Pasaia blues
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
azala: Garbiņe Ubeda
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1996, nobela
1994, poesia
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
aurkibidea

Aurkibidea

Zai

Zoi

Bele

Arma

Tiro

Erosi: 17,10
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Zai

Zoi

Bele

Arma

Tiro

 

 

Blues

 

                        Heriotzak eta biziraupenak

                        mudantzetan kolazko pianoek duten itxura bera hartu dute,

                        asunto handiak, eguna bukatzerako ahazten direnak.

                                                                Richard Ford

 

Veronica bezala ezaguna zen emakumea Amarako geltokian zegoen zutik, nasa bakartiko ertz batean, betaurreko beltzak soinean zituela. Oinetan zeukan ertz metaleztatuak zituen maleta eta eskuetan argazki sorta bat eta postal bat sustengatzen zituen. Lehen argazkia Pasaiako apartamentu batean ateratakoa zen eta bertan Cesar Telleria ohean ageri zen, izarapean biluzik eta irribarrez, zigarroa ezpainetan eta erretzeko erabili ohi zituen bi hatzekin guraizearen keinua egiten, argazkiak ateratzeari uzteko erregutu nahian bezala. Ohe ondoko ispiluan Veronica zegoen, argazkilari lanetan, kamisoi bat besterik soinean ez zuela, irribarrez baita ere, Polaroida zilborraren alboan sustengatuz, era horretan argazkian biak aterako ziren jakitun. Argazkian asko erreparatuta bakarrik ikus zitezkeen erretratua atera baino lehen gaumahaitxotik zarpailki apartatuak izan ziren pastilla antidepresiboen dozenaka kartoizko kaxa eta plastikozko ontzi. Gero beste argazki batzuk zetozen, hauetako bat Pasaiako jatetxe batean ateratakoa. Jatetxe honetan pastilla gehigarri bat bota zion Cesarri ardora, gau hartan bere memoria erabat linboratuko zuena. Errestauranteko kontua kreditu txartelarekin ordaindu zuen Cesarrek eta handik lortu zuen Veronicak bere sinadura kontratua faltsutzeko.

        Postala Cesarrek bere buruari Lisboatik bidalitakoa zen eta Ni ez naiz sekula hemen izan eta igual igual bizi naiz esaldia zegoen eliza bateko hainbat graffitiren artean nabarmen idatzita. Postalaren bestaldean hitz hauek irakur zitezkeen: «Zortea nirekin dago eta ez zait burutik pasatzen noizbait nire ondotik alde egin dezakeenik. Alde egiten duen egunean, jada gehiago beharko ez dudalako izanen da. Veronica harrapatu dut oraingoan eta ez da azkena izango».

        Erdibitutako argazki baten erdia ere bazuen Veronicak eskuartean. Argazki desfokatu honetan, Veronica bera ageri zen, ohe batean eserita. Hiru bat aste lehenago Lisboako hotel bateko kafetegian bitan erdibitu ondoren abandonatutako argazkiaren erdia zen. Cesarrek kafetegiko hautsontzitik hartu eta zuela egun gutxira arte bere apartamentuko ispiluan itsatsita eduki zuena. Pasaiako Cesar Telleriaren apartamentuan bere ohean azken honi atera zion argazkiaren gainean Veronica ageri zen argazki puska hura jarri zuen eta erdibitutakoa behekoari erabat egokitzen zitzaiola iruditu zitzaion, bata Lisboan eta bestea Pasaian aterata egonagatik, gela berean ateratako argazkiak bailiran. Argazki erdibituaren beste erdia gabardinaren barruko patrikan zeukala uste zuen, baina ez zen hala suertatu. Ezin izan zuen beraz, patrikatik atera eta argazki erdibitua osatu. Cesarren argazkiari begira geratu zen honenbestez, Lisboan ateratako argazki puska gainean jarrita zuela. Harrigarriro ongi egokitzen ziren. Cesarrekin bikote ona osatuko lukeela iruditu zitzaion Veronicari, eta —saiatu zen arren— ezin izan zuen bere burua sentimendu hartaz errudun sentitzeko adina estutu.

        Esku bat esku bat besterik ez zen eran, sentimendu bat sentimendu bat zen, eta kito. Alferrikakoa litzateke norberak zituen sentimenduengatik errudun sentitzea.

