Pasaia blues
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
azala: Garbiņe Ubeda
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1996, nobela
1994, poesia
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
aurkibidea

Aurkibidea

Zai

Bele

Arma

Tiro

Blues

Erosi: 17,10
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Zai

Bele

Arma

Tiro

Blues

 

 

Zoi

 

Young Play dantzalekua jendez gainezka zegoen. Kea edonon. Ring portatilaren gainean kokaturiko argiak 125 voltioko korrontea zuten antzinako hozkailu ahul haietako baten argi horizta, botiletako etiketak irakurtzeko ahulegia zen argi berdotz hura gogorarazi zion. Edo agian legez kanpoko haurdunaldi-etenak egiten ziren kirofano bateko fokua zirudien gehiago ring gaineko hark. Roberto betiko lekuan zegoen: neutral corner-etik oso gertu eserita, oholtza karratuko argiari adi, ringeko izerdi lurrundua usnatzeko aski gertu. Boxeozale amorratua zen, Bilbotik Donostiako komisariara aldatu zutenetik norgehiagoka gehiegi ikusteko aukerarik izaten ez bazuen ere. Cesar ikusi orduko, eskuaz agurtu zuen Robertok, baina orduan ere, ez zion legez kanpoko kirofanokoa zirudien argi hari begirik kendu. Haur baten begirada zuen komisarioak. Han zen zarata itzelagatik izan ez balitz, ringari komisaria ilunaren antza ere eman izango ziokeen Cesar Telleriak.

        — Oraintxe hastera zoak.

        Ticketa seinalatu eta bertan idatzitako izenak ikusarazi zizkion komisarioak Cesarri. Honek ez zuen ordura arte txarteleko izenetan erreparatu. Boxeolarien ezizen tipikoak ziren: Jimmy Sánchez Kolirio vs. Mohammed Etxebeste. Barregura apur bat ere ematen zioten Telleriari. Baina jakina, ez zen erlijioari barre egiten hasteko garaia. Ez eliza barruan eta meza hastear zenean. Ez apaizaren aurrean.

        — Kolirio hau Buenos Airesko Luna Parken Joe Pandari txapeldun gerrikoa kendu ziona duk, ezta?

        — Hu-Humm. Halaxe duk. Sonatua izan huen. Joe Panda desagertu egin huen konbate haren ostean. Bi astez miatu zitean hiria bere bila. Alferrik eskuaretu zitean ordea goitik behera. Ez duk sekula gehiago haren arrastorik agertu. Ibaien baten hondoan arrainek egin ditiztek honezkero haren arimarekikoak! Aspaldiko kontuak dituk horiek, ordea, Koliriok hemezortzi urte besterik ez zitian orduan. Ez dituk hogei urte eta koska alferrik igaro.

        — Eta zein kristo duk Mohammed Etxebeste hori?

        — Pasaiako gazte bat. Debut gaua dik. Pasaiako klubeko kide batekin punching zakuak ekartzera etorri ninduan atzo eta bera ezagutzeko parada izan nian. Odolberoa duk, baina noblea oso. Hamar mila duro jokatu ditiat bere alde. Apustuak kontra atera dituk baina egundoko zezena duk Mohammed. Lehen jazarraldiari eusten baziok, badik aukerarik.

        Olio irakiten hasi berriak zartaginean lakoxe zaparrada batek eten zuen elkarrizketa, bi boxeolariak ringera inguratzen hasi zirenean. Meza hastera zihoan. Bitartean, bozgorailuetatik aurkezpenak egiten zituen txandako xelebreak. Bertsolariren bat, ziur aski. Cesar Telleriari oso kutrea iruditu zitzaion dena, dekadentea, telebistan boxeoa ikusi izan zuenetan nabaritu uste izan zuen glamourrik ez zen han inondik inora. Ezinegonak jota, elkarrizketari berrekiten saiatu zen Cesar, hain lekuz kanpo ez sentitzeko ahaleginean. Trago bat faltan botatzen zuen. Bere behaketa lanetan hura baino mila bider leku desatseginagoetan egon behar izan bazuen ere, ez zekien zergatik, giro haren partaide izateak ezinegona sortzen zion.

        — Eta zein hituen berri onak eta berri txarrak? Txarrak lehenbizi, inporta ez bazaik.

        — Egon hadi lasai Telleria, ez hadi ipurterrea izan. Aurrena konbatea.

        Etsia hartu beharra izan zuen, beraz. Lehen kanpaia entzun orduko, komisarioa, Telleriari erabat gogaikarri zitzaion nirvana partikularrean murgildu zen. Norgehiagoka parekatua zen itxuraz hasiera batean, hala iruditu zitzaion behintzat Cesarri, berak zeukan boxeo ezagutza urriaren arabera, beti ere. Laugarren rounderako ordea, Mohammeden aurpegian nekearen aztarnak agertzen hasi ziren. Bosgarren roundean, laguntzaileek boxeolarien izerdia kentzeko txanpaina botila bat ireki eta bizkarrean eta bularrean behera isuri zieten biei txanpaina, eta hain harri eta zur geratu zen Cesar Telleria, ez baitzuen hurrengo kanpaia entzun bitartean txanpaina botilaren bitxikeria patetikoa ahazterik lortu. Seigarren roundean jada korden aurka baztertu zuen pare bat aldiz Koliriok bere aurkaria. Roberto Goaza komisarioak etsipen zizpurua egin zuen. Zutitu eta gabardinako hegalak tinkatu zituen, lepoa babestuz.

        — Goazemak. Gaurkoan Mohammed ez zegok irabazteko tenorean.

        — Ez duk konbatearen amaieraraino itxaron nahi?

        Alferrik zen. Komisarioa jada dantzalekuko atarirantz zihoan zigarro bat pizten ari, bere bizkarrean pilatzen ziren oihu ulertezinei entzungor, 125 voltioko hozkailu zaharkituaren argixkari itsu. Jendaila zeharkatu ondoren pasillo ilun eta estu bat igaro zuten, boxeolariek kamerino inprobisatu bezala erabili zuten saloi handi batean amaitzen zena. Bionbo batez banatutako bi espazio zeuden han eta bionboaren alde banatara, boxeo entrenamenduetarako erabili ohi ziren bi zaku erraldoi, hareaz beteta dauden horietakoak. Robertok zaplada galanta eman zion punching ball-ari, baina hain gotor eta betea behar zuen egon, zakua apenas mugitu baitzen.

        Pasabidearen bukaeran, apustuez arduratzen zen agurea konbateari adi zegoen ate ondoan. Robertok bost milako billete eskukada bat jarri zion hatz artean, aurreko konbateetatik Otis bezala ezagutzen zuen gizaseme harrituari. Mohammed, Kolirio, Otis... Ezin al zuen norbaitek izen arrunt bat eduki? Surrealista samarra egiten zitzaion Cesarri hura guztia.

        — Baina jauna, hau ez da ohiko prozedura. Konbatea bukatu arte itxaron behar da ordaintzeko!

        Robertok ba-niri-bost keinua egin zion Otisi eskuaz eta kalerantz zuzendu zen, dantzalekuko giro itogarria jasan ezinik, presaka, Cesar Telleria pauso batzuk atzerago segika zuela.

        — Hamar mila duro putzura. Eta dena aberkide baten alde apustu egiteagatik. Bihotza samurregia diagu oraindik, Cesar.

        Cesar Telleriak, urte luzetan bere buruzagi eta orain lankide parekide zuenak zigarroa zuztarreraino ahitu arte itxaron zuen, Young Play diskotekako parkinean bere autorantz zihoazen bitartean. Cesarrek ere hatz artean zuen zigarroa, baina urduriegi zegoen erretzeko, eta hatz bien artean batetik bestera erabili besterik ez zuen egiten. Metalezko zutabeetan zintzilikaturiko afixek —Jimmy Sánchez Kolirio eta Mohammed Etxebeste ageri ziren, jarrera zemaikorretan— artean txikia zelarik uda guztietan bere herrira iristen zen zirkuko kanguro boxeolaria ekarri zioten gogora Telleriari. Zigarrokina lurrean amorruz zapaldu eta apur bat sosegatuago mintzatu zen komisarioa. Orduan bai. Telleriak hartu zion erretzeko txandan erreleboa, bi hatzekin zigarroa piztu eta bi hatzekin erretzen hasiz.

        — Traidore bat. Saldu bat. Gure esperantzarik onena huela pentsatzeak azazkaletan hozkirria eragiten zidak.

        — Tira, gaztea ematen zian Etxebeste horrek. Hurrengoan beharko dik izan. Kolirio ere ez duk gero makala, ia bere berrogeietan.

        — Motel, motel... Ez nauk norgehiagoka inozo horretaz ari! Nahiago bai, Mohammed alu hori balitz traidore bakarra. Alargun Beltzaz ari nauk, gizona.

        Erabat aldatu zitzaion aurpegia Telleriari, gehiegi. Hainbestekoa izan zen aldaketa, Roberto bera ere konturatu egin baitzen ordura arte kasu zipitzik egin ez eta oso distante mantendu zela Telleria, eta lainoetatik lurrera bat-batean jaitsi zela Alargun Beltzaren izena entzun orduko. Alargun Beltza, hik eta nik ezagutzen dugun Alargun Beltz berberaz ari al haiz, galdera huraxe, hitzik gabe adierazten zuten Telleriaren begi harrituek.

        — Berbera.

        — Ez al zen guretzat konfidente lanean ari?

        — Konfidentea baino gehiago. Gure urrezko satorra zuan. Barruraino zegoan sartua. Piramidearen muturrik gorenarekin hari zuzena izatear zuan. Onena, erabat fidagarria. Hala eskatu izan balidate lepoa jarriko nukeen beragatik gillotina baten pean. Eta orain hau.

        — Hasieratik azaldu beharko didak, Roberto. Denbora luzea duk Alargun Beltzaz ezer entzun ez dudala. KGB barruan ere, askok alegiazkotzat jotzen ditiztek Alargun Beltzaren istorioak. Dena gezurra dela uste ditek gehienek.

        Roberto Goaza komisarioak onaren eta gaizkiaren gainetik dagoenaren begirada zuzendu zion Cesarri, zure etorkizunaz dena dakitela eta etorkizun hori geratzen zaizkizun urte guztietan zapata-garbitzaile lanetan pasatzean datzala dakikenaren begirada. Begirada mota hura ere aspaldi katalogatua zuen Cesar Telleriak.

        — Jokoaren parte bat duk hori. Alargun Beltza mamua dela sinetsaraztea, baita lankideei ere, berak lana lasai egin dezan. Gauza, nolabait, bera ere haietako bat izatea duk: kontraespioitzarik ez, eta epe motzerako emaitza eskaerarik ez. Guk ez zekiagu non dabilen ere. Bera jartzen duk gurekin harremanetan zerbait serioa daukala uste duenean. Hori duk dena: berak hala eskatuta, guk ezin diagu non dagoen zedarritzen saiatu, eta horren trukean piramidearen muturrerako bidea erakusten ziguk berak. Epe luzerako apustua duk. Baina Alargun Beltzak hik eta nik adina zeukak alegiazkotik. Deus ez.

        — Bota ezak ba behingoz. Zer gertatu duk?

        — Auskalo. Nik ez zekiat zer pentsatu. Agian burua joan zaiok. Akaso denbora gehiegi zeramak barruan eta azkenean, nik zer zekiat... Arerioaren arrazoiak ulertzea ere gerta litekek... Edo litekeena duk haietako batekin kolgatuta egotea ere. Pertsonak gaituk. Guk ere nahi baino antz handiagoa zeukaagu putakume horiekin.

        — Ez hadi erratu, Roberto. Putakumeak eta putakumeak zeudek. Gu legearen aldean dauden putakumeak gaituk.

