Kartzelako poemak
Kartzelako poemak
1992, poesia
128 orrialde
978-84-92468-35-5
azala: Lander Garro
Joseba Sarrionandia
1958, Iurreta
 
2002, poesia
Kartzelako poemak
1992, poesia
128 orrialde
978-84-92468-35-5
aurkibidea

Aurkibidea

KARTZELAKO POEMAK
(1980 - 1985)

Urte giroak ene begietan

Lau bost sei harresi

Hau da negua

Tortura egunak

Elurra bezain isil badator illuna

Munduak gezurra diyotsu, bihotza

Misterio fiskala

Hau da udaberria

Territorio librea

Kartzelako goiza

Epaiketarako bidaia

Bihotz iluna

Ipuina

Galtzetan gordetzeko koblak

El palomar

II. galdera

III. galdera

IV. galdera

VII. galdera

IX. galdera

XI. galdera

Haurtzaroko erretratua

Ezkutuko gutunak

Presoen amak

Gutun galduak

Armen kanoiak

Kaleko kronika

Afrika iparraldean

Krabelin gorriak arma kanoietan

Hau da udagoiena

Gogoeta matematikoa

Erresistentzia

Gose grebako hogeigarren egunean

Bakardade gogoeta

Besamotzaren besoa

Itsaso debekatuak

Itsasoaz gogoeta

Itsaso barea

Oroimeneko portua

Itzulera

Jolasa

Beste mundua

Zuziak eta aizkorak

Alturaren neurria

Gerla hondartzan

Sortaldeko orratzak

Gure begiek ez dute malko isurtzeko gogorik

Gaiherdiko ametsa

Elurrezko hegaztia da gure bihotza, Eorann

Neguko paisaia

Itsas hondoko gogoeta

Elurra eroriko da gauez

Inozenteen eguna

Begi urrunei bertsoa

Amodio protopoema

Galkortasunaz gogoeta

O sentimento do mundo

Hilarri izkribua I

Hilarri izkribua III

Hilarri izkribua V

Hau da ene ondasun guzia

Zurian beltza

Gauez lo egin ezinik

Palestinar presoa

Esklabo erremintaria

Txinatar poema

Itzulpen literala I

Itzulpen literala II

Itzulpen literala III

Erdi mina

Protopoetika

Marioneten aitzakiarekin gogoeta

Borrokan hildako lagunak

Vis a vis

Esperantza

Hemen gaude eta jarraitzeko asmoarekin

Haiku II

Haiku IV

Gutaz esanen dutena

POST SCRIPTUM

Preso egon denaren gogoa

Lagun presoak

Joseba Asensio

Mikel Lopategi

Kirofanoa

Egunen batean

Aspaldian utzitako zelda

XI. Gutuna

Autobusa bideko jatetxe batean gelditu zenean
Ruper Ordorika

Hunkigarriak, latzak, zailak irensten
Joxemari Iturralde

Erosi: 14,25
Ebook: 3,12

Aurkibidea

KARTZELAKO POEMAK
(1980 - 1985)

