Koioteren arrastoa
Koioteren arrastoa
2006, kronika
176 orrialde
84-95511-88-6
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

YOSEMITE PARK - KALIFORNIA (iraila)

Sekuoia tantaiak

 

Larunbata da Nevadako Renon. Atseden egiteko eguna. Beste lagun bat eta biok Nevada eta Kalifornia artean den Yosemite Parkera bisita egiten abiatu gara.

        Bidean, XIX. mendean urre gorriak eragin zuen sukarraldian hazitako Bodie herrian gelditu gara. Bertan behera lagata, iraganaren itzal hutsa da Bodie, herriak sortu, hazi eta desagertu ere egiten direla adibiderik behar bada, berau da adibide ederra.

        Western ospetsu haietakoen ereduzkoa den Bodie atzean utzirik, berriro bidean gara eta, horra cowboy legendarioen paisaiak; mendi goiak, laku eder zoragarriak, sastrakazko mortuak eta bakardadea. Pantaila handian ezagutu genituen legendak bizirik dira hemen. Hona etorri ziren Euskal Herriko artzainak legendaon parte dira.

        Etxean harturik naukan Joek diost horietako bat. Alegia, hemen artzain ibiltzen zirenek txekea eskatzen bazuten, kontuz!

        — Ordaindu egiten jakean, bai, baina gero mendiko edozein zokondotan ezkutaturik itxaron, jo eta bertan seko uzten juen artzaina. Haren txekea hartu, eta gorpua zulora. Zenbat ez ote dagoen mendioetan halantxe lurperatura —ziostan Joe Euskal Herriko semeak.

        Legenda huts modura hartu ahal dira horrelakoak. Hona iragan mendeko hirurogeiko hamarkadan etorri zen Joeren ahotik entzunda sinetsi egiten dira, ostera. Hollywoodek ere sinetsi zituen. Baskoena. Thunder in the Sun filma, 1959. urtean errodatua. Mundakako Rex zineman ikusi genuen. Ezin sinetsirik. Zuri batzuk indioen kontra borrokan, harriak jaurtitzeko xisterak erabiltzen, irrintzien bidez komunikatzen, flamenco dantzari eta frantses izenekin. Euskaldunak Far West-era bidean, orduan hain ume izanda ulertu ez bagenuen ere. Ustez 1847an gertaturikoetan oinarritua zen filma. Ez zen erabat asmatua izango, ez. Center-en ezagutu dudan Pedro Oiarzabalek giltzarri bat eman zidan, hona iristean izan genituen lehenengo berbaldietako batean.

        — Indioekin kontaktuan sartu ziren lehenetariko europarrak euskaldunak izan zituan. Euskaldunek eta indioek amankomunean zeukatena, ingelesez ez jakitea zuan, besteak beste. Horrekin esan nahi diat ez zutela batak bestea etsai ikusten.

        Kontaktu horiek Kalifornia aldean abiaturik mendietan ausartzen zirenek egin bide zituzten. Orain, Yosemiterako bidean, goiz hura dut gogoan, hona iritsi eta egun batzuetara. Pedrok, aho zabalik utziko ninduela jakitun, faksimile bat erakutsi zidanekoa.

        Euskarazko lehenengo astekaria: California-ko Eskual Herria, horixe erakutsi zidan. Ez nion halako jaramon berezirik egin. Kalifornian dena da posible.

        Kalifornia! Joeren etxetik begiratuta Sierra Nevadako mendiak hantxe ikusten dira eta, berak goizero esaten dit berdin.

        — Beste aldean, Kalifornia.

        Joek hola esaten didan guztietan euskaldun sortzez baserritarrek hemen geratzeko izan duten motiboaz egiten dut gogoeta. Hona lurralde amestua, non belardiak kasik infinituak diren, non mendiek ez dioten Bizkaian bezala elkarri traba egiten, non zerua beti garbi eta haizea beti lehorra den. Lurralde amestua, Bodie hori bezalako mirariak ernalarazi dituena. Urrea libre!

