Pasaia blues
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
azala: Garbiņe Ubeda
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1996, nobela
1994, poesia
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
aurkibidea

Aurkibidea

Zai

Zoi

Bele

Tiro

Blues

Erosi: 17,10
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Zai

Zoi

Bele

Tiro

Blues

 

 

Arma

 

                        Jendeak dioenean «barkatzen dut, baina ez dut ahazten»

                        zer ari da esaten? Ez duela barkatzen.

                                                                    Roger Wolfe

 

Olatzekin edo Olatz gabe, hura egin beharra zegoen. Zenbait gauza ezin ziren atzeratu.

        Uler zezakeen. Jakina, ekintza hura ohiko armekin ez egitea ez zen gutizia bat. Erakundeak bere arrazoiak zituen. Efektibo minimoekin ahalik eta sendotasun itxurarik handiena ematea. Lana garbi eginez gero, egun batzuetan bederen, komando berri baten agerpentzat jo zezaketen ekintza haren ondorioa. Jakina, guztiak zuen bere azalpen logikoa. Baina arriskua handiegia iruditzen zitzaion oraingoan. Durangora autoz joan eta han armak jaso. Gizatxartzeko modukoa zen, nora eta Durangora. Baina egin beharra zegoen. Goizeko zazpietan atera zen. Bakarrik egingo zuen bidaia. Une batez Pataki berekin ez ekarri izanaz damutu zen. Akaso edukiko zuen jatorrizko soinu bandaren bat une hartarako ere. Ziur baietz. Baina ez, nahiago zuen bakarrik eta isiltasunean gidatu, putzuen zarata lasaigarria zitzaion neumatikoen pean. Durangoraino arazorik gabe heldu zen eta baita esandako garajera ere. Gofi zain zegoen. Zapata kaxa bat zeukan eskuen artean.

        — Nola doa dena Marta?

        — Itzel, nola joango da ba. Itzel. Hemen al daude? —gi zatxartuta jarraitzen zuen. Aspaldiko istorio batez geroztik Gofi gantz-poltsa hura ez zuen batere gustuko.

        — Zapatak zure neurrikoak izatea espero dut —Gofik irribarre egin zion bere ustezko grazia merkeari. Martak kopilotuaren aulkian jarri zuen zapata kaxa eta gero zigarro bat piztu zuen, lehenbailehen handik alde egiteko gogo biziz, lau hatzez oratzen zuela zigarroa, kea ausiki ahala espiralean botaz—. Kontuz ibili beharko zenuke zigarroekin, eder hori, azken bolada honetan mikrofonoak zigarro filtroetan jartzen dituztela entzun dut.

        — Ez nazazu izorra, Gofi, ez nazazu izorra. Egidazu mesede hori.

        — Ez diot txantxetan, Marta. Egia omen da.

        — Baina zer uste duzue? Zuek, ematen du, ematen du dena dakizuela joder. Aterpean zaudete egun guztian behintzat eta gero aholkuak ematen, joder —Gofik begirada beheratu zuen.

        — Guk ere hartzen ditugu gure arriskuak, Marta. Denok gaude ontzi berean.

        — Ja, bai zera ontzi berean! Baita zera ere. Esango dizut nik zein ontzitan zauden zu: enpresa alu horretan turkiarrei saltzeko armak egiten dituztenen barkuan zaude, zu ere engranajearen zati bat zara, gu bezain biolento eta hiltzaile, baina kontzientzia lasai demonio duzu lan zikina guk egiten dugulako.

        — Ez nahastu gauzak, Marta. Nekatuta ikusten zaitut, ez nuke zutaz kezkatu behar, baina... Zer uste duzu, niretzat erraza izan dela merkantzia lortzea?

        — Armetan lan egiten duzu, ezta?

        — Ederki, ederki, nahi duzuna. Eztabaida honek ez du zentzurik —Marta auto barruan zegoen jada eta motorraren giltza biratu berri zuen—. Ez dira berri-berriak baina bai oso labealdi onekoak. Ez dituzu ikusi nahi?

        — Itzel. Ez zaidazu esan. Orain erreklamazio zerbitzua ere badaukazue? Ez, eskerrik asko, fidatzen naiz oraindik.

        Garajeko atea emeki-emeki ireki zen eta autoa, garajean bira eman ondoren, pabilioietan barne galdu zen, euripean.

 

 

Ez zituen bere zangoak sentitu ere egiten. Hipnotizatuta balego legez zihoan pasillo argitsuan barna. Bai, filmetan bezala zen. Kamara frigorifiko zilarreztatu eta aseptikoak han eta hemen, haragi fresko eta hilberria ezkutatuz. Harritu egin zuen inolako kontrolik pasa gabe gorpu biltegira nola heldu zen ikusteak. Egia esan, berdin zion. Zer gerta zitekeen? Haiek hilda zeuden. Biltegiko gela handi batean, mahai batean lerraturik, bi hilotz ikusi zituen ilunpean abandonaturik. Hilotz bat abandonaturik egotea posible ote zen otu zitzaion, eta kontrakoa posible ote zen, benetan, posible ote zen hilotz batez egokiro arduratzea. Arnasa sakonki hartu eta izara kendu zion aurpegitik lehenengoari: ez zen bere anaia, baina hala balitz bezain inpresio handia egin zion. Metalezko harraskan erretako erretratua, bera zen, Egiako etxebizitza hartan tirokatu zuten gizona, begiak itxita eta lokian hariz ongi jositako zulo bat zuela. Hotzikara pairaezin baten mende, izaraz aurpegia estali zion. Arnasa hartzeko segundo batzuk behar izan zituen bigarren gorpuaren aurpegitik izara apartatzeko adorea bildu aurretik. Hura bai, hura bere anaia zen. Hainbeste denbora hura ikusi gabe eta nork esan behar zion ezkutuan ikusi beharko zuenik, ez bere anaia, bere anaiaz geratzen zena baizik, non eta ohatila metaliko batean etzana? Lo zirudien eta bere buruarekin lasai. Baina hilda zegoen, jainkoarren, zaila egiten zitzaion sinestea. Bi ebakiondo handi zituen aurpegian. Kopetan musu bat eman eta malkoei doi-doian eusten ziela, aurpegia estali zion berriro. Zorabiatu eta lurrera erortzear egon zen.

