Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran
1964, Altsasu
 
2005, narrazioak
 

 

Garin anaiak

 

«Inora ez daramaten etorbide handiusteek zeharkatzen dute alderik alde Buenos Aires». Bidaiatzea behar genetikoa eta nomadismoa gizakiaren estatus naturala zirela uste zuen Bruce Chatwinek idatzita. Ezin jakin zer den —trafiko eroak eragiten duen egoneza, kale eta etxe askoren inguruan begi-bistakoa den behin-behinekotasuna, hiritik kanpo dagoen basamortu berdea—, baina egia da beste norabait joateko hiria dirudiela Buenos Airesek. Hona iristen diren turistak ere ez dira bi egun baino gehiago gelditzen, berehala alde egingo baitute Patagoniara, Iguazura, Valdes penintsulara edo Barilochera. Nekez hartzen zaio traza hiri honi.

        Joan Garai bizkaitarrak 1580an fundatutako portuaren inguruan eraikia, joan den mendean Argentinako hiriburua izendatu zutenak ez ditu bi mende eginak, eta denborak uzten duen hondar hori gabe —Historiaren pisua, esaten zaio—, antzematen da urteekiko mesprezua: zahartasuna zaharkeria da gehienetan. Nekez aurkitzen dira ehun urte baino gehiagoko etxeak, eta gelditzen diren bakarrak arrailduak daude, zaharberritze ezinbestekoaren zain. Hego Amerikako hiriburu guztiei gertatzen zaie. Kaleetan ez dago deus auzo bat bestetik bereiz dezakeenik, txirotasuna ez bada, eta hori harrigarria eta aztoragarria da europarrentzat. Borges kexu zen izkina guztiak berdinak zirelako Buenos Airesen.

        Distritu federalaren erdialdea Madril edo Parisko auzo modernoekin pareka daiteke, baina hemen kontrasteak metatzen dira oso espazio gutxian. Auzo dotoreetako portal guztietan atezainak daude —txatxuak, laguntzaileak, baita, behar izanez gero, bizkarzainak ere—, eta etxeetan neskameak, gehienak indiar arrazakoak. Denda finetan gazta frantsesa, zerbeza alemana eta Brasilgo fruta exotikorik onenak eros daitezke, galeria handietan marka famatuenetako arropaz jantzitako manikiek betetzen dituzte erakusleihoak, jatetxe koloretsuek era guztietako platerak iragartzen dituzte, eta ikastetxe ingelesen ateen aurrean familia oneko seme-alabek txantxak egiten dituzte hesiez inguratutako etxeetara eramango dituzten luxuzko autoen zain.

        Errepidea zeharkatu besterik ez da egin behar, ordea, miseria gorriko auzuneak bisitatzeko, alde txukuneko argentinar askok sekulan ezagutu ez duten errealitatea ikusteko. Hor, zentrotik ordu erdira, oraindik ziklikoki izaten dira kolera izurriteak, ura inolako kontrolik ez duten putzuetatik edan behar izaten dutelako bertakoek. Hor pilatzen dira Tucuman, Jujuy edo Saltatik iristen diren nekazariak, hiriak inoiz emango ez dien aukera horren zain. Hor, euria egiten duenean, lokatza sortzen da nonahi, inork ez du ulertzen zer den Menemen garapen politika eta irtenbide ia bakarra da familiako alaba gazteak etxeren batean lana topatzea, neskame.

        Retiroko geltokia hiriburuko iparraldearekin komunikatzen duen Libertadores etorbidearen ondoan, Palermo parkearen atarian, bi Argentinaren arteko aldea higuingarria da ia. Sabatini, Vilas edo Maradonak maiz bisitatzen dituzten tenis eta golf zelai esklusiboen ateetan, gazte goizegi zahartuek egun horretan jan ahal izateko dirua ateratzen dute goi mailako porteñoen arraza-txakurrak —hogei, hogeita hamar, denak aldi berean— paseatzen. Barruan, klubaren terrazan, familia oneko gazteen partidak axola barik jarraitzen dira, Julio Boccaren azken ikuskizuna edo presidentearen emaztearen azken ateraldia mintzagai diren bitartean.

 

 

Geltoki ondoko belardi batean buhame taldea alferrean ari da itzal bakanetan. Berotzen ari du eguerdi honetan, eta mokadua jaten dudan bitartean ikusi dut ezkerreko hegaletik iritsi zaidala bisitaria. Bankuan eseri da nire ondora, txintik esan gabe. Hamar urte, hortxe ibiliko da, baina inolako lotsarik gabea esan didanean:

        — Ikusten duk hor dagoen agure hori? Bada, jo egin behar duk.