Urte giroak ene begietan

Lau bost sei harresi

Hau da negua

Tortura egunak

Elurra bezain isil badator illuna

Munduak gezurra diyotsu, bihotza

Misterio fiskala

Hau da udaberria

Territorio librea

Kartzelako goiza

Epaiketarako bidaia

Bihotz iluna

Ipuina

Galtzetan gordetzeko koblak

El palomar

II. galdera

III. galdera

IV. galdera

VII. galdera

IX. galdera

XI. galdera

Haurtzaroko erretratua

Ezkutuko gutunak

Presoen amak

Gutun galduak

Armen kanoiak

Kaleko kronika

Afrika iparraldean

Krabelin gorriak arma kanoietan

Hau da udagoiena

Gogoeta matematikoa

Erresistentzia

Gose grebako hogeigarren egunean

Bakardade gogoeta

Besamotzaren besoa

Itsaso debekatuak

Itsasoaz gogoeta

Itsaso barea

Oroimeneko portua

Itzulera

Jolasa

Beste mundua

Zuziak eta aizkorak

Alturaren neurria

Gerla hondartzan

Sortaldeko orratzak

Gure begiek ez dute malko isurtzeko gogorik

Gaiherdiko ametsa

Elurrezko hegaztia da gure bihotza, Eorann

Neguko paisaia

Itsas hondoko gogoeta

Elurra eroriko da gauez

Inozenteen eguna

Begi urrunei bertsoa

Amodio protopoema

Galkortasunaz gogoeta

O sentimento do mundo

Hilarri izkribua I

Hilarri izkribua III

Hilarri izkribua V

Hau da ene ondasun guzia

Zurian beltza

Gauez lo egin ezinik

Palestinar presoa

Esklabo erremintaria

Txinatar poema

Itzulpen literala I

Itzulpen literala II

Itzulpen literala III

Erdi mina

Protopoetika

Marioneten aitzakiarekin gogoeta

Borrokan hildako lagunak

Vis a vis

Esperantza

Hemen gaude eta jarraitzeko asmoarekin

Haiku II

Haiku IV

Gutaz esanen dutena

POST SCRIPTUM

Preso egon denaren gogoa

Lagun presoak

Joseba Asensio

Mikel Lopategi

Kirofanoa

Egunen batean

Aspaldian utzitako zelda

XI. Gutuna

Autobusa bideko jatetxe batean gelditu zenean
Ruper Ordorika

Hunkigarriak, latzak, zailak irensten
Joxemari Iturralde

 

 

EZIKUSIA EGIN OTE DAKIOKE ITSASOARI?

 

Ezikusia egin ote dakioke itsasoari? Haren aditzerarik ez baduzu, denik ere ez badakizu, agian; bestela nekez. Liburu honetan sartzen den irakurlea itsasoan murgilduko da. Aspaldiko itsaso berritu batean.

        Zilegi bekit itsasoaren metafora hitzaurre honekin hasteko, itsasoa baita, aurrerago gogoratuko dugunez, Joseba Sarrionandiak hemen usuen darabiltzan sinbolo eta motiboetako bat.

        Duela 19 urte, 1992ko urrian kaleratu zen estreina Kartzelako poemak, beste koska nabari bat ezarriz euskal poesian. Kartzelako poemak dira, ez besterik. Egilea preso egon zen aldian idatzitako poema sorta mardula du ardatza, eta ihes saioa arrakastaz burutu ondoren espetxeari buruz eta han utzitakoez idatzitako beste zenbait poemarekin osatzen da bilduma. Batasun tematiko harrigarrian.

        2011ko edizio honi gaurko begia eta eskua ezarri dizkio poetak, eguneratu egin dira testuak eta orain arte argitaratu gabeko sei poema datoz osoa zena osatzera.

        Lehen lerrotik aipatu nahi izan dut itsasoa, liburuaren zabaltasun eta sakontasun anitza adierazteko asmoz aurrena —unibertso hondar gabe bat—, eta hurrena, berriz, bide ematen didalako hainbat alderdi ikuskatu eta haietaz hitz egiteko.

 

Itsasoak badu memoria,

badu beste itsasoen berri

 

        Kate luze baten hondarrek, harri bolek eta haitzek dakarte liburu hau datorren hegira. Asko dira antzeman daitezkeen tradizio poetikoak, iturri ugaritatik bildutakoak dira entzun daitezkeen oihartzunak.

        Batetik, Kartzelako poemak espetxeko euskal literaturaren tradizio aspaldikoan eta berriagoan txertatzen da, baina, bestetik, munduko literaturaren ur handietan ere txairo dabilelakoan nago.

        Badakigu ziega euskal literaturaren mintegi emankorra izan dena poesia idatziaren hastapenetik, eta badakigu joera horretan ez dela erabateko etenik gertatu egundaino. Kartzela hor egon da beti, euskaldunarentzat abegikor, sartzeko ateak zabalik. Eta, esan gabe doa, gaur egun ere badirela idazle euskaldunak preso.

        Giltzapean edo giltzapeaz ale zoragarriak utzi zizkiguten Etxeparek, Amenduxek, Iztuetak, Bordaxurik, Etxahunek... zeinek bere mendean, eta tradizio klasiko horren oihartzunek isla badute orri hauetan. Galerianoaren edo urkamendiko bertsokera, edo erromantzeen irudi eta sentimenduen mundua oroitarazten duen lirikotasun eta epika mindua ere ageri da. Maitemina, oroimina, herrimina kantuz eman beste aukerarik ez dagoela dirudi batzuetan, etxeko musika dakarte bertsoen doinuek, koplen lelo errepikakorrek haurtzaro mitikora garamatzate, edo urrunagora oraindik.

        Baina tradizio modernoaz ere ari garenez Xabier Amurizak edo Gotzon Alemanek ezarritako lehen urrats haien oinarri garrantzitsuari esker, Joseba Sarrionandiaren lan hau erreferente gotorra da euskal poesia garaikidean eta espetxeko literaturan. Gainera, liburu honek espetxeko literaturako lan zeharo nabarmenak argitaratu dituzten Mikel Ibarguren, Xabier Izaga, Urtzi Zubizarreta edo Mikel Etxaburu poeten ekinari bidea zabaldu zienik ezin uka.