        Oin hotsak entzuten zituen beraganantz hurbiltzen. Gutxigatik lortu zuen erratz, garbikari, plastikozko lorez eta lorontzi zikinez betetako apalategiz mukuru zegoen gelatxo ilun hartan ezkutatzea. Atearen argi zirrikitutik begiratu zuen. Bi ertzain ziren, uniformez jantziak. Pausoak urrun zirela sentitu zuenean, kanpora atera zen berriro ere. Jada ikus zezakeen ospitalearen kanpoaldeko lorategia, sahats baxu haiek. Arriskutik ihes egiteko gero eta gutxiago falta zitzaion, alboko gela batetik amets batetik ateratako elkarrizketa zati bat entzun zuenean.

        — Bakarrik gaudek, moja eta marinela bezala.

        Komun batetik zetorren ahotsa. Bi gizonezko ari ziren elkarri hitz egiten. Polizia judizialekoak izan behar zuten. Dagoeneko begien bistan zeukan kanpoko atea ahaztuta, supituki bere pausoa ainguratu eta komuneko atearen parean geratu zen, elkarrizketaren aiduru.

        — Bakarrik gaudek, moja eta marinela bezala.

        Bi aldiz entzun zuen edo agian bigarrena oihartzuna izan zen. Baina egia zen. Benetako hitzak. Ez zen bere irudimena, ez zen amesgaizto bat ere.

        — Moja eta marinela?

        Oraindik ezin zuen sinetsi.

        — Gurekin lan egiten zian batek esan ohi zian zerbait duk. Medikuntza ikasten jardun huen Ertzaintzara sartu aurretik. Tipo argia zuan eta zera kontatu ziguan, fakultatean bi gorpu erabiltzen zituztela laboratorioko praktikak egiteko, eta urtez urte bi gorpu berberak zirela mila medikuntza ikasle promozio ezberdinek bisturia sartu zietenak. Erabat higatuak eta desitxuratuak zeuden hilotz haiek, jakina. Anatomia klaseek galdatzen zuten bezala, emakume baten eta gizonezko baten gorpuak ziren; moja baten eta marinel baten hilotzak, berak kontatzen zuenez. Inork ez zituen erreklamatu bide eta tanatorioak unibertsitateari eskaini zizkion ikasleek erabil zitzaten. Ofizio bakartia diagu guk ere, baina hauena ere halakoa, nonbait. Aspaldi galdu nioan arrastoa tipo hari. KGBkoekin ari ote huen edo. Martxelo uste diat izena ziala. Bai, gogoan diat, Martxelo Negro. Argia huen. Argiegia polizia izateko.

        Korrika atera zen Olatz ospitaleko lorategiko atetik eta haize hotzak parez pare jo zion begietan eta sudurrean, pentsatzea bera ere galarazten zion hotzikara batekin.

        Irreala zen dena, eta zain geratu zen segundo batzuez, mugitzeko ere ezgauza. Lokamutsetik esnatzea espero zuen, edo gutxienez beste zerbait gertatzea, begiak ireki eta bere burua dena amets bat zela adieraziko zion paraje aldakor batean aurkitzea. Ez zen ordea halakorik gertatu.

        Pasaiarantz abiatu zen, harantz gidatzen zuen indarra zein ote zen oso ondo jakin gabe.

 

 

Cesar Telleriak garbi zekien bi motatako gizonezkoak direla neskaz mozorrotzea gustatzen zaienak. Beren sexu izaerarekin gustura ez zeudenak ziren batzuk, emakume izan nahi luketenak eta emakumearen azalpean gusturago sentitzen direnak. Besteak ordea, gizonezko bakartiak ziren, esperientzia zapuztuez nazkatu eta beren burua bera panpina puzgarri horietako bat bezala erabiltzen zutenak, ohean bakarrik egon beharrean emakume batekin zeudelakora jolastuz, nork bere burua biluztean emakume bat biluzten ari zirela imajinatu eta bi rolak tartekatzen zituzten gizonezkoak, alegia. Bera bigarren talde horretakoa zen: emakumez mozorrotu izan zenetan bere sekretu guztiak ezagutzen zituen emakume perfektuaren bila egin izan zuen, eta komisariako psikologoak uste izan zuenaren kontra, horrek ez zeukan inolako zerikusirik eskizofreniarekin. Jolasa zen eta bera gai zen kontrolatzeko. Veronica bezala ezagutzen zuen emakumearen argazkia hartu eta bere antz apur bat zuela iruditu zitzaion. Gerrikoa galtzetatik atera eta gerriaren goialdean estu lotu zuen zilueta femeninoaren aztarrenen bat topatu nahian.

        Gero ordea, egiten ari zenaz lotsatu eta Cutty Shark botila bat bilatu zuen ohepean. Bart gehiegi edan zuen eta lehen whisky txorrotadak, kosk egin berri zion zakurraren ilajearen zaporea zuela iruditu zitzaion.

        Bigarren dzangada askoz hobeto sartu zitzaion.

 

 

Pataki kanpoan zen norbaitek atea jo zuenean. Martak, ateko zulotxotik begiratu zuen ireki aurretik, Pataki izango zen ustea zuen arren. Gero, harriduraz asaldatuta burua bortizki atzeratu zuen, atea ireki aurretik.

        — Baina jakin al daiteke non ibili haizen Olatz? Atxilotu egin hindutela uste geninan!

        — Ez al dituzue egunkariak irakurri, jainkoarren!

        Marta erabat astinduta geratu zen, Olatzen anaiaren heriotzaren berri ematen zuen berriagatik adina, Olatzek zuen aurpegi nekatu bezain orekatuagatik. Astebete negarrez igaro ondoren edukitzen diren begiak zituen. Argitasun une berezi baten barruan bizi balitz bezala. Heriotzatik itzuli zenaren aurpegi abaildua zeukan, bai, Martak orduan garbi ikusi zuen. Baina ez zeraman astebete negarrez, horixe zen ezberdintasuna eta horixe egoera erabat aldatzen zuena. Olatz gidariaren atzean beste Olatz bat ezkutatzen zen, ordura arte azaleratu ez zena.

        Elkar besarkatu zuten. Olatzek ordea, berehala, apartatzeko keinua egin zuen, kezkati, bere sorbalda imintzioa —etengabe zerbaitegatik barkamena eskatzen duenaren keinua— begien aurreko ilea apartatzen zuen esku keinuarekin lagunduz. Ahots leizatu eta isilaz mintzo zen.

