Koioteren arrastoa
Koioteren arrastoa
2006, kronika
176 orrialde
84-95511-88-6
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Indiarren Idaho

 

Autobuseko leihatilatik begiraturik Idahoko ingurumena liburuetan definitzen duten bezalakoa ageri zaigu. Mendietako maldak uhinetan atondurik elkarren segidan doaz eta, horietan labainean bezala, horra behealdeetan haranak; haranotan zuhaitz ilarak txiki ikusten dira, baina erreka eta errekastoak hortxe direla salatzeko bezain handi; hurrenean mendi gailur gorak, biribilean. Biribil horretako guneetako bat dugu orain bere maldetan gora goazen mendate hau. Honen aldatsa hain pisu egiten zaio autobusari ze, oinez goazela dirudi. Hemen barruan hiru ordu, lau, agian bost daroaguz eta, bat-batean taldea kantuan hasi da. Ezin parajerik ederragoan.

 

 

NI MI PUI ALA NEZ PERCE?

 

Bide ertzeko seinale batek diosku; White Bird Canyon inguruan gara. Han behean, haranean, zaldizko hainbat, filmetako indioak bezala, ilaran. Izan ere, Ni Mi Pui edo, beste izen batez, Nez Perce indiarrak dira. Egun berezi bat ospatzen ari dira. Hain zuzen ere, XIX. mendean AEBen aurkako gerran izaniko garaitza. Hau ostera, geroago jakingo duguna da.

        White Birdeko gailurraren ostean ordoki orlegia ageri zaigu. Arratsaldeko bostak dira. Iritsi gara. Lapwai herria da. Nez Perce izeneko erreserbaren barruan dagoen handiena da. Hiriburua, nolabait esan.

        Erreserbaren izen ofiziala Nez Perce bada ere, Ni Mi Pui da tribu edo herriaren izen zaharra. Jatorrizko izena da, hemengoen hizkuntzan; bestea frantsesetik dator-eta, Sudur Zulatuak edo litzateke. Lehenengo izena, Ni Mi Pui alegia, gehiagotan adituko dugu Nez Perce baino.

        Nolanahi ere, izenena, beste kontu gehienak bezala, batez bestekoan ezezaguna zaigu taldekooi. Ez den-denei, hala ere.

        Hona gatozen taldean osagarri bi gaude. Batetik, bagara adineko bost bidazti —nolabait esan—, antolatzaile biez gainera; bestetik, Durangoko Kriskitin dantza taldeko kideak dira, hango zinegotzi batek lagundurik datozenak. Bada, Kriskitin taldeko batek, Jone izeneko neskak, indiarrekin zaletasuna du-eta, eskuko ekipaian hortxe ekarri du historia ofizialeko Ni Mi Pui ezagunenaren liburua. Gazteleraz, Eramos como el ciervo du izena. Liburuan Chief Joseph (1840-1904) buruzagi ospetsuaren testigantza dago bildurik. Bada, lekuak izena zein ere duen gaur egun, Joseph horren sorterrira iritsi gara. Hiru egunez eta hiru gauez berton emango digute aterpe.

 

 

MEDIKUNTZAN IZENA DUEN HERRIA

 

Horra hor parke antzeko zuhaizti ederra, tantaiekin. Taldekoek autobusetik kalejiran bezala irtetea erabaki dute, alegia, txistuaren doinuaz lagundurik denok ilaran. Horrela, belardian paraturik dagoen mahaiaren inguruan biribil kasik itxia osatu dugu. Harrera egiten digutenek itxi dute zirkulua; gizonezko hiru dira, hirurak morroskoak, hirurak irribarretsu. Mahaiaren gainean adar-multzo itzelak daude. Piztien adakerak.

        Lehenik Nez Perce Tribal Turismo delakoaren arduradun Farran Penneyk egin digu berba. Ni Mi Pui hitzaren esangura Lurreko Herria dela esan digu, eta jarraitu du esanez indio nazioen artean Ni Mi Pui honek izena baduela, medikuntzan nabarmentzen baita, eta bisitari asko etorri izaten dela hona, munduko bazterretatik, eta gu geu ere ongi etorriak garela diosku azkenean.

        Ondoren harrera-taldeko beste batek hitz egin digu. Virgil Holt da, WildLife edo Basa Bizitzaren arduraduna. Irria ezpainetan, mahaian diren adakerak zein animaliarenak diren ba ote dakigun galdetu digu, eta guk elkarri begiratu ondoren ezetz erantzun. Adakera handiena hartu du. Bere besoak zabaldurik bezain zabala da adakera. Ehizatu berri den elk batenak direla, halaxe diosku —delako elk hori europar altzea litzateke—. Galderarik? Bai, ea nork ehizatu duen.

        Galderak poza eragin dio. Ehiztariak sei ordu eta erdi behar izan dituela, eta 30 kalibreko erriflea erabili duela eta, hona bere ustez guretzat ustekabekoa dena!, emakumezko batek ehizatua dela dio.

        Altzea emakumezko batek ehizatua dela jakiteak gugan eragin duen harriduraz pozik, tarte bat utzi digu, adakerak eskurik esku pasa diezazkiogun elkarri. Argazki kamerek lanari ekin diote. Amaitu denean izokinak arrantzatzeko tresnak erakutsi dizkigu. Hortxe egon dira, lehen-lehenengotik zuhaitz baten parean, baina guk ikusi ez, hain deigarri egin zaizkigun adar multzoak. Salabardoa, guk Mundakan txistea deritzoguna, edo gakoa, gurean gure uretakoak arrantzatzeko erabiltzen direnen berdinak dira izokina arrantzatzeko erabiltzen direnak.

        Labur, Virgil Holt hemengo Basa Bizitzaren arduradunak bere herria ehiztaria eta arrantzalea dela esan gura izan digu. Bestela, erakutsi nahi digutena erakutsiko dutela pentsatu dut. Hiru egunen buruan nire iritzi horretan ez dudala huts egin, halaxe esan ahal izango dut. Hurrengo etorri direnek nire iritzian sendotu baino ez naute egin.

 

 

GAURKO INDARRAREN SUSTRAIAK

 

Bere erakustaldia amaiturik, Virgil Holt-ek gazteen liderrak aurkeztu dizkigu. Adinez ez dirudite gazteak. Geroago azaldu digunez, adinak ez du ezer esan nahi. Tati da, Brooklingoa.

        Tatik diskurtso labur bezain ustekabekoa egin du. Estatu Batuen indarra munduan ez omen dator azken mendeotan zuriek egin dutenaren ondorioz, lehenagotik hemen zegoen aberastasunetik baino. Ulertu diodanez, hemen kausitu zutenari esker eraiki ahal izan dute, eraiki ere, Inperioa zuriek. Inperioaren sustraiak, indiarren garaian sakon! Begira geratu zaigu, irriak aurpegia argitzen diola. Azaldu digun teoria niretzat behintzat zein harrigarri den ohartu den ez den ohartu, hariz aldatu du Tatik. Panderoa ikusi du, eta jotzeko eskatu. Kriskitin taldekoek dantza egin dute. Fandangoa eta arin-arina.

