Krokodil bat daukat bihotzaren ordez
Krokodil bat daukat bihotzaren ordez
1986, poesia
112 orrialde
84-398-6304-7
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1985, nobela
Krokodil bat daukat bihotzaren ordez
1986, poesia
112 orrialde
84-398-6304-7
aurkibidea
 

 

II

 

isiltze hormatuak arresten ditut gaur:

            gauez gau zain lodi orlegietako molekula bizkorrak,

            esperantzaz eta kemen zintzoz hantuak nekadura handiak

            bat-batean udalatu dizkit.

isiltze hormatuak

            baserrian egoten naiz ur eskasez lehortzen diren belarren

            artean erdi aroko ermita inspiratua iduri, kalitate

            merkezko polizi nobelak irakurtzen, edo Leonard Cohenen

            songs from a room entzuten.

haserre nago ardura ez dakit ordea zergatik.

isiltze hormatuak amesten ditut gaur

            arratsetako delirio beltzetan piztien begi gorrituegiak

            gailurretako eremu haizetsuetan zartatzen, apurtzen,

            errauts bihurtzen suma ditzazket.

isiltze hormatuak edo ezaren blues mutuak:

            loa, pertsona zuzen normalen loa ezin lortuz erre eta

            erre aritzen naizelarik gau osoak egun argi zaizkit.

            euriaren eta ilargiaren borroka gogorrak sor arazten

            dituen iluneko ortzadar koloredunak ikusten ditut,

            baina nehork ez nau sinesten, edo igelen oihu sinfonikoak

            gerorako poesi materia gisa zinta higatuetan grabatzen,

            diote burua galdua dudala.

ezaren blues mutuak

            ez dut adrenalinarik aski produzitzen estrategia zaharren

            arabera atakatzen muten konformismo lasaiaren armada

            segurrei kolpeka erantzuteko,

isiltze hormatuak arresten ditut gaur

isiltze hormatuak edo kaos aurreko haur:

            bizitzaren flipper zaratsuan arras malestruka naiz,

            partida frango pagatzen ditut baina beti score ttikiak

            ardiesten: etsiturik nago eta flipper'ak madarikatzen

            ditut ondarrean.

ezaren blues mutuak

            gero pentsatzen dut erreakziorik hoberena, nere kasu

            debaldean negarrez hastea dela: saia eta saia ez zait

            malko malerus bat ere ixurtzen. hamasei urtetan baino

            altzeiruztatuago naiteke menturaz. orduan behintzat

            erromantikua nintzen, orain ezer ez.

isiltze hormatuak

            laino gainetako ezpazio zabatetan beldurrak, lotsak,

            herabeak hegaldaka dantzari dabiltza arrano gosetiak bezala.

            elur egin dezala Tenereko mortuan...

kaos aurreko haur

            izatea barnetik deskonposatu nahi dut, idealezko

            ama mitologikoen sabelera itzuli, iragan garaietan

            atzerago joan, ulertuko ditudan bizitzaren oinarrizko

            mekanismo konplexuak isilune dorpe honetan aurkitzearren.

isiltze hormatuak

            afari gaitzak antolatzen dituzte auzo bereko lagunek

            ilusioak saltsa gurintsuetan hurrupatzeko eta nik

            kondenatuen azken porru salda iresten dut hertzeak

            kalamitate bortitzen ondarkinetarik garbitzeko.

ezaren blues mutuak

            kaos kosmikoa nere mundua da. haragia hitz bilaka

            dadila bi mila arte iraun duen bitxikeria hau hortan akabatzeko.