Bildumaren zerrendara itzuli

  LEHENENGO EKITALDIA   BIGARREN EKITALDIA   HIRUGARREN EKITALDIA

 

 

Seigarren eszena

 

NAGUSIA: Nire abenturak jarraitu eta amaiera beldurgarria izan zian. Abentura batek izan dezakeen amaierarik txarrena...

JACQUES: Eta zein da ba, abentura baten amaierarik txarrena?

NAGUSIA: Pentsazak...

JACQUES: Pentsa dezagun ba... Zein izan liteke abentura baten amaierarik txarrena... Nire abentura ere, Jauna, bukatzetik urruti dago. Birjintasuna galdu, eta lagunik onena aurkitu nuen. Hain nintzen zoriontsu, mozkortu egin nintzela, aitak egurtu egin ninduen, urrutira gabe, errejimentu bat zetorren, pentsatu ere egin gabe lerrokatu egiten naiz, eta gudaldi batean aurkitzen; balaz jotzen naute belaunean, gurdi batean sartu, eta etxetxo baten aurrean gelditu garenean, emakume bat azaltzen da atarian...

NAGUSIA: Hoiek kontatu dizkidak.

JACQUES: Hitza kendu behar al didazu berriz ere?

NAGUSIA: Ea, segiok!

JACQUES: Ezta pentsatu ere! Ez dut nahi behin da berriz eteterik.

NAGUSIA (umoretsu): Ederki. Orduan, goazemak aurrera bidean... Ibilaldi luzea zeukeagu oraindik... Jainkoarren, nolatan ez goazak zaldiz?

JACQUES: Kontu egizu eszenatokian gaudela. Nola ekarriko genituen ba zaldiak...!

NAGUSIA: Ikuskizun barregarri hau dela eta, nik oinez ibili behar. Asmatu gintuen nagusiak ez al zizkigun ba zaldiak jarri!

JACQUES: Hortxe dago arriskua, nagusi gehiegik asmatutakoak izanda.

NAGUSIA: Askotan pentsatzen diat, Jacques, asmakizun onak ote garen. Hik uste, ondo asmatu gaituztela?

JACQUES: Nork, «gaituzte», Jauna? Han goian dagoenak?

NAGUSIA: Idatzita zegoan han goian hemen beheko norbaitek gure historia idatziko zuela eta pentsatzen ari nauk ondo idatzi ote zuen. Talenturik ba al zeukan behintzat?

JACQUES: Talenturik izan ezean, ez zuen idatziko.

NAGUSIA: Zer?

JACQUES: Talenturik izan ez balu, ez zuela idatziko.

NAGUSIA (barrez algaraka): Oraintxe erakutsi duk ez haizela mirabe baino. Idazten duen guztiak talentua duela uste al duk? Eta behin, gu bion nagusiarengana joan zen poeta gazteak?

JACQUES: Ez dut poetarik ezagutzen.

NAGUSIA: Ikusten diat ez dakiala ezer gure nagusiaz. Oso jakituria gutxiko mirabea haiz.

OSTALARIA (eszenatokian sartu berria da; JACQUES eta NAGUSIArengana aurreratzen da eta erreberentzia egiten die): Izan ongietorriak, Jaunak.

NAGUSIA: Ongietorriak? Nora, andrea?

OSTALARIA. Orein Handia Ostatura.

NAGUSIA: Ez dut sekula izen hori entzun.

OSTALARIA: Mahai bat hona! Aulkiak!

 

Bi ostatu-mutil azaltzen dira eszenatokira mahaia eta aulkiekin, eta JACQUES eta NAGUSIAren aurrean jartzen dituzte.

 

OSTALARIA: Idatzita zegoen, pasarakoan gure ostatuan geldituko zinetela; bertan jan, edan, lo egin eta etxekoandreak esandakoak entzutera; paregabeko moko zorrotzekoa berau eta ezaguna ehun leguako bueltan.

NAGUSIA: Neure mirabea nahikoa ez-ta!

OSTALARIA: Zer behar dute jaun hauek?

NAGUSIA (OSTALARIAri salokeriaz begira): Pentsatzea merezi du horrek.

OSTALARIA: Ez daukazue pentsatu beharrik; idatzita dago ahatea hartuko duzuela, patata eta ardo botila bat...

 

Irten egiten da.

 

JACQUES: Jauna, hasi zara ba poeta baten gainean zerbait esaten.

NAGUSIA (artean, OSTALARIAren xarmapean): Poeta?

JACQUES: Zure ta nire maisuarengana joan zen poeta gaztea...

NAGUSIA: Bai! Behin, poeta gazte bat etorri huen asmatu gintuen gure nagusiarengana. Poetak sarri etortzen zitzaizkioan molestatzera. Poeta gazteak samalda beti. Laurehun mila inguru gaineratzen dira urtero. Hori, Frantzian bakarrik. Eta okerragoa da nazio ez hain landuetan!

JACQUES: Ta zer egiten zaie? Ito?