        Gure musikak parkean diren beste bakanen begiradak erakarri dituen arren, ez da inor gure inguru-ingurura hurreratu. Amaitu denean txalo egin dute, hala ere, urrundik. Une batez tribuko burua ematen duenarekin lotu naiz, hizketan.

        Koiotearengandik ikasi behar izan dutela diost. «Amildegiaren ertzean egonik jakin egin behar zein pausoa eman. Atzerako ala aurrerako pausoa? Bizirauteko eman behar den pausoa, horixe da egin behar dena».

        Koiotea, txikitatik filmetan eta komikietan indioen ohiturei loturik ezagutu dugun animalia. Renon muinoetaraino inguratzen zena. Hori eta gehiago dena. Hemen berton ere sakratutzat aipatua, geroago jakingo dudanez. Interesgarria amildegiaren ertzean egonik pausoa nora egin eta koiotearen hori dena. Orain ostera beste batzuk dira gure premiak. Bada, non lo egin behar dugun erakutsiko digutenak eta gure premiez arduratuko direnak aurkeztu dizkigute. Farran Penney eta Stacia Green neskak, tribuaren turismo bulegokoak.

        Neska-mutilen klubera gidatu gaituzte. Berton egin beharko dugu hiru gau, behearen gainean lo-zakuetan lo. Gela handi bat mahai jokoekin, beste bat ordenagailuekin eta hirugarren bat liburutegi gisa, nork bere lekua nolabaiteko askatasun sentsazioaz hautatu ahal izateko beste dira. Horiez gainera zaindarien bulegoa eta beste gela bi dira. Eraikinari itsatsita kiroldegia dago. Nahikoa ateetako bat zabaltzea hor sartzeko.

        OK! Goiz da. Ibaira joan nahi dugunentz, eta baietz guk. Bero sargoria dago. Lehorra.

        Ibaiak Clearwater du izena. Horrek atoan Creedence Clearwater Revival ekarri dit gogora. Zer dugun imajinarioan, zein den gure backgrounda, horrelakoxe irudi-loturetan antzematen da. Bestela Clearwater Urederra edo Urgardena da-eta, ibia egon ere halaxe dago; garden. Uraren tenperatura, ostera, ez dago izenean idatzita. Hain hotz dago ze, gutariko inork ezin izango du hamar segundotik gora egin hor barruan. Uretan sartzean hotzak eragiten dizkigun aldarriek eta barre antzuek algara sortzen dute berton diren Ni Mi Puiengan. Gehienak haurrak dira, baina badira emakumezko gazte bi ere. Salbaia onaren irudia ematen dute, eta ez dut uste nire ustearen eragilea indiarren gainean dudan aurreiritzia denik. Izan ere, horixe da uxatzen saiatu naizena. Aurreiritzi oro. Backgrounda eta imajinarioa hor daude, ostera.

 

 

TIPIA, ETXE TTIPI HANDIA

 

Ez dugu txarto lo egin, behearen gainean lo-zakuetan sartuta. Bada, jaiki, lo-zakuak bildu, gosaria geure artean prestatu eta, oro har, kanpamenduan bageunde moduko zereginetan sartu gara. Bitartean eguzkiak gure ate aurreraino dakar bere argitasuna. Beste inoiz baino kuttunago sentitzen den argitasuna, zinez. Hemen, Idahon, zerutik gertuago gaudelako, beharbada. Halaxe ikusi dut nik neuk, kanpora egin dugunean. Autobusean sartzeko. Atzo abisatu moduan, tipi delakoa zelan atontzen den ikustera garamatzate.

        Orain dugu aukera atzo iluntzean lehenengoz ikusi genuen Lapwai honen itxuraz hobeto jabetzeko. Lapwai, zurezko etxeek osatzen dute, baina bada porlanezko bat edo beste ere. Holakoak erakunde edo leku ofizialak dira, adibidetzako nahikoa delarik gau eman duguneko gazteen kluba. Hemen ez dagoena amerindiarren bizileku tipikoa —tipia!— da. Eta hain zuzen ere, horietako bat nola atondu erakustera garamatzate. Paradoxa? Indiarra izateari etekina atera behar zaio, turismoaren aldetik behintzat. Hala ere, hemen geu gara ikuskizuna. Autobusean gurekin datorren Stacia emakumezko gaztearentzat ez ezik aurrerantzean ikusiko dugun beste askorentzat ere.

        Autobusak Clearwater ibaiaren ukalondo bateko muinoan utzi gaitu. Bakardadea, isiltasuna eta argitasuna, eta laster beroa. Inguruan abuztuak benetan dirudi agorrila. Hala bada, eskertu egiten da hortxe dagoen Visitors Center and Museum delakora bisita egitera.

        Salgai diren liburuen artean begira ikusi nauelarik, Staciak bat gomendatu dit. Liburu mardula da, Hear me, my chiefs titulua duena. Hortxe utzi dut. Berriz, turistentzako oroigarrien artean osteratxo bat egin ostean, kanpora joan gara.

        Irria ezpainetan, sonbreirua buruan, ilea horren azpitik behera leporaino luze, zain dugu Keven Peters, National Park Services delakoan lan egiten duena. Tipia nola atondu erakutsiko digu. Horretan, ustekabeko handirik ez, azken batean hori ez baitago denok gutxi gorabehera osatzen dakigun kanpin dendatik urrun. Haatik, Kevenek logika zehatz batekin atondu du tipia. Alegia, delako tipia gizakiaren gorputzari alderatuz. Alderaketak sakonean dakarren filosofiaz landa ere, ez da oroitzeko modu txarra. Ezta ere oharrak idaztea. Hona horietako batzuk.

        Lautadetako etxea, harat-honat aldean eroatekoa. Halaxe definitu ahal da tipia. Kanpin-denda taxukoa, izan da antzekorik Europan eta Asian ere azken izotzaldiaren ostetik hona. Nolanahi ere, Ipar Ameriketako indiarrenak dira ospetsuenak, XX. mendeko zinemagintzari esker, besteak beste.

        Gainerako denda konikoen aldean tipiak baditu bere bereizgarriak. Asimetrikoa da, hasteko; alde luzeena haizeak jotzen duen aldera begira du; goialdea, berriz, keari irtenbidea emateko moduan zabaldu ahal da, berdin esan daitekeelarik behealdeari buruzkoan; udako beroaldietan tipiaren barrena igo eta barrualdea egurasten utzi ahal da. Beraz, urte osorako bizilekua da tipia.

        Tipiari esangura sakona ematen diote halakoetan bizi direnek. Behearen gaina Lurra da, gora altxatzen diren oihalak Zeruaren irudia dira eta, azkenik, horiei eusten dieten habetxoak Izpirituaren mundura gidatzen duten Bideak dirateke.

