Bosgarren eszena
MARKESA sartu berria da eszenatokiaren beste aldetik eta begirunez besoa ukitzen dio OSTALARIAri. Honek harritutakoaren begirada itzultzen dio.
OSTALARIA: Jesus, Markes! Zenbat pozten nauen zu ikusteak! Zer moduz zure abenturak? Eta gazte-pipil horiek?
MARKESAk hartu besotik eta joan-etorri lasaian hasten dira biak oholtza gainean; makurtzen zaio (MARKESA) belarrira eta galdetu dionaren erantzuna ematen dio.
NAGUSIA: Begira, Jacques! Dena kontatzen dio! Txerri memel ahalena!
OSTALARIA: Miretsi egiten zaitut. (Belarrira hitzegiten dio berriz MARKESAk.) Beti izan duzu arrakasta handia emakumeekin!
MARKESA: Eta zuk, ez al daukazu kontatzekorik ezer? (OSTALARIAk burua dantzatzen du.) Eta kondetxoa, tapoi, nano, sarritako hori...
OSTALARIA: Ez dut jada ikusten.
MARKESA: Baina nola? Zergatik uxatu duzu nano hori?
OSTALARIA: Ez dut atsegin.
MARKESA: Baina nola ez duzula atsegin? Nano guztietan adoragarriena da eta! Ni maite al nauzu oraindik?
OSTALARIA: Baliteke...
MARKESA: Itzuliko naizelakoan zaude eta portaera ezinobearen abantailak gorde nahi dituzu!
OSTALARIA: Eta beldurra ematen al dizu horrek?
MARKESA: Emakume arriskutsua zara!
MARKESA eta OSTALARIA joanetorrian dabiltza oholtzan paseiatuz bezala; beste bikote bat hurbiltzen zaie: AMA eta ALABA dira.
OSTALARIA (harritu papera eginez): Jainko maitea! Egia ote? (Askatu MARKESAren besotik eta bi emakumeengana hurbiltzen da.) Zu al zara andrea?
AMA: Bai, neu naiz...
OSTALARIA: Zer moduz? Non eta ze berri denbora guzti honetan?
AMA: Ezagutzen duzu gure zoritxarra. Oso umil bizi gara eta oso apartatuta.
OSTALARIA: Onartzen dut zuen aparteko bizitza, baina zergatik ni alde batera utzi?
ALABA: Hamaika aldiz gogoratu gara arna ta biok zurekin, andrea, baina esaten zidan: «Madame de La Pommeraye-k? Honezkero ahaztu gaitu».
OSTALARIA: Hori bidegabekeria! Pozten naiz ikusteaz. Hau Arcis-eko Markesa da. Nere laguna. Bera aurrean egoteak ez zaituzte molestatu behar. Baina nola hazi den andereño hau!
Laurek jarraitzen dute paseiatzen.
NAGUSIA: Aizak, Jacques, atsegina zaidak ostalari hori. Apostu, ez deia ostatu horretan jaioa. Beste maila batekoa duk. Asmatu ohi ditudan gauzetako bat duk hori.
OSTALARIA: Bai horixe! Zenbat edertu den andereñoa!
NAGUSIA: Hago ziur, eme noblea duk.
MARKESA (bi emakumeei): Baina gera zaitezte beste pixkatean! Ez oraindik joan!
AMA (lotsati): Ez, ez, bezperetara joan behar dugu... Goazen, ume!
Makurtu eta joan egiten dira.
MARKESA: Jainko maitea, Markesa, nortzu dira emakume horiek?
OSTALARIA: Ezagutzen dudan jenderik zoriontsuena. Konturatu al zara ze pake? Ze baretasun? Jakinduria handikoa dirudi apartatua bizitzeak.
MARKESA: Markesa, barrua kezkak hartuko lidake gure hausturak mutur triste horretaraino eramango bazintu.
OSTALARIA: Eta nahiago al zenuke kondetxoari berriz atea irekiko banio?
MARKESA: Tapoiari? Jakina!
OSTALARIA: Hori al da zure aholkua?
MARKESA: Zalantzarik ez.
OSTALARIA jaitsi egiten da ohoitzatik.
OSTALARIA (JACQUES eta NAGUSIAri haserre): Entzun al diozue?
Hartu mahaitik baso bat eta edan egiten du. Ondoren oholtza ertzean eseriko da. MARKESA ondora eseriko zaio. OSTALARIAk jarraitzen du:
Zenbat zahartzen nauten gauza hauek! Lehengo aldiz ikusi nuenean, ez zen hiru arra baino handiagoa.
MARKESA: Damaren alabaz ari al zara?
OSTALARIA: Bai. Eta loretan dagoen arrosaren ondoan, arrosa ximelaren pare sentitu naiz. Begiratu al diozu ondo?
MARKESA: Jakina.
OSTALARIA: Eta ze deritzozu?
MARKESA: Amabirjiña dirudi.
OSTALARIA: Hori begiratua!
MARKESA: Hori ahotsa!
OSTALARIA: Hori azala!
MARKESA: Hori itxura!
OSTALARIA: Hori irriparrea!
JACQUES: Jainkoaren izenean Markes, hola jarraitzera, ez zara sekula irtengo honetatik.
OSTALARIA (JACQUESi): Horixe ez dela irtengo!
OSTALARIA altxa, hartu basoa eta edan egiten du.
MARKESA: Hori gorputza!
Hori esan, altxa eta irten egingo da oholtzan zirkulu arku bat eginez.
OSTALARIA (JACQUES eta NAGUSIAri): Amuan erori da.
JACQUES: Ostalari andrea, andre Markesa munstro bat da.
OSTALARIA: Eta Markesa! Zergatik utzi zion andre markesa maitatzeari!
JACQUES: Ostalari andrea, seguru ez duzula ezagutzen Labana eta Zorroaren kondaira polita.
NAGUSIA: Ez didak sekula kontatu.
© Milan Kundera
© itzulpenarena: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren «Txiliku»