        Hala ere, esan dugu, gure poesiaren putzua ez da etxeko harraskan errenditzen, munduari begira bizi da, eta handik eta hemendik ito izan du egarria. Munduan barrena eta denboran zehar izan diren hamaika poesia moldek isla gardena daukate testuotan: klasizismo latinoaren ukituak sumatuko ditugu, elezahar eta tradizio arturikoaren bristadak han-hemen, Txinako poesiaren edo Japoniako haikuen lilurak joko gaitu deblauki...

        Gauzak multzotan ipintzeak ulerbideak errazten dituelako ustean, hesiak jarri eta itsasoak lotzea maite dugu. Horrenbestez, arestian aipatutakoez gain badago beste eremu bat ere, liburu honentzat neurri-neurrira egina bezala dakusaguna. Sailkatzen hasita, Kartzelako poemak munduko kartzelako poesiaren itsaso zabalean marraztutako uberetako bat da. Hori aipatu orduko, langintza horretan Iurretakoaren kideko eginda, idazle saila datorkit gogora: Oscar Wilde, Paul Verlaine, Miguel Hernandez, Jean Cayrol, Ho Chi Minh, Roque Dalton, Wole Soyinka, Mahmud Darwish, Gloria Arenas Agis... eta horien arteko itsasketan.

 

Itsasoak zenbat aldarte hainbat ahots

 

        Kantatzen duenaren ederrari ez doakio atzetik poetaren bizitza. Ideal erromantikoaren eta punk kulturaren zordun ere izan daiteke gorabehera hori nire iritzian. Banaezinak dira poetaren obra eta bizitza. Denok amestu dugu geure Itaka inoiz, baina batzuk itsasoak aurrera abiatu ziren ausarki utopiaren bila. Eta preso erori den poetarentzat poesia libre izaten jarraitzeko zinezko modu bat da.

        Sarrionandiak kartzelako egunerokotasun hertsagarritik abiatuta idazten du. Esperientzia pertsonaletik hitz egiten hasi, norbere mugak gainditu eta munduarentzat mezu bat ondu du. Ezin dira bereizi deskripzio objektiboak eta ondorio subjektiboak, gorputz bereko hezurra eta mamia dira nola sinboloak hala deskribapenak. Unean-unean bizi dituenak (isolamendua, nostalgia, zaindaritza zorrotza, gose grebak...) transzenditzeko gaitasun miragarriak, poetaren hitzak esperientzia humano unibertsalaren ondarearekin uztartzera daramatza. Hala, poeta, tribuko aztia ez bada, tribuaren eledun bilakatzen da gutxienik. Hunkitzen gaituzten, ulertzen ditugun irudiak eta egoerak hautatzen daki, gutaz mintzo diren sinboloetan islatuta ageri gara, gure egiak, gure ezinak, gure grinak...Tarte batez haren ahotik hartzen du arnasa itsasoak.

 

Urondoan dira zelaiak eta malkarrak

 

        Espetxea dugu poema gehienen gertaleku, sasia bestela. Eta ziega eta giltzapeko mundua bizitzaren ifrentzu moduan azaltzen dira. Bizitzaren karelean ageri da kartzela, ekidin gaitza da elkarren kontrako talka. Borroka baten parte bilakatu da eguneroko gauza txikienen mekanika: irakurtzea, idaztea, lagun artea, bisitak hartzea...

        Sokatira gordin horretan eusteko, ordea, kemena eta gertukoan babesaz gainera, umorea eta bizi-poza gauza oso beharrak dira. Carpe diem delakoa, egunean egunekoari ekiteko aldarria, ez da ahoberokeria bizitzaren alargun bilakatu nahi duten presoarentzat.

        Harritzekoa ere ez da, beraz, dialektikaz baliatzea. Aurrez aurre dauden indarrak, sentimendu kontrajarriak eta kontraste jokoak erabili ditu egileak, nahiaren eta ezinaren, errealitatearen eta desioaren arteko leizea nabarmentzeko. Kultismoa eta herri-tradizioa, etxeko su-bazterra eta kosmopolitismoa eskutik helduta dabiltza.

        Eta mezuen aldetik ere halatsu. Maitasun eta gogoeta barnekoi eta partikularrenekin batera, borroka kolektibo bati loturikoak aurkituko ditugu. Ez gara bakarrik ari, presoak zerbait handiagoren parte ikusten du bere burua, eta hori onartzen bada, erresistentziaren baloreak transmititzeak garrantzi berezia hartzen du. Borroka militantearen on-gaitzei erreparatzeak, berriz, hausnarketa sakonagoentzat bidea ematen du: poesiaren mugak zein diren, eustearen garrantzia, etika iraultzaile baten zerak.