        Gauden tokitik hamar bat metrora dakusat piltzar zikinez bildutako gorputza, lo dagoenaren planta duena. Mutikoari hobeto begiratu diodanean gosea joan zait bat-batean. Begi bat erortzekotan du, eta aurpegia nazkagarria iruditu zait, orbanez beteta.

        — Lagunduko didak jotzen? —galdetu dit berriro.

        Ogitartekoa eskuan dudala, ez dakit zer egin, zer esan, baina mutikoak temoso dirau.

        — Jo egin behar diagu, jipoi ederra eman.

        Orain eskuinetik hurbiltzen ari da beste bat. Aurrekoa bezala, ez dakit nondik heldu den, eta urduri jarri naiz. Ez dut diru askorik, baina ordenadorea edo grabagailua kenduko balidate broma latza egingo lidakete.

        — Santiagokoa haiz? —galdetu dit bankukide berriak—. Berdin dio, ikusi duk ze bitxi ederra? —eta erakutsi dit zilarrezko domina handia.

        Ez dut begiratzeko beta ere hartu, trenaren txirrina entzun eta altxatzea bat izan delako. Geltokian sartu baino lehen atzera begiratu dut. Mutikoa borrokan ari da buhamearekin bankuan utzi dudan ogi puskarengatik. Uste dut haurrak irabazi duela.

        Ez dira, hala ere, horrelako hiri handi batean begi-bistakoak diren injustizia hauek gehien harritzen nautenak, baizik eta oinarrizkoa zer den erabakitzeko dituzten irizpideak. Eritetxe publikoek beldurra ematen dute kanpotik ikusita, irakasleek hilabetetako grebak egiten dituzte soldatak ez direlako ezertarako iristen, ez dago dirurik zentrotik hamar kilometrora dauden auzuneak urbanizatzeko... Baina etxe ia gehienetan dago kable bidezko telebista, mundu osoko informatiboak ematen dituena —gehienak ingelesez—, eta kaleetan etengabe entzuten dira sakelako telefonoen hotsak.

        Porteñoak europarrak sentitzen dira, sentitu nahi dute, ez dute zerikusirik eduki nahi Hego Amerikako beste edonongo herrialderekin. «Guk ez ditugu ez indiarrak ez beltzak» esaten dute askotan, Amerikara baino Europara begira daudela gogorarazteko.

        Emigrazioak badu bere pisua. Joan den mendearen hasieratik iritsi ziren italiarrak, galegoak, britainiarrak, euskaldunak... saldoka denak. Argentinar guztiek ondo samar ezagutzen dituzte arbasoen gorabeherak, aitona-amonei hainbestetan entzundako herrixka bisitatu dute askok, eta harro dira jatorriaz. «Ni euskalduna naiz», esango dizu doinu porteño garbiz amona Baztangoa zuen edonork. Askotan, hala ere, kopeta belztuta begiratuko dute honantza, une txarrenetan ondoan egon ez den anaiari begiratzen zaion bezala.

 

 

Hauteskunde giroa dago bazterretan. Legebiltzarra aukeratu behar dute oraingoan eta badirudi Carlos Menem presidentearen alderdiak galduko duela egun arte izan duen nagusitasuna, oposizioa batu egin delako. Jendearen artean izen handia duten Gabriela Fernandez Meijide eta Chacho Alvarez izango dira, inkesten arabera, garaileak.

        Programen zorabioa toki guztietara iritsi da. Buenos Aires erdi-erdian dagoen Ingeniaritza Fakultatean sarrera osoa beteta dago hamaika talderen proposamen, promesa eta aginduekin, ikasleek gobernu erakundeen ordezkariak hautatuko dituztelako egunotan. Konturatu orduko, eskuetan bost panfleto dauzkat, kolore ezberdinetakoak denak.

        Goizegi iritsi naiz hitzordura. Bazkaltzeko tenorea denez, jatetxera abiatu naiz. Menua baino merkeagoa da eguneko platera: makarroiak eta fruta. Coca-Cola eskatu dut eta ikasleen artean eseri naiz, bazter batean. Gure fakultateko giro nahasia, urduria eta aktibitatez beterikoa gogorarazi dit lokalak.

        — Axola dizu esertzen banaiz? —entzun dut Peronismo Berria izeneko taldearen programa irakurtzen ari naizela.

        Berrogei urte izango ditu, hor nonbait. Dauzkan liburukoteekin, irakaslea inondik ere. Ezetz, jakina, ez didala axola. Mahai gehienak okupatuta daude.

