irekitzen, tiraderetatik jantziak ateratzen, gau osoan telebistako zozketak begiratzen, etenik gabe zigarroak erretzen. Begiratu egiok Txarliri...

        Eroen taldeko mutiletako bat zen, euren irakaslea izandakoa; urteak ziren normaren arrastotik aterea zela, baina Oliveirari ezinezkoa iruditzen zitzaion erotuta zegoenik sinestea. Hortxe zuten Txarli, pare-parean. Ez zen filmetako eroen oso desberdina. Ero estandarra zen, nolabait. Soinurik egin gabe egiten zuen barre, algara isilez; kanpotik ikusita irudi bitxia zen, soinua kendu baliote bezalakoa: keinuak bai, mugimenduak bai, ahoa zabaldu beharra bai, sabela besoez bildu bai, baina soinurik ez. Munduko barre ikusgarriena eta aldi berean diskretuena zuen Txarlik.

        Taberna dotorea zen Gaspar. Txikia baina oso garaia, kubo baten modukoa. Esklusibo sentitu nahi zutenek hantxe zeukaten leku egokia. Eta hala ere zeharo proletarioa zen. Trajedun bakarra ibiltzen zen, abokatu txoro bat, Oliveirak gorroto zuena. Taberna zegoen etxeko eskailera nagusiak taberna barruan sartuta zeuden, kuboaren zati bat hartuz; eta justu hortxe zeuden hiru mahaiak, eskailerapean. Han egoten ziren Oskar eta Oliveira.

        Taberna barruan eskailerek irentsita zeukaten zatiaren aldamenean egurrez eraikitako sasi-solairu bat zegoen: azpialdean komunak eta goialdean mahai bakarra, apartatua, maitaleentzako aproposa. Gaspar osoa ikusten zen han goitik. Hormak koadroz apaindurik, egoitzaren garaiera ondo baliatuta. Aldian behin aldatzen zituzten zorionez, koadro txarrak izaten baitziren ia beti, inguruko artista saiatuek egindakoak. Argazki handiak paratzen zituzten noizean behin, jaietako kartelak edo inauterietako maskarak.

        Komuneko atearen aldamenean: izozkientzako eta xanpainarentzako hozkailua, kristalezko ateekin. Denek zekiten botila haiek urteak zeramatzatela han logaletuta. Txotxolo batek baino ez zukeen xanpain botila bat eskatuko, eta txantxa motibo bilakatuak ziren. «Xanpain botila bat baino abandonatuago nabil» esango zuen batek. «Ozpina ni? Xanpain botila horietan bai!» beste batek. Edozertarako balio zuten, edateko izan ezik. Hozkailu gainean gordetzen zituzten xake taulak eta piezen kaxak; eta, hauekin batera, asteko egunkariak eta igandeetako gehigarriak.

        Dual markako disko jogailua eta ehunka LP zeuzkan Joxemarik, denak ere erabileraren poderioz atzealdean kartoia deseginda. Bozgorailu handi eta ahaltsuak ere bai, musika bolumen ederrean jartzeko, garrasika hitz egitera bultzatzeko moduan.

        — Mundu zabalean ez duzue halako disko jogailurik aurkituko —harrotzen zen Joxemari.

        Txarlirekin Benegas elkartzen zen, musika irakasle bat, lodikotea eta amultsua; eta baita Barandalla ere, oso margolari txarra (Gasparren sarritan koadroak eskegitzen zituena).

        Joxemarirekin eztabaidan ari zen ero koadrila. Oskarrek, aspertuta, eztabaidari so, «Begiratu egiok Txarliri» esan zuen berriro. Oliveirak ez zion jaramonik egin, petralduta zegoen Zarate pintoreari buruzko istorioak izan zuen arrakasta eskasagatik.

        Tabernari gehienak bezala, azken tragoa ere ezkutuan zenbatzen zuenetakoa zen Joxemari. Horrek eztabaida bat baino gehiago ekartzen zion, hilaren amaieran lazeriak pasatzen baitzituzten bezeroen patrikek. Joxemarik, gangster itxura bitxi horrekin, ez zuen inoiz barkatzen:

        — Kontuak egiten zuei utziko banizue, hondoratuta nengokeen dagoeneko.

        — Hamasei garagardo dira! —oihu egin zuen Txarlik.

        — Hemeretzi izan dituk guztira, ez hamasei —zuzendu zion Joxemarik zalantzarik gabe, bere irriño ironikoarekin, maltzurkeriaren bat pentsatzen.

        — Kontuak zerorrek egiten dituzulako, horrexegatik zaude aberastuta, putre halakoa! —erantzun zion Txarlik.

        Joxemari ez zen bere onetik aterako, bazekiten hori. Zikoitzegia zen bezeroak galtzen hasteko. Suabe, poliki, temaz lortuko zuen garagardo guzti-guztiak kobratzea; bestela, biharamunean hartuko zuen dirua, errondaren batetik txanpon gutxiago itzulita. «Gaurkoak bi eta atzokoak beste bi, lau», eta alferrikakoa izango zen kexatzea edo mehatxu egitea. Gasparren kukurruku nork egiten zuen, horretan ez zegoen dudarik.

        — Eskuak lepotik hazten zaizkizu zuri —bota zion Benegasek, eta barre egin zuten denek.