        — Bazegon beste zerbait ere. Non zegon Pataki?

        — Autora joan dun. Laster izango dun hemen.

        — Ni ez nindunake hain ziur egongo.

        — Zer esan nahi dun?

        — Ez zain batere gustatuko, Marta, batere ez.

 

 

Azaroko azken egunak ziren. Pabilioiko atea zeharkatu bezain pronto, ihesari ekitekotan egon zen Laranja Mekanikoa, atea zaintzen zuena Roberto ez zela ikustean.

        — Ez hadi kezkatu —oihu egin zion zakur tratanteetako batek—. Alain duk Robertoren ordezkoa.

        Alainek agur keinu lakar bat egin zion, nik ere nahiago nikek beste nonbait egon, berehala ulertu zuen Laranja Mekanikoak keinuaren esanahia. Hura ere txakurra zen. Igarri egiten zitzaien, ezin zuten ezkutatu. Ez zen zorri-atzemangailuen premiarik, ez horixe. Zigarroak itzaltzeko era bera ere, txakurrarena zuen.

        Ordurako bi zakurrak —benetakoak hauek, edo agian ez hain benetakoak, hori ikusteko zegoen— pabilioi barruko metalezko mahai banatan jarrita zeuzkaten eta piztiak mangeraz garbitzen ari ziren, azala substantzia loarazleren batekin igurtzi baliete ere, badaezpada. Huraxe zen amarruetako bat: txakur ahulenaren azala gai loarazleaz espraiatu, beste zakurrak kosk egiten zion orduko lelotu eta bertan zerraldo eror zedin, nerbioak erabat anestesiatuta. Zakur hauetako batzuk lau hilabeteko kumeak zirenetik entrenatzen zituzten beste zakurren kontra borrokaraziz. Borrokek luze irauten zuten sarritan, ordu t'erdi ere bai kasurik muturrekoenetan, eta askotan hilda bukatzen zuen zakur galtzaileak. Zakurrak jabearekin gurutzatzen zuen begiradaren bat lantzean behin. Tira, ez nazazu gaizki utzi, ez etsi, ekin gogor, eraso Elur, eraso, ez zaidazu huts egin. Eta jabea bere ondoan zeukan zakurrak, zeukan guztia ematen zuen. Bizirik baina berriro borrokatzeko ezgauza geratzen zirenak badia ilunera botatzen zituzten burdina puska bat lepora lotuta, edo tiro batez errematatzen zituzten pabilioitik kanpora arrastaka aterarazi ondoren. Kasurik onenean, tailer mekaniko bateko zaindari bezala bukatuko zuten, burua galduta.

        Laranja Mekanikoarentzat bigarren aldia izan arren, ez zen erraza hartara ohitzea. Bi zakur amorratuak hedeetatik eutsiz pintura gorriz margoturiko zirkuluaren erdira gidatu zituztenean, Alainen keinuari itxaron zioten zakurrak askatu aurretik. Gero etortzen zena okagarri samarra iruditzen zitzaion Laranja Mekanikoari. Sekula inori aitortuko ez ziokeen arren, nahiago zuen gizaki bat lurperatu, bere burua zakur bat lurperatzeko atakan aurkitzea baino, kasurik gehienetan. Alainek ordea, disfrutatu egiten zuela zirudien. Apustugileak berriz, gizajo jendea ziren, gutxik zuten esperientzia hura errepikatzeko itxura; beren bizitzarekin zer egin jakin ez, eta emozio berriak agindu zaizkien ludopata aspertuak besterik ez ziren gehienak. Pena pixka bat ematen zuten. Baina beraiena zen errua, dirua hain era hutsalean arriskatzeagatik.

        Ospela zen pabilioi barruko giroa. Laranja Mekanikoa, nabearen erdialdea utzi eta Pasaiako portu osoa ikusmiratzen zeneko leiho hautsira inguratu zen. Hotza sartzen zen handik baina ez zegoen leiho hura ixteko modurik. Horrek bere onetik atera zuen, bere buruan ere zerbait itxi ezinik bailegoen. Portuan ainguraturik zegoen karramarroen ontzi hori erraldoia. Handik minutu gutxira, biratu zenerako, Alain bakarrik geratzen zen nabean eta argiak itzaltzen ari ziren. Pinturaz margoturiko zirkuluaren barruan hildako zakur bat zetzan, eta hain zegoen egoera penagarrian, Laranja Mekanikoa ez baitzen lehiatu ziren bi zakurretarik zein ote zen asmatzeko gai izan.

        — Hi, mozolo, har ezak piztia gaixo hau eta desagerrarazi ahal duan lekuan. Desagerrarazi esan diat, ez ezak edozein bazterretan utzi.

        Alainek sobre bat atera zuen txalekuaren barruko patrikatik, eta hamar milako sorta gizenetik bost billete apartatu zituen Laranja Mekanikoari luzatuz, deskartaturiko karta parea mahai gainera botatzen duen muslariaren keinu utziaz.

        Laranja Mekanikoak zaku batean sartu zuen zakurra eta bere autoko maleterora irauli ondoren, Astigarragako errepidea hartu zuen. Mendiko bidezidor batean barneratu eta zuhaitz baten ondoko lurra zulatu zuen, zakurra zaku eta guzti zulora botaz. Lur zulatu berria estaltzeko sasi bila joan zenean, azken zakurra lurperatzeko erabili zuen kobazulo ttikiaren paretik igaro zen. Zakurraren izena idatzita zeukan domina bat zegoen kobazulo parean: Platon. Boladan zegoen nonbait, zakurrei filosofoen izenak jartzea. Poltsikoratu egin zuen, zer gerta ere. Platon, kobazuloan lurperatua, barregarria iruditu zitzaion kointzidentzia.

        Autoan sartu eta osteguna zenez, Young Play dantzatokirantz joatea erabaki zuen, oraindik zerbait egongo zelakoan.

        Dantzatokira iritsi zenean kontzertu bat zegoena ohartu zen. Hura bai nobedadea, musikari bati ordaintzea, halako lokalen jabeak ohi ziren zuhur demonioekin. Tronpeta-jole beltz xahar bat zen, ez zegoen ordea jende gehiegi hari begira. Aurreko ostegunetan baino are jende gutxiago zegoen. Barrara hurbildu zen.