        Veronica bezala ezaguna zen emakumea, argazkiak patrikan gorde, trenera igo eta bagoi hutsean eseri zen. Leihatila ondoan jarritako emakume baten ondoan jesarri zen. Bagoia ez erretzaileentzakoa zen eta Veronicaren ondoan eseri zen emakumeak lau hatzekin zigarro bat sustengatzen zuen arren, zigarroa itzalita zegoen. Leiho ondoan eserita zegoen emakumea Marta zen.

        Bi emakumeek elkarri begiratu zioten. Bietako inor errugabea ez zela eta bietako inork jaiotzatik emana izan zaigun injenuidade dosi hartatik deus ere gordetzen ez zuela ohartu baitziren, deseroso sentitu eta beste norabait begiratzea erabaki zuten.

        Herrerako geltokian trena geratu zeneko, Veronica bezala ezaguna zen emakumeak ertz metaleztatuak zituen maleta hartu eta berriro abiatzear zegoen trenetik irten zen. Gauza bera egin zuen beranduxeago Martak, Pasai Antxoko geltokian. Ateak hersten ari ziren une hartantxe, itsu-makilaz hornituriko gizon itsu bat sartu zen hustu berri zen bagoira, itsu batenak izateko garbiegiak ziren zapaten gainean erdi arrastakako ibilera batekin.

        Veronica bezala ezaguna zen emakumea, Herreran aparkatutako Ford Mondeo beltza hartu eta Pasaiarantz abiatu zen autoz. Pasaiara heldu zenean estibadoreen greba bukatuta zegoela ohartu zen, aste luzeetan portuan ainguraturik egon zen merkatontzi egiptoar nabarmena desagertua zenez. Nafarroa etorbideko 20. ezkaratzera iritsi eta bosgarren pisurako igogailurantz zuzendu zituen bere pausoak. Maleta eskuetan hartu eta oso pisu gutxi zeukala baieztatu zuen. Koltxoiaren gainean abandonatu zuen maleta, ispiluaren parean. Gero, sarrailaren begira giltza kateatu, bira bakar batez atea itxi eta kalera atera zen, telefono kabina baten bila.

 

 

— Martxelo Negro aurkitu dut. Nafarroa etorbideko 20. ezkaratzean da, bosgarren pisuan. Cesar Telleriaren informazioa zuzena zen.

        Alain argazki erdibitu bati begira zegoen, Veronicaren telefono deia jaso zuenean. Erditik moztutako argazkian Alain bera ageri zen ohe batean erdi biluzik eta argazkiaren beste erdira begira. Alainek argazkian zuen begirada zulo beltzarena zen, bainuontziko zuloarena: inguru dena zurrupatu eta trukean ezer ematen ez duen begirada nekagarri horietako bat. Bera etzanda zegoen oheko izaretan Media Vida irakur zitekeen letra bordatuz. Argazkiaren erdia falta zen: bera bezala erdi biluzik, oheko izarapean sartuta, Veronica amorantea ageri zen berak ez zeukan argazki apurtuaren bigarren erdian, automatikoarekin ateratako erretratuan. Ez zen erraza onartzea, baina Cesar Telleriak arrazoia zeukan orduan. Nafarroa etorbideko 20.ean zeuden. Begietan pozoia zuela, argazki erdibituari begiratu zion berriro. Leihoaren zati ttiki bat baino ez zen ikusten apurtutako argazkiaren ertzean. Baina argi tonu hark ez zuen inor engainatzen. Argazki erdibitu hartako hormen atzean zegoen Lisboa.

        Agian Lisboa zen X batez markaturiko lekua. Hiriren bateko ganbararen batean lurperaturik egon behar zuen zapata kaxa batek. Durruti, Kennedy, Lauaxeta, eta beste hainbaten argazki horituekin, ginkgo hostoekin eta egunkari txatalekin betea. Eta ertzak erreta zituzten argazki guztien gainean koilare bat egiteko erabili zen bala batek egon behar zuen gordeta.

        Beleak zulo batetik atera eta beste zulo batera aldatzen zuen bala. Beti bala berdina zelako ez zirenen munduan.

