Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran
1964, Altsasu
 
2005, narrazioak
 

 

Maiatza Plazako amak

 

— Gogora ezazue: argentinarrak, jakin nahi izan dutenean, Maiatza Plazara joan izan dira beti.

        Azucena Villaflor de Devicentik, Stella Mari eliz-kaperako aulki batera igota, ahaztu egin du hankak puztuta dituela eta etxera joan behar duela, senarra eta alaba zain dituela, urduri. Eta jendaurrean hitz egiten ohituta ez dagoen arren hortxe dago, armada garaitua dirudien senitarteko taldeari begira. Bikariogo kastrensearen harrera-gela txikian besaulkietara igo dira batzuk, gehienak bildu dira andre oparo honen ingurura... eta marmarra isildu da bat-batean.

        Bost hilabete lehenago desagertutako Nestor semea etorri zaio burura Azucenari. Gainerako amen begiak beregana zuzendurik ikusi dituelarik eztarrira igo zaio larrimina: jendeak helduleku bat behar du, itxaropenari ate guztiak ez zaizkiola itxi behar sinetsi nahi du eta berak hartu du —orain badaki— ardura hori.

        Askoz beranduago norbaitek gogoratuko zuen bezala, soldaduen animoari eutsi nahi zion jenerala zen andrea.

        Kolpe militarra izan eta hurrengo hilabeteetan, gazte ezkertiarrak kale-kantoi guztietan desagertzen hasi zirenean, familiarrek benetako peregrinazioa hasi zuten bulegoz bulego, funtzionarioz funtzionario, leihatilaz leihatila... erantzun bera jasotzeko beti:

        — Hemen ez dakigu ezer.

        Horietarik asko bikariogoaren egoitzara bidaltzen zituzten, esanez han behar bezala hartuko zituela artzapezpikuak, berak egingo zituela gestioak.

        Stella Mariko artzapezpikua baino idazkaria izan zen familiarren kexuak entzun behar izan zituena. Galdetegi baten bidez desagertutakoei buruz txostenak egiten hasi zelarik, amak laster asko ohartu ziren galdera gehiegi zirela, datu gehiago jasotzeko militarrek asmatu zuten beste bide bat zela. Seme-alabak bahitu zituen Armadaren beraren benetako informazio zerbitzua, sotanaz mozorroturik.

        Etsipena sustraiak egiten hasia zen jendearengan, nekatuta zeuden eta nora jo jakin ezinik. Gero eta gehiago ziren, atxiloketak egunero gertatzen ziren, inork ez zituen aintzat hartzen... Azucenaren hitzek lortu zuten etsipen hura borrokatzeko grina bilakatzen. 1977ko apirilaren azken astea zen.

        — Hara joango gara, eta asko garenean, zeharkatuko dugu plaza, zeharkatuko dugu kalea, sartuko gara gobernuaren egoitzara... eta hitz egingo dugu Videlarekin.

        Senitartekoek, artean, uste zuten kontrolik gabeko taldeen lana zirela atxiloketa gehienak, eta jeneralarekin hitz egitea lortzen bazuten, gauzak bere onera etorriko zirela. Ziotenez, urtea bukatu baino lehen atxilotutako denak askatuko zituen Batzorde Militarreko buruak.

        Maiatza Plaza aukeratzea ez zen ausazkoa izan. Leku estrategikoan egoteaz gain —katedralaren eta gobernuaren egoitzaren inguruan—, borrokaren sinbolo ere bazen: mende honetako erdialdetik aurrera hantxe egin ziren gisa guztietako mobilizazio eta protestaldi nagusiak. Horietatik bi, biak ere peronismoarekin lotuta, denen gogoan zeuden.

        Bata 1945ekoa zen. Juan Domingo Peron lehendakariorde zen. Militarrak urduri zeuden bere emaztea, Evita, bultzatzen ari zen aldaketa sozialekin, eta jenerala atxilotu eta kartzelaratu egin zuten. Evitak, orduan, inoiz ezagutu gabeko protestaldia antolatu zuen bera gurtzen zuten langileekin. Argentina osoko atorrabarikoak —horrela esaten zien Evitak txiroei— mobilizatu zituen Buenos Airesera, senarraren askatasuna eska zezaten. Eskualde guztietatik, gau eta egun ibili ondoren, Armadak bidean jarritako oztopo guztiak gaindituta, olde handi eta geldiezin baten gisara iritsi zen jendetza Maiatza Plazara. Hantxe aritu ziren oihuka bi egunez, mugitu gabe.

        Peron askatu berriaren agurra Etxe Arrosaren balkoitik bertatik entzun zutenean, mistika peronistak unerik gogoangarriena bizi izan zuen Maiatza Plazan. Evita ondoan zuela, hurrengo hamar urteetan Argentinako buruzagi nagusia izango zenak banan-banan aletu zituen aurrera eraman nahi zuen iraultza sozialaren ardatz nagusiak.