        Hari horietatik tiraka, nonahi azaltzen dira gai ezatseginen muturrak (suizidioa, tortura, borroka moduak...) zintzotasun iraultzailearen mende jarririk. Zehar haizeak bezala borrokaren inguruko kezka etikoak behin eta berriz urratzen du segurantzia erosoen azalean laketzeko arriskua. Inon egiarik bada, egia hori erlatiboa izango da; printzipio sendorik badago, printzipio horiek antidogmatikoak behar dute, jendetasun humano eta zabalean.

        Berez kartzelak leku aproposa ematen du estereotipo zurrun edo heroikoetan jausteko, baina presoaren irudia eta bere sentimenduak pertsonaren neurri doietara ekartzeko ahalegin kontzientea dago hemen.

        Darabiltzan gaietan eta emandako erantzunetan belaunaldi baten erretratu gardena begitantzen zait liburu hau poema askotan: hartutako deliberoak, egindako juzkuak, asmatu eta erratutako bideak. Zurrunbiloak, ur loak...

 

Ortziko formak erakusten ditu ur gainak

 

        Darabilen tresneria estilistikoarekin maisuki jokatzen daki Sarrionandiak, beti ere emozio estetikoaren pentzura. Planoen, irudien edo esanahien kontrasteen bitartez, metafora eta konparazio joko joriak lagun hartuta, ebokaziorako eta enpatiarako gaitasun ikaragarria erakusten du. Pentsamenduaren sakonak, esanahiaren askotarikoak, kontzeptu abstraktu eta deskribapen xeheenen arteko gurutzaketak liluramendu halako batean harrapatzen du askotan irakurlea.

        Kontzeptu edo ideia nagusiak definitzen direnean, bigarren zentzu bat daukate ia beti, sinboloaren, alegoriaren edo parabolaren estalkiaren baitan emanak. Berdin dio denboraz ari garen, kartzelaz, urtaroez, hegaztiez edo beste zernahiri buruz. Hori bai, behin definizio, metafora, sententzia edo esamolde horien giltzaz jabetuz gero, hunkidura eta plazer estetikoaren ukaldia saihesten zaila da.

        Paradoxa bikainek gogoetarako deia eta barre-iritzia eragin ditzakete gugan, biak batera. Kartzelaren izatasunaren irudia osatze aldera, espetxeko fauna edo fantasiak sortutako ikuskari edo irudipenak ez dira bazterrera uztekoak. Poemen izenburuek, bestalde, egiteko argigarria daukate, batzuetan amu eta inoiz aingura, beti ematen baitute gaiaren arrasto garbia.

        Denbora eta itsasoa dira liburuaren ardatz nagusi bi. Maila errealean edo maila sinbolikoan izan, bi horien artean txirikorda daiteke ederki asko gure bizitza.

        Funtsean denboraren makinak baino beste ezer bagaren ez dakigularik, ez dakioke denborari ezikusia egin. Eta ez dirudi erraza bizi garen gure aldiaren galernatik onik ateratzea inor. Ia ezinbestez gertatzen da maiz leit motiv nagusi denbora, kartzelan idatzitako poesian.

        Presoari kasik bahituran jarri diote bizitza, eta literatura baliatzen du gauza garrantzitsuak adierazteko. Haurtzaroko argazki bat da aski, denboran barrena txangoa egiteko, historiaren erroak zertan diren ikusarazi eta gaur egun zertara etorri diren jabetu, eta bihar-etzietan zer nolako fruitua eman dezaketen antzemateko. Soziologia poetiko eta afektibo bat.

        Egileak, hala irizten dionean, teknika narratiboak poesiaren zerbitzura jartzen daki, tentsio dramatikoa eragiteko hor, sentimenduen klimaxa sortzeko aurrerago. Elementuen metatzeak edo doi-doi graduatzeak ondorio estetikoak trinkotzea dakarte.

        Itsasoa ere nonahi ageri da. Berriaren eta iraunkortasunaren eredu izaki, bidaiaren, borrokaren eta askatasunaren plaza da. Baina sinbolo edo parabola gisa ulertuta, ezin konta ahala ideia iradoki diezazkiguke: nostalgia, memoria, bizitza, kartzela... Hainbeste gauza da itsasoa, hain da zabala, hainbeste dira bere doinuak eta kantuak, hain dator aspalditik eta hain urrunera joateko luzatzen digu eskua... Libertatea eta ekaitza da, itxaropena eta beldurra.

