Bildumaren zerrendara itzuli

  LEHENENGO EKITALDIA   BIGARREN EKITALDIA   HIRUGARREN EKITALDIA

 

 

Bederatzigarren eszena

 

OSTALARiA, MARKESAk eta ALABAk besarkada luzatzen duten bitartean, poliki poliki, atzeraka, oholtzaren bestekaldera doa, begirik kentzen ez diela; gero MARKESAri deitzen dio.

 

OSTALARIA: Markes!

 

MARKESAk ez dio kasorik egiten, ALABAri lotuta jarraitzen du.

 

OSTALARIA: Markes! (MARKESAk apenas bueltatzen duen burua.) Pozik al zaude zure eztei-gauarekin?

JACQUES: Jainko Jauna! Eta nola!

OSTALARIA: Asko pozten naiz. Beno, orain, entzuidazu. Andre zintzoa bazenuen, gordetzen jakin ez duzuna. Andre hori neu naiz. (JACQUES barrez hasten da.) Mendeku hartu dizut zeure dinako batekin ezkontaraziz. Zoaz Hamburgo kalera jakin dezazun zure emazteak nola irabazten zuen bizimodua! Emazteak eta amaginarrebak! (OSTALARIA deabrua lez hasten da barrez.)

 

ALABA MARKESAren oinetara jaurtitzen da.

 

MARKESA: Dongea halakoa, dongea...

ALABA (MARKESAren oinetan): Jauna, zapal nazazu, zanpatu...

MARKESA: Alde hemendik, donge halakoa...

ALABA: Egizu nerekin nahi duzuna...

OSTALARIA: Korri, Markes! Korri Hamburgo kalera! Eta agindu, plaka oroigarri bat jartzeko bertan: «Hemen aritu zen puta lanetan Arciseko Markesa».

 

OSTALARIA deabrua lez hasten da barrez.

 

ALABA (lurrean, MARKESAren oinetan): Jauna, erruki nazazu...

 

MARKESAk, oinarekin baztertzen du, ALABAk hankatik eusten ahalegintzen da, baina alde egiten dio. ALABA lurrean geratzen da.

 

JACQUES: Kontuz, etxekoandre! Ez da horretan amaituko gauza!

OSTALARIA: Horretan amaitzen da ba! Ta ez deskuidatu beste ezer gehitzen!

 

JACQUESek salto egiten du oholtzara eta une bat lehenago MARKESA zegoen tokian geratzen da: ALABAk oinak besarkatzen dizkio.

 

ALABA: Markes jauna, arren eskatzen dizut, utzidazu behintzat zure barkamenaren itxaropena!

JACQUES: Jeiki zaitez.

ALABA (lurrean, hanketatik eusten diola): Egizu nerekin nahi duzuna. Edozertarako menpe naukazu.

JACQUES (ahots zindo eta hunkituaz): Jeikitzeko esan dizut... (ALABA ez da ausartzen jeikitzera.) Hainbeste neska zintzo bilakatu dira emakume lizun! Zergatik gertatu ez alderantzizkoa behingoagatik? (Samur samur) Gainera, ziur nago hustelkeriak azaletik baino ez zaituela ukitu. Ez zaituela sekula harrapatu. Jeiki. Ez al didazu entzuten? Barkatu egin dizut. Lotsa unerik txarrenean ere, nire emaztea ikusi dut beti zugan. Izan zintzo, izan fidel, izan zoriontsu eta egizu neu ere izan nadin. Ez dizut besterik eskatzen. Jeiki zaitez, emaztea. Andre Markesa, jeiki! Jeiki, Arciseko Andrea!

 

ALABA jeiki egiten da, JACQUES besarkatu eta pozez zoratzen musukatzen du.

 

OSTALARIA (eszenatokiaren bestekaldetik oihuka): Emagaldu bat da, Markes!

JACQUES: Itxi mokua, madame de la Pommeraye! (ALABAri.) Barkatu egin dizut, eta jakitea nahi dut ez naizela ezertaz damutzen. Emakume horrek (OSTALARIA erakutsiz), mendeku hartu ordez, mesede handia egin dit. Ez al zara ba zu bera baino gazteagoa, ederragoa eta ehun aldiz adeitsuagoa? Landetxera joango gara elkarrekin eta urte zoragarriak pasako ditugu han. (Oholtza zeharkatzen du neskarekin, eta gero OSTALARIAren aldera bueltatzen da, MARKES paperetik irtenaz.) Eta esan behar dizut, Ostalari andrea, oso zoriontsuak izan zirela. Ze ez dago ezer ziurrik mundu honetan, eta haizeak nondik jotzen duen aldatzen dira gauzak. Eta beti dabil haizea norbera konturatzen ez bada ere. Eta haizeak jotzen duenean, zoriona zoritxar bilakatzen da; eta mendekua sariordain, eta neska txolina andre fidela, inongo konparaziorik gabekoa...

 

 

© Milan Kundera

© itzulpenarena: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren «Txiliku»

 

 

www.susa-literatura.eus