Hotel Majikoa
Hotel Majikoa
1984, nobela
190 orrialde
84-398-1080-6
azala: Oskar Laske
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
 

III - Hamarretan hamarretakoa

Ideiarik ez. Nikok, kantu-jaialdi hartan zenbat denbora egin ote zuen. Halako batez, alimaleko laguna heldu zitzaion eta, hizketarako matrail hezurra apenas mogitzen zuela, esan zion:

      - Mujikaren esperoan haizena ez haiz izango, hi? Haren aurpegi mehatxukorrez ez zuen Nikok brastakoan erantzuten asmatu, eta azkenez:

      - Neu naiz, bai. Oraintxe esperoan ez, baina.

      Segundoko hamar bat hitz egozten zuela, besteak:

      - Atzerapen txiki inboluntario bat izango duela-ta, etorri ez duela berehala egingo-ta, bienbitartean inguru-bazterrak piska bat ikus ditzakeala nerekin nahi baldin baduk. Gerrikoak aske, jendeak kafeak eta kopak kontsumitzen zituen. Mutil kozkor hordi batzu zeuden orain kantan, ziotenaz inor enteratzen ez zela.

      Goazen, bada -zutitu zen Niko; eta segidan:- nora joan behar dugu, baina?

      - Paraje batzu badituk hemen hire interesekoak daitezkeenak; eta, haiek ikustera -eta esku mogimendu lasaiaz jendetartean bidea egiten zuela kanpoaldera abiatzen zen.

      «Mujikak esanda jakingo ote du honek...?», pentsatu zuen Nikok, eta jarraitu zitzaion besteari.

      Laster bulla atzera utzi eta mendi gorrian ziren. Han, haize xirrixta zegoen, bero baina, beroz txoriak berak gordean eta isilik; bide xidor bati segika gurdi bidera heldu ziren, eta han astoa gurdi gainean zeramala sokatik tiraka zihoan laborari bat agurtu zuten, eta beste inor ikusi gabe aurrera jo zuten, kurba batean beste bidets batean goiti, goitiago eta preskoago, lainoa ordukotz, haize lasten batez hotza sentitu zuen Nikok baina, bestea gelditzen ez bait zen, harekin joan beharko.

      Sarri baserri baten aurrean ziren. Handia zen baserri hura, ikaragarri handia, etxeaz at beste hiru dependentzia, bata txerriendako segur, haren atarian han bait ziren tirripi-tarrapa bazka egiten zerri gizen batzu. Haien artean, jolasean, begi berde urdinezko ume tipiak, muki kandelaz, laztan egiteko modukoak.

      - Hemen gosari egitea ez duk nik egingo ez nukeena!

      Gehiagorik ez baina, kafesnea bai gustora edango zuen Nikok, madalena guri-guria baldin bazegoen bertan beratua, eta buruz baiezkoa eman zion lagunari.

      - Kaixo, Xelmo! -bota zuten oihua leiho batetik.

      - Xo, Manuela! -erantzun zuen Xelmok, hala deitzen bide bait zen Nikoren laguntzailea.

      - Sar zaitezte, sar -goitik emakumeak, fuerte, zerriek ongi ezagutzen zuten ahotsez, konpuesto eske gur-gurka hasi bait ziren.

      Xelmo sartu zen, eta Niko sartarazi. «Hauek dira paisajeak eta ohiturak», pentsatu zuen Nikok, txerri-mutikoei azken soa eginez.

      Igo ziren eta han, kea baizik ez zegoen gela hondamendi batean, logela izan zitekeena (bazegoen tipo bat izkina batetan ohe gainean seko), baina ikuilu ere zitekeena zena (behorraren bizkar beroa ageri zen bi txapazko atearen gibelean), eta hala eta guztiz Nikok sukaldearen trazak hartu zizkiona (errearen usaia, eta han fondoan zenbait emaztekiren ipurtarinak dantzan), han bada, batera-besterako emazteki haien kontura, primeran, gizonezko batzu zeuden eserita, sartu xingarra ogibitartean eta benga barrura beste zuloska batetik porroitikako ardoz laguntzen zirela. Solasean denak, eta trankil orruka.

      Nikok ezagutzen ez zuen gaia zerabilten.

      - Maskarada zera horretan denak dituk bueltak, berehala aspertzen haiz!

      - Ezetz gizona, hi pastoralaz ari haiz, jakingo al duk zer den bata zer bestea!

      - Ez, hik erakutsiko didan, munduan oso ibilia nola haizen!

      - Ikasi dukenerako ibili beharrik ez zegok!

      - Ni harekin niagok!

      - Ba ez, hori ez duk hola e!

      - Nik hala ikusia!

      - Hi begi baldarra haiz-ta!

      - Redios!!

      - Ken ezak burua erreko bait haut!

      Nikok entzun egiten zuen, eta baxterrean, lo zegoenaren aldamenean gelditu zen isilik; Xelmok berriz dinbi eta danba bi gizakumeri bultza egin eta solasaren erdian jarri zen.

      Ana esaten zioten neskatila sugandila etorri Nikori eta ea zenbat arraultze nahi zituen. Mesedez, kafesnea, baldin bazegoen, galdegin Nikok, zeinarekin kafesnea ez ezik -eta ze gozoa, behi esne beroa-, Anaren sinpatia ere irabazi bait zuen.