        — Nik zer zekiat motel, ez zekiat zer pentsatu. Hamar egun badituk haren berririk ez dugula. Hori bakarrik, eta nahikoa hori.

        Komisarioa lur jota zegoen. Zer pentsa geratu zen Cesar. Hamar egun ez zen denbora luzea sator baten batere berririk gabe igarotzeko.

        — Ez zaidak hain denbora luzea ere iruditzen...

        — Ez duk hori bakarrik. Okerreko informazioa pasa ziguk. Atentatu bat iragarri ziguan okerreko orduan eta okerreko lekuan. Madril hankaz gora jarrarazi genian, alfer alferrik. Gorriak eta zuriak entzun behar izan ditiat goitik oraingoan.

        Hori beste gauza bat zen, ez zen harritzekoa komisarioak asuntoari ogi lizunduaren usaina hartzea. Okerrena pentsatzea eta okerrena esatea iruditu zitzaion Telleriari une hartan komisarioaren begijea argitzeko modurik onena.

        — Haren berririk ez eta informazio okerra, beraz... Baina nola dakizue traidorea dela? Hori da daukazuen guztia? Ez zaizue burutik pasa haiek satorra zulotik ateratzen ikusi eta bere arrastoa jarraitu ondoren konfidentea zela deskubritu, Alargun Beltzari amua irentsarazi eta informazio okerra pasarazi ondoren desagerrarazi dutenik? Hik ere ondotxo dakik zein zingiratan ari garen mugitzen. Onartzea krudela izan arren, egoera dagoenean egonda, litekeena duk Alargun Beltzaren ADNa azido nitriko upel batean egotea honezkero, landareentzako ongarri bihurtua.

        Komisarioak bere autoko atea zabaldu eta gidariaren aulkian zegoen gutunazal bat luzatu zion Cesarri, zapata-garbitzailearen etorkizuna iragartzen zion begirada harekin. Telleriak gutunazala ireki zuenean argazkiak ikusi zituen bertan. Desfokatuta zeuden arren, bat eta berbera, Alargun Beltza zen argazkikoa, dudarik gabe.

        — Bi lekuko ditugu tiroak egin zituena Alarguna zela esaten dutenak.

        Putzu sakon batean amildurik zirudien komisarioaren begiradak. Anartean, dantzaleku barrutik, egundoko oihuteria sinkronizatu eta bat-batekoak parkinean zeuden bi gizonen tinpanoak kolpatu zituen. Norbait kaoz erori zen lurrera. Eta beste norbaitek hamar mila duro bota zituen deabruaren eztarri zulotik behera. Diruak hitz eginen balu esanen zukeen akaso poxpolo izeki batek infernuko azken zulora erortzen denean esaten duen berbera: etxean, azkenik. Otis bezala ezagutzen zuten apustugileak cowboyek kapeluarekin —eta baita kapelurik gabe ere— egin ohi duten agur eta miresmen keinua egin zion urrunetik Roberto Goazari, orain bai, bakean gaudek, esanez bezala. Komisarioak ez zion erantzun.

        — Eta zeintzuk hituen berri onak?

        Galdera egin bezain pronto konturatu zen Cesar Telleria mihia dantzatu izanaren desegokitasunaz. Zita guztietara segundo bateko atzerapenaz iristeko bertutea duen damuak ordea, ez du ezertarako balio. Iritsi bezain pronto igartzen baitzaio begiradan beste batekin traizionatu gaituelako etorri dela berandu. Bi aldiz da gogaikarri, damua.

        — Berriro etxean hago, ezta? Zer gehiago nahi duk?

        «Nik honezkero ez diat etxerik» esatekotan egon zen, baina oraingoan damuak berea ez zen etxe hura habita zezan utzi zuen. Cesar Telleriak azken sakatua eman zion bi hatzekin sustengatzen zuen zigarrokinari eta horma bat bilatu zuen inguruan. Ez zitzaion zigarro zuztarrak lurrean zanpatzea gustatzen: hormen aurka eta ateen markoen aurka itzaltzen zituen beti. Sineskeria inozo horietako bat zen. Baina inguruan ez zen inolako hormarik, eta lurrean zanpatu behar izan zuen zigarrokina, besterik ezean.

        Komisarioak autora sartu eta irratia piztu zuen arrankatu aurretik. Sweet home, sweet home Louisiana. Harmonika baten doinuak entzun zituen oraindik Telleriak, parkinean bakarrik geratu aurretik.

 

 

Azaroaren hondarreko egun haietan sargori zen arren, arratsetan fresko samar egiten bazekien eguraldiak. Behingoz negukoa behar zuen hotza helduko ahal zen laster. «Itxi ezan leihoa, hotza sartuko dun eta!». Leihoa itxi zuen Olatzek hotza sar ez zedin. Zigarroak erre eta erre eman zuten larunbat arratsalde hura. Lasai antzean zeuden. Pataki bere gelan ari zen, auskalo zertan, irakurtzen edo burua jaten, eta haiek berriz, lehen aldiz norabait elkarrekin heltzear baleude bezala. Sentipen konpartitu eta erlaxatu bat. Agian hori gehiegi esatea bazen ere, etxeko sabai baxuan irudi dentso eta geldoak osatuz pilatzen zen keak koltxoi lanak egiten zituen, aitorpenei biluzte handiagoa baimenduko balie bezala. Eta arima biluztearen aukera horretaz biak ziren kontziente, bietako inork egingo ez zuen arren. Aukera airean egote hutsa asko eta sobera zen ordea giro bat sortzeko orduan. Esanda zihoazen hitzetan esan gabe doazen beste hainbat ere bazeuden. Edo egon zitezkeen behintzat. Nolabait.

        Putz eta putz, ke artean kezko erretratu bilakatuak ziren haiek ere. Eta keaz mintzatzen ari ziren arren, beren buruez keak sortu zituen karikaturez ere mintzo ziren beharbada. Zerua arbel-zuri zegoenez ezinezkoa zen egun hartan lainoen gainean jolasean aritzea, eta indoor modalitatean jardutea erabaki zuten, joko-zelaia sala barrura murriztuta.

        — Zortzi zenbakiaren itxurakoa atera zain kiribil hori. Kantuak dioen bezala: baga, biga, higa; laga, boga, sega; zai, zoi...

        — Ez zoi eta ez doi. Antifaz bat dun hori.

        — Grouchoren betaurrekoak.

        — Lauaxeta edo beste fusilaturen batenak.

        — Dado bat hortxe.

        — Ba niri kaiola bat iruditzen zaidan.

        — Bai zera, Marta, kubo horrek ez zeukan barroterik.

        — Kaiola bat dun, lepoa egingo niken.

        — Dado bat, fijo. Eta seikoa atera dun gainera. Sei koadrotxo aurrera. Zortea gure alde dinagu. Beste horrek trainerua ematen din.

        — Trainerua? Noiztik egiten ditizten traineruak sirena urdinekin eta pikoletoak gidari dituztela? Guardia Zibilaren patruila dun hori, neska.

        — Erremediorik gabeko nihilista bat haiz, Marta.

        — Hori hiri irudituko zain. Ahor txakur bat ertzean.

        — Katua gehiago, ene uste apalean.

        — Bizitza bakarra geratzen zaion katua, edozein kasutan.

        — Ez dun amore ematen, e? Hara hor aulki bat. Hori behintzat garbia dun, ez didan ukatuko, ala?

        — Aulkia dun, bai. Elektrikoa izatea, horixe ñabardura bakarra.

        — Hago isilik. Horko bi horiek gu geu gaitun.

        — Nik Sacco eta Vanzetti anarkistak direla esango niken ba, heriotza zigorrera kondenatu berriak.

        — Erdi bide bat proposatzen dinat: Laurel and Hardy balira?

        — Onartzen dinagu olagarroa konpainiako animalia bezala.

        Kea sabaian bildu zen eta gandua apur bat garbitzean, salako ispiluan haien aurpegiak agertu ziren.

        — Horiek bai, gure antza gehiago diten. Itogarri zegon hau. Ireki itzan apur bat leihoak.

        — Hotzak alde egin dezan?

        Martak irribarre egin zuen eta Olatzek leihoko kisketa ireki zuen.

        — Hotzak alde egin dezan, bai.

 

 

Oheratu aurretik, harraskako paper errearen errautsak garbitu. Irratiko diala. Egunak aurrera eta atzera pasarazteko ahalmena izan dezakeela dirudien dialarekin kontuz. Dena kontu handiz ukitu. Ez. Ahal bada ezer ez ukitu. Baina zerbait ukitu behar bada —eta zerbait ukitu behar bada esaten denean zerbait hori ukitzea guztiz beharrezkoa dela esan nahi da—, orduan kontu handiz ukitu. Aztarnarik ez. Plastikozko eskularruak erosi. Etxe bat utzi eta alde egin aurretik dena garbitu. Mesanotxe gaineko iratzargailuak eta hozkailuko gai guztiak zabor poltsatan sartu eta bota. Kontuz sukaldeko olio arrastoekin. Nonbait azaldu diren paper berriak ere harraskan erre. Harraskako errautsak berriro kendu. Moketadun etxeak saihestu, alfonbrarik ez etxeetan. Hormetako aztarnak ezabatu, kontuz bereziki azuleiuekin. Kontuz eskail-buruan aztarnak uztearekin. Telefonoa azkenik. Zapi batekin telefonoa garbitu dei kruzial hori jaso ondoren. Atea itxi alkandoretako mahuka luzeegiak lotu gabe, eskailerak jaitsi, ezkaratzeko atea emeki itxi, eta orduan bakarrik, alkandorako eskumuturretako botoiak lotu eta eskuak txotxongiloetako panpina ezkutuak bailiran kanpora atera, itotzear zegoen buzeatzailea ozeano sakonetik irten balitz bezala, azkenean airea hartuz. Eta eskuak ireki eta esku ahurrean irekitzen doazen pitzadura berriek esanahiren bat eduki ote dezaketen galdetu zure buruari. Eta airea hartu. Sakonki airea hartu. Giltzak ibaira bota, zakur batekin jolasean ari zarelako itxurak eginez: «Zoaz, Elur, zoaz giltzen bila». Baina giltzak baino gehiago dira botatzen dituzunak. Taupadaren bat, adrenalina, urduritasuna, galtzerdiak bailiran korapilatutako begirada kordelak. Eta gero oinez jarraitu norberaren aztarnak susmagarri ez diren leku bateraino. Posta-etxe bat edo bigarren eskuko diskoak saltzen dituen denda bat, eta han utzi aztarna zaharrak, The Lounge Lizards, Morphine edo The Doorsen disko bat aukeratu eta bere azalean utzi zure aztarna guztiak. Txakur usnariak despista daitezen. Zure bihotza, suge kiribildua bailitzan —beldurra askotan espiral bat da, zabaldu egiten da espiralaren jatorri zehazgabetik— azalberritzen sentitzen duzu, azal zaharra eta aztarna zaharrak eguratsa den aztarna mortuen biltegian utziz. Eta gero ihes egin, inolako arrastorik utzi gabe. Paranoiko bat naiz, paranoiko bat naiz, paranoiko bat naiz hitzak mastekatuz behin eta berriz ahopean. Lasai Olatz, dena pasatuko dun. Denbora kontua. Sei hilabete barru dena normala irudituko zain.

        Agian hori zen beldurgarriena. Dena normala iruditzea. Hori edo Gela Zebratua. Bi gauza gerta zitezkeen, beti ere. Errepideetan ere bi ziren beti aukerak tiratxina baten gisan bideak bere izterrak ireki eta gidariari eskaintzen zizkionean.

        Baina hori zen zure bizitza. Eta bizitza bera eguneroko aukera kontzienteen kateatzea besterik ez izan arren, esan zitekeen, nolabait, ez zitzaizula beste erremediorik geratu.