        — Nor arraio duk hau?

        — Ona duk oso, ezta?

        — Kultuzkoa baduk behintzat, inork ez ziok eta kasu zipitzik egiten.

        — Bob Ieregi izena dik, amerikarra. Honekin ordea ez diagu egingo negozio handiegirik. Eskerrak laster boxeo konbate bat duguna.

        — Boxeoa? Um, horrek itxura hobea zeukak.

        — Errenteriako tipo gazte bat, berria, bere debuta egingo dik hemen Jimmy Sánchez Kolirioren aurka. Kanela fina, txo. Zer nahi duk edateko?

        — Atera iezadak gintonic bat, ze arraio.

        — Hire kontuan apuntatuko diat hau ere?

        Laranja Mekanikoak hamar milako bat atera zuen patrikatik.

        — Nire kontuan, bai. Gaur kitatuko dudan kontu horretantxe.

        — Arraioa, beldurra ematen didak diru freskoa daukaan guztietan! Enpresari sartu al haiz?

        — Nolabait, aixkide. Hik ezagutzen nauk pixka bat. Free-lance bat nauk ni, badakik.

        Free-lance! Non ikasi duk hitz hori, Lar?

        Laranja Mekanikoak ez zion burlaizea zerion galdera zirikatzaile hari erantzun. Barran zegoena sozioetako bat zen —hura bai, benetako enpresaria— eta hamar milakoa atzera bueltatzeko keinua egin zuenean seko harritu zen Laranja Mekanikoa.

        — Gorde diru hori.

        — Orain niri ematen zidak beldurra hire begirada horrek... Ezagutzen haut hainbeste eta bazekiat ez duala sekula musutruk zorrik barkatu. Zer eskatzen didak horren truke?

        — Gauza berezirik ez: boxeorako bi zaku behar ditiagu, harez beteta dauden erraldoi horietakoak, boxeolariak aldageletan berotu daitezen. Borroka serioa egin behar diagu eta federazioak eskatzen dituen kakazahar guztiak bete behar ditiagu. Kristoren ipurdiko mina ematen dik federazioetako jende honek. Pasaiako boxeo klubetik inguratuko al hituzke zaku pare bat?

        — Hori besterik ez baduk, egintzat jo dezakek.

        Gintonica tragoz agortu eta barraren bestaldekoa agurtu zuen. Zakuz zaku zebilen aspaldian. Bateko diamantez betetako zakuak eta orain boxeokoak. Zakudun gizonaren edo Sakamantekasen antza ari ote zen hartzen? Dantzatokiko atea zeharkatu aurretik eszenatokian jotzen ari zen tronpeta-jolearekin begirada bat gurutzatu zuen. Hain leku kakatsuan jotzeko onegia zela iruditu zitzaion eta hala adierazi nahi izan zion begiradaz. Eszenatokikoak ulertu egin zuela zirudien, irribarre antzeko batekin erantzun baitzion Laranja Mekanikoari.

        Agure gizajoa, otu zitzaion parkinera atera ahala. Opari galanta egin berri zion berak tronpeta-joleari miresmen faltsuzko begirada ustel eta itxurazko harekin. Eguneko ekintza ona egin ondoren lasai ohera zitekeen. Ez, bere negozioak zakuekin lotura izan arren, ezin zen Sakamantekas izan. Bihotz zabalegia zuen horretarako. Olentzero edo izan behar zuen, derrigor.

        Barre egin zuen bere burutazioarekin, parkineko auto baten kristalera tu eginez, begigorri, non harrapatu dek arrain hori.

 

 

Gaueroko kontua bihurtu zen bere etxe pareko bikotearen zelata. Cutty Shark txorrotada, tabakoa eta largabistak, ordena berean beti. Sekula ez zuen ez emakumearen eta ez gizonezkoaren aurpegia ongi bereizterik lortu, horretan eginahalak egiten zituen arren. Emakumea zen bereziki jarraitzen eta behatzen zuena. Bizkarretik eta biluzik ikusten zuen bere gerriaren kurba aldakorra. Gizonezkoa beranduxeago iristen zen beti, eta errituala beti zen berdina. Gizonezko biluzia gelara sartu eta argiak itzaltzen zituzten. Gero, bikotearen zango korapilatuak eta joan-etorrikoa zen giharren tentsioa besterik ez. Izararik gabe lokartzen ziren lau zango eta Cesarrek bere leihoko markoan itzalarazten zuen zigarrokin baten errautsa, ordena horretan. Leihoko markoa beltzunez eta erreduraz josita zegoen.

        Amorruz amatatzen zituen zigarroaren labezomorroak leihoko egurraren kontra, marko hartan preso balego legez, marko hura erretratu batena bailitzan. Bera argazkiaren barruan harrapatuta balego bezala.

        Agian bere buruaz behin-betiko ahaztaraziko zuen emakumearen bila zebilen. Bera zen fisonomista nardagarri hura despistatu eta zelatatzen zuen emakume horren baitan errenkarnatzea posible izatea desiratzen zuen Cesar Telleriak.

 

 

Pasaia sutan zegoen. Inoren heriotzak aspaldiko hilabeteetan ez bezala, Koldo Lopez gaztearen hilketak goitik behera astindu zuen herria. Ohikoan hain epel jokatzen zuten egunkariek ere ez zuten heriotza haren aurrean ezentzunarena egiterik izan. Greba orokorra, barrikadak nonahi, autobusak eta autoak sutan. Txikizioak edonon. Eta Cioranek behin esan zuen bezala, suntsipena ekintza zen, zerbait egitea, korrontearen aurka sortzea, era berezi batez bazen ere, existitzen zenarekiko elkartasuna erakutsi eta azaleratzea. Gorpua arratsalde hartan ekarriko zuten Donostiara familiak eskatutako autopsia egiteko. Politikariak ere zipriztindu zituen kasuak eta galeriara begira behintzat, hiruzpalau buru erori ziren, haien artean Bilbon bere espedienteak arrasto ilunak utzi eta urtebete lehenago Donostiara aldatu zuten Roberto Goaza komisario-burua, Koldo Lopezen heriotzaren egunean bertan Brievako kartzelan izan zena.

        Alain Lizarragak, bere bigarrenak hartu zuen postutik apartatutako komisarioaren lekua. Bere izena ez zuten nonbait, kartzela bisitatu zutenen zerrendan apuntatu.