        Agian arrazoi praktiko hutsengatik, tipiaren sarrera ekialdera begira jarri behar da. Ekialdera begira jartzen zen, halaber, tipien multzo biribil handietako sarrera, halakoak egiten ziren garaietan behinik behin.

        Esku zereginean trebatuek ordubete behar omen dute tipia bera eta barrukoa dena ondo atontzeko, eta minutu batzuk baino ez kendu eta biltzeko. Horren ardura, tipiaren gaineko beste dena legez, emakumeena izaten zen.

        Noski, denok nahi dugu tipiaren inguruan argazkiak atera. Horretan jardun ostean, berriz, muinoko maldetako batean dagoen hilerria egin zait deigarri. Hona agertu ziren lehenengo misiolari presbiterianoen hilerria da. Ikusten dudan halako bigarrena da, bart iluntzean beste baten barruan paseoan ibili bainintzen, Lapwai herrian bertan. Biak ere txukun, zaindurik eta ezertan ere bortxatu gabe daude. Misiolariak etorri ziren, bai, eta harrezkero ezin esan leku hau zeru bihurtu zenik. Adibidea, Staciak gomendatu didan liburua. Visitors Center and Museum barrura itzuli, hura erosi eta aurrerantzean tarteka irakurriz jakingo dudana da hori. Zeruarena, alegia. Misiolariek zerua ekarri zutenentz, liburuko pasarte bat laburtuz erantzun ahal da. Hain zuzen ere, Visitors Center eta Museoaren ondoko hilerrian dagoen Henry Spalding eta beronen familiakoen historia laburtuz.

 

 

LEHEN INPRENTA

 

Henry Spalding izan zen Idahon inprenta erabiltzen lehena. Biblia osoa inprimatu nahi izan omen zuen-eta, nahiz eta azkenean asmoa erabat gauzatu ez, izenari tartea egiten zaio Idaho estatuaren historia liburuetan. Baita Ni Mi Pui herriaren ahozko tradizioan ere.

        Henry eta emaztea, Eliza, misiolari bilakatu ziren. Lehenik Walla Walla inguruan ibili ziren misioetan (egungo Washington estatuan). Han Marcus eta Narcissa Whitman bikotearekin bat eginda, Clearwater River ibaiaren inguru honetara etorri ziren. Marcus eta Narcissa Whitman Cayuse indioen artean geratu zirelarik, Henry eta Eliza Ni Mi Pui herrian sartu ziren. Azaroaren 2an izan zen horien lehenengo eguna hemen. Misiolariek, indioen laguntzaz, misioa eraiki zuten, egun Bisitarien Zentroa eta Museoa diren lekuan. Hain zuzen ere, misioa eraiki aurretiko denboran indioek eurek eman zieten aterpe, indioek eman zieten jaten, indioek eman zieten behar izan zuten gainerako guztia.

        Behin misioa eraikita, eta harekin batera zerratokia eta harea ateratzeko hobia zabaldurik, predikazioari ekin zion. Beste kontu bat da indioei letra larrizko Hitza predikatzen zien aldi berean ematen zien tratua. Zartailua eta urkamendia erabili zituen zigor-bidetzat, harako jainko haren izenean erabili ere

        Bere Hear me, my chiefsAdi niri, ene buruzagiok!— liburuan L.V. McWhorter idazleak dioenez, Ni Mi Pui haiei ulergaitz zitzaien jainko berri haren mezua. Ahalegindu omen ziren ulertzen, baina ezin. Ni Mi Pui indioen erlijio zaharra itxuraz sinpleagoa baina bere sakonean askeagoa zen, asegarriagoa. Jainko mendeku-zalerik, zertarako?

        Nolanahi ere, garai hartan, Ni Mi Pui enborrekoekin batera, baziren hemen Cayuse izenekoak. Hauek antza estuago hartu zuten jainko berriarena eta haren gurtzaileena. Halako batean Cayuseek Marcus eta Narcissa Whitman hil zituzten. Hori zela-eta, ikaraturik, Henry Spaldingek eta emazte Elizak alde egin zuten. 1847an izan zen ihesaldia. Hil, berriz, 1874an hil zen Henry hura, Ni Mi Puien artera Bibliako jainko suminkorraren berri ekarri nahi izan zuen gizona, historia liburuetan inprenta sartu zuela-eta Ameriketako Estatu Batuei buruzko liburu zurietan gizon handiaren itxuraz ageri dena.

        Horraino oraingoz liburua. Horri buruz esan egilea, Lucullus Virgil McWhorter, 1860an jaio zela, egungo West Virginian, eta 1903an Washington estatura joan zela, Yamika indio-herriarekin bizitzera; 1940an liburu garrantzitsua idatzi zuen; Yellow Wolf: His Own Story (Otso Horia, bere bizitza berak kontatua). Otso Horiak 1877ko Nez Perce Gerra izenekoan parte hartu zuen eta, horra liburuaren garrantziaren funtsa. Ni Mi Pui herriaren historia ezagutzeko ezinbesteko ei da. Ezinbestekoa den beste liburua, Hear me, my chiefs, Lucullus Virgil McWhorterren semeak argitaratu zuen, 1952an, egilea bera 1944an hil baitzen.

        Bada, lan handiokin lagundurik nahiz horiek gabe jende hauei buruz hiru egunean ikas daitekeena ez da lar. Honetaz behingoan jabeturik, zentzumenen bidez harrapatu ahal dena irentsi behar dugula erabaki dugu; den-denok, oso oker ez banago. Turistak gara, ostera, eta turismo gida eskaintzen digute.

 

 

OTSOAK

 

Inguruotan aspaldi desagertua den tipia nola atontzen den erakutsi ostean, kasik desagertua den beste zerbait erakutsi nahi izan digute; otsoak. Bada, otsoak berreskuratzeko lekura eroan gaituzte.

        Wolf Education and Research Center —Otsoei buruzko Heziketa eta Ikerketa Lekua— delakoak hogei akreko azalera du. Horietako hogei hesiz itxiak dira, otsoak euron habitat naturalean bizi daitezen. Horraino eroan gaituzte. Hunkimenez, isil-isilik joan gara. Alferrik, dena dela, ze iritsi ere iritsi gara bai, otso eritu batzuk zaintzen dituzteneko leku hesitu horren aurrera, eta hortxe egon gara, zain; animaliek ez dute burua erakutsi, ostera. Beroagatik, dio gure gidariak, halako sargoria dago eta. Hala eta guztiz ere interesgarria izan da lekua bisitatzea.

        Gure gidariak —gizon zuri tipiko topikoa da bera; ilegorria, oreztaduna— behin eta berriro esan digunez, ez dugu zertan otsoak maite, errespetatu egin baino. Baliozkoak direlako errespetatu, hain zuzen. Haren hitzetan, otsoak gizakiari dion beldurra handiago da gizaki gehienok hari dioguna baino. Dioenez, otsoek ez dute kalte nabarmenik eragiten ganaduen artean eta, garrantzizkoa dena, ez ei diote inoiz gizakiari eraso egiten.