      Ana ere sinpatikoa izaki, nahiz eta hango denak bezain oihularia, eta maskaradetatik ez ziren ateratzen, eta Ramon esaten ziotena hasi zen lurralde haietako dantzaren nolakoak erakutsi nahirik, eta «Ho-Pitxu!»-ka batzuen eta besteen gainean saltoka hasi zenean, kaxuelak botzeaz bat, denen barneak eragin zituen, ez Antselmorenak horratik, honi Ramon saltsa hura bere emaztean eskua sartzeko aprobetxatzen ari zela iruditu bait zitzaion, edo hala pentsatu Nikok behinik-behin, haren lagun gutxitako aurpegia ikusirik.

      Nikori ere umorea goitiska, eta Ana albotik pasa eta zerbait esateko une egokia zelakoan:

      - Kafea ona dago, eta zu polita zaude.

      - Egon ez, izan banauk -erantzun zion Anak; aski deskalabrua Nikorentzat, erantzuteko betarik izan gabe neskak alde egin ziolako.

      Orduan, leihatilatik, fenomeno polita ikusi zuen. Bazen etxe aurrean soka batez estekatua ahari bat, hura lehen ikusia zuen etxerakoan, sasiari pazientziaz horzka-horzka. Orain, aldiz, ikusi zuen nola alde batera begiratzen zuen, nola bestera ondoren, eta inork ez zekusalakoan, hortzen tiraldi batez soka askatu eta polliki haseran baina geroz eta lasterrago, hanka egiten zuen. Nikok aharia urruntxo abiaduran zihoala orein bilakatzen zela zin egingo zuen.

      Keaz zorabiatzen ari zelakoan, xutitu zen eta, inor konturatu gabe, sukalde zabaletik atera. Eskailerak jeitsi eta atarian, esnea pertzatik marmitara botatzen ari zen atso xahar-xahar batekin aurkitu zen.

      Hark, dudarik gabe, Niko seme-alaba-ilobaren baten laguna zelakoan, galde arrunta egin zion:

      - Ontsa zarea?

      - Bai, ontsa. Zu berriz lanean?

      Atsoak pertza hartuta behietara itzultzen zen, eta Niko haren itzalean.

      - Egin beharra! -eta behi gorriaren errape ondoan jarrita titiak garbitzen zituela, Nikori begira:- Hor dira egun denak alegrantzian, ontsa da hori, liberti daitezen, hortakotz ere eginak bait gara.

      Nikok xoratuta behatzen zituen atsoaren begi malkotsuak; etsipenaren atzean indarra nabaritzen zion.

      - Horiek -jarraitzen zen atsoa, goian zirenengatik- ez dira hemen geldituko ez; ez dute ilobek hemen gelditu nahi. Zertarako gelditu? Latza bait da hau; hemen latza da gero...

      - Ba ni -lipar bat pasata ez zuen Nikok jakingo hitzok nola irten zitzaizkion-, ni gustora geldituko nintzateke hemen -eta hobeto pentsatu bait zuen:- ustez.

      - Lan egin nahi baduzu gogorra da hemen -atsoak nonbait Nikok gelditu nahi zuela interpretatzen zuen.

      - Ez, ez... Ni kanpokoa naiz...

      Atsoak, praktika, moztu zion esateko:

      - Han, gaizki gauzak!

      - Bueno...! -Nikok ez zekien horretaz zer esan.

      - Aizu -atsoa altxatzen zen eta gertura:- mesede bat egingo al didazu? -Nikok baietz eta orduan atsoak:- Fijatuko zinen noski hona sartzean, ezkerretara borda bat badagoela. Borda horrek harunzko aldetik sarrera bat badu, eta han barnean laupabortz hortzekoa badago, ba, hura ekarridazu, behar bait dut hemen...

      - Nola ez? Berehala hemen nago -agindu zion Nikok, eta arin abiatu zen.

      Etxeari buelta ematen hasi eta oilotegia hemen, baratza hor, lokatza han, buelta ez zen bukatzen. Lokatzan sarturik zegoela, gaztain baten atzetik, basa gizon ikaragarria agertu zitzaion, neolitiko itxuraz arropak xeheturik eta makilkotea eskuan zuela.

      - Arren, borda bat badago etxe sarreran eta nola naitekeen...

      Basa gizonak begiak odoletan txertaturik altxatu zuen makila eta:

      - Han -esan zuen, eta makila gora eutsi.

      Nikoren orientazioak bestela zioen baina ez zen inolako objeziorik egitera ausartu, eta mileskerrak emanik seinalatu bidetik joaki zen.

      Aitzinxeago, kapilla txiki bat bazegoen, eta metro batzutara harri gastatuzko hilobia, inskripzio bakartzat «FERMIN» zeukana. Nikori hilobi hartan baserriko atsoaren gizonaren hondarrak egon zitezkeela bururatu zitzaion. Urteak izango zituen. Beharbada itsuski penatuko zuen atsoak harekin; horrek esplikatuko zuen oraingo etsipena eta gogortasuna. Atso hura hobeto ezagutzekoa zen; izan ere, zer ez zekien baina, bazuen zerbait...

      Holatan eta halatan, uste ez bezala, atsoak bidali bordara basa gizonak gidatu xendratik iritsi zen.