        Inorentzat izatekotan, Cesar Telleriarentzat dexente aldatzen zituen horrek gauzak. Robertok berekiko zuen konfiantza eta begirunerik ez zuen inolaz ere aurkituko Alainengan. Haien arteko harremanak beti izan ziren hotzak, eta Alain bera, KGB barruan Cesarren fisonomista zerbitzu bereziak martxan jartzearen kontra sutsuen agertu zenetakoa izan zen, bere garaian. Cesarrek beti uste izan zuen Alain bere frakaso edo irristadaren baten zain zegoela aspaldi, bere tesiak berpiztuko zituen aukera ttikienaren bila. Gorroto zion, Robertoren laguntzailea izatean bere gorrotoa ezkutatzen saiatzen zen arren. Alain buruzagi izendatu izanak areagotu egiten zuen Pasaian zeraman denboran ezer lortu ez izanak sorrarazten zion antsietatea.

        Telebista piztu zuen guztia apur bat ahaztu nahian. Bend of the river western ezaguna ari ziren botatzen. Kanpamentua, kalesak eta su izekia errekazulo isilean egon arren, James Stewart eta bere lagunak errekazuloaren gorenean ezkutatuta daude, eta goialde babestu honetatik otsoaren eztarrian sartu berri diren zaldizko pertsekutatzaileak —Hendrix izeneko bat buru dutela— tirokatu egiten dituzte. Segizioa osatzen dutenak hogeita hamarretik gora dira ordea, eta James Stewartek tiroketa geratzeko agindua ematen du, zaldizko pertsekutatzaile koitaduek iheserako bidea hartu bezain pronto.

        «Bizkor, atera gaitezen hemendik!».

        «Nahikoa daukate, utz iezaiezue ihes egiten».

        «Zergatik baina? Zergatik?».

        «Zeure kabuz zergatia ez badakizu, nik ezin dizut erakutsi».

        James Stewart eta bere kideak errekazulora jaitsi eta Hendrixen gorpuari so egiten diote.

        «Lastima da, mutiko ona zirudien».

        «Hala izan zen, urrea aurkitu zuten arte».

 

 

Pataki kafea hartzen ari zen, Marta ohikoan baino goizago bueltatu zenean.

        — Giro ona zegon gaur korri egiteko, ala?

        — Ez zekiat ba. Gaur beste lan batean ibili nauk.

        — Zein beste lan? —harritu egin zen Pataki, bere azturak nekez aldatzen zituen Martak diziplina hautsi izanagatik hain ezaxolati ikusteaz.

        — Bilera batean izan nauk. Hau ez nikek esan behar, baina bihar goizeko zortzietan Madril erdi-erdian lehertzekoa duten lehergailu baten berri izan diat. Dinamitazo galanta, ziurra duk hori. Gure eginbeharrak atzeratu egingo ditik horrek. Bide batez... egunkariak erostea ahaztu zaidak, Pataki, jaitsiko al haiz herori? Hala haize pixka bat hartuko duk, zurbil samar hago aspaldi honetan. Gaur giro ona zegok paseatzeko, arrazoi huen horretan.

        Zapatak jantzi eta kalera irten zen Pataki. Olatzek ezker oinaz atea bultza zuen, erabakior. Elkarrizketa guztia entzuna zuen atearen bestaldetik. Kaleko jantziarekin zegoen jada. Biak atera ziren Patakiren atzetik. Ezkaratzeko atea hersten sentitu zutenean, korrika batean jaitsi zituzten eskailerak, bata bestearen segidan, zaratatsu, arrapaladan.

        Zumardian, Bahia Hostalaren inguruan zegoen telefono kabina baterantz zuzendu zen Pataki, presaka. Martak begirada azkar bat bota zion Olatzi.

        — Ito nadila demonio putzuan! Arrazoi huen! Berun eta guzti irentsi dinagu amua.

        — Ederra sakatu zigunan ia.

        Etxera itzuli ziren gero, eta egun hartakoagatik, antzerkiarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Hurrengo goizean, Pataki izan zen esnatzen lehena. Hamaikak paseak ziren eta hatza dialean jarrita —egunak aurrera eta atzera pasarazteko ahalmena duela dirudien dialarekin kontuz— irratiari adi zegoen. Ez zen dinamitazorik izan, ez Madrilen eta ez beste inon. Atxiloketen berririk ere ez zen. Irratia itzali zuen urduri, eta lepoa biratu zuenean, metal hotzaren kontaktua sumatu zuen kolkoan.

        — Gihar bat ere ez. Izan sator ona eta ez atera zulotik. Ez esan ezer, mesedez. Gauzak nahikoa nahastu dituk dagoeneko, Martxelo.

 

 

Oraingoan argiak zauritu egiten zuen begirada. Patakiren ile adats beltz eta luzea ezpainen artean pilatzen zen, ahoa kiribiltzen zion zinta aislantez inguratua. Eskuak loturik zituen bizkarrean eta aulki batean eserita zegoen —teknikoki ez da egokia eserita zegoela esatea, halabeharrez baitzegoen hala— hankak ere zinta aislantez eta desegindako pertxa kateatuen alanbrez estekaturik, oinak bata bestera bilduta.

        — Begiak estali beharko genizkiokeela uste al dun?

        — Ez. Utz ezan horrela. Nahikoa izango dun.

        Martak telefonoa hartu eta hankartean ezarri zion Patakiri, kolpe lehor batez. Pataki, kordel estuek uzten zioten doia makurtu zen kolpearekin. Bere ahotik ez zen ordea ez hitz erdi ez oihu ttikienik ere atera. Marta belaunen gainean eseri zitzaion. Errebolberra esku artean zeukan eta jostari erabiltzen zuen, kargatu eta Patakiren kokotsetik zilborreraino eramanez, pistolaren kanoia Patakiren azal eta arropen gainean emeki irristatuz. Olatz Pataki lotuta zegoen aulkiaren atzean zegoen zutik. Olatzek eta Patakik begirada bat trukatu zuten, baina trukatu bakarrik, dagoeneko ez zuten konpartitzen.

        Ahoko mozala une batez kendu zion Martak.