        Ehiztarien paradisuetakoa den Idahon otsoen alde egitea bekatu larritzat du batek baino gehiagok. Askok. Zuriek, kasik guztiek. Ez dakit horiei muturretan emateko ez ote den animaliok zaintzearena. Pentsa litekeena da horien zaunkek iraganeko bizimoduaren oihartzuna dakarkiela. Tipiak bezalaxe. Ze, zer geratzen zaie, iraganetik, hemen? Ingurumena. Ibaiak batez ere.

        Atzo Clearwater ezagutu genuen. Urederra litzatekeena. Gaur leku sekretuago batera eroango gaituzte. Salmon River edo Izokinen Ibaia delakora. Sarbidea inork gutxik ezagutzen duen lekura. Gidari Justin Gould dugu eta, zorionekoak gu.

 

 

IPUIN KONTALARIA

 

Zorionekoak gu, Justin Gould ezagutu baitugu. Hori ezagutu baino lehen ezagutu dugu Ana Calkins, begiak esmeralden koloreko dituena. Hain berde, hain europar ze, galde egin behar izan diot ea Ni Mi Pui den. Baietz, eta gurasoetako bat indiarra izateaz gainera berton sortua eta hazia delako dela Ni Mi Pui, halaxe diost. Harrigarriagoa izan da izena Winter —Negua— duen neskatoaren kasua. Ama afrikar-amerikarra eta aita indiarra duela esan dit, lañotasunez, berak behintzat 'afrikar-amerikar' horretan zuzentasun politikoaren zama ez duela erakutsiz. Oraindik ez da ohartu bere larruazalaren afrikar zera zoragarriaz. Koloreaz? Justin Gould ezagutu berriaren tema nagusietakoaren adierazgarri dira neska biak. Tema zein den esan aurretik, ostera, Justinek bere herriaren ipuin tradizional batzuk aletu dizkigu, lehen eguneko zuhaiztiko gerizpean.

        Ez da samurra izan behar ipuinak kasik esaldirik esaldi etenak eginez kontatzea. Haatik, itzulpena ezinbestez behar dugu. Horixe egiten du New Yorken jaioa den eta antolatzaile etorri den Michellek —beste antolatzailea Jasone da—, tarteka. Halako tarteetan Justinek gora begiratzen du, pittin bat argoi, begiak betaurreko ilunen azpian eta eskuak belaunetan pausaturik. Hurrengo etorriko den esaldiak ihes egin ez diezaion berre barruari adi dagoela dirudi.

        Justinen ipuinetan munduaren sorrera dago, eta animalien nagusigoa, eta euren arteko borroka, eta gizakien etorrera, eta oraingo hondamena. Eta ipuinak amaitzean formula zoragarria beti. «Zazpi dira zuhaitz motak; ikus! Zazpiak dira zein bere lekuan mendian, diodana egia den bezala». Horren ondoren koiotearena kontatu digu. Hona:

        «Behin Sortzaileak munduan ziren izakiei batzarrera deitu zien, garrantzizko berriak eman behar zizkiela-eta. Munduan ziren izakien artean zereginak berriro banatu behar zituen, antza.

        «Koiotek, koiote izatez nekaturik, hots, beti gauez ibiltzeaz eta gaiztakeriaz ibiltzeaz gogait eginik, batzar lekura beste inor baino lehenago agertu gura izan zuen. Egun bat lehenago hain zuzen, Sortzaileak banatu behar zituen artean besteek baino lehen berak hautatu ahalko zuelakoan horrela.

        «Bada, batzarraren lekura iritsi zen Koiote, eta besteak etor zitezen hantxe itxaron.

        «Itxaron eta itxaron, Koioteri logura egin zitzaion. Hala da ze, loak har ez zezan betazalak zabalik izan beharko zituela-eta, zotzez eutsi zien, eta halaxe, begiak zabal-zabalik, batzarrera etortzeko ziren besteak bildu arte itxaron zuen. Haatik, loak berdin-berdin hartu zuen Koiote.

        «Bildu ziren beste izaki denak, agertu zen Sortzailea eta, denak begi zabalik izatean denak adi zeudelakoan, hitz egin zien. Izaki berri bat etortzekoa zela esan ostean, munduan betetzeko ziren zereginak berriro banatu zituen. Koiotek, begiak zabal-zabalik baina lo, ez zuen deus ere esan.

        «Itzartu zenean batzarraren lekuan ez zegoen inor. Zer jazo ote zen, zalantzan, batzarra eginda ala artean egin gabe zegoen lotu zen, harik eta azeriak —Lukik!— dena argitu zion arte. Batzarra egin, egin zela, eta izaki denak han izan zirela, eta koiotea begiak zabal-zabalik egon zenez denek itzarturik zegoela pentsatu zutela, eta hitz egin ez zuenez Sortzailek hari esandakoa ontzat eman zuela dudarik izan ez zutela, halaxe esan zion Lukik Koioteri.

        «Berari Sortzaileak zein zeregin eman zion galdetu zuen Koiotek, eta koiotea izaten segitzeko zeregina eman ziola argitu zion Lukik. Beste inori eman gabeko zeregin bakarra horixe baitzen; koiotea izatea.

        «Bada, Koiotek koiote izaten segitu zuen, hots, gauez ibiltzen eta gaiztakeriak egiten. Horrela, Koiotek gidatu zuen mundura Sortzailek agindu zuen izaki berria; gizakia. Munduaren hondamendia!».

        Liluraturik, galde egin diot Justin Gouldi ea idatzirik dituen azaldu dizkigun ipuinak.

        — Idatziz gero ahaztu egiten da! —erantzun dit.

        Hori beste noizbait entzunda nago. Horrek zalantzaren arantza barruraino sartu dit; bidaiari buruz ezer idatzi beharko ote nukeen, ala dena niretzat gorde, eta gero tarteka-tarteka gogoratu.

 

 

ILEAK BATURIK

 

Justin Gould gizon isila da. Bada, paradoxikoa ematen duen arren, gogoko du hitz egitea, eta egin egiten du. Zuhurra da, ostera. Soka luzatu behar zaiola esan nahi dut. Ipuinen egunaren ostekoan Clark & Lewis Center delakora lagundu gaituelarik, lekuari buruz duen iritzia galdetzeko modua izan dut. Gogoko duela erantzun dit. Bada, neuk ere gogotsu ekin diot lekua ezagutzeari.