        Halako batean, itsasoak berriz ere abiatu ginen puntura ekarriko gaitu, baina, noski, inor ez gara izango hasi gineneko hartan ginenak. Denok ordainduko dugu egin dugun osteragatik geure bahia: onurak, galerak eta, oroz gainetik, eskarmentua esaten zaion hori.

        Itsasoa eta denbora kiribilka doaz aitzina, bizitza bezala. Borroka ere ziklikoa da, dena aldi bakoitzean berritu egiten da, hutsetik hasi beharra dago berriz, baina hasiera bakoitza ez da behin baino hasten. Errepika ezintasunak gauzekiko distantzia dakar nahitaez, galera sentimendua, eta horiei estu-estu itsatsita zirrikitua ireki nahiko dute nostalgiak eta malenkoniak.

        Beti dago, ordea, kartzelako logika eta larderia itsuari ihes egiteko modua etsian amildu gabe. Presoak beste mundu batzuk asma ditzake, bere burua itotzen duen denboratik eta lekutik ateraz. Libertatea dastatzeko eta makur larriei izkin egiteko harrigarrizko lanabes hori, jakina, ez da literatura beste ezer. Hitzen kresal hegalaria.

 

Itsasoko izaki ez gara

 

        Itzelezko errekurtso eta erregistro aniztasunarekin jokatu du Joseba Sarrionandiak Kartzelako poemak osatzeko. Hala ere, aberastasun eta oparotasun horrek ez dio liburuaren batasunari kalterik ekarri, alderantziz baizik. Bati baino gehiagori erraz sortuko zaio, agian, itsasketa zail eta arriskuz bete baten nabigazio liburua eman digula egileak, bitakora kaiera bat dela azken beltzean poema sorta hau.

        Orain ikusita ez zaigu bururatzen ahal, kartzelako poema hauek beste era batera osa zitezkeenik. Liburu honen nortasunaren marketako bat horixe baita, neurri, tonu, kolore askotasuna, itsasoaren beiratean bezala. Modernitatearen hondarreko ezaugarri iruditzen zaizkit guztiak ere.

        Kartzelako poemak aurrena kaleratu zenetik, bestalde, jendarteratze prozesu azkarra nozitu du. Poesia, batzuetan, egia berriak agerrarazteko gai izaten da, eta beste zenbaitetan gure baitan sentimendu berriak sortzea lortzen du. Oso bakan bada ere, inoiz edo behin gerta liteke harri bakar batek jotzea bi txoriok.

        Poema hauek zainera egiten dute artez, kartzelaren muina erakusten digute, baina kartzelako ilunbista luzaz gainditzen duten esperientzia humano askoren kriseilu itsugarri dira.

        Gainera, liburuko hainbat testu herri honen imajinario kolektiboaren parte bilakatu dira. Izan ere, urteotan musikari askok (Mikel Laboa, Imanol Larzabal, Ruper Ordorika, Mikel Markez, Bittor Aiape, Deabruak Teilatuetan, Dantzut, Naun...) poema hauetara jo izan du, mezuok doinuz betikotu eta herriaren gogo-bihotzetan irarrita lagatzeko.

        Klasiko baten aurrean gaude, eta ezer nekez bihurtuko da klasiko, ez bada bere garaiari hertsiki lotua sortu. Pertsonaren lana sarritan sasiaren edo lizunaren mende ahitzen da denboragarrenean. Hala ere, beste zenbait lan denborak indartu egiten ditu, sendo irauten du, tantai, tente.

        Kartzelak, bestetik, beti dirudi uzkur euskaldunekin ahazteko, eta zorionez literaturaren indarra ez da suntsitu oraino. Horra gurean, ez kartzela eta ez poemak ez ahazteko berme bi.

        Ez dago jakiterik garaikidetasunaren adina zein den, noiz iraungitzen den literatur lan bat, hitza noiz hasten den higatzen, esanahia edo edertasuna galtzen. Ezer betiko ez dela onartuta ere, egingo nuke liburu honek guztizko gaurkotasuna duela, eta, beharbada, puska baterako biharkotasuna ere bai. Egungo jendeari esandako poemak dira.

        Bizia itsasoan sortu zela aski kontu onartua da, baina gu lehorrekoak gara. Harenganako zorra eta maitasuna aitortuagatik ez gatoz itsasotik. Pertsonok itsasoak asmatzeko eta amesteko gaitasuna garatu dugu ordea.

        Liburu honetan itsaso bat daukazu aukeran. Sartu edo ez, eta sartzeko erak, zeuk hauta.

 

Jose Luis Otamendi