        Ez zara Beldur. Beldur bazina ez zenioke beldurrik Beldurrari. Nork bere buruari ez dio beldurrik izan behar.

 

 

— Badakik, Alain? Kontatu diat sekula nire kosmosaren ikuspegia? Bazekiat oso pedantea geratzen dela horrela esatea, baina benetan teoria zientifikoa garatuta zeukaat gure bizitza honi buruz. Erabat arrazionala duk gainera, errefutaezina. Gauza duk unibertsoa materia kopuru jakin batez osatua dagoela, hasiera bat izan zuela big-bangean eta amaiera bat izanen duela noizbait. Baina zer gertatu zen ditxosozko big-bang horren aurretik? Eta amaiera hori ailegatzean zer? Kito? Batzuk zerura eta besteak infernura? Hori umekeria bat duk, Alain. Milioika urte igaro ondoren bada ere, beste hasiera bat egonen duk noizbait, big-bang berri bat, eta beste hasiera horretatik beste bizitza mota bat sortuko duk, beste nonbait, edo akaso gure honen antzekoa den munduren bat sortuko duk... Hobe esanda, biak sortuko dituk, denboraren poderioz eta arian-arian konbinazio guztiak osatuko baitira. Milaka hasiera egon dituk dagoeneko eta milaka egongo dituk aurrerantzean ere, eta hemendik X urtera, elementuek hala nahi dutenean, gaur bizi izaten ari garen egoera berberera itzuliko gaituk, hementxe egongo gaituk hi eta ni hizketan, karramarroa jaten Trintxerpeko jatetxe batean, eta horko barku egiptoar hori berbera egongo duk greban... Une hori berriro harrapatzeko, jakina, beste milaka egoera ezberdin eta bizitza ezberdin jasan beharko ditiagu: Neron izatea tokatuko zaiguk eta baita Marilyn Monroe izatea ere. Ruandako misiolari eta Egiptoko esklabo. Denok izan gaituk noizbait Beau Jack boxeolaria, bere egunak zapatak garbitzen bukatu zituena, edo Battling Siki, New Yorkeko Hell´s Kitchenen tiro batez hila izan zena. Denok pasatuko ditiagu guztiak, eta agian geure garaian kontatu izan zaigunak bezalako Neron edo Marilyn izango gaituk, haiek egindako ekintza eta txorakeria berberak egingo ditiagu: Erromari su eman eta Kennedy presidenteari Happy birthday abestu edo agian ez, agian Neron eta Marilyn erabat ezberdinak izango gaituk... Imajinatzen suizidatu beharrean ehun urte bizitzen den Marilyn bat izango bahintz herori? Ez al zaik dibertigarria iruditzen? Egunen batean Tyson izanen gaituk eta kosk eginen zioagu Holyfielden belarriari eta hurrengoan berriz geure belarria izango duk hozkatua... Hainbat bilioi konbinazio posible zeudek, baina azkenean dena materia duk. Materia desegina eta materia birrantolatua... Eternala duk, hau, Alain. Ez gaituk unibertsoaren funtzionarioak besterik. Ez diat errenkarnazioan sinesten, ez zegok harri bat utzi eta, erosoagoa zaiolako, apaiz baten buru hutsera sartzen den arima erraririk... Horiek txorakeriak dituk. Gauza askoz ere geldoagoa duk, matematika kontu hutsa. Asko pentsatu izan diat honetan, eta, ziur aski, bizitzen ari garen hau ere ez duk elkarrekin bizi izan dugun lehen bizitza. Lepoa egingo nikek duela milioika urte ere hemen geundela biok, karramarroa jaten eta gaur dugun elkarrizketa zentzugabe berbera aletzen... Batzuetan, leku batera iristen garen lehen aldia izanagatik edo pertsona bat ikusten dugun lehen aldia izanagatik, leku edo pertsona hori ezagutzen duguneko sentipena izaten diagu. Gure baitan dagoen materia horrek gordetzen duen memoria ñimiño hori ari zaiguk hizketan, guk garunaren akats jotzen dugun horretan. Izan ere, ezagutzen baitugu sekula ikusi ez dugun pertsona hori, egon izan gaituk aurretik leku berri jotzen dugun arren hain berri ez zaigun horretan, edo gure baitako materiaren zati bat egon duk behintzat, Ni izan beharrean Zu edo Bera zelarik, edo Zu zati bat bederen, Holyfielden belarrian edo Marilynen bular edo ezpainetan zegoen Gu zati bat... Jarraitzen al didak?

        Alainek karramarro platerean iltzatuak zituen begiak eta ez zion komisario-buruaren jarioari kasu gehiegirik egiten. Albariño botila erdia hustu ostean halako gaiekin hasten zenean, isilik geratu eta Robertok bere hari-tranpak bakarrik jar zitzan uztea izaten zen onena. Roberto bera zen bere buruaren Ariadnaren hari-gidari eta urkabe nahiz korapilogile, guztia aldi berean.

        — Egia esan, Roberto, ez diat inoiz halakorik pentsatu, baina zentzuzkoa ematen dik. Erabat zentzuzkoa ematen dik, bai horixe.

        Roberto Goaza komisario-buruak ez zuen bere karramarro platera ukitu ere egin eta bere karramarroekikoak bukatuta, Robertorenak ere irentsi zituen Alainek. Bukatu zuenean, hatzak xurgatu eta eskuzapi batez garbitu zituen eskuak, eskuzapi zurian esku bien erradiografia abstraktu bat utziz, Izara Santuaren eskuen arrastoen antzekoa zena. Nork jakin, agian jainkoa ere egona zen han, Trintxerpen, karramarroa jaten, duela milaka urte.

        Oso aspaldi izan behar zuen, hori bai, badiak aspaldi utzia baitzirudien, jainkoaren eskutik.

 

 

Gutunazalean Branka jartzen zuen letra larriz. Martaren goitizena zen, aspaldi erabiltzen ez bazuen ere. Orduan irakurrita, ez zitzaion Pataki ezizena baino duinagoa iruditzen, egia esan. Arrotza egiten zitzaion. Ez zuen sobrearen atzealdeko inizialak ikusi beharrik izan gutuna gailurretik zetorrela ohartzeko.

        Gelan bakarrik egon arte itxaron zuen sobrea ireki aurretik. Sobre bat horrela jasotzea ez zen ohikoa. Ez zen jarraitzen zen prozedura. Berri pozgarriek aspaldi utzi zioten sobreetan bidaiatzeari. Goitik behera irakurri zuen xehetasunez jabetzeko, ongi jabetzeko, ezer ahaztu gabe. Ez zen zaila haria nondik nora zihoan konturatzea, egia esate aldera. Hitz gutxitan eta ulertzeko moduan esateko, aspaldi hartan entzuteko beldur zen zerbait baieztatzera zetorren karta hura: sator bat zebilen haien artean zer suma eta sator hura edonor izan zitekeen. Martak bere burua eta buru oreka babesteko lasaitasunaren teoria bat eraiki behar izango zuen. Lasaitasunaren Teoria bat edukitzeak ez zuen berez ezer ziurtatzen, ez zuen praktikan ezertarako balio, baina lagungarria zen, herrialde ezezagun eta urruneko bateko pasaporte faltsu bat izatearen antzeko zerbait. Ihes betea zilegi balitz.

        Hasteko, Olatzek ez zuen sator itxurarik, horretaz kabalak egitea ez zen zaila. Eta gero mezularia satorra izan zitekeeneko hipotesia zegoen. Baina nola egon ziur mezulariaz? Normalena satorra bera ere ez izatea zatekeen, osterantzean gutun hura irakurri eta deuseztatzeko astia eduki baitzuen. Baina bestalde, koartada perfektua ere bazitekeen: nola izango naiz ni satorra, berria eskutik eskura neronek eman badizut? Koartada horrek susmo guztietatik libratuko zuelakoan egon zitekeen Pataki delako hura, eta gauza onerako, inozoegia zirudien gazte hark. Litekeena zen aditzera ematen zuena baino askoz ere gehiago jakitea. Horrek guztiak atezuan jarri zituen Marta eta bere Lasaitasunaren Teoria. Jakina, gutun hark ez zuen inolaz ere ziurtatzen traidorea hiru haietako bat zenik. Sator bat zegoen barruan, hori zen zekiten bakarra. Aukera ttiki bat besterik ez zen satorra hiru haien arteko bat izatea. Bermudetako Triangeluko beste iheslarietako bat ere izan zitekeen, haiekin zerikusirik ez zuen norbait. Bigarren hipotesia zen, gainera, normalena. Egun pare bateko loa kendu zion gai hark. Asko pentsatu ondoren, biak deitu zituen bere aurrera. Olatzen defentsa lerroan halako zerbait entzun beharrak sor zitzakeen kalteak aurrez neurtzea zaila zen. Hori zen Martaren kezkarik nagusiena. Beste hainbatetan bezala, apoarmatuaren koraza jantzi eta erraietatik mintzatu zen Marta.

        — Esan behar dizuedana oso larria da. Azken aldi honetan sator bat daukagu barruraino sartua, itxuraz. Horrek ez du esan nahi zuetako bat denik, baina aukera guztiak kontuan eduki behar ditugu. Begietara begiratu eta zuek satorrak ez zaretela esan diezadazuen nahi dut.

        — Zein jolas klase da hau? —Olatz oso zurbil geratu zen, ez zuen espero halakorik, inondik inora ere. Nor eta etxea jartzen zuena satorra? Nola zitekeen Martak bat-batean berekiko halako mesfidantza eta distantzia erakustea? Une hartan gorrotatu egin zuen Marta. Sentimendurik gabeko munstro bat iruditu zitzaion. Pataki berriz, gogaitu aurpegiarekin lurrera begira jarri zen, pentsakor, edo agian pentsakor agertzea urduritasuna ezkutatzeko era bat baino ez zen.

        — Nik ekarri nuen gutunean zetorren, ezta?

        — Hara, itzel, honek zerbait badaki. Ez didazu orain esango gutuna irakurri duzunik, ala?

        — Kargura zaudena zara, baina ez pareta hauen artean pentsatzen duen bakarra.

        — Ongi gudaritxo, ez jarri horrela. Nahi duzuena. Baina orain begira iezadazue aurpegira eta esan ez zaretela zuek satorrak.

        — Beharrezkoa al da?

        Olatzi pozoia eta sua zerizkion begietatik.

        — Ez dut uste zoko honek errekreoko patioaren itxurarik duenik.

        — Gu ez gara satorrak, Marta —esan zuen Olatzek lasaitasuna galdu duenaren irmotasunez.

        — Nik ez nuke plurala erabiliko. Hitz egin zeure buruaz. Eta? —Martaren begirada zemaikorra zen, goitik behera zeharkatu zuen Pataki, parentesi artean giltzapetu balu bezala.

        — Ni ere ez naiz satorra, horrek lasaiago uzten bazaitu.

        Martak bizkarra erakutsi zien biei, zigarroa pizteko haizetik babesten ariko balitz bezala. Keinu absurdua, lau hormen artean eta leiho guztiak itxita zeudela kontuan hartuz gero.

        — Uzten nau, bai horixe. Baina horrek ez du esan nahi sinesten dizuedanik.

        — Nork ziurtatuko digu satorra zerori ez zarenik?

        Martak bere imintzioen artean irribarrearen antz handiena zuen keinu nekez hura deitu zuen ezpainetara Patakiren galderaren aurrean.

        — Ez izan baboa, txotxo.

        Olatzek bere sorbalda keinu barkamen eskezko bat egin eta, nolabait esatearren, marinelen ontzi-terminologia erabilita, nor bere postu eta zereginetara itzuli zen.

 

 

Inork ez zuen sator konturik aipatu.