        Batetik, eraikin nagusi bat dago, bere areto handi, denda, bulego eta halakoekin; kanpoan, bestetik, Clark & Lewis haien espedizioa hona iritsi zenean kausitu zutena gogorarazi nahi duten eskulturak eta irudiak daude. Horien bidez hemengo fauna eta flora,

        Clark & Lewis izan zirenei buruz beste atal idatzia gogoratuz, horien izena duen leku honek «kultura bik elkarrekin kontaktua egin zuteneko» unea gogorarazi nahi omen duela eta, helburu horri begiratzeko leku egokian dago. Non eta Snake River izenekoaren ertzean, Lewiston hirian. Ez dakidana da «kultura bik elkar ezagutu zutenekoa» delako ideia oso ideia zuzena den. Ikusgai paratu dituzten eskulturetan eta irudietan euretan dago argi nire zalantzaren arrazoia. Bata bere etxean zegoen, eta bestea ate joka etorri zen, horraino dena zuzen. Ate joka etorri zen kulturakoak, a zelako armekin etorri ziren, ostera. Baina Justin bezalako batek indiarren irudia egokiro azaldurik dagoela baderitzo, nagoen isilik. Haren iritziei errespetu izateko beste motibo bat emango dit-eta autobusean.

        Idaho estatuaren historia ezagutu guran nagoela jakinik, bidaiaren arduradun Michellek bart liburutxo bat luzatu zidan, Gazteen Klubeko apaletatik hartua. Hemengo ikastetxeetan erabiltzen den Idahoren historia liburua, galde erantzunen bidez osatua. Bada, horixe irakurtzen nagoelarik Justinen begirada harrapatu dut.

        — Liburu eskasa —esan dit.

        Arraioa! Ezta telepatiaz ere. Horixe berori pentsatu dut segundo bat lehenago, Napoleon Bonaparteri liburuan Errege irizten zaiola irakurtzean. Hutsaren hurrengoa hori, segundo erdi geroago irakurri dudanaren aldean; Ameriketako Estatu Batuek ozeano bien arteko lurraldeak bere mendeko egiteko «kanpoko beste country batzuekin gerran sartu behar izan zutela» dio liburuak. Lurraldeotan antzinatik bizi zirenak, ezta aipatu ere. Justini Her me, my chiefs liburua erakutsi diot.

        — Oso ondo —esan dit.

        Idahoren historia, eskolakoa, bere apalategira joango da. Autobusetik jaitsi bezain laster. Bitartean Justinek eta biok elkarrekin hitz egiteko aitzakia izan dugu.

        Esan moduan, isila da Justin. Galdetu egin behar zaio. Bera kabuz esan duen bakarra, Joseph ospetsua militar trebea izan zelakoa eta hori dena ipuina dela.

        Liburua seinalatu eta aldi berean esan dit, begira ezak hor! Ba, begiratu behar dut, begiratu behar dudanez. Bitartean bera, Michelle eta hirurok hartaz eta hontaz hizketan joan garelarik, Kriskitin taldekoek erregua egin digute Michelleri eta bioi. Autobusean diren —edo garen— gehienok ezin duguna egin gabe utzi. Honezkero, ez. Ezin da gorde. Galdera Ni Mi Pui adineko gehienek erakusten duten ilearen luzeraz da.

        Oso oker ez banago galdera nor sortu zitzaigun-eta, Salmon River hartan. Hain zuzen ere ikustean Justin uretan zelan sartu zen —praka eta guzti—, eta zelan egon zen han geldi uretan eta gero kanpora irtenda zelan egon zen bere adats ikatz koloreko luzea eskuez orrazten, prakak aldean jantzita sikatzen zitzaizkion artean. Adats ileaz harro? Hori baino sakonagokoa zirudien kontuak.

        Bada, gaur, azkenean ere, Zer dela eta ilea hain luze, Justin?, galde egin dio Michellek. Beste denon izenean galdetu ere. Justinen erantzuna hurrengoa izan da:

        — Ez da ile alerik galdu behar, ahal dela. Jausten zaizkigunak bildu egin behar dira, eta zakuto batean sartu. Berdin egin behar da mozten direnekin. Zakutora. Honela, bizialdi honen luzean zakutoa betez joango gara, harik eta hil arte. Hildakoan zakutoa burkoaren zereginean jarriko digute, buruaren atsedenleku. Eta norberaren bizitzako ile denak hor egonez gero, bakea norberaren izpirituak. Bestela, izpirituak ileak non diren ibili beharko du, bila, denak baturik bakea izan arte. Eta bitartean norberaren izpirituak bakerik ez.

        Azalpenari «Ameslarien kultua» iritzi izan zaien harako haren kutsua hartu diot, nire ezjakintasunean. Baina Justin Goulden tema, edo obsesioa, aipatu beharko nuela esan dut eta, hona hori zertan den.

        Ilearen zergatiaz azalpena egin ondoren Justin isilik geratu da. Tarte baten ostean Michelleri hasi zaio hizketan. Indiarren geroaz, odol garbitasunaz. Hiru mila bat dira Ni Mi Pui herrikoak, horietako ehun eta berrogeita hamar bat izanik beren jatorrizko hizkuntza menderatzen dutenak. Bada, Ni Mi Pui herria, hilzorian den herria! Antzinako lurrak galdurik, hizkuntzaz arrozturik, odola nahasturik —oi, Winter, afro-amerikar Ni Mi Pui haren larruaren ederra; oi Ana Calkinsen kaukasiar begidun Ni Mi Pui blonda— nork esan ahalko du «hemen bada herri bat», «hemen herri bat izan zen» barik? Hear me, my chiefs! liburutik historiaren beste pitin bat hona aldatzeko unea da.

 

 

INDIOEN IDAHO

ZURIEN IDAHO BIHURTURIK

 

Harako 1803ko hartan AEBetako presidente Thomas Jeffersonek Atlantiko Ozeanoa eta Ozeano Barea lotzeko ahaleginezko bidaia sustatu zuen. Bidaiaren helburua «herrialde honetan barrena urez egin daitekeen biderik laburrena bilatzea, merkataritzaren hobekuntzarako» zela aldarrikatu zuen. Hala bada, 1804ko maiatzean, 29 lagunek osaturiko taldea bidean abiatu zen, St. Louisen. Denen buru, presidentearen gizon bi; Meriwether Lewis eta William Clark kapitainak.

        Espedizioak Missouri ibaian gora jo zuen, ipar mendebalderantz. Hala abiaturik, 1804-1805eko negua egungo North Dakotako Biskmarck aldean eman zuten. Udaberrian berriro bidean, gidaritzako frantses merkatari bat hartu zuten, izenez Charbonneau zena bera. Honen emaztea, izenez Sacajawea, Shoshone tribuko kidea zen-eta, berori izan ei zen espedizioaren arrakastaren gakoetako bat. Emakumea, lehenik beste indiar batzuek bahitua, gero saldua eta azkenik frantsesarekin ezkondua bera, sortzez egungo Idahokoa zenez, sorterriraino bidean gidari izan zuten espediziokoek.

        Sacajawea denen buru, 1805eko abuztuaren 12an Kontinenteko Banaketa Marra igaro zuten, egungo Idaho eta Montana estatuen artean zegoena bera. Halaxe sartu ziren Shoshone, Salish eta Ni Mi Pui herrien eremuetan. Behin horietan, Ipar-Mendebaldeko Igarobide ospetsu bezain ezezaguna bilatzera jo behar zuten. Eskerrak Ni Mi Pui herria bidean agertu zitzaiena, bestela agur Clark & Lewis espedizioari.