 

 

Alain Lizarragak inola ere susmatu ezin zuena Veronica bera engainatzen ibili zitekeenekoa zen. Uler zezakeen beste guztien gainetik egotea, bazuen halako aire misteriotsu eta hotz bat, ia flematikoa, baina ez zitzaion sekula burutik pasa ere egingo bera ere amua berun eta guzti irentsi zutenen artean egotea. Alain eta bere gizonak Nafarroa etorbideko 20. ezkaratzera heldu eta Alargun Beltza pistolaz armatuta ispilu aurrean ikusi uste izan zutenean, ezin izan zuten arrisku sentipen gertukoaren aurrean traidorea tirokatzerik ekidin. Alain berehala ohartu zen ispilu aurrean zegoena Alargun Beltza ez baizik eta Cesar Telleria zela, baina dagoeneko beranduegi zen. Ulertezina zitzaion Cesar Telleria 20. ezkaratz hartan, ispilu aurrean, pastadun betaurreko eta ileorde beltzaz jantzita ikustea, pistola eskuetan zuela. Zer egiten zuen apartamentu hartan? Zergatik zeukan esku artean arma bat, betidanik armak gorrotatu izan zituenean? Eta batez ere, zein arrazoi demonio izan zen Cesar Alargun Beltza bezala janztera eraman zuena? Alain Lizarragak ziurtasunez zekien bakarra zera zen: nola egin ote zuen ez jakin arren, Veronicak engainatu egin zuela, ezinezkoa izango zitzaiola prentsaurreko batean KGB barruko berezietako baten heriotza absurdu hura justifikatzea eta bere aparraren gisako karrera gorakorra jarraitzeko aukera guztiak zapuztu zituela Cesarren nahi gabeko heriotzak. Amaiera zen beretzat. Ziur zegoen hartaz guztiaz, Cesar Telleriaren eta bere artean betidanik harreman kaxkarrak eta bekaizkeriaz beteak izatearen ondorioz, heriotza Alainek berak prestaturiko tranpa bati egotziko ziotela zekien bezain ziur. KGB barruan inork ez zuen bere erruduntasunaz zalantzarik izango. Bereak egin zuen.

        Veronicarengan lerratu zuen berriro pentsamendua. Ez zeukan bere argazkirik ere. Istorioa eromenezkoa zen, barre egingo liokete egia esaten saiatuko balitz. Etorri bezala lurrundu zitzaion emakume hura. Lisboan, ohean elkarrekin zeudela automatikoarekin ateratako argazkiaren erdia bakarrik geratu zitzaion eta argazki erdibitu horretan Alain bera ageri zen eta ez Veronica. Horrek harremanaren lausotasuna areagotu eta mingarriago egin besterik ez zuen egiten. Orain berak ere zalantzan jartzen zuen haren emakume izate fisikoa. Veronica mamu bat zen, ilunpeko arnas erritmo soil, hirugarren hats, izara huts, haize rafaga batek une batez puzten duen balkoietako izara lehortzen jarria. Xake partidako mugimendu guztiak aurrez zekizkien igarlea zen, erregea arriskuan zegoenean dorrearekin ordezkatzen zuen endroke egilea, kasualidade urrunetara gidatzen zuten ate guztietako maratilaren jabea; adinik eta zauririk gabeko terrorista eternal bat zen Veronica, mila aurpegi aldakorreko samuraia eta espia, bisaiarik gabeko Eztarri Sakona, bere auto beltzean herrialdez herrialde eta mendez mende zebilena, kalesan eternitate guztia errari ibiltzera kondenatutako pertsonaia antzinakoaren eran. Legearen ertzaren bestaldean zeuden guztiei laguntza ematen zien aingeru guardako misteriotsu gisako bat zen Veronica: bere sigletan alfabetoko hizki guztiak zituen sindikatu ezkutuko partaide. Lerro zuzenak marraztu eta heriotza kondena ofizialak sinatzen zituzten estatu gizonen eskuak kilimatu eta dardararazten zituen izpiritua zen.