        — Ez diat ukatuko sator lan ona egin duanik. Nahikoa urrun heldu haiz. Baina honezkero jakin behar huke gure funtzionamenduaren arabera ezinezkoa dela nik Madrilgo ekintza baten berri izatea. Akats barkaezina hire aldetik. Xalo ibili haiz hor, aixkide. Baduk zerbait esateko?

        — Deus ez, zoritxarrez, egoera hau alda dezakeenik.

        Berriro bozatu zion ahoa. Pertxazko alanbrea lepoaren inguruan lotu zion Martak, Patakik arnasa hartzeari utzi zion arte. Pastazko betaurrekoak soinean zituen artean, eta kristal zikinaren bestaldean, begiak irekita zituela ematen zuen. Hildako pausatu eta lasaia zen. Ez zuten beste aukerarik izan. Denbora irabazteko, exekutatutakoa desagerraraztea zen hurrengo pausoa.

        Ez zen hitzik egon haien artean. Olatz leihotik begira zegoen, malkoei eutsi nahiko balie bezala. Haien egunak, han, Pasaian, atzerakako zenbaketa bat ziren. Litekeena zen, honezkero, apartamentua inguratuta edukitzea ere. Zain zuten zelda hutsak ihesezina zirudien, unetik unera gertuago zegoen iturriko itogina, aulkia, Gela Zebratua.

        Olatzek hautsi zuen isilunea.

        — Ez dakit erakundekoek honen berri balute zer...

        — Honen berri izango dute, izan behar dutenean.

        — Zer egingo dugu orain?

        — Ezagutzen dut nik bide bat.

        Telebista piztuta egonagatik ahotsa kenduta zeukan. Chinatown filma ari ziren ematen eta Jack Nicholson telefonoz mintzatzen zen une hartan bere bulegotik. Ahotsa kenduta baitzegoen, ez zuten telefonozko elkarrizketa entzuterik izan.

        «Bakarrik zaude?» galdegiten du telefonoaren bestaldeko emakumeak. Jack Nicholson ez dago bakarrik, bere kidea ondoko mahaian baitago. Halere, zera erantzuten du:

        «Eta zein ez?».

 

 

Goizeko seiak inguru ziren eta karramarroen ontzi horiak han zerraien. Pasaiako garabiek ikusmira ezin ederragoa eskaintzen zuten behelainoaren artetik. Ontzien izenei so egin zien: Flinterzul - Finland, African Gardenia - Monrovia, eta guztien artean bereziena iruditu zitzaiona: Senokozulua - Pasajes. Senoko zuloa, hara bueltatu eta handik ez ateratzeko gogo instintiboa. Itsasontzi batentzat izen egokia.

        Pasai Donibanerako txaluparik ez zegoen artean, pabilioietako komun abandonatuetan Martak atea jo zuenean. Atea poliki ireki zen, Martaren hatz hezurtsuen kolpe leunekin bakarrik. Goiztiar aguretu den gizaseme horietako bat, espantu aurpegiarekin esnatu zen bat-batean, lurra jergoi hartuta zuen loalditik.

        — Zu zara eta! Arranopola! Zelako sustoa. Portuko zaindariren bat zelakoan nengoen. Garitetako pikoloak aspertu eta harat honat ibiltzen dira aspaldi honetan, haize boladak jota... Zertan zabiltza hemen ordu hauetan?

        — Zera, pasieran. Zer iruditzen zaizu? Mesede bat eskatzera natorkizu. Oso garrantzitsua da guretzat.

        — Et, et, et... Nor da gu? Hartzen diot kiratsa eskatu behar didazun mesede horri, eta ondotxo dakizu nik zer pentsatzen dudan era horretako mesedeei buruz. Zoaz popatik, neska. Ni txatarra tratante bat besterik ez naiz.

        — Benetan? Azken aldi honetan beste negozioetan ere bazabiltzala entzun dut. Ulertzen ez dudana da nolatan jarraitzen duzun zulo zikin honetan bizitzen.

        — Hori ez da zure kontua, neskatxa.

        — Berrehun musker ordainduko dizkizut.

        Gizasemeak baldosa apurtuz betetako hormari begiratu zion eta gero zoruari. Hiruzpalau zakur madarikatu harrapatu behar zituen igualeko kopurua lortzeko. Baiezkoa adierazten zuen zizpuru etsitu baten ondoren lotu zitzaion, ostera ere, mintzoari.

        — Nor da oraingoan?

        — Sator bat. Kabroi horrek denok engainatuta eduki gaitu. Ezin dugu armairuan gorde, ulertuko duzun moduan.

        — Sator batek ez du momia baten adinako estimaziorik, ezta? Leninen garrantzia historikorik ere ez, nonbait! Entzun al duzu azkazalak hazi egiten zaizkiola oraindik? —kar-kar batean barrez eta hortz zikinak erakutsiz mintzo zen. Bere ahoak bazuen portuko pabilioi abandonatuen antza: horma eroriak, falta diren hormak, horma batetik besterako koska irregularrak. Mundu ttikiak zeuden, mundu handiagoen baitan, eta istorio guztiak ziren antzekoak, miseria ttikiak miseria handiagoen baitan.

        — Mesedez, Lar, ez da txantxetarako garaia.

        — Ongi da, ongi da. Zeuen buruez apur bat gehiago barre egingo bazenute... Tira, gaur gauean pasatuko naiz, nire kontu. Zazpietan, ohiko lekuan. Dirua prest eduki, besterik ez.

        — Argi ibili, Lar. Lan hau ez da besteetan bezalakoa. Pagamendua ere ez, ohartuko zinen moduan.

        — Ez zara orain nitaz mesfidatzen hasiko, ezta?

        — Beste aukerarik geratzen al zait?

        — Badakizu zergatik deitzen didaten Laranja Mekanikoa?

        — Ideiarik ere ez, Lar.

        — Istorio luzea da, baina egunen batean kontatuko dizut.

        Handiustea. Diruagatik edozer gauza, Leviatan ttiki hark. Horixe bazekiela zergatik deitzen zioten Laranja Mekanikoa. Bera zen itoak sekula gehiago ur azalera ez azaltzeko moduan non eta nola bota behar izaten diren zekien bakarra. Zurrumurruek ziotenez, aspaldiko urteetan Pasai Donibanetik gertu erdi urperatuta zegoen ontzi laranja herdoildu baten sotoa zen infernurako lasterbidea.

