Hotel Majikoa
Hotel Majikoa
1984, nobela
190 orrialde
84-398-1080-6
azala: Oskar Laske
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
 

XXVIII - Elizan txapelak erantzi

- Ezkontzeko esan zizun? -galdetu zion Graxik, Niko eta biak plazako banku batean goiz ederrez jadanik zeudela-; eta zuk?

      - Nik ez nekinan zer esan -erantzun zion Nikok-; neska hark txoro eginda bait ninduen.

      - Ezkondu, Niko? -harritzen zen Graxi-; gazte zara gero!

      Nikok irribarre egin zion.

      - Eta Txo, non da? -galdetu zion.

      - Anaia? Atarramendu onik ez anaiak! Da: saltsero!, eta ez da lasai gelditzen; ez du beste inork hark bezala ezagutuko hotela. Bueno, hori seguru. Ondo denekin bai, baina neretzat hasi zaizkiola jerenteak gaizki begiraka, nola baita izakera horretako...

      - Eta hi gaur libre...? -interesatu zen Niko.

      - Lana? Gaur nagusia ez dago, libre hartu du horrek; zer pentsatu du?, nik ere bai piperra, itxi museoa, ospa!

      Orain bankura gizon xahar bat zetorkien, eta Niko beha zegokiola, eseri zitzaien.

      - Barkatu -esan zion Nikok duda liparño bat gaindituta-; zu Max ez al zara?

      - Max naiz bai -erantzun zion xaharrak-; ezagutzen al zaitut?

      - Zuk ni, ez dakit, nik zu, bai; ez dakit bibliotekan ohartuko zinen...

      - Zu bazina bakarra!; beti jendea da han, beti jendea...!

      - Esterrekin eta...

      - Ester, a, bai! Neska jatorra, hori!

      - Egiten ari zirenaz esplikatu zenionaz ez nuen tutik ulertu...

      - Nerezko gauzak izango ziren eta.

      - Zer egiten duzu, ba? -galdetu zion Graxik, behatz bat ilearekin jolasean zuela.

      - Ari bait naiz -urruma egin zuen- teoria batzuk desarroilatzen, herri honek ezin beharrago dituenak, aurrera ikusiko badu; zera da -segitu zuen, Niko eta Graxi adi zituela konprobatuz gero-, zenbait zientziaren konbinaketa, esan nahi dut lojika, biologia, sendakintza eta zera artzantza, besterik badago ere batipat horiek, eta horiekin denekin, euskara mamia dutela, zera berri baten edifizio berri baten oinarriak jartzen hasi, segitzen al nauzu e?, hormetaz deskubritu egin behar da zera, horiek guzti horiek non elkar jotzen duten, elkar jotze puntu horietan beraietan egiten bait dira elkar lagungarri eta horietan sortzen da, zera, horixe, sormena...

      Nikok ezpaikor begiratu zion Graxiri eta honek sineskaitz begiratzen ziola ikusi zuen. Maxi ideiaren bat galdu bide zitzaion eta gogoratu nahirik eskuak eragiten zituen:

      - Bai... hori da... azkenez... hori... zera... nioena... badut nonbait... zeratu egin dut... ez... bai... gauza berria... ez ote...?

      Gogoraketan bata begiraketan neskatila eta Niko, lagun batzuk pasatzen ziren orduan plazatik.

      - Gehiago ere!

      - Ez sexu berekoak!

      - Femeninoekin zer egingo huke ba?

      - Jo!

      - Haiek bai, jo hiri!

      - Adarra!

      - Jipoia!

      Nikok berehala ezagutu zituen; Ruiz, Lolo eta Patxiku ziren, lehen noizpaiteko farrandakideak.

      - Niko! -ezagutu zuen Ruizek.

      - Niko! -ezagutu Lolok.

      - Niko! -Patxikuk ere.

      - Zer habil motel!

      - Bizi i haiz!

      - Zertan galdu, lehengoan!

      - Sekuestratu ala!

      - Gu ez gaitzitek ba sekuestratu!

      - Nahi bai baina!

      - Hirugarren gaupasa eginik eta hemen gaituk!; hik uste al dun -Patxikuk Graxiri esaten zion-, hik uste al dun hortakoz dretxorik badagoela? -eta neskatilagatik Nikori:- laguntxo polita.

      - Neri esan! -esan zion Graxik, eta Patxiku partzialki mozturik gelditu zen.

      «Bai -ohartu zen orduan Niko-, egia da polita dela Graxi».

      - Orain esperoan giaudek, ea ostatuak irekitzen dizkiguten edo...

      - Hiru ordu zeramazkiagu lehorrean hiru!

      - Orain eguerdikoz...

      - Ba nik gaur -esaten zuen Lolok- ilundu arte ez diat zurrutik egingo!

      - Orain esango didak kojuenean.

      - Ez diat egingo, ez! Eguzkia goian bitartean ez diat zurrutik egingo!

      - Eguzkia? -galdetzen zuen Ruizek, lurretik harri mokor bat hartzen zuela- baietz jo eguzkiari!

      - Ezetz hik jo!

      - Salda baietz!

      -Tira!

      Ruizek abiada hartu zuen eta bota zuen harria. Lurrera ez zen, eta Ruizek:

      - Salda!