        — Arrantxoa erostea pentsatu najoan, baina, ba'kik, ganaduekin beti esklabu; ardietan ibili ostean herrira bajatu nintzuan.

        Horra non zegoen urrea. Kalean lanean. Reno hazten ari zen urteetan izan zen Joe hona etorri zenekoa. Bizkaia, itotzeraino txikia, Bizkaia, itotzeraino estua, Bizkaia, itotzeraino hezea, Bizkaia, itotzeraino berdea, Bizkaia, hantxe utzita. Ez Bodie utzi zuten bezalaxe, baina kasik. Bodie! Noiz hil zen? Posta bulegoa beste herri batera eroan zutenean, 1932an, ala suhiltzaileen etxeko brontzezko kanpaia ostu zutenean, 1941ean?

        Turistari larregizkoak zaizkio halako galderak. Hala da ze, hori gero eta urrunago eta galderak ahaztuxeago, horretatik Yosemiterako bidean ezinbestez datorkit behin eta berriro sorterria gogora. Eta halako batean giltzetako bat antzeman dut. Hona etorri zirenek berton geratzeko izan zuten motiboen misterioa askatzeko giltza. Mendi gain baten ostean ametsetakoa dirudien lakua agertu zaigu begien aurrean. Negarrak bihotzeko begietara egin dit. Hau edertasunaren betea.

        Baina Euskal Herria, oi Euskal Herria, hemendik zein urrun. Ziur naiz beste lagunari ere hara zaiola gogoa joaten baina, zer arraio, hemengo inguruen edertasuna ezin dugu horrekin hondatu. Mintza gaitezen beste gairen batez.

        Horrela, sorterriaz hitz egiteko gogoari muzin eginez, parkearen sarrerara iritsi gara. Eta aurrera goaz. Emozioetan barrena, paisaian zehar goazen aldi berean. Astiro. Denbora eta espazioa geldi dira hemen, Kaliforniako alderdi miragarri honetan. Parkearen luzea egiteko ordu eta erdi behar dugu. Bilbo eta Iruñea arteko bidea egiteko adina. Hemen diren 4x4 autoek beren esangura eta zeregina dute. Lagunak eta biok gure herria, ala sorterria, ala aberria, zer den ez dakigun horrexen neurriak aipatu behar ditugu, ezinbestez. Eta neurriak aipatzeak horixe eztabaidatzera eroango gintuzkete. Alegia, sorterria, herria, aberria, zer den gurea. Zorionez, gaua gainera etorri zaigu eta, motelera, ondo lo egitera. Mariposa izeneko herrian.

        Biharamunean laguna eta biok hemengo edozein banku-bulego atrakatzeko giroan itzartu gara, esan nahi baita filmetako paisaia deritzogula Mariposa izeneko herri honetakoari. Izena nondik datorkion ere jakingarria da.

        Gazteleraz hitz egiten zuten spanish haiek hona iritsi zirenean tximeletak, mariposak, multzo handietan zebiltzan-eta, hortixe izena. Haatik, gazteleraz mintzatzen ziren haien ostean ingelesez-eta jarduten zutenak etorri ziren, zuriak!, eta Ameriketako Estatu Batuen XIX. mendeko historian hainbatetan jazo zena jazo zen. Lehenengo, 1846-1848 urteetan, Mexikar-Amerikar gerra izan zen. Horrekin aldi berean izan zen Kaliforniako Urre Sukarraldia, 90.000 pertsona hara mugiarazi zituena. Bodie, esate baterako, halaxe sortu zen, 1861ean.

        Urrea eta gerra, biak gogoan hartzekoak dira, edonon. Mariposa honetan baina, batez ere gerra dakarte gogora. 1846-1848ko haren ostean, 1851n, Kalifornia —hogeita bost egunez Kaliforniako Errepublika izanikoa— Estatu Batuetako 31. estatua bilakatu zen. Eta halaxe, gerra giroan, zuriek indioei ekin zieten 1850. urteaz geroztik. Galtzaile indioak izan zirela zertan esan ez dago. Zurien batailoiaren izena, Mariposa Batailoia. Eta horrexegatik Mariposa. Ze paradoxa, gerrara etorri eta, izena Mariposa.