        1804ko irailaren 22an espediziokoek hiru gazte ikusi zituzten. Gazteok berriz ihes egin zieten, espediziokoek atzetik segitu eta egungo Nez Perce tribuaren herrira iritsi ziren, Clearwater ibaiaren ertzean. Hemen, batzuen iritzia arrotzei heriotza ematea izan zen. Erraz zeukaten hori gauzatzea. Haatik, bizirik joaten utzi zieten, neguari aurre egiten lagundu ondoren. Nez Perceren legendak dioenez, Wetxuwiss izeneko emakume batek egin zuen haien alde, esanez, bada, behin indio batzuek bera bahitua zutela, eta bahitura hartatik gizon zuriek askatu zutela.

        Espediziokoak bideari berriz ekin ziotenean harainokoan erabili izan zituztenak baino kanoa hobeetan ekin zioten. Horiek nola taxutu, Ni Mi Pui haiek erakutsi zieten. Eta, kanoak hobeak zirela gorabehera, Ile Nahasiak izeneko buruzagiak Clearwater ibaian behera eginez Snake River delakora lehenik eta gero hortik Columbia ibaira iritsirik, Ozeano Barerako bidea erakutsi zien mapatxoa eman zien. Ibietan gal ez zitezen.

        Urte hartako azaroaren azkenetan espedizioa Ozeano Barera iritsi zen. Erdietsia zuten helburua. Negua han eman ondoren, hurrengo udaberrian itzulerako bideari ekin zioten. Bada, berriro igaro zituztelarik Ni Mi Pui herriaren ibaia, mendi eta zelaiak, berriro izan zuten bertakoen laguntza.

 

 

CLARK ETA LEWIS

 

Clarkek eta Lewisek Ni Mi Pui herriaren laguntzaz zabaldu zuten Ipar-Mendebaldeko bidean gora zabaldu zen izurria. 1840az geroztik kolonoak oldeetan etorri zitzaizkien memoria galtzen deneko denboretatik han bizi zirenei. Ohartu zirenerako, Estatu Batuen barruan zeuden euron ibaiak mendiak haranak lakuak basoak oro. 1846an Estatu Batuek eta Britainia Handiak Oregon konderria zati bitan banandu zuten, 49 paraleloa ardatz. Diogun herriaren jabetzakoak AEBen aldean lotu ziren.

        Gozoak ziren Ni Mi Pui herriaren ibaiak mendiak haranak lakuak basoak oro. 1855ean aspaldiko jabeek eta jabe berriek ituna sinatu zuten; aspaldiko jabeei aspaldiko ibai mendi haran laku baso ororen zatirik handiena uzten zitzaien, baina ez dena.

        Ituna sinatu baino ez-eta erreserba haren mapa urrezko artaziez mozteko ahalegina hasi zen. 1860an, Elias Davidson Pierce hura Clearwater ibaiaren inguruan urregorria ustiatzen hasi zenekoan hain zuzen, indiarren aldea murrizteko aldarriak aditu ziren.

 

 

DAVIDSON PIERCE

 

Elias Davidson Pierce, urregorriaren sukarrak jota bizi izan zen gizona, miseria kasik gorrian hil zen. Nork esango zukeen, haren iragana gogoan hartuta..

        Indiana aldean jaioa, gaztetan gizona Mexiko eta AEBen arteko gerran zerbitzuan egona ei zen. Behin gerra amaiturik, Kaliforniara jo zuen, urregorriaren gosez hain segur. Ez zen ase egin, ez baitzuen eskuratu. Orduan ametsen bidean gorago jotzea erabaki zuen. Mendebaldera, Ozeano Barea muga zituzten lurraldeetara. Eta halaxe iritsi zen Clearwater ibaira. Ni Mi Pui herriaren Erreserbara, alegia.

        Elias Davidson Piercek Kalifornian ezaguturiko mea-mendien taxu bertsua hartu zien Clearwater ibaiaren ingurukoei. Urrea zinez usaintzen ahal zuen. Usainaren pausoetan oinak abiarazteko oztopoa, Erreserbaren barruan mea-ustiaketak debekaturik izatea. Ez indioek ez AEBetako ordezkariek onartu ahal zuten handik urrea ateratzea. Bost horrek Elias Davidson Pierce hari. Urteen buruan bere helburua erdietsi behar zuen.

        Ipuin antzekoa da, alegia mingotsenaren parekoa. 1860an, indiar neska batek Ni Mi Pui nazioaren Erreserbako mugarriak saihesten eta ezkutuko bideak erdiesten lagundurik, Elias Davidson Piercek eta beste zenbait gizonek, Clearwater ibaira egin zuten. Hantxe zegoen urregorria.

        Urrearen aldarriak erakarrita, 1861ean jende andana sartu zen Ni Mi Pui herriaren Erreserban ostera ere. Indioek eurek ez zeukaten zer eginik, eta zurien gobernuaren ordezkariek astirik edo gogorik ez hura eragozteko. Urte hartantxe hasia zen Guda Zibilak ez omen zien hartarako astirik uzten.

        Makina bat lagun etorrita eta hamaikatxo negozio sorturik, sukartu haientzat hutsaren hurrengoa ziren Ni Mi Pui nazioaren eskubideak. Urrearen sukarraren berotan hiritxoak sortu ziren, hala nola, Oro Fino eta Pierce. Hain zuzen ere, Pierce da Idahoko lehenengo konderriaren hiriburua. Baina hau dena alegia mingotsarenaren parekoa bada, izan ere badenez, zeragatik da, azkenean Elias Davidson Pierce hark antzemandako urre-meak ez zirelako hain aberatsak. Urtebeteren buruan inguru haietara lasterka etorritako zuriek beste bazter batzuetara jo zuten, beste sukarraldi batean. Kaltea eginda zegoen, ostera.

 

 

ALDE ETA KONTRA

 

1863an Erreserbari buruzko itun berria sinatu zuten, AEBen ordezkariak eta Ni Mi Pui herriko zenbait buruzagik; ez denek. Zurien hizkeran esanda, indioen artean alderdi bi sortu ziren; itunaren aldekoena eta itunaren aurkakoa. Ituna sinatu zutenen artean Lawyer izeneko buruzagi kristautu eta Estatu Batuen aldekoa eta haren jarraitzaileak ziren. Sinatu ez zutenen artean, Buruzagi Joseph Zaharra ospetsua eta beste buruzagi asko. Argitu behar baita Ni Mi Pui herrian ez dagoela piramide taxuko buruzagitzarik. Zein adarrak bere buruzagia du, buruzagi denak parekide dira eta, beraz, buruzagion artean da osaturik tribuaren adaburua.