      - Eguzkiak hor segitzen dik!

      - Jo egin zioat ordea! Botzea heure kontu!

      - Zer, goazen mezara? -galdetu zuen Lolok; Nikok ikusi zuen, hain zuzen ere, elizarako ari zela jendea.

      - Bai joan egin beharko -erantzun zuen Ruizek txit burutsu.

      «Kurioso da -kontsideratu zuen laburrean Nikok- jende honen sinismen bortitza; normala ere bada; baina normala izanagatik, kurioso ere bada»; eta bereziki ikusgarria iruditu zitzaion gizonezkoek elizatarian txapelak eranzteko usarioa.

      - Bueno -esaten zuen Patxikuk-, geroxeago ikusiko gara: Niko-ta...

      - Graxi -esan zion neskatilak, pozikan.

      Nikok ere agurtu zituen. Han-artean jarraitzen zen Max burura nahiean:

      - Baliteke... ez, badaiteke... zeratuago emanez gero... horixe falta da... zera bakarrik da...

      «Honek ez du bueltarik», izan zen Nikoren ustea: eta Graxiri galdetu zion:

      - Hi ez hoa mezara, Graxi?

      - Ni mezara? Horretan ari nintzen pentsatzen! -eta gero:- eta zu?

      - Ez -esan zuen Nikok-, ni ere ez: ni ostatura joanen naun, zerbait edatera -eta jeiki zen-; bahator?

      - Ez -erantzun zion Graxik-; ni hemen izango naiz, eguzkitan; tori -eta ezpainak eskaini zizkion.

      Nikok bereak hurbildu zizkion eta ahoan musu tikia kokatu zion.

      - Eta -esan zion neskatilari- Txo ikusten badun, hemendik bila nabilkiola esaion.

      - Bai, esango diot; agur!

      Ostatua plazaren bestaldean zegoen: elizondotik pasatzean, Nikok barnetik:

      - Amen! -entzun ahal izan zuen.

      Ostatuak sarrera estua zuen baina nahiko erosoa zen barnea. Mahai luze bakarrean gizon batto baizik ez zegoen, artilezko txalekoz, aurpegi moreaz, eta harekin jarri zen Niko. Jaun ostaliera amantalez etorri zitzaion eta zer behar zuen galderari:

      - Refresko bat limoizkoa -erantzun zion Nikok, eta besteari:- ez duzu deus nahi, zuk?

      - Ez-ez.

      - Zuk egina duzu hamarretako?

      - Bai-bai.

      - Aspalditxo?

      - Bai aspalditxo.

      Ostalierak refreskoa ekarri zionean:

      - Ez kasurik egin horri -abertitu zion-; frankotxo edan du eta ez du atenditzen.

      Joan zelarik, gizona berezko doinuz hasi zen:

- Zertarako atzoko ero bolada?
galduak orain atorra eta txapela
igoko balitz Matti pixkorra,
adituko nuke: O, Joxe, ze gizon kazkarra!

      Beste bi gizonezko sartu ziren. Bat besomotza zen, bestea zaintsu argala. Nikok ez zuen ulertu kantari zegoenari agur modura esan ziotena. Biek erretzen zuten eta inpernukeriak botatzen zituzten.

      Ondoren beste gizon bat sartu zen, westerretako bakeroen ibileraz eta jurnal bat zekarrela; jarri zen hura ere, hortzartean txua bota metro batzuk haruntzago, atzera aulkia, mahai gainera botak, eta irakurtzeko imintzioak egin zituen. Nikok lehen orrialdean izenburu hau desleitu zuen: «Garrantziko funtzionarioa desager».

      Gero koadrila handi bat sartu zen ostatuan:

      - Gorria!

      - Beltza!

      - Txuria!

      - Gehiago!

      - Oxtia!

      - Joder!

      - Laputa!

      - Dedios!

      Nikok, joatekotan, dirua atera nahi izan zuen, baina tas-tas batean tas-tas bestean dirurik ez zuela konturatu zen. Orain barran zegoen ostalierari joan zitzaion, eta momentu batez aditzeko mesedez, eskatu zion.

      - Zer behar da, bada? -esan zion ostalierak, moskeatua.

      - Ez; begira: inoiz gertatu ez zaidana ez dakit nola orain... galdu bait dut dirua, edo kendu didate, nik ekarki dut eta...

      - Dirurik gabe e! -ostaliera samur jartzen zitzaion.

      - Nihaurk ez dut entenditzen...

      - Ez al dizu lotsarik ematen? -galdetu zion ostalierak geroz eta beltzago-; zer uste duzu: hesteok, aberats, ezta?

      - Ez noski, zin egiten dizut...

      - Ni ere gaizki nago e!, oso gaizki nago ni ere! Oso gaizki! -ostalierak, Niko mukulago bera sutanago.

      - Begira: hor kanpoan badut lagun bat eta...

      - Zoazi hemendik, zoazi eta ez zaitzadala sekulan ikus! -bota zion ostalierak, iadanik erretzen zuela.

      «Jo baino lehen eskapa», pentsatu zuen Nikok, aparte bastante lotsa ematen ziola jendea, zuen bezala, begira izateak; eta ateruntz jo zuen.