NAGUSIA: Aintzina hala huen ohitura. Espartan, orduko garai on haietan. Han, poetak, itsasora amiltzen zizkiaten harkaitz puntatik, jaio orduko. Argitasunaren gure mende honetan, ordea, zilegi zaiok edonori bere azken egunetaraino bizitzea.

OSTALARIA (ardo botila dakar eta edalontziak betetzen ditu): Gustokoa?

NAGUSIA (ardoa dastatu ondoren): Ona oso! Utzi botila. (OSTALARIA irten egiten da.) Beraz, behin, poeta gazte bat azaldu huen gure nagusiarengana eta paper bat atera zian poltsikotik. «Hau bai ezustekoa, dio gure nagusiak, bertsoak dira eta! — Bai, bertsoak, Jauna, neure uztako bertsoak, dio poetak. Egia esateko eskatzen dizut, egi-egia. — Eta ez al zara egiaren beldur? dio gure Nagusiak. — Ez», erantzun zuen poeta gazteak ahots dardartiaz. Eta gure Nagusiak esaten dio: «Lagun maitea, ez bakarrik erakutsi didazu zure bertsoek beren pisua kakatan ere ez dutela balio; hoberik idazten ere ez duzu sekula lanik izango! — Lastima da, dio poeta gazteak, hortaz, bertso txarrak besterik ez dizut egingo neure bizitza guztian.» Eta gure Nagusiak erantzuten dio: «Aditzen ematen dizut, poeta gaztea: Ez jainkoek, ez gizonek, ezta seinaletako posteek ere ez diete sekula barkatu eskastasuna poetei! — Badakit, dio poetak, baina ezin dut ezer egin. Sastaka bat da.»

JACQUES: Zer dela?

NAGUSIA: Sastaka bat. «Sastaka izugarri batek bultzatzen nau bertso txarrak idaztera. — Berriro diotsut, jakinean zaude!» oihukatu zuen gure nagusiak; eta poeta gazteak erantzun: «Badakit, Jauna, zu Diderot handia zarena, eta ni poeta txar bat, baina gu poeta txarrok gara ugarienak, beti izango dugu gehiengoa! Gizadi osoa poeta txarrez baino ez dago osatua! Eta entzulegoa, izpirituagatik, gustoagatik, sentimendua, ez da poeta txarren bilera bat baino! Nola uste duzu poeta txarrek irain ditzaketela beste poeta txar batzu? Gizadia osatzen duten poeta txarrak txoratu egiten dira bertso txarrengatik! Hain zuzen ere bertso txarrak idazten ditudalako bilakatuko naiz egunen batean, poeta handi bete-batean!»

JACQUES: Hori esan al zion poeta txar gazteak gure Nagusiari?

NAGUSIA: Hitzez hitz.

JACQUES: Ez dute ez egi faltarik hitz horiek.

NAGUSIA: Ez horixe. Eta pentsakizun laidogarri bat dakarkidate burura.

JACQUES: Badakit zein.

NAGUSIA: Ba al dakik?

JACQUES: Badakit.

NAGUSIA: Tira ba, esantzak.

JACQUES: Ez, zerorri otu zaizu lehenengo.

NAGUSIA: Aldi berean izan duk hik, ez esan gezurrik.

JACQUES: Zure ondoren izan dut.

NAGUSIA: Beno, ba, zein da pentsakizuna? Tira! Esantzak!

JACQUES: Otu zaizun ideia da, gure nagusia ere agian poeta txarra zela.

NAGUSIA: Eta nork froga lezake ez zenik?

JACQUES: Zuk uste hobeak izango ginatekela beste baten asmakizuna bagina?

NAGUSIA (pentsati): Segun. Idazle handi baten, genio baten lumatik irtenak bagina... dudarik ez.

JACQUES (triste, isilune baten ondoren): Ba al dakizu tristea dena?

NAGUSIA: Zer da tristea?

JACQUES: Zeure sortzaileaz hain eritzi txarra izatea.

NAGUSIA (JACQUESi begira): Sortzailea bere obragatik epaitzen dut nik.

JACQUES: Maite egin behar genuke asmatu gaituen nagusia. Zoriontsuagoak ginateke maiteko bagenu. Baina zuk, zuk sortzaile hobea nahi zenuke. Esan egia, birao egiten duzu, nagusi jauna.

OSTALARIA (janaria dakarrela erretiluan): Hemen ahatea, Jaunak... Bukatutakoan, Mme. de la Pommeraye-ren istorioa kontatuko dizuet.

JACQUES (atsekabez): Bukatutakoan, neuk kontatuko dut nola maitemindu nintzen!

OSTALARIA: Zure nagusiak erabakiko du nork kontatuko duen.

JACQUES: Et-et-et! Nik ez! Hori, han goian idatzita dagoenak erabakitzen du.

OSTALARIA: Han goian idatzita dago, niri tokatzen zaidala kontatzea.

 

TELOIA

 

 

© Milan Kundera

© itzulpenarena: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren «Txiliku»

 

 

www.susa-literatura.eus