        Kaneloiak eskatu ditu, eta ardo botila txikia. Programetara itzuli naiz. Ia denetan irakurri dut eskakizun bera: diktaduran parte hartu zutenak zigortu beharra. Poztu egin naiz, ez bide dagoelako horren zabalduta ahanztura. Garai hartan, gainera, ikasle asko erori ziren unibertsitate barruan burutu zuten militantziarengatik eta...

        — Ez zara ikaslea, ezta?

        — Ez, esperoan nago.

        — Eta ez zara hemengoa. Zu euskalduna zara.

        Hara bestea!

        — Nola jakin duzu euskalduna naizela?

        — Doinuagatik. Eta aurpegiarengatik.

        Joder.

        — Badut familia han. Duela urte batzuk egon nintzen. Senideak bisitatzera etorri zara?

        — Ez... zera..., tira, bai...

        Mozolo itxura hartuko zidan neskak, eta bazkaltzen jarraitu du. Programa guztiak mahaian barreiatuta dauzkat, nahas-mahas izugarrian.

        — Interesatzen zaizu politika? —ez da luzamendutan ibiltzen.

        — Bai, batzuetan... Hemen bai.

        Ez dakit nola heldu nik galdetzeari, biolento samarra egiten zait, baina azkenean ausartu naiz.

        — Hemen naizenetik ez dut ezer ulertzen. Zein dira peronistak?

        Galdera guztien ama egin diot. Utzi du sardeska eta begiratu dit, begi argi eta esankorrez.

        — Egun peronistak deitzen zaien horiek ez dira ez peronistak ez ezer. Ez du zerikusirik. Peronismoa kontu serioa zen.

        Haserre esan du. Hor bukatu zait ausardia guztia. Beste saiaketa bat egin edo ez dudatan nagoela Julio Watts ikusi dut jatetxearen atarian, niri agurka. Eskerrak. Errepresoreei buruz datu gehientsuen duen elkarteko kidea da bera. Informazio batzuk emango zizkidala hitzartu genuen lehengoan, elkartean egon nintzenean.

        Guregana iritsi eta nire mahaikidea agurtu du lehendabizi.

        — Zer moduz, Belia?

        — Ondo, eskerrik asko.

        Gero eskua luzatu dit eta eseri egin da gure ondora.

        — Eta elkarrizketak? Ezer lortu duzu? —galdetu dit Juliok.

        Zalantzan nago. Berak ulertu du.

        — Lasai hitz egin ezazu. Belia ere gure elkartekoa da.

 

 

Atxilotu Ohien Elkartea da Julio Watts eta Belia Cardosorena. Ahanzturaren aurka bizkor borrokatzen direnak. Hitzaldiak antolatzen dituzte, kanpainak egiten unibertsitateetan, dirua biltzen ama eta amonendako. Orain artxiboa hornitzen ari dira errepresoreen datuekin. Harrigarria bada ere, oraindik ez dago militarren diktaduraren garaiko errepresioaren datu bilketa osoa. Alta Elkartekoek badute, benetan izan ere, interes handia, are beharra ere, errudunak behin-betiko zigortuak izan daitezen, kontzentrazio esparruetatik atera zirenek bai baitakite zer den norberari gertatutakoa ezkutatu behar izatea, isiltzea, susmagarri izatera kondenatuta bizi behar izatea.

        Jada ez da horrenbeste entzuten, aipatzen denean halako haren desagerpena edo ezagun bati gertatutakoa, «zerbait egingo zuen bada» esaldi famatu eta krudela, baina oraindik badira zerrendak ere zalantzan jartzen dituztenak, badira Hebe de Bonafinik semeak desagertuak dauzkanik ukatzen dutenak —«atzerrian egongo dira horiek, beste izen batekin» esan zuen Euskal-Etxeko andre edadetu eta ezagun batek duela ez asko—.

        — Orain ez da isiltzeko garaia —azaldu dit Juliok—, baina jendea konturatu da gure desagertuak ez direla inoiz bizirik itzuliko. Esperantza guztiak amaitu dira dagoeneko. Gelditzen zaigun bakarra justizia eskatzea da, justizia bizirik atera zirenentzat.

        Julioren bulegoan gaude, fakultate izugarri handi honen hirugarren solairuan. Peronismoa eta montoneroena berak argitu beharko dit. Berak edo inork ez.