        Honelako azalpenak, paradoxarik inon erakusten ez dutenak, harriduraz irakurri ditut, Mariposa herriari buruzko turismo orri horietakoetan. Eta gogoeta egin dut, indioekin egindako gerrez hain harro baldin badira, indioen euren lekua zein ote den hemen.

 

 

Autoan sarturik, sekuoia tantaiak diren aldera iritsi gara. Inoiz basoak esangura metafisikorik izan badu, horren aztarna da hemengo hau. Hemen ere bihotzak negar egiten du. Hemengo pinuek, hain handi haziak eurak, ez dute Bizkaiko izurri-basoaren ezta antzik ere. Ehunka urte dituzten zuhaitzok denboraren beste neurri bat ematen digute. Ez pentsa, haatik, amerikarren natura zaletasunak salbatu dituenik.

        Parkeari buruzko edotarikoak saltzen dituen etxolara egin dugu, eta hortxe erosi berari buruzko liburuxka. Itzulerako atsedenaltietako batean ikusi dudanez, hemengo basoak soiltzeari ekin ziotelarik, behetik hasita beti gorantz eginez jardun zuten. Hurbilena ebaten errazena, ebagi eta ebagi mendietan gora egin zuten, milaka urte zahar ziren sekuoiak eraisten. Bat bera ere tente ez uzteko moduan eraitsi ere. Halako batean AEBetako Kongresuak Yosemite babesteko legea ebatzi zuen arte. Ebazpen horren eragilea Galen Clark izan zen.

        Diotenez, Galen Clark, 1814an jaioa bera, 1853an biriketatik oso gaixorik paratu zen. Medikuek sei hilabeteko bizialdia eman ziotelarik, gizonak basoetara egin zuen, arnasa bila. «Hobetu ala hil, mendietara jo nuen, aukeran lehena gertatuko zitzaidalakoan». Halaxe izan zen. Galen Clark 1910ean hil zen.

        Bizia bigarrenez eman zion lekua, Yosemite, halaxe topatu zuen Galen Clarkek. Hala bada, gizonak hemengo aberastasunak babestea bere biziko kausa egin zuen. Argazkietan bizar luzedun ageri da, Grizzli —Hartza— izeneko tantaiaren aurrean, eskuin eskuaz kasik bere besteko luzea den eskopetari eusten. Edo bestela alboz ageri da, bizarra askoz ere luzeago, eta urdinago. Historiarako.

        Hori dena Parkeko lekurik zoragarrienean irakurri dut. Alegia, El Capitan mendiak eta halako bestek osatzen duten haraneko errekastoan. Non badirudien edozein momentutan iraganeko indioak agertuko direla. Hori bai, iraganekoa ematen duen leku honetatik ehun metro atzerago turistentzako atonduriko lekuak dira, beren zarata-tasa eta guzti. Horiei gor eta itsu, soraio uharteko sastraketan, soina hemengo uretan sartzeko gogoa egin zait. Ur sakratuak. Ur sekretuak.

        Ezin izan diot errekan sartzeko gogoari eutsi. Bainujantzi eta guzti sartu naiz, jakina, baina behin barruan kendu egin dut. Leku honek badu indarrik eta, ziur biluzirik hobeto egingo didana. Ura aiztoaren ahoa bezain hotz dagoen arren, lurraren odolaren beroa dakarkio nire gogoari. Uharte bateko sastraken artean etzunda lehortu naiz. Gero paseatzeari eta gida-liburua irakurtzeari ekin diot. El Capitan itzelaren oinetan ibiliz. Honantz etortzean errepideko gune batean geldirik mendi horri begira ahotsa duelako sentsazioa izan dut. Mendiak baduela bere mintzo isila, horixe sentitu dut. Errekan bezalaxe. Paseatzen bezalaxe. Zelan ez bizi hemengo ura miragarria izan behar delako sentsazioa! Baina noan berriro Parkeko etxolan bizi izan dudanera.