        Zer adierazi nahi ote zuen, auskalo.

        — Nahi duana esan ezak, baina ez dituzue tragoak nire lepotik edango —Joxemariren arrapostua—. Hemeretzi garagardo izan dira, ez bat gehiago ez bat gutxiago.

        Oliveirak eskua zakuan sartu eta txano bat atera zuen, irlandar tankerakoa.

        — Dotorea! Nondik atera duk ba?

        — Zarateren emazteak eman zidak.

        — Joder, nor da emazte hori! Liburuak erosi, txanoa oparitu...

        — Pintorearena zuan, baina berak jadanik ez dik behar —txanoa jantzi zuen Oliveirak, Oskarrek ondo ematen ziola esan zekion—. Lotsa ematen zidak janzteak, hi, jendea begira jarriko zaidak, badakik.

        Atzamarra belarrian sartu zuen Oskarrek, buruaz baietz.

        — Utziok horri —egin zion errieta Oliveirak.

        — Zer?

        — Zeren bila habil?

        — Azkura zaukaat, kristo; nire ama ematen duk.

        Kanta lasaia jarri zuen Joxemarik: Van Morrisonen Moondance. Gustu ona ezin zitzaion ukatu gangster hari.

        — Zenbat biztanle gaituk herri miserable honetan? —galdetu zuen Oliveirak.

        — 40.000, pixka bat gehiago igual.

        — Eta erdipurdikoak? Zenbat izango dituk zaku horretan?

        — Ez zakiat. Mordoa bai.

        — Eta zenbat nik baino lan kaxkarragoa dutenak?

        — Ez dituk erraz aurkituko —barre egin zuen Oskarrek.

        — Ez horixe. Puzker kiratsa besterik ez zagok herri honetan: paper fabrika ustel bat eta nortasunik gabeko jendea. Baina denek zaukatek nik baino lan hobea. Nola azaltzen duk hori?

        Xake piezen kaxa zabaldu zuen Oskarrek.

        — Zertan ari haiz?

        — Ez al dugu partidatxo bat jokatu behar?

        — Ez didak erantzun —eskua kaxa gainean tinkatu zuen Oliveirak.

        Bizarra igurtzi zuen Oskarrek.

        — Otzanak dituk, Oliveira. Otzana izan behar duk egokitzeko, errailetik ez ateratzeko.

        — Gezurretan ari haiz —eskua aldendu zuen kaxatik.

        — Zuriak hiretzat —eskaini zion Oskarrek.

        — Ez, ez, ez diat bentajarik nahi.

        — Bueno, beltzak orduan.

        — Zuriak hartuko ditiat.

        Zigarro bat atera zuen Oliveirak beretzat, eta gero beste bat lagunarentzat.

        — Batzuetan ikara sartzen zaidak. Horixe duk: ikara.

        — Hastea duk kontua.

        — Hastea...?

        — Bai, hasiera duk inportantea: nora jo, badakik. Hik ere aurkituko duk bidea. Kontua ez duk lana, kontua duk: zer egin, eta hortik bizibidea nola atera. Nik ez nitizkek xake eskolak emango xakelari profesionala banintz, baina bidea behintzat aurkitu diat. Igual bide okerra duk.

        — Ez duk, ez. Hik ez al duk Olaizola garaitu?

        — Bai.

        — Ez al duk De Miguel garaitu?

        — Bai.

        — Hortxe zagok! Entzuten duk hau? Van Morrison! Hortxe morroi handi bat. Morroi handi asko zaudek: David Bowie, Chet Baker, Julian Gorospe... zer zakiat. Eta gero jende arrunta zagok. Eta non nabilek ni? Erdian: ez batera ez bestera. Akaso besteak bezalakoa nauk, baina ezin onartu. Handikeria duk hori, zera.

        — Gizaki normala izan nahi baduk ez ezak nirekin kontatu. Gizaki normalak saldoka zaudek.

        — Gogoratzen duk Javier Lukin?

        — Ziklista.

        — Tourrean azkena egin zian, eta iseka egiten ziotean denek. Baina dirutza irabazi zian. Hogeigarrenak zer irabazi zian? Amaren deia ere ez. Tour osoa paseatzen eman zian Lukinek. Tipo aztia hura. Eta gero dirutza.

        — Hi jartzen bahaiz, gauza handiak egingo dituk. Konfiantza diat higan. Berritsuegia haiz, baina zerbait egingo duk.

        Horixe entzun nahi zuen. Peoia d4 laukira mugitu zuen Oliveirak, adiskidearen lausenguekin biziki hanpaturik.

        — Zergatik nauk berritsuegia?, zergatik esaten duk hori?

        — Ez dakik aho puta hori ixten. Horixe duk dena.

        Barrara begiratu zuen Oliveirak eta Joxemariren begiekin topo egin zuen. Basoak hutsik zituzten Oskarrek eta Oliveirak. Kezka existentzial hori izango zuen gangsterrak. Norbait edan gabe luzatzen zenean, hortxe jarriko zen erpai, ezer esan gabe, zakur zaharra.

        — Hi, noiz irabazi diok hik Olaizolari? Ez diok sekula irabazi!

 

 

 

© cc-by-sa Lander Garro

 


www.susa-literatura.eus