        — Dakidan apurraren arabera —esan diot—, Peronek arrakasta izan zuen jende behartsuaren alde lan egin zuelako. Berak legeztatu zituen sindikatuak gainera, borrokatu zen hierarkia militarra eta elizaren kontra... baina gaur egun ezkerreko taldeak peronismoaren kontrakoak dira. Esan didate definiziorik onena Borgesek emanikoa dela —«peronismoa ez da ez ona ez txarra, zentzakaitza da, besterik gabe»—, baina ez dit balio. Orain irakurtzen ari naiz ikasle talde batzuen programak, eta peronismoa gora eta behera berriro.

        — Zail da benetan peronismoa definitzen, ez duelako zerikusirik Europan erabiltzen dituzuen ezker eta eskuin kontzeptuekin. Peron, badakizu, lehendakari izan zen 1946tik 1955era bitarte. Eva Duarte bere emaztearekin egin zuen politika progresista eta populistarekin arrakasta handia izan zuen. Peronistek "gobernu zoragarria" deitu izan diote garai honi: lurrak eman zizkieten nekazariei, lehen sindikatuak sortu ziren, zortzi orduko lan ordutegia ezarri zen, barnealdean zabaldu ziren ikastetxe eta eritetxeak, alfabetatze kanpainak hasi ziren... Herriaren atxikimendua lortu zuten, handia, baina goi mailako jendearen pribilegioak arriskuan ikusi zituzten askok. ]1952an, Evita hil zenean, jeneralak galdu egin zuen langileen artean zuen aliaturik onena eta makina gasolina galtzen hasi zen.

        — Peronismoak, beraz, ezkerraren tokia bete zuen.

        — Gutxi gorabehera. Beraiek nahi zuten kapitalismoaren eta komunismoaren arteko hirugarren bide bat topatu baina...

        — Baina?

        — Peron ez zen iraultzailea, militarra zen.

        — Montoneroak, ordea, peronistak eta iraultzaileak ziren.

        — Peron erbesteratu ondoko errepresioarekin sortu ziren Montoneroak. Peronismoa debekatu zuten, liderraren argazkia edukitzeagatik jendea atxilotzen zuten, ezin zen jeneralaren izena publikoki aipatu... Batzuk hasi ziren jeneralaren itzulera aldarrikatzen, baina urteak igaro eta ez zen aurrerapausorik antzematen. Gazte batzuek itzulera hori armen bidez baizik ezin zela lortu ikusi zuten. Horrela sortu zen Montoneroak, 1969an. Lehen ekintza lurrikara izan zen ia: Pedro Aramburu jenerala —estatuko agintari gorena izandakoa— bahitu zuten. Epaiketa egin eta hurrengo egunean fusilatuta azaldu zen. Ordurako baziren jada talde armatu batzuk Argentinan, baina aurrerantzean inork ez zuen hartuko Montoneroek izango zuten garrantzia eta egitura.

        Xumea da oso bulegoa. Liburuak eta paperak altzari nagusi, eta paretetan bi poster: Maiatza Plazako bilkura bat, batean, eta irakasle eta ikasle desagertutako batzuen argazkiak eta datuak, bestean. Hainbeste inprimatzearen poderioz definizio guztia galtzen duten argazki hauek lagun ditut jada elkarrizketa guztietan. Dela paretan, honetan bezala, dela egongelan eseki duten koadro batean, edo kartera zahar baten barruko tolesean, edo album potoloan... Pasaportearentzat eginak diruditen horiek dira gogorrenak. Anonimoenak.

        —Montoneroek, beraz, militar baten etorrera aldarrikatzen zuten eta, era berean, jeneral bat fusilatu zuten. Ez ziren marxistak, bai borroka armatuaren aldekoak... Zein zuten idearioa?

        — Peronek eta Evitak hasitako aldaketetan sakontzea, sozialismoa argentinar erara eraikitzea. Ez zuten inoiz onartu ortodoxia sobietarra —garai hartan ere ERP gerrillari talde marxista-leninista ari zen, ari zenez— eta Kuba zen erreferentzia nagusia, askok oso gertu ikusten zutelako Hego Amerika osoa askatuko zuen iraultza. 1971tik aurrera taldeak indar handia hartu zuen, talde txikiago batzuk batu zitzaizkiolako, eta 1973ra bitarte sistemaren kontra kolpeak etengabe eman zituen. Peron itzultzeko eskaera oihu bat zelarik Argentina osoan militarrek amore eman behar izan zuten. 1973an hauteskundeak egin eta peronistek aise irabazi zuten. Hiru hilabete beranduago jenerala iritsi zenean, hiru milioi pertsona joan ziren Ezeizako aireportura, harrera egitera.

        — Hor izan zen haustura.