        Lisboan Veronicarekin oheratu zenean ohartu zen maiteminduta zegoena. Bere bular ederrek malko erraldoien forma zuten. Baldin eta benetako malko batek gure buruan malko batek duen forma berbera duela onartzen badugu behintzat. Izan ere, benetan isuritako malko batek ez baitu inoiz gure adimenean dugun malkoaren forma simetriko, puntadun eta ideal hori izaten. Malko batek zeren itxura du? Diamante batena, esan genezakeen, baina nork ikusi du bere bizitzan benetako diamante bat? Pasaiako diamante-lapurrek ere ez zuten ez diamanterik eta ez malkorik lapurtzen. Malkoen eta diamanteen formez mintzo ginen, eta ez geneukan ideia zipitzik ere benetako forma horiei buruz. Hitzek beren esanahia galdu zuten, eta gure buruko forma guztiek ez zuten jada benetako forma fisikoekin batere harremanik. Benetako formarik ez zegoen. Konbentzio kontuak ziren: malko forma, genioen, eta guztiok ulertzen genuen malko horrek zuen forma, komikietakoa zela esan nahi genuela.

        Benetako malkoek ordea, komikietakoek ez bezala, ez dute masailean behera irristatzean lerro zuzenik maite. Espiralean engainatu zuen Veronicak Alain ere.

        Alainek azken begirada zuzendu zion argazki erdibituari eta sailburuaren bulegoraino gidatuko zuen korridore luzerantz abiatu zen, burumakur, abailduta, esku hutsik. Agian egia esaten saiatu beharko zukeen: sailburu jauna, bere bularrek malko erraldoien forma zuten, malko batek malko baten forma duela onartzen badugu behintzat.

 

 

Abenduak hogeita lau zituen. Olentzeroak zebiltzan batera eta bestera, Olentzeroak eskaparateetan, Olentzeroak telebistan, hormetako afixetan. Zakua hartuta. Hormirudietako batzuk alderantziz zeuden zintzilikatuak, pertxa batetik buruz behera zintzilik zeuden saguzarren antza zuen Olentzerok hauetan. Begi gorri, non harrapatu dek, arrain hori. Jai bezpera izatean, grebatik lanera itzuli berriak ziren estibadoreek ohikoan baino lehenago utzi zieten beren zereginei eta portuko Olentzero bereziak, diamante-lapurrak, alegia, txatarra meta inguruetan kizkurtuta zeuden su ttikiak pizteko ahaleginean. Ijito batzuk elkartu berri zitzaizkien eta hala-moduzko flamenko arrasto eta gitarra doinu garratz, baina hala ere ederrak, entzuten ziren tarteka.

        Egundoko hotza egiten zuen. Gabon giroa nonahi, argiak eta guzti. Ez zen erraza ulertzea zergatik jarri zen boladan Eguberrietan kaleetan zintzilikatzen zituzten argien kontra hitz egin behar setati hori: goizegi jartzen omen zituzten eta gogaikarri suertatzen omen zen azaroaren bukaeratik haiek jasan beharra; hipokrisiaren adierazleak omen ziren, makillaje hutsa, kontsumismoaren ikurra. Ondo pentsatzen jarrita, ez al zuten hiriek Gabonetako argi koloretsu haiek guztiekin adierazten beren benetako izaera? Autopista ertzeko gau-klub hortera baten eran bonbilla kolore anitzez apainduak, hiriak benetan ziren bezalakoak agertzen ziren, mozorro guztietatik aske, mundua zen putetxe erraldoi eta mugagabea, denon bistara. Elurra bakarrik falta zen gabon-postal hura borobiltzeko. Baina Pasaia bezalako leku batean, abenduaren hogeita lauan elurra eskatzea gehiegi eskatzea zen. Abenduaren hogeita lauan ez zuen sekula elurrik egiten. Ez Pasaian.

        Martak bide luzea egin zuen oinez eta Olatzekin elkartu zen Pasaiako portuan, txatarra meta erraldoien artean. Urpekontzi errusiarren periskopio hautsiak, haizezko musika-tresna akastunak, hemendik Moskura bitarteko trenbide urtuak. Oinez zihoazen, elkarri hitz egin gabe.

        — Nik hau utzi egiten dinat, Olatz.

        — Ez haut ezagutzen... Amore ematen al dun? Pasa dugun guztia pasa ondoren? Zergatik orain? Ezin dinat sinetsi, benetan.

        Martak zizpuru sakon bat egin zuen. Kainabera urrutira bota eta amua noraino heldu den baieztatu nahi duenaren begiradarekin.