        Dena argi gutxirekin egitea gustatzen zitzaion. Flexo bakar bat eta keak bildutako gela iluna. Hatza jarri zuen mapa gainean. Zigarroa lau hatzekin heltzeko ohitura zuen Martak, hatz ttikienarekin izan ezik, gainerako guztiekin. Zigarroari sakatu bat egiten zioneko bekainak gorantz tinkatzen zituen. Bere pentsamenduen erritmoa zen hura. Bi hiriak lotuz marra bat trazatu zuen errotuladore gorriaz. Gero zortzi itxurako borobil bikoitz bat marraztu zuen bi puntuen artean, eskumutur mugimendu azkar batez.

        — Ugaldetxo. Hemen aldatuko dugu autoa.

        UGLDTX idatzi zuen gero eta gezi bat trazatu zuen Oiartzuneraino. O bat biribildu zuen geziaren muturrean. Olatz eta Pataki elkarri begira geratu ziren, adostasuna adieraziz. Martak keinu baikor batez metalezko hautsontzian zanpatu zuen zigarrokina eta zortzi tolesturatan bildu zuen errepide-mapa. Olatzek ere bere zigarroa amatatu zuen. Arratsaldeko lau t'erdiak ziren eta kanpoan zerua urdin zegoen. Egia bazen laino bakoitzean amets bat ezkutatzen zela, egun hartakoa esloganik gabeko zerua zela esan zitekeen.

        Pataki eta Marta bakarrik atera ziren kalera. Froga bat besterik ez zen, osterantzean Olatz joango zen gidari. Olatz N-1 errepidera eman beharrean kalearen bestaldera ematen zuen leihoaren ondoan geratu zen eta agur egin zien eskuaz autora sartzen ziren bitartean. Pataki zihoan gidari eta argiak piztu eta itzaliz erantzun zion Olatzen keinuari. Martak, Olatz han ikustean leiho ondotik apartatzeko keinua egin zion eskuaz «alde hortik» hitzak ezpainekin marraztuz. Gero autoa arrankatu eta autobidera altxatu ziren.

 

 

Nikotinak gristutako paretak. Zuhaitz baten enbor ebakia legez eraztun kontzentrikoz osaturiko labezomorro beltz erraldoien formako oskolak zituzten flexoak zeuden mahaien gainean barreiaturik. Paperak nonahi eta ordenagailu piztu bat argia amataturik ez zuen mahai bakarrean. Komisarioaren mahaia zen, bere KGBko rangoak bulego propioa izateko eskubidea ematen zion arren, nahiago zuen elkarlana. Edo itxura hori eman nahi zuen behintzat. Mahaiaren atzealdean kortxo bat, sindikatuen azken zirkularrekin eta argazkiekin betea. Kortxoaren ezkerraldean aztarna digital baten irudia marrazturik zuen zuri-beltzezko poster bat. Kortxoaren eskuinaldean berriz, gelako leiho bakarra, estore gris batzuez babestua eta erdialderaino itxia zegoena. Komisarioaren mahaia hutsik zegoen, eta La Rosa hitzak margoturik zituen katilua erdiraino zegoen kafe hotzez betea. Denak, Roberto Goaza barne, bilera gelan zeuden bilduta.

        — Honezkero jakingo duzuen bezala, bilera hau Bermudetako Triangelu madarikatuari buruz hitz egiteko deitu dut. Jakina, fenomeno paranormalak maite ditugu denok! Errua ez da kazetariena. Haiek literatura egiten dute edozer gauzarekin, aitzakia ttikiena aski dute, barregarria iruditzen zaie, ez daukat zeresan handirik horri buruz, Bermudetako Triangelua izen injenioso usteko hori asmatu zuenari potroak gustura lehertuko nizkiokeen arren. Irakurri dituzue gaurko egunkariak? Laugarren aldia da aurten Bermudetako Triangelu putakume horretan galtzen dituguna. Baina nora begira bizi zarete? Lau kilometro koadroko eremu batean daude eta ez gara gai arratoizulo madarikatu horretan kiratsa darion zerri madarikatu bat aurkitzeko? Miatu itzazue herrira sartu eta ateratzen diren auto guztiak. Zoazte atez ate beharrezkoa bada. Baina hiru egunetan zerbait aurkitzen ez baduzue, ni izango naiz lan berria aurkituko dizuena. Tarot madarikatua irakurtzen jarriko zaituztet museko karta sail batekin. Nahikoa garbi mintzatu al naiz? Ba orain ospa, lanera, neska-mutikoak!

        Cesar Telleria bilera gelaren kanpoaldean zegoen, ukalondoa bermaturik zuen ate-irekiaren ertzetik dena entzun bazezakeen ere. Haserre ematen zuen benetan. Bilera gela hutsik geratu zenean, keinu egin zion komisarioak Cesarri. Bakarrik geratu ziren biak, formikazko altzari zuriak eta sabaitik zintzilik zegoen foku handi bat besterik ez zituen bilera gela biluzi hartan. Luzaro aritu ziren hizketan, eta itzulinguru askoren ondoren baino ez zion Robertok hariari heldu. Cesar Telleriak, espero zuen halako zerbait. Boxeo konbatearen ondoren izan zuten elkarrizketaz geroztik entzuteko beldur zena entzun zuten bere belarriek. Xagu-tranpa batean harrapatuta zegoen eta ezin zuen ezetz esan.

        — Jakina, Pasaia ez da Lisboa... Ttiki geratuko zaizu agian, baina hori zure alde. Ez duzu denbora asko beharko sasikume horiek aurkitzeko —harritu egin zen Telleria, komisarioa zuka mintzatzen hasi zitzaionean—. Esan gabe doa ez duzula lan hau onartu behar nahi ez baduzu. Sailburuaren zerbitzura zaude zuzenean eta zure erabakiak nireak baino indar handiagoa izanen du honezkero. Baina mesede bezala eskatzen dizut. Ezagutzen nauzu pixka bat. Ez nizuke eskatuko sua eta ura kokotsaren parean ez banitu.

        — Ulertzen dut, saia gaitezke. Egia esan apur bat nekatuta nago alde batetik bestera ibiltzeaz. Ongi etorriko zait bolada bat hemen inguruan pasatzea ere. Opor gisa har nezake lan hau, ia.

        Agian damutu egingo zen hura esan izanaz.

        — Kristoren lauza kentzen didazu, Cesar. Bat eta koska zor dizut. Karpeta honetan Pasaia eta inguruetako lekuen zerrenda eta dosierrak dauzkazu. Ziur gaude han inguruan zerbait daukatena. Bermudetako Triangeluarena montaje bat da. Prentsari begira beste egun pare batez mantenduko dugu, baina honezkero badakigu handik ihes egin dutela. Bigarren komando baten bila gabiltza. Bi direla uste dugu. Agian hiru, bat fitxatu gabea.

        Komisarioak kaxoitik argazki bakarra atera zuen, ordea. Emakumezko baten argazkia zen.

        — Bigarrenaren argazkirik ez dizut erakutsiko. Ondotxo ezagutzen duzu Alargun Beltza. Zalantzaren bat?

        — Dena nahiko garbi dagoela esango nuke.

        — Zorte ona opatzea besterik ez zait geratzen, orduan. Zorretan nago zurekin, Cesar.

        — Tira, ez zaitez inozoa izan. Non dago gure komisarioaren harrotasuna? Ondotxo dakizu ez nengokeela nagoen lekuan zugatik izan ez balitz.

        Bi gizonek elkar besarkatu eta indar handiz estutu zituzten lau eskuak. Bilera gelatik atera zirenerako ez zen bulegoetan inor geratzen. Egoitza iluntasunean hondoratu zen, pasilloz pasillo, argi zerrenda guztiak bata bestearen segidan itzali zirenean. Hormako posterra, zuri-beltzezko hatz-marka erraldoia dibujaturik zuena, nabari zitekeen oraindik, hala ere, zigilatu berri zen itun baten lekuko isila bailitzan. Komisariatik atera ahala, kezka patetikoz kargatuegi ziruditen Roberto Goazaren begizuloetatik distira apur bat agertzen zela zirudien. Robertok lana ahantzi nahi zuen eta beste zerbaitez hitz egin. Eraikinaren atarira heldurik, ordea, erdizka bakarrik lortu zuen ofizioarekin loturarik gabeko gai bat proposatzea.

        — Guardiako abokatuarekin hitz egin berri diat. Diana printzesaren auto istripuari buruzko txistea kontatu zidak. Entzun al duk?

 

 

Putakume bakoitzak bala bat merezi badu, hasiko al gara hemendik Moskurako trenbideak funditzen balak egiteko. Olatzen esaldietako bat zen hura, Martarekin oso haserretzen zenean botatzen ziona.

        «Eta zer nahi dun, besoak antxumatu eta telebistari begira geratzea? Ados. Itzel, Olatz, itzel. Fundamentalismoa edo nahi duana. Baina denok zeukanagu. Hala deitu nahi badion hala deitu. Sinesten dinat denok gure barruan ume bat eta pailazo bat eta mozkor bat dugun bezala, faxista bat ere badugula. Eta nik onartzen dinat nire barruan dagoen faxismo ehuneko kopuru hori. Baina sinets iezadan, kontrolpean zeukanat. Baina haiena, haien faxismo koskorra askoz ere handiagoa dun, eta badakin? Daukatenik ez diten sekula aitortuko».

        Olatzi batzuetan gogorra egiten zitzaion Martaren diskurtsoa. Goizean jaiki eta sukaldeko mahai gainean errebolber bat aurkitzea jasanezina zitzaion. Barruan denek ikaragarri errespetatzen zuten ordea, arrazoi askorengatik. Baina batez ere, bere iraganeko gertakizun bat zen aura berezia ematen ziona. 1987. urtean, artean poliziak fitxatu ez zuelarik gertatutako zerbait zen. Saran egitekoa zen bilera batera bidea irekiz zihoan. Bere atzetik, bigarren autoan zuzendaritzako bi kide zihoazen beste gidari batekin. Garai hartan errepide kontrolak eguneroko legamia ziren eta aurretik zihoan autoaren ardura zen bidea garbi zegoela baieztatzea. Kontrolen bat balego, talkiz abisua emango zuen, zuhurtziazko distantzia batera zihoan bigarren autoak desbideratzeko adina denbora izango zuela.

        Gauzak nahastu egin ziren ordea. Donostiatik atera bezain laster, berunezko jarri zen zerua eta inongo eguraldi iragarpenetan aurreikusirik ez zeuden elur maluta mardulak hasi ziren errepidera erortzen. Egundokoa zen behelainoa. Erabakirik zuhurrena bira eman eta Donostiara itzultzea zatekeen arren, talkiz aurrera jarraitzeko agindua jaso zuen, osterantzean, mesedea baino kaltea handiagoa izango zatekeela esanez. Errepideak izozterantz egin zuen berehala eta hagitz labainkor jarri ere bai. Horri guztiari behelainoa gaineratzen badiogu, zaila zen bi autoen artean mantendu beharreko distantziari bere horretan eustea. Gandua zaldi ferra baino itxiagoa zen eta orduko hogeita hamar kilometroko abiadura ere ez zeramaten autoek Behobiara heltzerako. Auto eta kamioi guztiak errepide ertzean geraturik zeuden, eta telefono kabinen parean jende ilarak osatzen ziren, elurrezko tranpa hark eragindako atzerapenaren berri emateko. Haiena zen errepide guztia. Kamikazeena.

