Hotel Majikoa
Hotel Majikoa
1984, nobela
190 orrialde
84-398-1080-6
azala: Oskar Laske
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
 

VI - Hanka jokoan

Palante lagun, askatasuna xede, gezur ate batetik irten zen Niko konstrukzio hartatik eta koartelaren zabortegian sartu zen. Zabortegiko enplegatuek, uniforme butanoz, ikusi bai, Niko eta Palante, begi aurrean sartu bait zitzaizkien alkantarila batean, baina ez zieten jaramonik egin.

      Ubide horrek -Nikok basa zerri hari ura bait zeritzon- handiago batera eraman zituen, kondukto-adar ugariren hiltzaile.

      Ura belaunetan, mantso-mantsoan, ordu erdiko bidean adar haietarik batean geldiune egin zuten, eta Palantek txaketaren poltsikotik lukainka eta ogi muturñoak atera zituen, eta, lehenik, Nikori eskaini zizkion. Honek puxka bana hartu zion, eta Palantek komentatu zuen:

      - Militar zerriak!

      - Bai! -Nikok pentsatu zuen, izan ere, hala zirela militar haiek.

      - Haienak egin dik!

      - Ez dakit nik -neurriz erantzun zion Nikok.

      - Hik? -moztu zion Palantek goitik behera begiratzen ziola, eta mokadu bera murtxika eta murtxika, ez bait zegoen sartzeko besterik.

      «Honek hartu dit, kanpotarra naizela», pentsatu zuen Nikok, baina ez zen horregatik koldartu:

      - Zuk ba al dakizu?

      Palantek irribarre segurua egin zion; gero berriz misterioso:

      - Saiatuko...

      - Zaila ordea -esan zuen Nikok misterio jokoan sartzea erazko zela iritzirik.

      - Entzun -harrotu zen Palante-: esku hauekin kapitain jeneralari lepoa bihurtu nioken -eta lepoak bihurtzeko propio eginak ziruditen esku zaintsuak erakusten zizkion.

      - Harrapatzen bazaituzte...

      - Hil artean bizi; bizi artean, hil -sententziatu zuen Palantek; eta, murtxikatzeaz nazkatua, irentsi zuen ogi-lukainka bola, Nikok apetitoz ikusi zuen operazioa.

      Bideari berrekin zioten. Laster ziren tubo haietatik kanpoan, kale malda oker batean, adokinez egina. Palantek ere ez bide zekien nontsu ziren ere, noragabean ibiltzeko traza guztiak behintzat, hartan gora, hurrengoan behera, eta gora, eta behera, eta horrela.

      - Zapelaitzak! -bota zuen Palantek bat-batean, eta etxe zahar batzuren atzean mendia bait zegoen, eta mendi hartan direkzio askotako bideskak -denak zutak, ras bertikal ebakia bait zegoen mendia, etxeak eusteko maneran-, haruntz egin zuen korri.

      Harekin Niko, uniformezko jendea ikusi eta heldu zela ikusirik. Etxearen bost pisuak egin zituzten mendiko sasi eskilara batetik gora, eta boskarrenaren parean zirela -etxearen azkenekoa- salto eman -Palantek aurrenik, Nikok aldiz begi itxirik, deusezean metro moltzoa zegoela iritzirik- eta despensa batean aurkitu ziren.

      Niko, dena zen belarri. Minutu bat, eta ezer ez. Bi minutu, eta ezer ez. Hirugarren minutuan despensaren atea ertireki zen eta amona poxpolin baten burua.

      - E, e... -esan zuen, eta behatza ezpainetan : -ssss! -eta gero:- etorri, etorri hemendikan.

      Nikok Palanteri begira, eta honek Nikori, eta sorbaldak uzkurtuz, kasu egin zioten amonari. Honek pasarazi zituen gela batera eta tapiz zaharrezko aulki banatan jarriarazi.

      Oso gela txikia zen, eta espazio gehiena mueblek hartua. Sofatxoaren gainean, apur bat kukuilduta aguretxo bat lotan. Hargatik mintzo zen isilka amona pospolina.

      - Bah, bah, igual dio, ez duzue ezer kontatu beharrik -hitzak eta besoak, bat ziren; eta, lainotasunez:- nik ez dut ezer ikusi e!

      Aparadoretik dirdir gabeko kristal gastatuzko bi kopa hartu, mahaian ezarri eta ardo gozoz bete zizkien. Gero, pasta kaja bat atera zuen.