        — Gauzak zer diren, ezta? Kontrako bidea egin dinagu biok. Gustatuko litzaidake jakitea noiz gertatu zen. Noiz gurutzatu ziren gure bideak. Agian zigarroen kearekin figura inozoak irudikatzeko jolas inozo hartara jolasten ginenean. Beharbada une hartan inoiz baino elkartuago geundenan. Une hari eutsi eta elkarrekin batera edo bestera egiteko aukera alferrik galdu geninan, agian, konturatu gabe. Pentsatzen dinat horrelako gauzak ez direla egun batetik bestera gertatzen, eta hala ere lastima ematen zidan. Baina ziur nagon egon zela une bat inoiz baino elkartuago egon ginena. Behin eta berriz galdetzen zionat nire buruari zein izan ote zen une hura. Zertan egin geninan huts. Zerbaitetan huts egin genuela esan badaiteke behintzat —Martak zerurantz begiratu zuen, baina ez ezer bereziren bila—. Ni bestaldera noan, zerotik hastera. Etorri nahi al dun nirekin?

        — Haur ipuin bat dun hori. Ez dinat sinesten horretan. Ezinezkoa dun zerotik hastea.

        Oinez jarraitu zuten, isilik, beste apur batez.

        — Entzun, Olatz... Donostian izan nindunan eta bi hegazkin txartel zeuzkanat.

        — Ezin hobeto, Yetia eraman dezaken hirekin.

        Ukigarria eta samurra zen zerbaiten ertza ukitu zuten. Ertza bakarrik.

        — Ez dun jakin nahi zein lekutara noan?

        — Leku guztiak ditun leku berdina. Leku guztiak ditun ertzak. Eta gu, soken kontra egongo gaitun beti.

        — Noiz arte?

        — Beharrezkoa den denbora guztian. Herorrek erakutsi hidan hori. Ez al dun oroitzen?

        Martak irribarre egin nahi izan zuen baina beranduago, galdeketa gela batean, Gela Zebratuaren atarian galdetu izan baliote benetan irribarre egitea eta irribarre hura azaleratzea lortu izan zuen, kirofanoko argi bateria baten pean mehatxuka galdetu izan baliote irribarre egin ote zuen ala ez, berak ere ezin izango zukeen ziurtasun osoz baieztatu. Portuaren amaieraraino heldu berriak ziren. Martak orduan, keinu bitxi bat egin zuen, berezkoa ez den keinu horietako bat, naturala ez baina ikasia, eta ikasia izateagatik meritu gehiago zeukana, agian. Ama hizkuntza ez den bigarren bat ikasi duenak bezala. Etengabe barkamena eskatzen ari dela dirudien pertsonaren sorbalda keinu lotsatia zen. Martak keinu hura egin ondoren errebolberra atera zuen besapetik eta eskuetan jarri zion Olatzi. Gero, inguruetako txatarra multzoei so egin zien. Biek so egin zieten. Meta erraldoi haiei, sua pizten zuten ijito eta diamante-lapurrei, eta zeruari. Oso behean zegoen zerua: bere azal hauskarari harramazka egin eta benetan bi aukeretako bat zeru hura ote zen baieztatzeko gogoa ematen zuen.

        — Hau burdina pila, ezta?

        — Pila bat, bai.

        Putakume bakoitzak bala bat merezi badu, hasiko al gara hemendik Moskurako trenbideak funditzen balak egiteko ezta, fundituko al ditugu urpekontzi errusiarren periskopioak, haizezko musika-tresna akastunak, eta halere bizitza ez da balore absolutu bat, bai, pila bat, burdina pila bat. Esandako esaldiak baino zerbait gehiago zegoen airean. Zulo beltzen gertutasunaz ohartarazten gaituzten gamma izpiak ziren, agian. Haizea hotza zen: labana batekin zauri garbi bat egin eta odola ateratzen hasi aurretiko sentipena oroitarazten zuen. Lehen elur malutak emeki-emeki hasi ziren lurraren kontra lehertzen. Zeudenen eta ez zeudenen harridurarako.