        — Hala da. Peronen pentsamendua jada ez zen pobreentzat etxebizitzak egiten zituen harena, Madrilgo erbeste-urteetan eskuinerantz jo zuen. Argentinan berriro, ozenki kritikatu zituen asmo iraultzaile oro. Honek zatiketa eragin zuen peronismoaren barruan: lerroen eskuin muturretik Triple A famatua sortu zen, Montoneroak eta ERP akabatzea beste asmorik ez zuen talde faxista, eta ezkerrean montoneroak gelditu ziren. Jeneralak garbi utzi nahi izan zuen norekin zegoen, eta Triple Aren fundatzailea zen Lopez Rega jarri zuen gobernuan. «Sozialismoa amaitu da», esan zien orduan Montoneroen ordezkariei.

        — Orduan montoneroek zer errebindikatu zuten?

        — Jarraitu zuten hasieran eskatzen zutena eskatzen, baina lider historikorik gabe. Traidorea zen jada beraientzat. 1974an, Peron hil zenean, Estela Martinezek hartu zuen lehendakaritza. Bere agintaldian Triple A asko indartu zen eta bortizkeri giroa Argentina osora zabaldu. Urte gogorrak izan ziren haiek: egunero ziren hildakoak, alde batekoak zein bestekoak. Hala ere, gerrillariek inoiz baino gertuago ikusi zuten garaipena: 6.000 lagun zituen Montoneroen taldeak, 3.000 inguru ERPk. Armatuta zeudenak askoz gutxiago ziren, akaso bi mila baino gehiago ez, baina oinarria hor zegoen. Militarrek bi urtetan, 1976 eta 1977an, deuseztatu zituzten bi taldeak.

 

 

Gaucho Garinek buruan orratza sartu baliote bezala sumatzen du mina, eta gero eta bustiagoa dauka begiak estaltzen dizkion benda. Badaki odola lehortuko zaiola gero, eta gorriak ikusiko dituela kolpe batez kentzen diotenean baina ez du ez indarrik ez gogorik abisua emateko. Gainera, koman dago. Hori uste dute denek, behintzat.

        Badaki egunean bi aldiz ziegan sartzen denari —«Gaucho, Gaucho!» xuxurlatu dionari— ez diola jaramonik egin behar, min handia, bai, baduela, baina ondo dagoela, lasai egoteko esateko ere ez, militar haren kulatak ireki ziola burua atxilotzerakoan, baina oraindik konortea ez duela galdu nahiz eta zaintzaileek hori uste, eta ura edango lukeela gustura, eztarria lehertzear duela beroak kiskalita. Badaki, hilabete batzuk direlako jada klandestinitatean, haiek zenbat eta gutxiago jakin hainbat hobe izango dela berarentzat eta kanpoan segitzen dutenentzat, irautea delako irabazteko modu bakarra. Irautea, eta ziega ilun eta kirasdun honen kanpoaldean dagoena antzematen saiatzea.

        Orain, mugitzeko inolako aukerarik gabe, ez du damu zianuro-pilula ahoan eraman ez izana. Ez du inoiz maite izan zuzendaritzak ezarritako eredua, heriotza beste irtenbiderik ez dagoela onartzea delako hori, eta horregatik saiatu da Rosariorako autobusa hartzera zihoala atxilotzera etorri direnei aurre egiten. Retiroko geltoki ondoan zegoen jendearen aurrean gertatu da dena, baina inork ez du keinurik egin, ez da oihurik atera eta ez da galderarik entzun. Inor ez baita gehiegi harritu. Ohituegiak daude Garinen aurrean jarri den bezalako Ford Falcon beltz horiek ikusten, eta barrutik, fusilak eskuetan, lau lagun atera direnean, denek begiratu dute, baina ez dira mugitu.

        Gauchok pistola ateratzearena egin duenean, atzetik heldu dionak buruan kolpea eman diolarik izutu dira batzuk, baina auto barrura sartu ondoren Libertadores kalean gora ziztuan abiatu direnean ez da komentariorik izan. Dena ikusi duen taldea osatu bezala desegin da: lotsaz, elkarri begiratzeko ere adorerik gabe. Retirok betiko itxura jendetsua du orain.

        Gaucho Garinentzat amenjesus batean gertatu da dena. Ziega hotz honetan esnatu denean burua lehertzear zuela iruditu zaio. Nola atera, hori du pentsamendu bakarra. Eta torturari nola eutsi.