        Bigarren une historikoa 1955ean izan zen. Evita hilda, Peronek galdua zuen jada herriaren atxikimendu itsu hura, eliza ere kontra zuen... militarrentzat mauka: boteretik egotzi zuten jenerala, eta erbestera bidali. Bere aldekoek berriro ere Etxe Arrosaren aurreko plaza hautatu zuten protestarako, han bildu ziren milaka. Orduko hartan, Armada ez zuen flakiak jo: bildutakoak bonbardatu zituen.

        Telebista kameren aurrean irudi erdiragarriak ikusi ahal izan ziren: jendea korrika, jendea hilda plaza erdian, jendea zerura begira, sinetsi ezinik, eta zeruan helikopteroen joan-etorri etengabekoa, kupidagabea. Ehundaka hildako izan ziren. Peron, ordurako, Europarako bidean zen.

        1977ko apirilaren 30ean, beraz, plaza honetan biltzeko estreinako hitzordua egin zuten amek. 15.30etan hamar besterik ez zeuden. Azucenak eta lagunek beldurraren beldurrez ikusi zuten plaza hutsik zegoela... larunbata zelako. Luze egon ziren geldi-geldi, elkar babestuz, zer egin jakin gabe. Eta erabaki zuten osteguna izango zela elkartzeko egunik aproposena. Gaur arte.

        Lehen hitzaldi harengatik, eta Alfredo Astizek gidatutako talde batek bahitu zuen arte erakutsi zuen lidergoarengatik, Azucena Villaflor Maiatza Plazako Amen fundatzailetzat hartua izan da beti.

 

 

Dezepzionante samarra da, egun, Maiatza Plaza. Buenos Airesen erdigunean, Etxe Arrosatik abiatu eta Kongresuraino doan alegiazko marra batek zeharkatzen du. Albo batera katedrala. Trafiko etengabe eta lotsagabea duten Balcarce, Colon eta Maiatza Etorbidea kaleek itotzen dute. Hegaletan metrorako eskailerak eta lorategi tristeak daude; plaza erdian estatua anodino eta zikin bat eta, inguratzen duen zirkulua itxiz, zapi zuriak lurrean pintatuta. Norbait biltzeko munduko tokirik deserosoena dirudi, baina hemen idatzi da desagertutakoen tragedia mundu osoan ezagutarazi duten emakume hauen historia.

        Duela 20 urtetik hona egin izan duten bezala, ostegunero ohiko bilkura isila egiten dute Amek. Bukatutakoan, Hebe de Bonafini Amen lehendakaria labur solastatzen da, aste horretako gertakariren bat aipatu eta betiko mezuak errepikatzeko. Gero, normalitate osoa. Ministerioetako funtzionarioek zapaldu egiten dituzte lurrean margoturiko zapiak, gazteek ogitartekoak jaten dituzte belardietan eta metro zaharrak ahalkegabe egozten ditu bere korrokak eskaileretatik gora.

        Ez dago ezer okasio handiko lurrin hori gogorarazten duenik, ez bada Etxe Arrosaren beraren handinahitasuna. Ez plaka bat, ez oroigarririk, ez lekukotasunik. Ez lore sortarik.

        Gizarteak ahaztu egin du. Ahaztu nahi du. Lantzean behin protestak egiten dituzten atso maitagarri baina zoro samarrak dira Amak. Militarrak aluak bai, Astiz horrek ez du neurona bat sano, baina torturatzaile ezagunek igandero entzuten dute meza Buenos Airesko auzo dotoreetako elizetan, eta jendeak txalotu egiten ditu batzuetan. Antonio Bussi, Tucumango gobernadore militarra zelarik 600 gazteren desagerpenaren arduraduna, eskualde horretako gobernadore aukeratu dute hauteskundeetan, eta "bi deabruen" teoriaren bidez —militarrak eta gerrillariak zein baino zein gaiztoagoak izan zirela, gerra bat izan zela— gehiegikeria asko justifikatu nahi izan dira. Justifikatu dira.

        Aurrera begiratu behar dela entzuten da toki guztietan. Eta Argentinako justizia munduko onena dela dio Carlos Menem presidenteak.

 

 

AMEN ETXEAN

 

Hipolito Yrigoyen kaleko egoitzaren balkoitik zintzilik dira zapi txuriaren irudi famatua eta «Amen Etxea» dioen bandera handia. Udaberriko haizeak harrotzen du kale estuan, eta desafioka dagoela ematen du, orain begiratzen duela alde batean duen Parlamentura, orain bestaldetik zaintzen duen Etxe Arrosara.

        Barruan mugimendu handia dabil. Hogeita hamar inguru izango dira amak egun, gehienak 70 urteren bueltan. Kemen ikaragarria dute oraindik ere errebindikaziorako, beti prest, inoiz baino erradikalago. Ahotsa indartsu dute agintarien bidegabekeria eta ustelkeriak salatzeko, gorputza gazte ostegunero plazara joateko ez ezik, eliza bat okupatzeko Argentinako behartsuen egoera salatzeko.

