Koioteren arrastoa
Koioteren arrastoa
2006, kronika
176 orrialde
84-95511-88-6
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Coeur d'Alene tribua

 

Bidaiako denok gara busean. Boise dugu eguneko helmuga. Haatik, bidean Coeur d'Alene tribua ezagutzeko aukera eskaini zaigunez, geldialdia egin behar dugu. Quanah Mathegon antropologo gaztea dugu zain.

        Quanah Mathegonek hogeita zortzi urte du. Washingtongo estatuko unibertsitatean antropologian lizentziatua, kasinoetako diruek eman duten jokoaren adibide erakusgarria da. Hain zuzen ere, lehengo batean afaritan hizpide izan genuen gaiaz gutariko batek galde egin dionean, alegia, kasinoek indiarrengan eragin negatiboa izan dezaketenentz, baietz erantzun du, izan dezaketela, baina joko-zaletasun patologikoan harrapatuak diren herrikideei zuzenduriko ekimena abiaturik dutela argitu ondoren, kasinoak ematen dituen diruei esker beren historian lehenengo aldiz nahi duen tribuko orok nahi dituen ikasketak egiteko era duela argitu digu, harro. Hori baino lehen, eta gai horretan baino harroago nire ustetan, XIX. mendean zuriekin izan zuten gerraz hitz egin digu. Orain gauden lekua seinalatuz. Eta nik Quanah-ren eskuen mugimenduei begiekin jarraituz, haren antzinakoak ikusi uste izan ditut, zaldi gainean hara eta hona, zuriei segadaka, eta zuriak eurei segika, eta zuriekin gorriak ikusten, eta halaxe hiru urtez. Errenditu behar izan zuten arte. Berton. Bertan behera hutsik utziak diren zurezko etxeak dituen leku zoragarri honetan.

        Gerrarien herritzat definitzen dute euren burua Quanah Mathegonek-eta, nahiz dela honela zuzenean hitz egitean, nahiz dela bestela ere, euron web orrialdean ikus daitekeenaren arabera. Hori horrela, harrigarri egin zait antropologo gazteak aspaldiko gerra hura aipatzea beste ezer baino lehen. Gogoa Bigarren Karlistadara joan zait. Aldi bertsuan izan baitziren hemengoa eta hura. Orduan, orain bezalaxe. Munduaren ardatza, gerra. Han zein hemen. Gero, gure galderei erantzunez, tribuaren jatorrizko izena —Aurkituak—esan digu Quanah Mathegonek, eta orain dela hamar bat mila urte hona egun Kanada deritzan aldetik etorriak direla. Hizkuntzaz ere galde egin diogu. Bere aitaita omen da ondo hitz egiten duen bakarra. Laurogeita bi urteko zaharra. Azkena?

        Quanah-k gidaturik tribuaren herritxo berrira joan garenean, hantxe ezagutu dugu tribuko zaharrena. Felix Aripa, Bigarren Mundu Gerran D-Day hartan izan zen gizona, oraino harro, zeren eta Eisenhower jenerala Frantziara eroan zuen harako itsasontzi hartan izan baitzen. Kriskitin taldekoek omen egin diote, aurreskua dantzatuz. Inoiz ezagutu dudan aurreskurik sentiberena. Hori baino lehen tribuaren bulegoetan hartu gaituzte-eta, horra ni mira eginda utzi nauena. Beren hizkuntza ikasteko testu-liburuak badituztela. Justin Gould etorri zait gogora.

        «Gure hizkuntza eskolan derrigorrez sartzea? Ez!», esan izan digu behin baino gehiagotan Justinek. Ehun eta berrogeita hamar hiztun dituzte Ni Mi Pui herrian. Eta hona hemen beste hauek, hiztun on bakar batekin beren hizkuntza irakasteko liburu ederrekin. Kasinoek ematen dutena, gero! Uste hau indartu egin zait erreserbako dendara oroigarri bila joan garenean. Coeur d'Aleneko 'Aurkituek' zuriekin sinaturiko tratatu, itun, lege eta halakoen bilduma osoa liburu polito apailatuetan saltzen dute. Inork inoiz esan ez dezan «herri bat izan zen Coeur d'Alenen!». Agian horrexetarako.

        Denda bestela engainagarria da. Saltzen diren gaietako gehienak bezperako Pow Wow jaian ikusitako artelanen ildoan daude baina, gutxi batzuk baino ez dira indiar eskuek landuak. Nahiz eta indiarren artisautza babesteko arauetan esan adi begiratzeko salgaiei, benetakoak direnek etiketa behar baitute ekarri; jatorrizko artisautzakoek nork noiz non egina den dakarte. Zorionez, engainua horretara mugatzen da. Salgarrietara. Quanah-k eta Felixek euron eremuetan duten ederrena erakutsi gura izan digute. Salgai ez dutena. Lakua.