        Mugara heldu aurretik, Endarlatsarako bidea hartu eta Beratik Ibardin mendatearen gailurrerantz abiatu ziren, astiro baino nekezago. Bera parera heltzerako argi eta garbi zegoen bidaia hura suizidio hutsa zela, baina Martak atzeko autoan erabaki zuhurtzibako hura hartu zutenen aurka biraoka zirauen arren, beranduegi zen atzera itzultzeko. Ibardingo gainera heldu eta han muga mendiz pasatzea zen asmoa. Katerik gabe eta argiak piztuta, doi-doi ikusten zuen Martak bere muturraren aurreko bi metroz haraindira. Horregatik, ezustean harrapatu zuen erabat abiadura gutxiarazteko adierazten zuen errepide seinalearen ondoren, poliziaren furgoneta bat ikusteak, betazaletaraino abrigaturiko lau guardia zibil armatuk altoa ematen ziotela, beragandik hamar bat metrora, argi-foku ikaragarrien pean. Martak, bihotza eskuetan zuela sentituz, talkia hartu zuen saihets-apaletik. Ordea hitz bakar bat esan aurretik, atzerako ispiluan ikusi zuen, bere autoari ia itsatsia, kilometro bat atzerago behar zuen autoaren lorratza.

        Izu laborri batean, azeleragailua sakatu eta Guardia Zibilaren kontrol seinaleen aurka zapatu zuen bere autoa. Autoa pendizetik behera amildu, bi kanpai buelta eman eta elurretan hankaz gora geratu zen. Bi guardia zibil zauriturik geratu ziren lurrean. Kontrola osatzen zuten beste lau polizietarik bi auto kolpaturantz abiatu ziren bota handiak elurretan neketsu sartuz eta beste biak zaurituei lehen laguntzak ematen geratu ziren. Anabasa haren erdian, inor ez zen ohartu atzetik zetorren autoaz. Auto honek, argiak itzali eta behelainoa eta nahasmena baliatuz, atzerantz jo, bira eman eta bidezidor batean barna ihes egitea lortu zuen. Martak astebete eman zuen koman. Zortzigarren egunean ordea, bere bizi erritmoa ustekabean zuzpertu zen eta handik egun gutxira ia osaturik zegoen. «Itxuraz, ez ninduten eraman nahi izan, ez Jainkoak eta ezta Deabruak ere» gustatzen zitzaion horrelakoak esatea gaiaz mintzatzen zen aldi gutxitan. Miraria badirudi ere, Guardia Zibilak kasua artxibatu egin zuen, poliziek nozitutako kolpeak ere ez baitziren lehen unean ziruditen bezain larriak izan. Eguraldi narrasa zela medio kontrola galdu, laprast egin eta errepide kontrolaren aurka joan zen, hori zen bertsio ofiziala. Bere onera etorri zenean, ezertaz ez zela gogoratzen adierazi zien Martak medikuei.

        Bigarren autoaren berri ez zen inongo txostenetan jaso.

        Hala ere, oso gogorra egiten zitzaion batzuetan Martaren diskurtsoa, hori zen egia. Zeintzuk ziren haiek jendea hala epaitzeko? Bi emakume gazte, igaro ondoren bizitzako zatirik onena izendatu ohi den adinaren barruan biak. Bakarrik eta inorengan konfiantzarik izan ezin zezaketenak. Kopa batzuk hartu eta harreman arrunt bat hasi ezinean. Eta denbora bazihoan. Denbora beti doa, eta beti ekuazioko gainerako elementu guztien kontra. Okerrena zen igarotzen den denbora ez dela atzean geratzen, alboetan baizik. Gure bizitzako gertaera eta pertsona guztiak, atzean utzi izan uste ditugunak ere, hortxe daude, gure etxeko hormetako argazkietan, kristalezko hilkutxa mehetan, edozein kale ertzen bestaldean. Eta guk ezin ditugu ukitu: ikus ditzakegu, baina ez geureganatu. Ez. Ezer ez da atzean uzten. Gauzak atzean uztea lortuko bagenu ez litzaizkiguke hain gogaikarriak suertatuko.

        Marta footing egitera joana zen egun hartan eta errebolberra sukaldeko mahaian utzia zuen. Lehen aldiz, Olatzek eskuetan hartu zuen arma. Garbi zeukan ez zuela sekula inor tirokatuko. Hori ez. Ez zen gauza. Beste edozer egiteko prest zegoen baina ez zuen sekula errebolber bat erabiliko. Oso arina iruditu zitzaion arma. Errebolberra kargatu eta deskargatu egin zuen, Martari hainbat aldiz ikusi zion keinua imitatuz. Kargatu eta deskargatu. Azkenean, esatea gogorra bazen ere, Martak arrazoi zuen horretan. Engranaje baten aurka ari ziren borrokan, eta gertakizunek edozein norabide hartzen zutela ere, galtzeko prest egon behar zuten. Soken kontra zeudenak ziren haiek. Desordena baino, injustizia nahiago duen engranaje baten aurka ari ziren borrokan. Sistema bat ez da inoiz justua eta beti da desordenatua. Baina injustiziaren aurka ez bezala, sistemak desordenaren aurka bakarrik borrokatzea hautatzen du. Hori da sistemaren hautua. Haiena, justiziaren pentzura eraikitako ordenaren kontrako borroka zen, Martak mila bider errepikatu izan zionez. Martari sekula aitortuko ez bazion ere, helburu hantuste samarra iruditzen zitzaion hori Olatzi. Olatz ez zen hori sinesteko bezain xaloa.

        Errebolberra kargatu eta deskargatu egin zuen. Kargatu eta deskargatu, berriz. Gero esku ahurrean jarri eta pisatzeko keinua egin zuen. Pistolari begiratu zion, sakel-erloju bati begiratzen zaion eran. Arma bakoitzak ere ordua adierazten zuen, nolabait, norbaitentzat. Justizia, ordena, desordena, Gregor Samsa, neskafe poto hutsaren aurreko depresioaldiak. Eguneroko rutina, nazka. Pistolari begiratu zion, auskalo zertarako geratzen zitzaion denbora adierazten duen sakel-erloju bati begiratzen zaion eran. Eta gorrotatu egin zuen bere burua.

        Ohitzen da bat horretara ere. Nork bere burua gorrotatzera. Norbaitek borrokatu behar du moketaren azpian itota dauzkatenen alde, hitz haiek oroitu zituen. Eta gero pentsatu zuen, ziniko bat naiz. Une batez uste izan zuen kartzelan zuen Koldo anaia eta bere kideak, haiekin pasatako arratsaldeak eta hizketaldiak zirela bera egoera badaezpadako hartan egotearen arrazoi bakarra. Ez zuen sekula horretan pentsatu, baina agian hala zen. Horregatik hartu zituen hartutako erabakiak. Sentimendu haiengatik. Eta beharbada bazen beste zerbait gehiago ere. Beharbada bai eta beharbada ez.

        Afektua. Zuk eta zure lagunek jasotako kolpeak. Bertsio ofizialen arabera suizidatu ondoren haginak galtzen dituen jendea, bertsio ofizialaren arabera bi tirorekin suizidatzen den jendea, bertsio ofizialaren arabera suizidatu ondoren zelaitik jaiki eta arrastorik ez uzteko asmoz pistola ibai baten hondora jaurti ahal izateko indarra biltzen duen jendea. Hildako sonanbuloz betetako lurraldean bizi bagina bezala. Maite duzun eta tarte ederrak pasarazi dizkizun jendearen sofrimendua eragin, mespretxatu eta sofrimendu horri barre egiten diotenak egotea jasan ezin duzulako. Zenbaitek etxeko muebleak leihotik botatzen dituzte amorruz, eta beste zenbaitek burdina puska bat hartu eta zerbait egin behar dela sentitzen dute. Afektua, afektibitatea. Ez al dira arrazoi nahikoa. Melodia batzuk zeuden eta gure buruan norbaitek melodia horren teklak zapaltzen zituenean, zaila zen emaitzak saihestea. Ez al da aski. Ez al zaizu hala iruditzen, Olatz? Leihotik ikus zezakeen urrunean Martaren zilueta, berari hizketan ari balitz bezala, txatarra meta handien artetik lasterka. Martaren adibidea hartu zuen. Agian bazen beste zerbait, beren burua iraultzaile jotzen zuten guztiei historialariek konplazentzia eta zinikotasun hantustez leporatzen zieten injenuidade haren haraindira zihoan zerbait. Botere antsia ttiki eta konfesaezin bat izan zitekeen, arma eskuetan sentitzean edo granada bat jaurtitzean, une batez, nor bere patuaren, biktimaren eta kolektibitatearen jabe izatearen antsia. Konfesaezina, bazekien.

        Martaren pausoa zuzen, irmo eta erabakiorra zen. Handik ikusita, argi zegoen ez zeukala borroka haren balioaz zalantza izpirik. Baina Martak ere, Olatzek bezala, bazuen bere itzala. Eta itzal bakoitzak du bere traidorea.

 

 

Koldo atxilotu zutenean ez zioten bere ezkerreko soslaiari argazkirik atera. Afrikar tribu haietako kideek zioten bezala egia bazen argazki makinak arimak lapurtzeko tresnak zirela, arima erdia salbu zeukan oraindik. Kartzelan zeukan ispilua ttikia zen eta pitzatua zegoen, bere arima bezalaxe.

        Bere buruari galdetzen ziona zera zen: izango ote zen gai handik ateratzean aspaldiko ispilu ezagunetan bere aurpegiari aurrez aurre begiratzeko, zekien bezala jakinik, askoz azkarrago zahartzen dela bat egunero bere aurpegia oparitzen ez dioten ispilu haien baitan.

        Zelda hartako hotza hezurretaraino kiribiltzen zen. Begiak hertsi eta hotzikaren erruz lo egin ezin zuenetan, bere burua ehiztari baten gisan irudikatzen zuen, egun osoa ehizan eman ondoren zebra bat akabatu eta sorbaldan dakarren ehiztariaren eran. Lurrean etzaten zen gero, irudimenezko zebra beroa tapaki hartuta, eta loak hartzen zuen Koldo.

        Esna geratuko zen beti ere bere hezurdura, beste kartzela ttikiago bat baitzen hezurren hura, barroteek osatu kartzela handiaren barruan.

 

 

«Dena izorratuko zaigu azkenean. Eta usteltzen denean, sinets iezadazu, usteltzen denean ez dago usain nardagarriagorik. Kiratsa kosta guztian zehar hedatuko da, haize apur bat dagoeneko».

        Merkantzia ontzi hori ikaragarri handia zen. Pasaiako portuan Amenofis II.a ainguraturik zegoen azken bi asteetan. Karramarroa zekarren Egiptotik. Bi tona karramarro, Rotterdamgo portuan aspaldi egon behar zutenak. Kargaren zati hutsal bat Pasaian utzi eta depositoa fuelolioz betetzeko helburuz sartu ziren badiara, bokalea igaro bezain pronto otsoaren eztarrian behera labaintzen zirela susmatu gabe. Estibadoreen eta garabizaleen greba mugagabeak bete-be tean harrapatu zuen Amenofis II.a ontzia eta han geratu zen, irteteko baimenik gabe, ihesbiderik gabe, deskargatu beharrekoa ezin deskargatu eta ez gora eta ez behera. Egunkariak ontziko kapitainari egindako elkarrizketa bat zekarren egun hartan, erabat babesgabe sentitzen omen zen, karramarroa iristen ez bazen lanik gabe geratuko zirela, usteldu egingo zela gainera merkantzia, ez zegoela eskubiderik. Argazki eta guzti zekarren erreportaiak: tripulazioko kideak besoak popako petril metalikoan antxumatuta agertzen ziren, aurpegi nekatuekin, argazkiaren zuri-beltzak berunezko egiten zuen zeruaren pean. «Hiru eguneko epean arazoa konpontzen ez bada karramarroa desizoztu eta hemengo maioristei merkezurrean saldu beharko diegu, Euskal Herrian bertan».

        Harritzekoa zena zen langileen greba eta geldialdiak baliatuz Laranja Mekanikoa, Juan Perro eta beren kideek aspaldi hartan arnas arrastorik ez eman izana, beste negozioren batean balebiltza bezala.