 

 

Juan Perro zen Laranja Mekanikoak Pasaiako boxeo klubean zeukan konfiantzazko pertsona. Diamante lapurretatik ezagutzen zuen. Ez zuen batere arazorik izan boxeo zakuak maileguan hartzeko. Entrenamenduetarako erabili ez, eta soto batean bazterturik zeuzkaten parea utzi zion. Laranja Mekanikoa, bere autoan justu antzean sartzen ziren bi boxeo zakuak hartu eta arratsalde hartako zakur-borrokara zuzendu zen. Lehenbizi ordea, geldialditxoa egin zuen Martarekin geratu zen iltze fabrika abandonatuaren barruan. Hiru pardel gehiegi zirelakoan, boxeo zakuetako bat hondarrez hustu eta satorraren zerraldoa bertan ezkutatzea erabaki zuen. Borroka bukatzen zenean, berun apur bat lotu eta zaku biak botako zituen uretara.

        Roberto izan zen iristen azkena. Laranja Mekanikoaren alboan jarri zen, apustuak egiten zituzten dozena erdi pertsonekiko aurrez aurre.

        Betiko rutina zen. Zakur galtzailea hartu eta ezkutatu beharra. Ez zitzaion ordea zakurkina autoan sartzen, boxeoko zakuak atzeko eserlekua eta maletero osoa okupatuz, bertan zeudenez. Arraioa. Eskatzen zion jende guztiari mesedeak egiteagatik gertatzen zitzaion hori. Zakuetako bat hartu zuen —bestea ezin, nahita ere— eta barruan zuen hondarraren erdia hustu egin zuen. Gero, zakurra zakura sartu zuen. Zerraldo portatilak ziren zaku haiek. Orain bidean kontrolik ez egoteko errezatu beharra zeukan. Bolada hartan errepide guztiak hartuta zeuzkaten.

        Autora sartzear zela Robertok uju egin zion.

        — Ez zaidak esan boxeozalea haizenik. Nora hoa hi ordu honetan bi punching zaku horiek hartuta?

        Laranja Mekanikoak ezin izan zuen hasieran urduritasuna ezkutatu. Baina Robertok ez zekien ezer. Ezin zezakeen deus jakin.

        — Young Playra noak, ostiraleko konbaterako behar ditiztek zakuak.

        — Ez zaidak esan, hau kasualidadea! Sarrerak zeuzkaat eta konbate horretarako!

        Entzunda zeukan bai, Ertzaintzako komisarioa boxeozalea ote zen. Halako jendeari gustatzen zaio nonbait, mutur joka dabiltzan bakarrak haiek ez direla ikustea. Orduan bururatu zitzaion, hozki begiratuta oso ideia krudela eta arriskutsua zen hura. Alanbrearen aurrean sentitzen dugun inpultsu hori. Dohaineko eskolta eta guzti eduki zezakeen, nahi izanez gero.

        — Nahi baduk nirekin etorri eta zakuak bere lekuan jartzen lagun diezadakek. Boxeolariak bertan egotekoak dituk gaur, lekua ikusten eta. Interesgarria suerta dakiake giro horiek gustatzen bazaizkik.

        — Primeran!

        Nork esan behar zion berari polizia bat hainbeste beratuko zenik halako eskaintza batekin. Denok dugu izan, gure gurinezko puntua bihotzean. Diana egin behar.

        Atzerako ispiluan begiratu zituen maleteroa eta atzeko eserlekuak betetzen zituzten bi zakuak, ezer igarriko ote zen beldurrez. Irrazionala zen beldur hura, jakina. Ondo gordeta zihoazen atzekoak. Bi zaku, gidaria eta gidari laguntzailea. Lau zihoazen orotara auto haren barruan. Lar zen ordea, lauretatik hiru txakurrak zirela zekien bakarra.

 

 

Latza zen erdibituta egotea, pentsatu zuen Martak. Pasaian ere bi Pasaia zeuden. Pasaia bat zen garabiena, ur-er tzean konpontzeko luze-luze lerratutako sare apurtu zerrenda berdeena, txatarra meta erraldoiena. Eta bestea zen gasolio putzuetan islatutako garabi, sare eta txatarra meta haiek berberek osatzen zuten ispiluaz bestaldeko mundua. Batzuetan ez zen erraza jakitea bi Pasaia haietatik zeinetan ari zinen bizitzen, bietatik zeinetan esnatu zinen goiz hartan.

        — Marta, Patakirena egin genuenean... Ez huen ezer sentitu?

        — Sator bat besterik ez huen, ederki zekinan hark zertan ari zen. Zer nahi huen sentitzea?

        — Ez zekinat, zerbait.

        — Sentitzea gauza bat dun, piztia bat nindukenan deus sentitu izan ez banu. Baina zein beste aukera geneukan?

        — Arrazoi dun.

        — Itzel orduan.

        Martak bizkarra erakutsi zion Olatzi eta egunkari bateko txatalak ebakitzen hasi zen guraizeekin. Auskalo zergatik, guraize haiek egunkaria moztean egindako traiektoriak bere bizitzan traszendentzia ikaragarria izan zezakeela iruditu zitzaion: paperkia ezkerrerantz moztu beharrean eskuinerantz mozten bazuen bere bizitzak norabide bat edo beste har zezakeela. Zerbait zentzugabea zen, baina Patakiren lepoa inguratzen zuen kordela asfixiaraino estutzeko inolako zalantzarik izan ez zuten esku irmoek dardara egin zioten apur bat.

 

 

— Zer hartuko duzu, jauna?

        — Garagardo bat.

        Whiskya eskuzabal zerbitzen jakingo bazenute whiskya eskatuko nuke, pelakatu, pentsatu zuen.

        — Kañakoa edo botilakoa?

        Apustu egingo nuke kaña horrek ez dituela sanidadeko arauak betetzen, pentsatu zuen.

        — Botilakoa.

        — Zein botila?

        Tematia zen gero. Kamarero putakume hauek gero eta gogaikarriagoak dira, pentsatu zuen.

        — Naufragoarena, iruditzen bazaik.

        — Heineken, Guinness, Bass?

        Dale.

        — Atera iezadazu beira iluna duen bat.