 

* * *

 

        Arturo Garin Gaucho, Jose Maria Garin eta Marcelina Sarasola irundarren biloba, erlijio gaiek salatzen zuten. Erlijioak, eta familia eta adiskideak tratatzeko moduak. Hor azaleratzen omen zitzaion euskal sena. Hala diote bere lagunek, ondo ezagutu zutenek. Nekazaritzarekin lotura estua zuen barrualdeko familia batean sortua, sindikalistak txakur berdea zirudien Montoneroetako zuzendaritza bileretan, peronismoa, marxismoa, sozialismo nazionala eta beste teoriak erruz erabiltzen zituzten taldekideen artean. Bera langilea baitzen finean, gauchoa, La Platako sindikatu peronistari inoiz izan ez zuen adinako indar eta egitura eman ziona. Hori, eta maila handiko militantea.

        1976a izan zen gogorrena, ustez Armadari aurre egiteko gai izango zen taldea harea erlojuan bezala amildu eta desegin baitzen. Gaur egun montonero ohiek gogoratzen dituzte lehen hilabeteko dudak eta ezin ulertuzko egoerak, jendea —militanteak, buruzagiak—desagertu egiten zenean bata bestearen atzetik, dozenaka, ehundaka, egunero, inolako azalpen logikorik gabe. Segurtasun neurri guztiek huts egiten zuten. Zianuro-pilularena pentsatu zuten orduan buruzagiek. Militante gehienek ahoan eramaten zuten pozoi neurria, baina Garinek ez. Berak asmoa zuen ez etsitzekoa.

 

* * *

 

        — Atxilotu zuten garaian Garin gure etxean bizi zen.

        Jorge Bielliri chaman indiar baten itxura ematen diote txima luze eta gorputz oparoak, begi marroi distiratsuek. Buenos Airesko Guenes kaleko tabernan handiegia da musikaren zarata, baina hala nahiago omen dute denek, esan beharrekoak lasaiago esango dituztelako.

        — Neskalaguna etorri zitzaigun abisua ematera, eta hantxe, etxean gelditu ginen 24 orduz, zer egin behar genuen erabaki ezinean. Erokeria izan zen, alde egin behar genuen segituan, baina ez genuen erreakzionatzen jakin. Nolanahi ere, Arturok, nahiz eta gure datu guztiak zituen, ez zuen ezer esan, ez zen torturapean hautsi.

        Bielli, bere ondoan kafesnea hartzen ari den Carmen Zunorekin batera, Montoneroetan zegoen garai hartan, baina inolako ardura militarrik gabe, taldearen atal sozialean, nolabait esateko.

        — Arturo, Gardel zen —dio.

        Onena alegia, espeziala, eredugarria.

        — Bera zen denok nahi genuen militante hura, solidarioa, ideologikoki garbia, koherentea... berarekin izandako solasaldiak oraindik gogoan ditut. Oso garrantzitsua izan zen gure bizitzan.

 

* * *

 

        Garajes Azopardo kontzentrazio esparruan denek dakite norbait garrantzitsua harrapatu dutela milicoek. Zaindariak harrotuta daude, oihu handiz ari dira, eta ziega komun batean dauden hamabost atxilotuek ezagutu dute ondoko gelara —tortura gelara— ekarri duten laguna Arturo Garin dela, Gaucho, Montoneroen adar sindikaleko burua. Medikuak ere esan die konorterik gabe dagoela, koman ia, burua hautsita, ez duela uste toki eta baldintza hauetan errekuperatuko denik.

        Eduardo Lardiesek hori guztia bere kaputxaren azpitik entzun du. Torturaren garai gogorrena joan zaio jada, baina ez du esperantza handirik. Ikusi ditu torturatzaileen aurpegiak, entzun ditu haien irainak, aditu du gorrotoa. Beste atxilotu batzuekin izaniko hizketaldietatik ondorioa atera du: fusilatuko dituzte laster batean.

 

* * *

 

        Bielli eta Zunoren artean, tea ixilik eta trago txikitan edaten ari da Lardies. Burusoila, txiki samarra, tristura lasaia dario, bizirik egoteagatik pozik bai baina bizirik egotearen arrazoia oraindik ulertu izan ez balu bezala. Kontzentrazio esparruetatik atera ziren guztiek irrimarra bortxatu antzekoa dute, urduri erretzen dituzte zigarroak eta halako ironiaz begiratzen dute, herio gertutik ezagutu dutenek dena baitakite aldez aurretik.

        — Arturo egun t'erdiz egon zen horrela, denen ustetan hilda. Baina hurrengo arratsaldean, bat-batean oihuak entzun genituen zaindarien gelatik zetozenak, eta konturatu ginen ihes egin zuela. Izugarria zen hori guretzat, horrela norbaitek azal zezakeelako zer gertatzen ari zen barruan...