 

 

Ez zuen denbora gehiegi behar izan maleta egiteko. Izan ere, erdizka bakarrik desegin baitzuen Lisboatik itzuli zenean. Whisky botila pare batez gain, ezer gutxi erantsi behar izan zion ekipajeari. Groseko bere etxetik atera aurretik, postontzian begiratu zuen: postal bat, eliza bateko horma, Ni ez naiz sekula hemen izan eta igual igual bizi naiz zioen graffitia. Iritsi berria zen Lisboatik bere buruari bidali zion postala. Aspaldidanik zeukan ohitura zen hiri bat utzi aurretik bere buruari postal bat idazteko hura. Destoleste mota bat bezala ere uler zitekeen, ez baitzen sekula pertsona bera postala igortzen zuena eta jasotzen zuena. Pertsona bat ez da tenperatura, argi, egurats, presio eta egoera animikoaren nahasketa besterik, hein handi batean. Eta hiri bat uzten zuen uneko egoera animikoak Donostiara itzultzen zen uneko egoera animikoarekin zerikusirik ez zuenez, bi pertsona ezberdin balira bezala zen. Nor izan zen eta izan zen hura zein aldartetan bizi zen jakiteko era bat zen bere buruari idaztearen hura. Mudatzen goazen suge azalen oroigarri bat izateko era bat.

        Postala irakurri zuen. Peora atariko ispiluan bere buruari begiratu eta gero eta zailagoa iruditu zitzaion kaiola hartatik ihes egitea. Bizitzako gertaerak eite simetrikoa hartzen hasten direnean, bat amaieratik gertuago dagoelako dateke.

        Azkar gidatu zuen Grosetik Pasai Antxorako bidea, oraindik itzuli ez zuen alokairuzko auto zurian, komisariakoei ordainarazteko alokairuaren faktura eskatu beharko zuela bere buruari gogoraraziz. Robertok kontatu zion txiste txar hura zerabilen buruan, azeleragailuari gehiago sakatzen zion ahala.

        «Entzuik hau, txisteak izenburua eta guzti zeukak: Nazioarteko Gatazka. Guardiako abokatuak kontatu zidak. Gogoratuko duk noski, duela hilabete batzuk Galesko Diana printzesa eta bere amorante zen Dodi Al Fayed Parisen nola hil hituen Pont de l'Alma zubian, beren Mercedes autoari motorrez jarraitzen zioten paparazziengandik ihesi, hain justu. Ahor ba, sortzen den nazioarteko gatazka ez duk nolanahikoa, ez pentsa: nazioarteko zuzenbide pribatua bete-betean harrapatzen duen auzia duk. Nori zegokiok istripu honen ikerketa egitea? Herrialde ezberdinetako epaileak borrokan ari dituk auziaren eskuduntza haiena den ustean, eta denek ditek arrazoi, hein batean. Izan ere, Diana galestarra genuen. Bere amorantea, Al Fayed, egiptoarra. Atzetik zihoazkien paparazziak italiarrak dituk. Bizirik atera huen bizkartzaina ingelesa. Autoaren gidaria poloniarra. Autoa alemaniarra, baina Suitzan lapurtua, eta istripua Frantzian gertatu huen. Nork, zein herrialdetako epaitegi madarikatuk izan lezake beraz auzi korapilatsu hau epaitzeko eskuduntza? Ez duk asmatzen? Amore ematen duk beraz, Telleria! Ba erantzuna garbia duk: Eskoziako epaitegiak, jakina. Zergatik Eskoziakoak, galdetzen didak? Gidariak edan zuen whiskya es-ko-zi-a-rra zelako, jakina!».

        Gero eta txiste penagarriagoak kontatzen zituen. Roberto gizajoa, pentsatu zuen Cesarrek, eta kopilotuaren aulkian ezarria zuen maleta ukitu zuen esku batez, botilek bertan jarraitzen zutela ziurtatzeko. Jakina bertan jarraitzen zutela. Ez zegoen inolako arrazoirik Cutty Shark botila haiek han egon ez zitezen.

        Pasaia, beraz. Gogo berezirik gabe igo zituen komisariakoek bereziki alokatu zioten apartamentu hartako eskailerak. Puskaz puska erortzen ari den etxe ziztrin bat. Argi dexente zuen, hori egia zen, azken solairua zen eta. Lisboako bidaiatik salbatu zuen fisonomiako liburu bakarra eta largabistak maletatik atera eta leiho ondoko mahaian paratu zituen. Ispilu handi bat zegoen leiho ondoan eta bertako markoan kateatu zituen Veronica bezala ezagutzen zuen emakumearen artxiboko argazkia eta Lisboatik bere buruari bidalitako txartela, eta baita Veronica izeneko emakume hark Lisboako hoteleko kafetegian ahaztuta utzitako argazki desfokatu eta erditik hautsia ere. Cutty Shark botilak atera eta ohepean sartu zituen.

        Leihoak parez pare ireki zituen, gela apur bat egurasteko. Hormako egutegiari so egin zion: abenduaren 14a zen. Astebeteko epea eman zizkion berari eta bere zorteari Alargun Beltza eta bere laguna edo lagunak aurkitzeko.

        Gero, luze-luze etzan zen ohean eta etzanda egon arren besoa gehiegi behartu gabe ohepeko botilen beira hotza hatz puntekin ukitzera ailega zitekeela baieztatu zuenean, loak hartu zuen.

 

 

Telebista piztu zuten. Rock kontzertu bat ematen ari ziren. Pataki besaulkian zegoen, asperdura aurpegiarekin eta erdi lo, lepoa atzerantz botata, erabat jarrera lasaian. Martak ostera, giharrak tentsio batean zituen ondoko sofan eserita. Eserita, zerbait esatearren, eserlekuaren ertzean ipurdia baitzen minimoki bermaturik zuen bakarra. Ukalondoak belaunetan zituen eta zigarroa, ohi zuen bezala, lau hatzekin heltzen zuen. Telebistatik gertu zeukan aurpegia, erdi hipnotizatuta begiak.

        — Oilo zirin hori gustatzen al zain?

        — Itzelak direla esango nikek, ez zekiat.

        — Zuriak ditun gauza onerako.

        — Itzel! Zer diok? Zuriak direla? Egunetik egunera gehiago harritzen nauk, txo. Hi non jaio haiz, Pataki? Kongo aldean?

        — Marta, uler ezan hau: jakin badaiteke, ze berrikuntza sartu diten hire ustez zuriek musikaren azken ehun urteotako historian? Plajiatu, dezibelioak erantsi, bolumena igo eta musikaren magia eta ralenti guztia azeleratu. Besterik ez diten egin.

        — Eta orduan ze musika gustatzen zaik hiri, soldadu?

        — Bluesa. Horrekin nahikoa zeukanat. Azken hogei urteotan apenas grabatu diten disko txukunen bat.

        — Tira, Pataki, hi bai haizela fundamentalista. Esaten duan hori itzela iruditzen zaidak! Zer nahi duk esatea... niri adibidez, flamenkoa gustatzen zaidak bluesa baino gehiago.

        — Tira, hor amore ematen dinat. Niri ere gustatzen zaidan. Camaron ikaragarria huen.

        — Eta ez huen beltza...

        — Ezta zuria ere. Beltza huen hura ere, arimaz.

        — Hara, itzel! Beltza arimaz! Izorratu beharra zegon! Ijitoak ere salbatzen dituk orduan hire diskriminazio positibo horretan. Ikusita al daukak The Commitments? Irlandarrak Europako beltzak omen dituk han aipatzen dutenez... Gu ere beltzak izango gaituk, ala?

        — Jakina. Nongoak dira euskal beltzak, Pasaiakoak ez badira?

        — Bai zera. Badakik zer garen, Pataki? Bele zuriak. Bele zuri madarikatu batzuk gaituk gu.

        Marta zigarroari geratzen zitzaion labezomorro ttipia metalezko hautsontzian sakatu eta poxpolo batekin zigarro berri bat piztera abiatu zen. Poxpoloa itzali egin zitzaion ordea, eta Patakik, bereetako bat piztu eta sua erantsi zion Martaren zigarro berriari, gero berea ere piztuz.

        — Ba al dakin Josephine Bakerrek zer esan zinan behin?

        — Ez zekiat tipa zein zuan ere, baina sumatzen diat nondik nora habilen... Osaba Tomen etxolako sukaldaria zuan gutxienez, seguru, izen horrekin. Martiri itzelaren itxura guztia zeukak.

        — Hoa pikutara. Josephine Baker hogeiko hamarkadako dantzari beltz moderno zoragarrienetakoa huen, jakin behar huke.

        — Tamalez ez gaituk denok hi bezain eruditoak. Zer esan zian ba Joxefina horrek, jakin badaiteke, soldadu?

        — Zera esan zinan: mundua belzten ari da gero eta gehiago, eta belztuko dena oraindik. Hemendik urte batzuetara, dena egongo da hain iluna ezen, poxpolo bat pizten dugunean bigarren bat piztu beharko baitugu berehala, lehenengoa itzali ote den jakiteko.

        — Ba itzel. Errepikatuko al hidake, faborez? Lehen poxpoloan galdu nauk.

        Patakik etsipen keinu bat egin eta Martari zigarroa piztu zionetik galdua zuen jarrera erlaxatura itzuli zen. Orduan sartu zen Olatz sukaldetik. Normalean Pataki zen otorduez arduratzen zena, baina egun hartan Olatz liluratuta eta gogotsu etorri zen azokatik, berak egingo zuela egun hartakoagatik. Kazola handi batean bloke zuri batzuk zekartzan, azal laranja fin bat zutenak.

        — Ze demontre dun hau?

        — Itxura ona din, ezta? Karramarroa dun. Ainguratuta dagoen ontzi horia oroitzen? Moro batzuk ari ditun portuan dohainik banatzen, protesta gisara edo.

        — Aizak, Pataki, galdera bat. Moroek ere bluesa jotzen al ditek?

        Martak eta Patakik konplizitate keinu batekin begiratu zioten elkarri, eta Patakik «hirekin ez zegon hitz egiterik» esan nahi zuen keinua egin zion, abegikor. Bazirudien inork ez zuela ezer esateko asmorik, adiskidetasun giro hura dastatzen ari zirela nor bere erara, Martak eta Olatzek aldi berean sardexka kazolan sartu eta puska berdina hautatu zuten arte.

        — Eskua zurekin batera platerera sartzen duenak traizionatuko zaitu.

        Olatzek irribarre egin zuen Martaren ateraldiaren aurrean. Baina bai bera eta bai Pataki isilik geratu ziren gai deseroso hari berriro heltzeko beldurrez. Erraz zapuzten zen giroa azken aldian haien artean. Marta errudun sentitu zen agian, bera izan baitzen berriro ere isiltasuna hautsi zuena, egurats nahastu hartako airean zebilen mamua konjuratu eta uxatu nahiko balu bezala.

        — Karramarroa, joder. Itzel, karramarroa.

        Oraingoan irribarre ahul bat egin zuten hirurek.

 

 

Cesar Telleria nerbioetatik joaten ari zen. Aspaldiko garaietan ez bezala, urduri zegoen eta ez zuen nahi ordurako loak hartzen. Antzina mozorrotuta kalera ateraz hautsi ohi zuen bere lanaren monotonia eta estresa gainditzea lortzen zuen era horretan. Emakumez mozorrotzea gustatzen zitzaion gehien eta gizaseme itsuz ere bai: gauza bere buruari ere nor zena ahaztaraztea zen, bera zen fisonomista zorrotzari iruzur egin eta hark ez identifikatzea lortzea. Arraro samarra zirudien, bai, berak ere bazekien hori, eta ez zion bere perbertsio ttiki horren berri inori eman. Parisen eman zuen boladan ikaragarri gozatu zuen itsu-makila hartuta metroan, bagoiz bagoi, itsu eskalearena eginez. Aspaldian ez zuen ordea mozorrotzeko tentazio eta beharrik izan. Bere buruaz kezkatu ere egin zen behin, mozorrotzeko grina eta zaletasuna norbaiti aitortu zion aldi bakarrean, urteroko errebisioa egiten zien laneko psikologoak gaiaren inguruan egin zion galdeketa susmagarria zela eta. Eskizofrenian erortzeko arriskua ikusi zuela eta profesional bat bisitatu eta bere burua terapia bidean jartzea aholkatu ez zion bada, lerdejario hark.