        Azkarregi edaten dudala igar ez dakidan, esan zuen ahapeka Cesarrek. Azken batean, gertaeren gatibu zen bera ere. Alferrik zen gauzak aldatzen saiatzea. Alferrikakoa iruditzen zitzaion erabat gauzei zentzua aurkitzen saiatzea. Zerbait argi baldin bazeukan, hauxe zen: ibai berdinak garamatzala denok herrestan eta ibaiaren ertza harrapatu ahal izateko azken unean uretatik ateratzen den beste esku bat oratu behar badugu, oratu egiten dugula —ireki eskua, jauna, ireki eskua—. Jakin ez arren norena den esku hori, latexezko eskularrurik jantzi ote duen sekula, nor den ibai ertzetik eskua luzatzen digun hori, zein den bere iragana, bere atzean ez baizik eta alboan igeri dituen istorio guztiak; bere etxeko hormetako kristalezko hilkutxa eta erretratuen aurrean ezikusiaren egiten dugu. Edozein ikuspuntutatik begiratuta ere, esku bat esku bat da eta behin ezezagun hurkoaren eskutik ibili garenean, zaila da berriro ere esku horren atzean ezkutatzen dena munstro bat izan daitekeela onartzea.

        Esku bat esku bat da. Batzuek ukabilka hartzen gaituzte eta beste batzuek laztanez. Ez eskatu besterik esku bati. Etika, garantiak edo segurtasuna nahi bazenuen, epeka ordaindu beharreko mikrouhin-labe bat erosi besterik ez zenuen.

        Gertaeren esklabo gara denok, esan zuen ozenki. Kamarero inozoak aurpegi xelebreaz eta saihetsetik begiratu mesfidatia luzatu zion Cesarri, eta garagardoaren prezioa ordaintzeko galdatu zion, mozkorra ote zegoeneko ustean. Inuxentea. Cesar ez zegoen mozkortuta. Garagardoa bukatu eta kalera irten zen. Urperatzear zegoen gizasemearen burutazioak hartu zion berriz ere gogoa.

        Eskizofreniko bat bezala jokatzen ari zen. Aspaldiko sasoi ilunak etorri zitzaizkion burura eta hiruzpalau aldiz pentsatu ondoren farmaziara sartu zen. Ez zeukan errezetarik, baina igualtsu zen, plaka atera eta ez zioten eragozpenik jarri. Droga gogorra zen gero hura. Polizia izateak bazuen halako gauzak jakitearen abantaila. Ez nahastu edari alkoholdunekin, zioten prospektuko letra berdeek. Etxeratu eta lau pastilla irentsi zituen, Cutty Shark txorrotadarekin batera. Gero gauzak ikaragarri argi ikusten hasi zen, objektu bakoitza bere inguruko objektu guztietatik bereizteko gai zen, bakoitzak bere entitate propioa izateaz gain inguruko beste guztiekin batere zerikusirik edukiko ez balu bezala. Baina aldi berean gauza guztiek harmonia ikaragarri bat zutela zirudien. Egundoko segurtasunak hartu zion barrena. Telefonoa deseskegi eta egunkariko prostituta haietako bati hots egin zion. Larrua behar zuen. Inoiz baino gehiago gozatuko zuen gainera egoera hartan, bere gelako eta bere gorputzeko atal bakoitzak entitate berezia zuen hartan, emakumearen atal bakoitzak ere hala izanen zuela uste izatekoa zen eta. Dena ikusten zuen hain ongi fokatuta. Betaurreko desegokiak jantzi izan balitu bezala bere bizitza guztian, eta bat-batean, begien aurretik zapia kendu izan baliote bezala. Irazkirik ez gehiago bera eta munduaren artean.

        Atearen bestaldean borroka antzeko bat sumatu uste izan zuen. Bi emakume ziren oihuka. Ez zen seinale ona. Eskizofrenia berriro ere. Atea ireki zuenean, beheko peorako atea itxi egin zuen norbaitek. Baina Telleria ez zen horretaz ohartu. Izan ere, bere aurrean, eskatutako prostitutaren ordez Veronica izeneko emakumea azaldu baitzen, edo berak hala uste izan zuen, droga haren eragina besterik ez izatea ere bazitekeen, bera bezalako fisonomista bat drogek hain erraz nahastea harrigarri samarra iruditu zitzaion arren. Veronica izan edo ez, bere bizitzako larrujotzerik ederrena izan zen hura.

        Hurrengo goizean, esnatu zenean, gelako anabasa inoiz baino nazkagarriagoa eta jasangaitzagoa suertatu zitzaion. Droga haren eraginak alde egina izan behar zuen, nonbait.

        Ez zuen gauza handirik oroitzen. Flash batzuk bakarrik, emakumea berari eta bera emakumeari argazkiak ateratzen aritu izan balira bezala, jolas erotikoren batean. Ez zuen oroitzen nor izan zen jolasa hasi zuena. Zerbait gehiago ere oroitzen zuen: kalean zehar ibili ote zen batera eta bestera, bere gelara itzuli aurretik, emakume harekin kanpoan afaldu ote zuen. Gauza garbirik ez. Une batetik aurrera guztia bikoiztuta ikusten hasi zela, bi Cesar eta bi Veronica ohean eta larrutan. Gogor jo zioten pastilla haiek, gogorregi, ispiluko argazkian ageri zen emakume harekin prostituta nahasteraino. Veronica hura honezkero kartzela zuloren batean zegoen, ordea.

        Ez zuen oroitzen prostitutari ordaindu izana ere, horixe zuen kezkarik handiena. Hitzeko gizona zen bera horretan. Largabistak hartu zituen bere betiko zelatarekin jarraitzeko, baina zelatatu ohi zuen gela hutsik zegoen.

        Ispiluan bere aurpegiari so egin eta bart gaueko bikoiztasunak asaldatu zuen berriro. Une batez, bikoiztasuna baliatuz fantasiazko Cesar aluzinatu eta inexistenteak benetako Cesar ordezkatu ote zuen iruditu zitzaion. Erokeria galanta, inondik ere. Ispiluan itsatsita zirauen katalogotik erauzitako Veronicaren argazkiak, baina Veronica bezala ezagutzen zuten emakumearen argazki erdibitua eta Cesarrek Lisboatik bere buruari bidalitako postala falta ziren.

        Ni ez naiz sekula hemen izan, eta igual igual bizi naiz.

        Baina izan al zen benetan norbait bere etxean? Ez ote zen guztia bere irudimen kezkagarriro gaixoaren fruitu sukartsua izan? Eta norbait izan bazen, nor?