        Parkeko denda den etxola muinorik gorenean dago eta, kanpoaldean duen ur xirripa eskertzen da. Hori behintzat doan da. Gero barrura, eta hor dena da dirutan ordaintzekoa.

        Halako lekuetan koska etxekoei zer eroan izaten delarik, alabarentzat zer erosi ez dut zalantzarik egin. Badira hor hartzak, trapuzkoak. Bat erosi dut, hark halakoak zein maite dituen gogoan. Liburua ere erosi dut, arestian esan moduan. Bada, kanpoan berriro, erositakoak hobeto begiratzeko astia hartu dut. Hartza made in China da.

        Igo garen moduan egiten dugu beherantz, alegia, tantaietara ez lar inguratzeko dioten oharrei men eginez. Sustraiak agerian dira-eta, badirudi guztiz delikatuak direla. Edo bestela hiru miloi pertsona urtean hona etortzea zama handiegia dela, baita hain itzelak diren sekuoientzat ere. Hala eta guztiz, zelan gainditu argazkiak tantaiaren zolan jarrita kontrapikatuan egiteko gogoari?

        Jakina, bidean sekuoia ospetsuenak bisitatu ditugu, eta baita jolas egin ere. Gu baino jolastiago, katagorriak. Horiek edozeinetan gora aise, gu lurrari atxikirik gabiltza. Batekin ikusi eta bestea makusi, zein ez den besteak bezain eder, zein den itsusi. Halaxe topatu dugu ospetsu hori, zeinaren enborra gurdiak, diligentziak eta halako batean autoak ere igarotzeko besteko zuloa zuen eginik, 1969an apurtu zen. Horren antzekoa da The California Tunnel Tree deritzona. Behin eta berriro zeharkatu dugu. Horra jolasa. Gero sekuoien gunean behera joan gara, autoaren bila. El Capitan honen oinetara etortzeko. Zin egin diot nire buruari, zin egin diodanez. Itzuliko naiz, bai.

        Autoan, iluntzea alde batean eta eguzkia bestean, Renora gaua baino lehen iristeko asmoa asmo huts dela ohartu gara. Euskal Herria ez aipatzeko kontu handia eginez, espazioaren eta denboraren neurriak dira berriz ere hona etorri garen lagun bion gaia, Parkea atzekoz aurrera gurutzatu eta gure abiaburura itzultzen garen artean.

        Iristen garenerako gaua da Renon. Ederto lo egin behar dugu. Katagorriak sekuoietan gora amestuz nik neuk

 

 

Oharra:

California-ko Eskual Herria, euskarazko lehenengoetako astekaria munduan, Jean Pierre Goitinok (Ainhoa, 1860 - Los Angeles, 1920) sortu zuen. Lehenengo alea 1894ko uztailekoa da. Argitalpena finantziatzen zutenak, ziur aski, astekarian korrespontsal lana egiten zuten batzuk ziren, hala nola, J.F. Iparragirre (San Frantziskoko hotel baten jabea), J. Iribarren (Ken kondadokoa, artile tratuan jarduten duena), Manuel Ordoki (Los Angelesko Hotel des Pyrénées-en jabea), Bernardo Etxeberri (San Diego kondadoko kapitalista handietako bat)...

        California-ko Eskual Herria astekariaren lehen alearen tirada 200 alekoa da. Abenduan 1.720 aleetara iritsiko da, eta ondoko urte amaieran 3.000tan izatea espero duela idazten dio Jean Pierre Goitinok Anton Abbadiari. Aldizkariak 1894-1897 tartea iraun zuen. California-ko Eskual Herria aldizkariak denera 900 inguru orrialde ditu, bilduma osoa batuz gero.