        Aurreko egunetako batean egonak izan garen laku berbera da. Coeur d'Alene deritzona. Erdia zuriek dute harturik, beste erdiaren jagotza dute indiarrek. Zurien aldean dena da hotela, dena turismoari buruz zuzenduriko zerbitzuak, dena uretako kirolak eta tramankuluak, lehengoan ikusi genuenarekin bat. Indiarren ardurapean dagoen aldea ukitu barik bezala dago. Eta ardurapean diot, zeren eta lakua ez baita inorena. Eta inorena izatekotan, beste inorena ez sortzailearena berarena baino. Halaxe diote indiarrek eurek. Lakuaren inguruan bizi direnen zeregin nagusia bera jagotea eta iraunaraztea da. Ezin hemendik gorputza hor busti barik joan ni. Zurien aldean busti nuen legez.

        Uretan sartu naiz, zurezko atrakaleku baten parean. Lakuaren azalean loreak dira. Loreon zuztarrak hondoraino luzatzen dira-eta, horiexetan leku eginez egiten dut igerian. Dardaraz. Berriz ere taburen bat urratzen banengo bezala sentituz, Pyramid Lake hartan bezala. Hemen ostera bernatan traba eginez sentitzen ditudan landare urtarrek eragiten didaten sentsazioaren eraginez sorturiko izu lañoa da nirea.

        Alde bietan laku bera izan bazen ere, emozioak guztiz dira ezberdinak hango aldean eta hemengoan. Beste denbora batean bainatu naiz. Oraingo denbora kronologikoari ez dagokion denbora paralelo batean, esango nuke.

        Uretatik irtetean Felix eta Quanah ikusi ditut, lakura begira, hizketan. Antropologoak tribuko zaharrenaren ahotik entzuten du. Zer diotson galdeturik, denetarik, erantzun dit. Eszena telebistan ematen izan zuten Northern Exposure (Doctor en Alaska, Espainiako telebistan) hartakoa ematen du. Barkamena eskatu behar diot nire buruari, baina halaxe da. Berriro ere filmak erreferentzia nagusi.

 

 

Bidaia bere azken egunetara doanez, norberak nahi gabe ere balantzea egin beharra ziztadaka sentitzen da bihotzeko zokoetan. Boisera bidean goaz, Idahon behera. Beste mundu batera. Zuriena dena, gehienbat. Zurion artean euskaldunak dira. Eta beste mundu bat zelan izan litekeen espazio-koordenada hauetan galderari erantzun beharko banio, bada, laugarren koordenada, denborarena, ez dela mundu bietan bera esango nuke, oraindino ere Albert Einsteinen jaiotzaren mendeurrenaren kariaz irakurri ditudanen mende nagoelarik, jakina. Areago esango nuke; zurien erlojuak zein aztoraturik dabiltzan, banderetan igartzen dela. Ameriketako Estatu Batuen banderarik —erreserbetan— ez da bakan bat edo beste baino ikusten. Zurien aldean etxe ia denek dute bana ateetan. Banderak. Haizea hortxe dela banderaren bidez jakin beharra balute moduan. Eta ez da hori bakarrik. Oso maiz ikusten da autoetan xingola zuri edo berdea —hiesaren aurkako borrokaren ikur denaren kopia kolorea galdua!—, eta xingolaren azpian esaldia; support our troups. Hots, eutsi gure tropei!

        Lapwai herriko ostatuan kafe hartzen izan ginen azken goizean ohartu nintzen. Iraken badituzte herrikideak indiarrek. Horren lotsarik ez dute, itxuraz. Baina banderarik ez.

        Justinen hitz egiteko modua datorkit beti gogora. Ameriketako Estatu Batuak aipatzean berea ez den entitate bat —politikoa, filosofikoa, nik dakit ba zein— aipatu moduan egiten izan digu. Baina hark ere gerra aipatu digu. Kexaz. Estatu Batuek kanpoan egin dituzten gerretan indiarrak lubakietako haragia izan direla, erraz-erraz sarraski bihurtzeko gaia. Eta hori ez dagoela inongo liburu ofizialetan bildua.

        Ikusi eta ikasi, ikusteko eta ikasteko asko geratu zaigu. Bidaideak denok bat gatoz honetan. Itzultzeko asmoa egin zaigu, gu baitako zerbait utzi baitugu hain abegikor hartu gaituzten Ni Mi Puien eta Aurkituen artean. Horrexen bila itzuli beharko genuke, bada. Eta geu itzultzen ez bagara ere, gure izpiritua itzuliko da, hor zehar utzi ditugun bilo edo ileen bila. Nik neuk nenufarren artean baten bat galdu izana, hona nire esperantza. Hil ondoren nire izpirituak behintzat lakua berriz ikusi ahal izan dezan.