        Geroztik asuntoari buruz inorekin ez hitz egitea erabaki zuen. Erlaxatu eta bere burua mozorrotzeko premia eta sentimendurik ez zuen hala ere, aspaldian sentitu, hori zen egia. Pasaiara heldu zenetik ordea, bestelakoak ziren gauzak. Noraezean eta deseroso, lekuz kanpo sentitzen zen. Hegazkin bat hartu eta inori deus esan gabe mapatik hanka egingo balu zer gertatuko litzatekeen galdetzen zion bere buruari.

        Deus ere ez, lepoa jokatuko zukeen.

        Ohera sartu, kizkurtu, eta gustura desagertuko zatekeen mundutik bederatzi bat hilabetez. Bakardadean bigarren haurdunaldi bat ospatu, zilarrezko ezteiak ospatzen dituenak bezala.

        Baina munduak ez zion uzten.

 

 

Olatz joana zen eta Pataki sukaldean zegoen. Marta, isilik sartu zen sukaldera. Leihoko errezelari eutsiz zeharka kalera begira zegoen Pataki: leiho hark Louvren zintzilikatutako Mona Lisak baino arreta gehiago jasotzen zuen egunean zehar, hori ez zegoen dudan jartzerik. Zintzilikatu baino areago pasilloetan urkatzen diren argazki horietako baten barruan biziko balira bezala zen: leiho hura zen argazkia estaltzen zuen kristala. Martak ustekabean harrapatu zuen Pataki eskua sorbaldan jarri zionean. Pataki, harrituta, biratu egin zen. Neskak lepotik oratu eta muxu eman zion ezpainetan. Patakik gerritik heldu eta beragana bultzatu zuen norbaitek heldua izateko zirudien gerri hura. Neskak, elkarren galtza estuen pean tupustean harrotu eta zutitzen zen anabasaren zirrara sentitu zuen bere hankartearen kontra. Sukaldeko plakaren ertzean eseri zen Marta, jada alkandorarik gabe, bular tente eta mamitsuak agerian. Nahiago dut zu azpian jartzea. Pataki zegoen orain sukaldeko suen gainean erdi eserita, eta ez zen pentsa zitekeen bezain deserosoa ere. Olatz etor daiteke, isilik. Eskumutur biak heldu zizkion samurki Martak Patakiri, oheburuan izara hautsi batekin eskulotzera balihoa bezala. Baina ez zeuden ohean. Olatz etor daiteke, kontuz. Martak agintzen zuen. Azken batean, bera zegoen kargura. Izterren erdialderaino beheratu zizkion galtzak. Zakil tentea hatz puntaz bilatu zuen Martak, begiak ireki beharrik izan gabe ondo oratuz, harik eta hatzez nahikoa gogortua zegoela baieztatu ondoren aluan barneratu zuen arte. Mutilaren eskumuturrak, pultsua hartzen ari balitz bezala, hatz finez laztantzen hasi eta fermuki helduko zizkion gero, gerria akonpasatuki dantzatzen jarraitzen zuen bitartean, mutilaren besoak erabat mugiezin eta Martaren menera. Martak ez zuen lurra oinekin ukitzen, Patakiren hanketan gora, huntza bezala, kateatuta baitzituen bereak. Oin biluzietako behatzetan ere bazegoen plazerra azal eta hatz-oskol leunen kontaktutik hasita. Mutilaren esku biak sukaldeko bi suen baitara bildu zituen Martak, titietan gehiago nahi ez zuela adieraziz. Artean, sukaldeko plakako bi suak estutzen zituen mutilak bere hatzez. Bi suak estutzen zituen gerri dantza zoroan Martak sua piztu zuenean. Eskumuturretatik sendoki helduta mantendu zituen Martak mutilaren esku biak sukaldeko plakako su-txikietan erretzen, hau oihuka hasi zen arren. Marta plazerraren menera zegoen erabat eta ezin zuen askatu mutilaren eskumuturrik, ezin zuen saihestu, gas sutuaren sugar urdinari atxikiak, erretzen ari ziren mutilaren hatz mamien bilakaera mingarria. Esku bat esku bat da, azken buruan.

        Pataki negarrez geratu zen, harraskako ur hotzetan hatz punta erreak jarrita, biluzik eta babesik gabe, sukaldearen erdian. Sentitzen dut Pataki, hobe da horrela, aztarnarik ez uzteko aurrerantzean, egin beharra neukan, ikusezina izanen zara aurrerantzean. Neskak arropak jantzi zituen eta lepo atzea laztandu zion negarrez ari zen mutil biluziari, emaro, ama krudel batek bezala.

        Iluntasuna erabatekoa zen Pataki, izerdi patsetan, jauzi batez amesgaiztotik esnatu zenean. Hatz puntei so egin eta erreta ez zeudela baieztatu zuen. Begiak itxi eta hauspoa hustu zuen, biriketan arindura eskerga hartuz. Agian lokamuts hark zerbait esan nahi zuen, ez zuela Martaz fidatu behar. Txorakeriak. Nekatuta zegoen eta minutu batzuez etzanda jarraitzea erabaki zuen. Berriro ohean eseri eta argia piztu zuen. Esku ahurra ireki zuenean, lehenago ez zeuden zenbait marra zimur zituela iruditu zitzaion. Begitazio bat besterik ez zen, jakina.

 

 

Radiadoreko barillak zenbatu eta radiadoreko barillen arteko hutsuneak zenbatu. Gaua horrela pasa, hormako estanpatuetako lerro urdinak zenbatuz, leihotik N-1 errepidean zehar zihoazen autoen fluorezko sega sentituz, gela argitu eta kolpe batez segak barreiatu zuen argi guztia ostera ere bildu eta erraztatzen, gero eta maiztasun txikiagoarekin, harik eta fluorezko sega horiek zure bihotz-taupaden erritmora egokitu eta sehaska kantaren kadentziaz loarazten zintuzten arte. Goizean errezelen astindu arinarekin eta auto eta zomorroen zarata astunarekin esnatu. Kafea ez oso beltza eta jatekorik ez. Aurpegia freskatu zure aurretik beste norbaitek erabili zuen konketazulo hezean. Ile luzeak konketaren hondoan korapilatuta. Bizilagun batek Singing in the rain txistukatzen zuen dutxatzen zen bitartean, paretak kartoizkoak ziren.

        Irratia jarri eta isilik jarraitu zuen Olatzek sukalderantz. Marta hankak gurutzatuta zegoen mahaian eserita, egunkariak irakurtzen. Olatz Martaren ondoan eseri zen egunkariak irakurtzeko ahalegina eginez, baina ezin zuen, ez zuen sekula ezer interesgarria aurkitzen paper multzo haietan. Norentzat egiten zituzten egunkariak? Norbaitek irakurtzen al zituen? Astelehena zen, jendea lokartuta ibiliko zen kalean zehar. Periodikoen azpian zegoen errepide komarkalen mapa, errotuladore gorriz seinalatua eta puntutik puntura heltzeko behar zen minutu kopurua anotatua: UGLDTX bidegurutzea, eta gero lerro zuzen bat, Oiartzun izan arren O soil batez izendatzen zuten herriko kaleak.

        Baina ez ziren Oiartzungo paperak egun hartan harraskan alkoholaz erre behar zituztenak. Ekintza atzeratu egin zuten eta Donostiakoa zen hurrengo kolpea. Espaloiaren gogorra korrika ihesi zoazenean, eta halere grabitate ezaren moduko zerbait sentituko zuen buruan Martak ziur aski, azken aldian bezala. Auto aldaketa non, galdetu zuen, eta hizki larriz Pataki adierazi nahian PTKI idatzirik zegoen Mirakruz inguruko mapako puntuari so geratu zen. Errezela apartatu zuen. Leihoko argi horiaren bestaldean trailer bat zihoan pisutsu eta nekez.

        Astelehena zen. Goizeko zazpiak eta hiru minutu. Izozkailuaren gaineko frutontzi zumezkoan laranja bat zegoen eta iratzargailu bat ere bai laranjaren ondoan. Laranja mekanikoa. Non ibiliko ote zen zakur zahar hura? Marta beste zerbaitetan pentsatzen saiatu zen. Ahalik eta argalen egoteko heroina hartzen duten modeloen gisakoa, Heroine sick modakoa zela Olatzen aurpegia otu zitzaion orduan Martari, bezperan irakurritako artikulu bat gogoan. Zigarroaren kea errezelaren diagonala jarraituz. Zutik zegoen Marta. Ohe desegin baten irudia zegoen bere buruan. Estore hautsi baten dardara zarata. Aspaldi ez zeukan Martak zigarro bat bakean erretzeko zortea, Olatz mimetiko hura etengabe ari baitzitzaion atzetik bere erretzeko azturak ere imitatzen. Lau hatzekin eta eztulka. Bere atzetik itzaltzen zituen gero zigarro guztiak, hautsontzi berean. Jasanezina zitzaion batzuetan. Baina bere etxean zegoen, zer esan ziezaiokeen.

        Ohea egin beharko lukeen ala ez pentsatu arren ez zuen ezer esan. Martak zuri-beltzezko argazki bat sustengatzen zuen eskuen artean, gero bitan tolestu eta harraskara bota zuen: paper multzo handi bat zegoen han, Donostia, Mirakruz eta Herrera inguruko eskuz egindako mapak barne. Litro erdiko alkohol botila bat argazki eta paperen gainera hustu, poxpolo bat piztu eta harraskara bota zuen Martak: sugarren artean, bazirudien poxpolo hark infernu hartara erortzear zela zera adierazi nahi zukeela, norberaren etxea bezalakorik ez dago, edo azkenik etxean, edo irratiko ahots zimurtuak zioen bezala, sweet home, sweet home, Louisiana. Marta eta Olatz suari begira egon ziren, erabat itzali zen arte, erritu baten parte balitz bezala. Marta leiho ondora hurbildu zen. Autorantz joateko garaia zen. Baina oraingoan ez zen errebolberra sukaldeko mahai gainean geratuko.

        — Kakazaharra. Hauxe bakarrik falta zitzaigun.

        Olatz, zutik edaten ari zen kafesnearen katilua mahai gainean utzi eta leihora inguratu zen.

        Elur bustia ari zuen. Kafeak ez zeukan azukrerik, hala ere.

 

 

Pataki tematu egin zen, berak egingo zuela. Olatz apur bat harritu egin zen Martak hain erraz etsi zuenean. Agian oraindik ere satorrarena bueltaka zuen buruan eta haiek frogan jartzen ari zen, pentsatu zuen kezkati Olatzek, horrek beretzat ekar zitzakeen arriskuez ohartuta.