        — Itzel —esan zuen Olatzek, sekula esan ez den hitz bat estreinako aldiz esatea agur esateko dauden hamaika moduetatik bat besterik ez zela ohartu gabe. Beste hainbat modu bezain zilegia. Hiri ferrobiarioen zerrendak eta buruz ikasitako trenen ordutegiak totelka errezitatzen hastea bezain zilegia. Biek zekiten inork ez zuela beste gauza handirik esateko. Ez ziren hitz eta esaldi handietarako jaioak.

        Martak eta Olatzek kontrako norantzatan ekin zioten nork bere bideari, elkar agurtu gabe. Biek ireki zuten eskua elurra erortzen ari zela sinetsi ezinik, eta irekita eduki zuten nork bere eskua, tarte luzez. Elurra zen, bai, elur arrunta, eskuaren ahurrean berehala urtzen ziren elur malutak. Martak txandalaren kapusaiaz estali zuen burua, eskuak patrikatan sartuta oinez zihoan ahala. Biek zalantza egin zuten, biratu ala ez, elkarri azken agurra egiteko. Ez bata eta ez bestea, ez ziren biratu, baina biek mantendu zuten, nork bere kolkorako, beste lagunak zorte ona opatuz samurtasunez biratu eta sikiera begiradarekin agur keinu isil bat egin ote zioneko itxaropena. Behar adina denbora emanez gero oroitzapen asmatu bihurtzen ziren itxaropen horietako bat zen.

        Bi boxeo zaku erraldoi ezarian-ezarian urperatzen ziren badiaren erdian. Eternalki urperatzen ziren, sekula erabat urperatu gabe. Pasaiako bainuontziak ur irakinez betetzen ziren eta bainuontzira sartu aurretik, ispilu aurrean errudun sentitzen ziren biztanleek eskuetako hatz mami dardaratiez, Durruti, Lauaxeta edo Kennedyren erretratuak ziren garatxo atera berriak asmatu nahi zituzten bizkar biluzietan, aurpegi biluzietan, gorputz-adar biluzietan. Anartean, leihoan jarraitzen zuten botila haiek: zazpi Cutty Shark botila, eskala musikal bat dibujatuz, eskailera beherakor bat osatuz, gero eta hustuagoak, leihoko arasan txorroskileroaren ahosoinu baten gisara eraikiak. Sweet home, sweet home, Pasaia. Norbaitek asmatu behar zuen melodiaren bat leihoko musika tresna harentzat. Whisky botilak hustu behar ziren eta Pasaiako badiako ur zikinarekin bete. Eta Pasaiako badiako ur zikin horrekin bakarrik zen zilegi eta onargarria azken topa. Gora eskuak eta egin azken topa, baby.

        Flinterzul - Finland, African Gardenia - Monrovia, eta guztien artean bereziena: Senokozulua - Pasajes. Senoko zuloa, hara bueltatu eta handik ez ateratzeko gogo instintiboa. Senokozulua. Itsasontzi batentzat izen egokiena: itsasora ihes egitea, noizbait bere sabelean geratzeko asmo inkontzientearekin. Nola ez ote zen inor lehenago konturatu. Pasaiako ur zikin haiek behar zuten izan behin bildu gintuen likido amniotikoa, amaren sabeleko sentipen urrun haiek guztiek egon behar zuten han, urpean.

        Baina memoria ito horretaz gain, ordurako ez zen portuan inor geratzen. Eta geratzen zirenak, ez zirenak ziren: mamuak bezala, ezkutuan daudenak, eta halere, gauero belarrira hitz egiten diguten horiek. Gauero buruz ikasitako hiri ferrobiarioen izen zerrendak eta trenen ordutegiak xuxurlatzen dizkigutenak belarrira. Polaroid ikusezin baina entzungarriak.

        Amaren eskutik alde egina zirudien haur fantasma batek elur bola bat osatzen ziharduen esku batean eta beste eskuko hatz lodiaz elurra sakatzeaz batera, gogor estutzen zuen ukabila. Gero, sare-meta berdeen artean ezkutatu zen.

        Handik ordu pare batera, elurrak ia erabat zuritu zuen itsas portua, gauza guztiei lehen ez zuten uniformitate bat emanez. Behingoagatik, guztiak zentzu bat balu bezala, gauza guztiak elkarrekin lotuta baleude bezala, ezer ez bailitzan zegoen lekuan bere zorte eta miserietara, besterik gabe, saldukerian abandonatua izan.