 

* * *

 

        Zailena ez da izan lokarriak askatzea, baina leihatila irekitzea. Goizean, ondo aztertu duenean, iruditu zaio ez zuela aparteko korapilorik izango baina gero ezagutu ahal izan du herdoildua zegoela, mendeak zirela irekitzen ez zutela. Zabaldu duenean krisketaren hotsak gorputzaren ile guztiak tentetu dizkio. Ez dira konturatu, ordea. Orain barrualdeko patioan dago, biluzik, buruko benda gogortua baino ez duela soinean. Ez dio inporta, bero dago kanpoan, eta libre izan daitekeela pentsatze hutsa... Auto bat, autoa harrapatu eta irteera aurkitu.

        Hankak bizkor sumatzen ditu, ahaztu du mina, eta soilik ametsetan egin daitekeen salto batez gainditu du hesi metalikoa. Hormari pega eginda dago. Ez du asko behar izan dena aztertzeko. Funtzionarioen autoak dakuski dagoen tokitik, eta paretak izkina egiten duen alde horretara irteera behar du. Gainera, handik heldu dira motorren hotsak. Ez da oso zaila izango irteerara iritsi, azeleradorea topera zapaldu langa gainditzeko, komarkala hartu eta...

        Gelditu egin da une batez, gihar guztiak tentsioan, zalaparta entzun duelako barruan. Baina badaki ez duela atzera egiterik, orain dela zirt edo zart egitekoa eta korrika zeharkatu du patio ordu honetan hutsa. Lerroko bigarrenean sartu da. Giltzak jarrita daude. Motorra martxan jarri du zaindariak korrika ikusi dituenean. Ez dutela geldiaraziko pentsatu du lehen martxa sartu duenean, irteera aurkitu behar du, irteera aurkitu...

 

* * *

 

        — Zoritxarrez, ez zuen aurkitu —azaldu du Lardiesek—, eta harrapatu egin zuten. Gu geunden ziegara ekarri zuten orduan. Lotu ondoren niri begira jarri zuten, bost bat metrora. Hurrengo egunak torturatzeko erabili zituzten, baina eutsi egin zion. Esaten zioten Montoneroetakoa zela, bazekitela, lehertu egingo zutela. Berak dena ukatzen zuen, ez zeukala inolako ardurarik errepikatzen zien behin eta berriro. Egun horiei esker jende asko salbatu zen.

        Gero beste zentro batera eraman zuten. Eduardo Lardies, handik sei hilabetera, libre gelditu zen.

        Taldekideek salbu, kanpoan inork ez zuen jakin Arturoren bahiketarena. Etxean ere uste zuten Rosarion zebilela, garai hartan berririk eza berri ona zelako ia. Horregatik Mari Garinek, bere bila zetozen gizon armatuak ikusi zituenean eritetxearen atarian, pentsatu zuen anaiari buruz informazioa atera nahi ziotela. Mari erizaina zen. Poliziek Arana izeneko tortura zentrora eraman zutenean, 1977ko urtarrilean, haurdun zegoen. Adriana Calvok han ezagutu zuen.

        — Ni ere haurdun nengoen atxilotu nindutenean, eta ziega berean egon nintzen Marirekin. Iritsi nintzenean bera izan zen hitz egin zidan lehena. Kontsuelo handia eman zidan.

        Atxilotu Ohien Elkarteko kidea, Adriana Calvok, Belia Cardosok eta Julio Wattsek bezala, Buenos Airesko Ingeniaritza Fakultatean lan egiten du. 1977an, La Platako fakultatean sindikalista zela, Poliziak irakasle bat atxilotu zuen, beste lagun bat zelakoan. Ikusi zutenean hortik ez zutela informazio askorik aterako, fakultatean zegoen ezkerreko jendeari buruz galdegin zioten. Horrela erori ziren Adriana, bere senarra eta beste lankide bat.

        Arana zentroko ziega baten barrura bultzatu zutenean, inoiz imajinatuko ez zuen egoera topatu zuen Adrianak. Kiratsa izan zen adimena kolpatu zion lehena: haragi errearen usaina, odolarena, gernuarena, torturarena aditu zituen. Gero, iluntasunera ohitu zenean, izuak nazka gailendu zuen: atxilotutakoak torturatuta zeuden, aurpegia erreta, ilea erauzita, kolpatuta denak...

        — Giza hondarrak ziren, eta hala ere bazuten animoa etorri berriari beroa emateko.

        Haien artean zen Mari Garin. Adriana hasieratik adiskidetu zen neskarekin eta elkarrekin egon ziren hilabeteetan harreman oso sakona egin zuten.