        Autoa bigarren ilaran aparkaturik zegoen, Olatz barruan zuela. Marta Pataki babestera joana zen. Kalkulatutakoa baino denbora gehiago pasatzen ari ziren eta Olatz etengabe ari zen atzerako ispiluan begira, noiz azalduko ote ziren. Eternitatea pasa zen bere begien aurretik auto kamuflatu baten itxura zuen Ford Mondeo beltz batean hezurmamitua, azkenean Marta ispiluan korrika ikusi zuen arte. Pataki metro batzuk atzerago zetorren, nahikoa zurbil. Marta kopilotuarenean eseri zen. Autoaren lehen aharrausiarekin batera, atea ireki eta atzeko eserlekuan etzan zen Pataki. Azeleragailuari sakatu zion Olatzek. «Goazen hemendik, baita infernura bada ere!» amorruzko bat atera zen Patakiren ahotik. Lepotik gorako gorritasun hiraz betetako batekin esan zituen Patakik azken hitzak, eta Olatz ikaratu egin zen apur bat, aulkien artetik Patakiren aurpegia ikusi zuenean, autoko moketaren kontra etzanik ia. «Zer gertatu da?» galdetu zuen Olatzek orduan eta «Enkaskillatu egin zaidan pistola. Eskerrak Martaren babesari» erantzun zuen Patakik, lehen tiroak atzeko kristala zulatu zuen une berean. Prestaketarako erabili zituzten mapa eta planoetan auto aldaketa egitea aurreikusten zuten puntutik hurbil zeuden Poliziaren patruila autoa atzetik zutela. Patakik, kontu handiz ireki zuen leihoa, eta bigarren tiroak autoaren karrozeria urratzen zuen une berean, gerri jiradizo zalu batez sorbalda leihotik atera eta hiru tiro egin zituen patruila autoaren aurka. Autoaren gurpiletako batean asmatu zuen itxuraz eta patruila autoa, Mirakruz igoera hasi aurretiko bidegurutzean trabeska geratu zen, saihetseko petrila jo ondoren.

        Bi neskak harrituta geratu ziren Patakiren hoztasunaz eta tiro egiteko izan zuen zehaztasunaz. Oraingoan ez zitzaion enkaskillatu.

 

 

Martaren gela iluna eta ttikia zen. Gelako atean fotokopia horitu bat zegoen, horma askotan zintzilik egon eta behin eta berriro erauzia izanaren itxura zuena, zelo pusketa batez itsatsia. Etxez etxe joan arren gordetzea gustatzen zaigun zerbait. Klaus Kinskiren hitz batzuk ageri ziren egunkari txatalean: «Bai, nire baitan biolentzia dago, baina ez da negatiboa. Tigre batek bere domadorea txikitzen duenean, tigre hori biolentoa dela esaten da eta bala bat sartzen zaio buruan. Nire bortxakeria izaki librearena da, bere burua mendean utzi nahi ez duenarena. Bizitza biolentoa da. Jaiotza prozesu biolentoa da. Ekaitza edo lurrikara, naturaren mugimendu biolentoak dira. Nire bortxa bizitzaren bortxa da. Ez da naturari aurka egiten dion biolentzia bat, ez da zuen seme-alabak hiltegira bidali, zuen garunak kirtendu eta zuen arimak exorzizatzen dituen Estatuarena bezalakoa».

        Pataki heldu zenetik beretzat hartu zuen Martaren gelako gaumahaitxoan Buenaventura Durruti anarkistaren bizitzari buruzko liburu bat ere bazegoen, pasarte batzuk azpimarratuak zituena. Zaila zen jakiten Marta bera izan ote zen azpimarratuak egin zituena. Agian bai eta agian ez.

        Lehen azpimarra arkatzez eginda zegoen: «Bartzelonan borroka teilatutik teilaturakoa zen. Durruti lasai antzean ibiltzen zen, baina ia tirokatu zuen behin frankotiradore batek. Bat-batean ordea, emakume batek gidatutako auto beltz bat azaldu eta Durrutik lurrera bota behar izan zuen bere burua. Zorte hutsa da azkenean bizirik mantentzen gaituena. Auto beltz hark bizia salbatu zion Durrutiri. Ateetan hainbat bala zulo zituela, etorritako bide beretik desagertu zen emakumeak gidatutako auto beltza, Durrutik bere mahoizko praketako hautsa astintzeko beta hartu aurretik».

        Azpimarratutako beste pasarteetako bat hau zen: «Durrutik bere sektoreaz arduratu behar zuen, bere armadako kideak euritik babestu behar zituen, batez ere. Nik, zera esan nion, txantxetan: «Azukrezkoak al dira zure soldaduak, akaso?». Berak lehor erantzun zidan: «Bai, azukrezkoak dira, urarekin disolbatu egiten dira. Ziren bikote bakoitzeko bakarra geratzen da. Alferrik galtzen ari dira hemen, Madrilen». Hauek izan ziren bere azken hitzak. Umore txarrean zegoen».

        Beste hainbat pasarte deigarri ere azpimarratuta zeuden: «Bere ekipajean segidan aipatzen diren norbere-gauzak aurkitu ziren: muda baterako barruko arropa, bi pistola, prismatiko batzuk eta eguzkitako betaurrekoak. Horixe zen bere inbentario guztia».

        Liburu bat azpimarratzen denean liburu horrek bizia hartzen du. Ezkutuko egunkariaren antzeko zerbait bihurtzen da, oso pertsonala, guri buruz mintzo dena. Gertatu zaigun guztia eta desiratu arren ausardia faltaz egin ez dugun guztia, dena dago hor. Bidali ez genituen gutun guztiak eta gure buruari beteko ez genituela jakin arren izunak zirenik aitortu gabe egindako promesa guztiak daude azpimarra horien baitan. Gainera, azpimarra bakoitzak hainbeste indar har dezake, non eragina izan bailezake etortzear dauden gertakizunetan, gure bizitzan eta liburu hori aurrerantzean eskuratu eta irakurtzen duten haien bizitzen baitan. Eta du. Beti du eragina.

        «Idatzita zegoen», esan ohi dugu zerbait gertatuko zen segurtasun erabatekoa genuenean. Eta halaxe da. Baina patua ez da ihesezinezkoa, azpimarratzeko aukera guri emana izan zaigunetik. Mapa batean hiriz hiriko traiektoria marraztuko bagenu bezala. Liburu bat azpimarratzen ari garenean, nahi gabe, gure esku ahurrean dibujaturik dauden iragan eta etorkizun posible guztiak ere ari gara iragaten arkatzaren muturraz.

 

 

Abenduak 19. Aste hura lasai antzean zihoan. Egunkariak jada azken gertakizunak ahazten hasiak ziren, eta komisarioa ere bai, egia esatera. Ez zegoen zauri berari eta hilobi berari begira egun guztia pasatzerik, hor kanpoan, norbait dagoeneko hilobi berri bat zulatzen egon zitekeela pentsatu behar zen. Nork bere burua ez jasan izateko rutina zoragarri horri eutsi eta gero eta hobeto egin lan hori. Nork bere burua ez jasatearen lana, alegia. Komisarioa La Rosa letra gorriz idatzirik zuen katiluko neska biluziari ferekan ari zela harrapatu zuen Alainek, bere laguntzaileak.

        — Norbaitekin hitz egin nahiko lukeen emakume kaskagor bat dago hemen. Zakur borrokak salatu dituen atso demonio horietako bat.

        KGBkoak horretarako zeuden ba, atso demonioei elkarrizketa emateko. Komisarioak etsipen keinua egin zuen, sartzen uzteko. Lehen hitzak entzun aurretik osatu zuen emakume haren soslaia: berrogei eta koska zituen emakumea, ezkongabe edo alargun bakartia, hitzordu itsuetan bere bizitzako gizonezkoa aurkitzeko esperantza oraindik galdu ez zuen horietakoa. Parkeetan beste zakurren jabeak ezagutzeko asmoz erosiko zuen berea. Zakurra berekin zekarren.

        — Saiatu naiz adierazten ez dagoela baimendua piztiak hona sartzea, jauna.

        — Nire Sokrates piztia? Piztia deitzen diozu? Zuek bai piztiak, zuek! Hirugarren aldia da hona etortzen naizena eta azken aldian baino kasu gehixeago egingo ahal didazue gaurkoan... Ikusten al duzu zelako hozkadak dituen? Hemen, eta hemen, eta hemen. Ikusten? Ez dira hauek eroriko baten ondorio, ez horixe, hozkadak dira, hozkadak! Hiltzear egon da Sokrates gizagaixoa. Orain salbu dago zorionez, baina oraindik arazorik izan lezake.

        Sokrates beraz. Ongi hasi ziren. Komisarioak zakurrari begiratu zion. Gaiztotutako zauriak zeuzkan belarri, aurpegi eta lepo inguruan. Hankak ere hozkadaz beteak zituen. Filosofoaren kontra konplot bat zen tartean, itxura guztien arabera.

        — Salaketaren bat jarri duzu?

        Alain aurreratu zen oraingoan.

        — Hemen dago andrearen txostena, jauna.

        Komisarioak orrialde single hura hartu eta bere kabutan irakurri zuen: Billabonako irteeran aurkitu zuten, errepide ertzean eta egoera tamalgarri batean, «boxeolari profesional batek bost egunez entrenamenduetarako zaku bezala baliatu izan bailuen, bere jabeak azaltzen duenez».

        Zakurrari begiratu zion eta gero jabeari. Egia zen. Denborarekin jabeek beren zakurren antza hartzen dute, edo alderantziz, igualtsu da.

        — Ondotxo dakizue borroka horien berri. Ez al da zerbait egiteko garaia? Ez naiz bakarra, zakur asko desagertu dira azken boladan, Sokrates bezalaxe, sparring bezala erabiltzen dituzte.

        Sparring, hitz horrek ez zuen ongiegi ematen komisarioak egin zuen emakume haren soslaiarekin. Txostenean esaten zuena kontuan hartuz, «boxeolari profesional batek lau egunez entrenamenduetarako zaku bezala erabili izan bailuen», boxeoaren munduarekiko bigarren erreferentzia zen. Agian bi aste lehenago zita itsu haietako batean grebara jo zuten Pasaiako portuko estibadore batekin ligatu zuen eta horrelako hitzen bat kutsatu zion. Gertatzen dira horrelakoak, espresio ikasiak geratzen dira, baita kutsatu dizkigun jendeak gure bizitzan garrantzirik izan ez duenean ere, edota aspaldi alde egin izan arren pertsona horrek gure bizitzatik.

        — Saiatu izan gara zerbait egiten, andrea, ez pentsa gaia serioski hartzen ez dugunik, baina, errespetu guztiarekin, ez da hain sinplea... Borrokak ez dituzte beti leku berean egiten, eta eginda ere, ez da erraza frogak lortu eta epaiketa batean hori guztia argi eta garbi...

        Tupustean, Robertok gelaren bestaldean Alainek telefonoa hartzen zuela ikusi zuen. Bulegoko lanari guztiek idazmakinetatik eskuak altxatu zituzten eta Alainen aurpegi espresiogabeari begira geratu ziren. Komisarioak ere begirada altxatu zuen emakumearen sorbaldaren gainetik, eta emakumearen hitz-jarioari arreta jartzeari utzi zion, bere ezpainetan oraindik kexu hitzak ikus zitzakeen arren, entzun beharrik izan gabe. Komisarioak, erdi zorabiaturik, zakurrari begiratu zion eta bere begiradan zerbait oso humanoa eta lasaigarria ikusi uste izan zuen, Alainen hitzak entzun aurretik.

        — Tiroketa bat Egian. Oraingoz ez dakigu besterik.

        Alain eta beste bi gizon, beren jakak hartu eta kalera abiatu ziren, ziztu bizian. Komisarioak buelta eman zion bere aulki biragarriari eta leihotik begira jarri zen.

        — Goazen Sokrates, hemen alferrik gaude eta.

        Handik minutu gutxira, bere mahaiko telefonoak jo zuen. Bat zen hildakoa, eta iheslarien pista Mirakruz gainean galdu zuten. Bi omen ziren tirokatzaileak eta batek huts egin ondoren bigarren laguntzaile batek egin omen zituen tiroak. Iheslarietako bat zaurituta ote zihoan. Beharbada bai eta beharbada ez. Telefonoa eskegi eta txaketa hartu zuen pertxerotik. Bulegoan gelditzen zirenak agurtu gabe atera zen.