        Zuriek ez zuten indiarren barneko egituraketaren gakoa ulertu nahi izan. Buruzagietako 'zenbaitek' sinatuz gero 'denek' sinatu zutela iritzi gura izan zioten. Eta hortxe hasi zen gerraren xendra urratzen. Lau urteren buruan AEBetako gobernuaren armada Ni Mi Pui artean ere askeak erreserba mugatu berrian sartzen ahalegindu zen. Ni Mi Pui herriaren ibai mendi haran laku baso orotaz goza zezaketela —ezen ez jabe izan zitezkeela— uste zuten 'matxinatuek' ez zuten men egin.

        Aske segitu zutenen artean zen, esan moduan, Buruzagi Joseph Zaharra. Hau hil zelarik, askoz ere ezagunago izango zen haren seme Buruzagi Joseph. 1877ko maiatzean Ni Mi Pui askeei ultimatuma helarazi zitzaien. Edo borondatez erreserbara egin, edo bestela gerra. Ez zuten gerraren hautua egin baina, gerra hantxe etorri zitzaien gainera.

 

 

ULTIMATUMA

 

Maiatza zen. 1877. urtekoa. Erreserbari buruzko azken ituna sinatu gaberik aske bizi ziren Ni Mi Pui haiei ultimatuma helarazi zitzaien. Hilabeteko tartea zuten, ekainaren 14a bitartekoa hain zuzen, esparrura egiteko. Tarte laburregia, bistan zen, beren ganaduak ibai mendi haran laku baso orotan banandurik zituzten haientzat. Onartu egin zuten, hala ere.

        Tamalez edo, epea amaitzear zelarik, ekainaren 13an hain zuzen, hiru Ni Mi Pui gaztek kanpamendutik alde egin zuen. Sutan ziren gazteok, lehentxeago gizon zuri batek eurotako baten aita hil baitzuen. Eta ekainaren 4an gazteok lau kolono hil zituzten. Laster beste hamazazpi gazte bildu zitzaizkien. Egun biren buruan beste hamalau edo hamabost zuri akabatu zuten.

        Hantxe ekin zion Oliver G. Howard jeneralak Ni Mi Pui haien bila. Ekainaren 17an begiztatu zituen, White Bird Canyon izenekoan. Hegazti Zuriaren Arroilan. Autobusean pasaeran ikusi genituen indiarrak ikusi genituen lekuan, hain zuzen! Indiar gerrari zenbaitek gehiago egin zion soldaduen multzo handi bati, horietako hogeita hamalauren heriotza eraginez. Ni Mi Pui bakarra ere ez zen hil.

        Uztailaren 11n borrokak izan ziren Cottonwood aldean. Eta baita bataila moduko bat ere Clearwater ibaian, 12an. Ez ei ziren erabakigarriak izan. Horien ostean indiar askeek —gizon, emakume eta haur, 750 bat lagun zirenak— Montanara jo zuten, Bele —Crow— indiarren laguntzaren bila. Bufaloaren ehizan elkarrekin ibiltzen zirenak ziren herri bietakoak. Bada, Bele tribukoak topatu bai, baina zoritxarreko orduan; lagun usteko haiek eraso egin zieten Ni Mi Pui herrikoei.

        Beste hilabete batez Ni Mi Pui herrikoek ihesean segitu zuten. Abuztuaren 9an eta 10ean AEBetako Armadak Big Hole —Zulo Handia— delakoan eraso zien. Hildakoak hirurogei eta laurogeita hamar artean izan ziren. Kanadako mugaldea berrogei milaren tartean zeukaten arren, amore eman zuten. Ez zela berriro borrokatuko agindu zuen geratzen ziren apur denen buru-edo egiten zuen Joseph Gaztea buruzagiak, zeina, harrezkero legendara igaro zen, militarraren arloko estrategi handienen ospeaz igaro ere.

 

 

SEME-ALABAK HAZTEKO LEKU POLITA

 

Harrizko edo bestela adreiluzko eraikin gutxi dago Nez Perce erreserbako Lapwai herrixkan. Horietako bat taberna da. Ez joateko gomendatu digute turismo bulegoko emakumezko gazteek. Bada, ni neu joan egin naiz. Barraz beste aldean zerbitzari, horra emakumezko hori; alde honetan, hona bikote heterosexual hau. Horiexek eta laurok gara munduan hemen barruan. Garai batean gurean edozein pubetako girokoa izan zitekeen argiztapena, telebista piztuta —golf sporta ematen ari dira—, aldi berean musika ozen eta, hobe ez, tabernako hiru katuen arteko mau aspertuak. Hormetan dolarreko billeteak daude itsatsita; denak sinaturik. Benetan pobre direnek, nongoak ere diren, pozaldietan horixe egiten dute; dirua, sinbolikoki, errekara bota. Munduan edonon. Edo denean. Norberak nahiago duen moduan.

        Lapwaiko taberna ez da infernuko zuloa. Halakoaren irudia eman digutenei horren mamua astindu badiete ere. Edo beharbada ez da mamua, baina hain ohituta nago halako lekuetan ze, paradisuko harrera gelan bezala sentitzen naiz. Estatu Batuetako Mendebaldeko beste edozein tokitan bezala, hiru katuek ni nondik natorren jakin nahi dute. Gure basque countryaren leku geografikoaz azalpenak eginda —egia esan gutxi balio duten azalpenok—, tabernakoek beren zereginari eutsi ahal diote.

        Jendeen jarreran jakingura da nagusi. Nora ere goazen, nondik gatozen galdetzen digute. Halaxe gertatu zaigu lagun biri herriko denda nagusian. Denda denetarikoak saltzen dituzten neurri ertaineko «begira, hauta, bil eta irteeran ordain» horietakoa da. Beraz, norberari inorekin hitz egiteko aukerari zirrikiturik apenas uzten diotenetarikoa. Hala eta guztiz ere, azkenean derrigorrezko galdera hori egitea eta guk erantzutea, horixe lortu dute emakumezko langile bik. Nongoak garen, eta baskoak, eta eurek barre, eta tratu berezia eman. Gozatu egin dute gure joan-etorriekin, zinez, geu baikara hemen ikuskizuna.

        Dendaren inpresioak indioen artean nabarmen denaz ohartarazi digu. Fast food delakoaren garrantzia handia bada ere, hemen jateko orekatsurako behar direnak erosi ahal dira. Baita ardoa ere. Gaitza beste nonbaiten dago, beraz. Agian gazteen klubean nagusi diren portaeretan. Ordenagailuan jokoan diharduten artean soda, kola, freskagarri edo dena delakoaren isuria ahoan —umeak amaren titia legez— sartuta duten gazte horien portaeran. Ur hutsa edaten duenik ez dago hemen inon.

        Ez bide da erraza. Ur hutsa edatea, esan nahi da. Ezta ere —gutariko batzuentzat behintzat— kaferik gabe bizitzea. Horren premiak akuilaturik, herriko leku dotoreenetako batean sartu naiz. Hona hemen express kafea, edo kafea express, halaxe egiten duten lekua. Eta gu kafeinomanook horren berri jakin gabe. Albisteak airean hegan egin du eta, hona goizero drogazale taldetxo polit bat, kafearen usain hordituaren bila. Kafea ez da dagoen gozo bakarra. Badira jatekoak plantxan eginak, eta gustura eginak gainera. Sukaldari, yanki peto-petoa ematen duen gizon gaztea dago; ilegorria, irria haur zoriontsu heziarena duena, aurpegia orezta-euri goiztiar batek zipriztindua bera.