        — Mari oso pertsona lasaia zen, bakea barreiatzen zuen bere inguruan. Laguntza handia eman zidan tortura gainditzeko.

        Adrianak gogoratzen duenez, Mari oso kezkatuta zegoen bere anaiarengatik, baina guardiek tortura mahaian egiten zizkioten galderak zirela medio —non zegoen Arturo, zer zekien berari buruz— pentsatu zuen libre zebilela oraindik. Horrek lasaitzen zuen apur bat.

        Tratua ez zen animaliei ematen zaiena baino hobea. Porlanaren gainean lo egiten zuten denek, ez berokirik eta ez ezer. Jateko salda nazkagarria ematen zieten hiru egunetik behin edo. Noski, haurdun izateagatik ez zegoen pribilegiorik. Are, alu haien artean halako bi egiten zuen zigorra. Aspaldiko garaiei buruz asko hitz egiten zuten, gutxiago gertuko gauzei buruz, ezer ez etorkizunaz.

        Adriana iritsi eta aste batzuetara taldeko neskatxa batek haurra izan zuen. Kuarteleko sukaldera eraman zuten eta han, ama iraintzen ari ziren guardiez inguratuta, Leonardo jaio zen. Neska egun bakar batez izan zen ama, hurrengo goizean kendu egin baitzioten haurra. Bizitzaren gainean erabakitzeko ahalmen mugaezina: hor amaitu zen amatasuna, eta erregimen berezia. Neska hurrengo egunean ziegan zegoen berriro, haurra izan zuenik ere ahaztera derrigortuta.

        Adriana traslado batean erditu zen. Lehen kontrakzioak igerri zituenean ziegatik atera eta auto batean sartu zuten. Egun euritsu eta iluna zen. Bigarren mailako errepideen artean, gidaria, halako batez, galdu egin zen. Norabide jakinik gabe luze ibili ondoren, bide-bazterreko autobus geltoki batekin topo egin zuten. Esperoan zegoen bidaiariari argibideak eskatzera joan zitzaizkionean, honek autoaren kristaletik ikusi ahal izan zuen eszenak Auschwitzeko judutarren lekukotasuna zirudien: Adriana atzeko eserlekuan erorita zetzan, eskuak sorbaldan lotuta eta begiak estalita, zilbor-hestetik zintzilik zegoen jaio berriari gorputzarekin beroa ematen ahalegintzen zen bitartean. Dena polizia-auto zikin baten atzeko eserlekuetan. Apirilaren 16a zen.

        Zentro berrian neska guztiak elkartu zituzten atzera. Marik eta besteek lortu zuten esku-oihal txiki bat Teresarentzat. Adrianak harekin garbitu zuen neskatxa, harekin tapatu, ferekatu, bildu, lokartu. Harekin babestu.

        Kontzentrazio esparru berria gogorragoa zen oraindik. Mari tristeago zegoen.

        — Denok esperantza baikenuen toki hobe batera joan behar genuela azken trasladoarekin, gutxienez kartzelaren batera.

        Astebete beranduago, apirilaren 25ean, beste toki-aldaketa bat izan zen, eta ziegan Adriana eta Teresa txikia gelditu ziren, bakarrik. Handik kartzelara eraman zituzten eta hiru hilabeteren ondotik, libre utzi zituzten biak.

        Behin kanpoan, Adriana harremanetan jarri zen Mariren familiarekin. Orduan jakin zuen Arturo ere desagertua zela. Teresa Garinekin —Mari eta Arturoren arrebarekin— hasi zuen adiskidetasunak gaur arte iraun du.

        Demokraziaren aurreneko urteetan, basakeriak aleka ezagutzen hasi zirenean, hezurrak aztertzen aditua zen forense talde batek Buenos Aires ondoko hilobi komun batean ezagutu zituen Mariren hezurrak. Ondorioztatu ahal izan zuenez, neskak izan zuen haurra. Adrianak, berria egunkarian irakurri zuenean, inoizko une latzena bizi behar izan zuen.

        — Familian beti pentsatu nahi izan zuten haurra ez zela jaio, eta nik ere esperantza hori nuen. Horregatik, jakin nuenean haurraren hezurrak ez zeudela Mariren gorpuzkinen ondoan negar bizian hasi eta negarrez iritsi nintzen Teresaren etxera. Baldintza haietan beste bost hilabete bizi behar izan zituela pentsatzea bakarrik...

        Teresak eta bere gurasoek ahaleginak egin zituzten haurra aurkitzeko, baina berehala etsi zuten. Gaur egun jota daude hirurak.