      - Jan, mutilak, jan, gustatuko zaizkizue pasta hauek -eta ilusioz kontenplatzen zituen.

      Nikori iruditzen zitzaion Palantek hartuko zuela iniziatiba hizketan, eta ez zekien zen esan. Beharbada gauza bera pentsatuko zuen Palantek Nikoz, berdin ere isilik bait zirauen. Hau deziditu zen azkenez:

      - Amona: non demontre gauden jakin al daiteke?

      Amonak, lojikaz, begiak platerak zituela:

      - Nere etxean...!

      - Etxe polita -sartu zen Niko, lagundu nahiz-: txikia, baina polita benetan -eta errematean, satisfakzioz:- eta pastak, oso onak.

      Orain Palantek irekitzen zizkion plater begiak Nikori, eta honek pasatu zela ulertu zuen.

      - Parteaz galdetzen nizun... -ahalik eta gozoen, Palantek amonari.

      - Partea? Ah, bai! Portuan zarete, portuan, bai...; baina lasaitu zaitezte -eta hurbiltzen zitzaien-, orain Esteban etorriko da, Esteban, bai, nere semea, eta hark eramango zaituzte bakean hemendik.

      Palantek egin zuen kopatik zurruta, eta Nikok ere bai, erosoago sentituz.

      - Aitona gaizki al dago? -galdetu zion Nikok amonari.

      - Burutik ez dabil oso ondo -eta amonak behatzak jirabira eragiten zituen buru gainetik-. Berrogei urtetan istripua izan zuen itsasoan, maxinak klask! besoa moztu zion, eta akabose. Geroztik jakina, lana utzi, eta asko kanbiatu da; nahi duenean lo, esna nahi duenean, beti bere gisa. Gauean gauza arraroak egiten ditu gizagaixoak.

      - Zerriak! -eta beso mozketaren erruduna aurrean balu legez Palantek hortzak estutzen zituen.

      Orduan atea ireki zen Esteban sar zedin. Hogei-ta-hamarrak paseak izango zituen Estebanek, ile hori nahasia eta tximista begi-ninitan.

      - Egun on denoi -agurtu zuen.

      - Bai eta zuri ere.

      - Zer berri dugu? -zuzen jakin nahirik Estebanek.

      - Biok -informatu zion amonak, apaltasunez-, hona sartu behar izan dute eta, nik, seguru asko herorrek pasatzen ahalko hituzkeela...

      - Ezingo al dugu ba? Goazen, lehenbailehen -Esteban ere ez zen erdimerditan gelditzen-; oraintxe dugu motorra hor behean, karga pasatzekotan.

      - Kontrabandoa? -galdetu zion Palantek.

      - Bai -mukiak garbitzen zituela, Estebanek.

      - Badut nik lagun bat tabernari eta hark esan zidan interesatuko litzaizkiokeela kaja batzu tabako... -eta enroilatu zen, Esteban adi zuela.

      Bitartean, amonak pasta batzu sartu zituen poltsa batean Nikori emateko.       - Baina...

      - Gustatu zaizkizu eta har itzazu benga -komentzitu zion maitasunez.

      Nikok mun egin zion sudurraren puntan eta, poltsa eskuan, kontrabando solasean iadanik jeisten hasitakoen atzetik handik atera zen.

      Egurrezko eskaileren bukaeran, karrika. Nikori igandea zela iruditu zitzaion, eguzkipean umeek jolasten zuten eta emakumeak -lotan gizonak oro?- soineko txukunez paseatzen ziren.

      Esteban ez zen guztiz ezezaguna, egunon hemen, egunon han, denekin agurka. Portura heldu zinen, kajaz zamaturik zegoen motor batean sartu, eta aparatoa martxan jarri zen («ez al naiz mareatuko!», desiratu zuen Nikok), eta fitesko itsasoratu.

      ltsaso zabalean zirela, Esteban eta Palantek tabako negozioak nonbait hitz emanak, belero batek aurrea hartzen ziela konprobatu zuten. Hurbil samar egonki, Palantek bota zuen:

      - Tirasoka! -eta geldi zedin seinaleak egin zizkion.

      Joan ziren barengana -itsas lapurra, segurki, Tirasoka, begi bakarra gainera nahiz eta trapurik ez eraman eta begi zatarra erakutsi-, eta Palantek, haren txalupara pasea, gero arte esan zien Niko eta Estebani, berriro elkar ikusiko zuten segurtasunean.