Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran
1964, Altsasu
 
2005, narrazioak
 

 

Hogei urte beranduago

 

Buenos Airesek atsedena hartzen du igandeetan, arnasa. Egunkaria zabaltzen du, gurina eta mermeladazko opiltxoekin gosaltzen eta matea prestatzen du goxo-goxo. Autobusak ere, astegunetan bufaka ari diren autobus zaharrak, igandeetan lasai igarotzen dira etorbide hutsetatik, eta aurpegia laxatua dutela dirudi.

        Bakar bakarrik ari gara San Telmora daramaten kaleetatik. Trinkoegia omen da arrapaladan bizi den hiri honetan astelehenetik larunbaterainoko tartea, eta ahal duten gehienek alde egiten dute Tigrera txalupetan paseoak ematera, edo inguruko herrietara familiakoekin haragi errea bazkaltzera. Hemen, San Telmo auzoan, nostalgikoak eta turista bakanak biltzen dira, eta merkatu txikia antolatzen da igandero, bitxiak saldu, tango doinuak entzun eta matea hartzeko.

        — Zergatik gertatu zen guztia? —galdetzen dut—. Nola interpretatu behar da naziez geroztik munduan egin diren basakeria handienetakoak hemen justu eman izana?

        — Lortzeko gertu egon ginen, horregatik izan zen horren gogorra errepresioa.

        Montoneroen taldeko buruzagia izan zen Carlos Aznarez, sei mila izatera iritsi zen armada hartatik 1978an Argentinan gelditzen ziren bakanetakoa.

        — Kuba eta Aljeriako adibideak oso present genituen, eta Latinoamerikako tradizio ezkertiarra uztartu nahi genuen peronismoaren populismoarekin, Peronek hasitako iraultza hartan sakontzeko.

        «Sozialismo argentinarra» eraikitzeko zuten asmoa azaltzen didan bitartean ideal horien alde erori ziren haietaz guztiez ari naiz pentsatzen.

        — Hemen ez zen errugaberik izan —moztu dit berak—. Erori ziren senitarteko batzuk, bai, haurrak ere bai, baina bahitu zituzten gehienak Montoneroetan edo beste erakundeetan zeuden. Inor ez zen errugabea garai hartan.

        Eguzkia atera ez atera dabilen bitartean, plazako erakusmahaietan zintzilik dauden latorrizko te-ontziek, sifoi botila zaharrek eta ez dabiltzan erlojuek txin-txin egiten dute haize bilduaren bultzadatxoekin.

        — Peronek zapuztu gintuenean hasi zen dena, Maiatza Plazan bilduta geunden milaka gazteei Etxe Arrosaren balkoi batetik «sozialismoa amaitu da» esan zigunean. Guk aurrera jo genuen, itsu.

        Rodolfo Walsh, bizirik zeuden fusilatuei buruz liburuak izkribatzen zituen idazle eta kazetariak ohartarazi zien: «Erakunde armatu batek jendeak ibil dezakeena baino askoz aurrerago egiten duenean abangoardia bihurtzen da, ez du atzera begiratzen, eta ohartzen denean oso urrun dago. Gero ezin du jendea zaindu, eta jendeak bizkar ematen dio azkenean».

        — Gu izan ginen izan ginena —onartzen du Aznarezek—, urteetan jendeak gure helburuetan bere ametsak ikusi zituelako. Baina kanoiekin hastean, guk baino usaimen politiko handiagoa izan zuen jendeak, eta ikusi zuten pistola batekin ezin geniola arerioari aurre egin. Guk pentsatu genuen baietz. Hor amaitu zen dena.

        Buenos Aires zaharreko etxe hauen artean ohartzen ari naiz ez dudala ordu bat ere eman hiriarekin, pertsonak ezagutu ditudala, baina hiriburuaren arima ez dudala usaindu. Dagoeneko berandu da.

        — 70eko urte haietan oso azkar jiratzen zen mundua eta gu ere horrela bizi ginen. Gero konturatu ginen astiroago joan izan bagina, gelditu izan bagina une batez pentsatzera, hainbeste jende ez zela joango heriotzara joan zen bezala. Uste genuen kalea gurea zela, Armadari ere aurre egin ahal izango geniola, baina txitoak bezala harrapatu gintuzten. Orduan ihes egitea beste pentsamendurik ez zegoen. Ezinezkoa zen politika egitea edo antolatzea, ezta horretaz pentsatzea ere. Ihes egitea, besterik ez. Arerioa gutxietsi genuen, hori izan zen gure errua.

        Urteak eman ditudala iruditu zait, eta egun batzuk besterik ez dira izan. Trinkoak hala ere, astunak beruna adina. Nire begien aurrean igaro dira Tucumango eskualdean desagertu zen Yoyi Goizueta argazkilariaren lagunak, ama bahituta eduki zuen Hector Karrika sindikalistaren lekukotasuna, aiton-amonak Fernando Garat eta Clara Pikabea zituen Eduardo Hector Garaten kasua, edo Luis Alberto Bereziarte, edo Juan Carlos Anzorena, edo familia Sakanakoa zuen Alberto Senar, edo inoiz ezagutuko ez ditudan guztiak...

        Izkina batean andre batek tangoak abesten ditu kaset zahar baten laguntzaz.

                Nostalgia de las cosas que han pasado

                arena que la vida se llevó,

                pesadumbre del tiempo que ha pasado

                y amargura del sueño que murió

        Ez zen oso gaztea izango dena gertatu zenean. Ateak itxita dituen kafearen aurrean zangoak ligero beltzak apaintzen dizkio, eta ezpainak, min ematerainoko gorri biziez pintatuak, lotsagabe zabaltzen ditu kabaretetako boa gorri eta beltzaz lepondo dardartia estaltzeko keinu egiten duenean. Jendeak txanponak botatzen dizkio.

        Irribarrea egin dit dantzaren neurria bakarrik eramaten ahalegindu den bitartean. Emaitza are patetikoagoa da. Berandu iritsi da izkina honetara, une honetara.

        Gogora datorkit orain Felipe Armendarizek begitan eman zidana —«non zeundeten duela hogei urte?»—. Burua motel eta zapaldua sentitzen dut, eta orain badakit zergatik. Ni ere hogei urte beranduago iritsi naiz beraiengana.