        Azken goizean, agurraren tenorean, galderen txanda etorri zaio honi ere. Hitz pare bat jaurti du frantsesez, zabalera ateratzen den pilota modura; jaso nik, frantsesez beste hitz batzuk esanez. Beroketa izan da. Orduan berak, ingelesera itzulita, niuyortarra dela esan dit. Tanto!

        — New Yorketik hona, nola?

        — Emaztea indiarra —esan dit.

        Tanto!

        — Umerik? —nik.

        — Lau —diost.

        Eta, bolean, pilota horrek nire baitan bote egin baino lehen, txaparen gainera jo du:

        — Leku polita, berau, seme-alabak hazteko —halaxe diost.

        Zer erantzun?

        Berarentzat partida.

        Elkarri bostekoa emanda, azken esaldi horrek sakoneko zerbait ulertarazi didalakoan joan naiz.

        Autobusa zain dugu. Itzuliko ote gara inoiz berriro hona? Hemen eman ditugunak objektibotasunez hiru gau izan badira ere, niretzat, subjektibotasunez, hiru goiz izan dira. Azken goiz honetan egun argia baino goizago jaiki naiz, orain agur esan behar diegun kaleotan argiaren errugabetasuna arnastera. Inperioaren bazter leku honetan eguzkiak oraindik gizakia agertu barik balego moduan egiten du bere bidea. Horren keinuen artean herritarren etxeak ikusi ditut. Zurezkoak, duinak itxuraz, atartea, baratzea eta parabolikoa dutenak; denak elkarren antzekoak bai baina, batzuk txukun zaindurik dituzten artean beste batzuek zabarkeriaren kalteak ageri dituzte. Goizeko pasioan porlanezko eraikinak ere hobeto ikusteko era ukan dut. Gobernuaren ordezkaritzarena da dotoreena.

        Horren harira, ohartaraztekoa da izarrak eta barrak dituena bandera zuri-gorri-azul harroa ez dela eraikin horretan izan ezik beste inon ageri. Hemendik kanpora, berriz, haizea nekatu egiten da zuri-gorri-azuleko hainbeste bandera, banderatxo eta banderatzar astintzen. Abertzaletasunaren uhina! Trapuzkoa ote da horren arima?

 

 

IZERDI ETXEAN KANTUAN

 

Agurra gogor egiten zaigu. Azken dantza Kriskitin taldekoek, eta azkenak izango ez diren malkoak denon begietan. Autobusa abiatu denean Ni Mi Pui herri Lapwai honetako lider espirituala hor dugu, autoan, negarrez. Hitz madarikatu, liderra! Baina hitzen esklabo gara denok. Bart gauekoa datorkit gogora.

        Bart gauean hitz horixe erabili zuen Brooklyn izeneko gizonak, berak herrian orain duen lekua definitzearren: liderra. Espirituala. Eta hori esan ondoren oparia eskaini zigun. Opari xumea, eta bere xumean ederrena. Bere etxe ondoko Sweat House —Izerdi Etxea— delakoaz gozatu ahal izatea. Batzuek onartu egin genuen.

        Saunaren antzekoa da Sweat House delakoa. Etxolatxo itxia, barruan, behe-gainaren erdi-erdian, harri goriak uzteko lekutxo bat baduena. Harrion goritasunean zenbait landareren hondarrak uzten direlarik, sortzen den lurrunak horditu egiten du. Sweat Housean luzaroagoan sartuta egon ahala hordi sentsazioa areagotu baino ezin da egin, dena ilun dagoelako ez ezik egonaldia zuzentzen duen Brooklynek hitz egin ostean harekin diren beste indiar bik kantuari ekin diotelako ere. Kantuek diotenaz tutik ere ulertu ez arren, alarauak —halaxe baitirudi ari direla, alarautan— bihotzeko barrunbeetaraino sartzen zaizkigu. Gero —ala lehenago izan da?— desio bana eska dezagun eta errituzko hitz batzuk esan ditzagun eskatu digu, eta ezer eskatzeko gogorik izan ezean errituzkoak berdin esateko. Eskaera biak bete nituen.

        Lapwai herrixkan abuztuko gaua agorrileko gau heze eta kasik hotz horietakoa bilakaturik zen Sweat Housean —zorioneko izerdia!— bitan sartu ostean gazteen klubera itzuli nintzenean. Nire artean argi neukan; herrian halako lekua izatea, Ameslarien Kultuak bizirik dagoen adierazgarri.

 

 

ERRATU EGIN ZIREN

 

Orain, hiru gau eta hiru goizen buruan, autobusak Ni Mi Pui jatorren Erreserbatik aterako gaitu. Gorputzez, arimaz ez.

        Justin Gouldek eman didan azken altxorrari begiratu bat egiteko irrikaz noa. Joseph buruzagiaren leinukoa dela, eta Arrano Beltza buruzagiaren leinukoa ere badela, bart halaxe esan zidan azken momentuan Justinek. Nik hori kontatzeko eskatu-eta genealogi zuhaitza egina duela esan berak. «Ala nire seme-alabei nondik datozen argituko ez niola pentsatu duzu?».

        Goizean paperik gabe etorri da, ostera. Eta paperak?, galdetu diot. Bila joan da. Paperotan idatzitakoa eskuz kopiatzen hasi naizenean, nire interesaren neurria neurtu du; paperak hartu, nonbaitera joan eta fotokopiaturik ekarri dizkit. Bai, Justin munduan den inperio nagusiari aurre egin zioten buruzagi haien ondorengoa da. Garrantzirik badu horrek, ostera? Joseph hura hain militar trebea ez zela esan zuela gogoratu zait. Sinesten diot.

        Hona hemeretzigarren mendean etorri ziren zuriak erratu egin ziren —halaxe dio gomendatu didaten liburu hainbatean aipatuak—, hemengoen buruzagitzak-eta beren buruzagitzen eta halakoen berdinak zirela uste izan baitzuten. Baita gerraren arloan ere. Guk, turista antzeko euskaldun harrituok, zerbaitetan susmatu dugu hori ez dela zuzena. Hiru egunez ikusi ditugu elkarren begiak eta begiradak, eta inon idatzi ezin diren sentsazio isilak bizi. Hau idaztean sentsazio horien parte bat airean joaten uzten ari ote naizen sentitzen dut.

        Ezin esan izango dut inoiz Idahora egindako bidaia zoriontsua izan denik. Honelako herri bat bere azkenetan ikustean gure herria gogoratu zait eta, bihotzean sentitu dudan haginkada. Ez nukeen bidaia honetaz ezer idatziko, orrialde inprimatu hauek Lapwai herrira helaraztea promes egin izan ez banu.