        Gaur burtsako egoitzan pankartak aterako dituzte kapitalismoaren kontra, bihar Kubako Epaitegi Antiinperialistaren aurrean diskurtso grinatsua egingo dute, etzi unibertsitatean antolatuko dute hitzaldi zikloa iraultza eta demokraziari buruz. Intsumisoak zaizkie legeari —ez dute botorik ematen, nahiz eta derrigorrezkoa den Argentinan—, gobernuari —ez dute dirulaguntza ofizialik onartzen—, ahanzturari. Ez dute isiltzen seme-alabak akabatu zizkietenak libre eta lasai dabiltzala oraindik, libre eta lasai beraiek zapaltzen dituzten kale berberetan.

        Hogeigarren urteurrena ospatzeko rock kontzertua egin zuten Argentinako talde garrantzitsuenek Buenos Airesko kiroldegi batean, eta sekulako arrakasta izan zuen ekitaldiak. Hurrengo egunean egunkari batek idatzi zuen Argentina osoan Amak bakarrik direla gauza horrelako jendetza erakartzeko eta elkartasun sentimendu bizi hori lortzeko.

        Baina ordainik ere badu tinko eusteak. Jende asko urduri dago Argentinan justiziaren mugimendu batzuekin, garbi ikusten da zauria ez dela itxi. Egunkariek egunero dakartzate diktadura garaiari buruzko informazioak... eta Amen egoitza bi aldiz txikitu dute azken hilabetean. Artxiboak lapurtzeaz gain, hautsi egin diete hilero kaleratzen den kazeta egiteko tresneria, eta hankaz gora utzi dute dena. Biharamunean Hebe de Bonafinik, beste ama batzuekin batera, bere 75 urteak etzan ditu egoitzaren zoruan, eta gau osoa han igaro. Ozen esan nahi diete ez dutela beldurrik, segitzen dutela, segituko dutela.

        Txikizioa gertatu eta astebetera ordenadore berriak dauzkate egoitzan, dena elkartasun taldeak lortuta. Ez da lehen aldia izan, ez da azkena izango. Beti berrosatu da egitura, elkarteak peso bat ere ez duen arren.

        Amona ihar eta txiki batek ireki dit atea. Gela handi batean liburuak ordenatzen eta fotokopiak ateratzen ari dira bi gazte. Broma eta irribarreek kontraste polita egiten dute amen ahots geldo eta pausatuekin. Armario batean, taldeari mundu osoko herrialdeetan egin dizkioten omenaldien oroitzapenak. Paretetan, desagertutakoen argazkiak.

        Gabriel Fernandez kazetaria da hilabetekariaren arduraduna. Zertara heldu naizen azaldu diodanean mekaniko samar errepikatu du ia doktrina bihurtu den Amen filosofia.

        — Akabatu zituztenen artean euskaldunik ezagutzen al duzue? —ur zurrunbilotsutan igerian nabilen sentipena dut.

        — Guk ez ditugu inoiz nazionalitateen arabera sailkatu. Desagertu guztiak dira gureak, 30.000 horiek. Ezin da bereizketarik egin —erantzun dit.

        — Euskaltasuna aitzakia da desagertutakoen gaia jorratu eta lekukotasunak biltzeko —esan diot—, ez zaizkit Tucumangoak edo jatorri italiarrekoak baino garrantzitsuagoak iruditzen, baina horiei buruz idatzi nahi dut.

        Ez nago eroso, burua zuritzeko inolako beharrik ez dudalako sentitzen, baina behin eta berriro errepikatu beharko dut argudioa Argentinan nagoen bitartean. Gero jakingo dut Baltasar Garzonen epaiketak errezelo batzuk sortu dituela, batzuen ustez bereizkeria egin izan delako pasaportearengatik.

        Gabrielek ulertu duela iruditu zait.

        — Hau duzu euskalduna —esan du bat-batean, iritsi berri den andreari begira.

 

 

ALICIA MEROÑO

 

Maria de las Mercedes Colas Irisarri egunero bezala heldu da Amen Etxera, ahal den guztian laguntzera. Orain arte ikusi ditudanen artean gazteena dirudi 74 urteko lodosar honek, sasoikoena. Bisaia argia du, indarra dario.

        — Euskal jatorriko desagertuei buruz datuak biltzen ari naiz.

        — Guretzat berdinak dira denak —berretsi dit berak ere.

        — Nolanahi ere, zure alabaren historia jaso nahiko nuke.

        Onartu du Aliciaz hitz egitea.

        — Nafarroan gorriak pasatutakoak gara. Gure aita CNTko militantea zen eta 36ko gerra piztu zenean nazionalek atxilotu zuten, eta Tuterara eraman. Hurrengo egunean fusilatu zuten. Garai hori sofrikarioa izan zen guretzat, ahizpa eta biok Lodosako karriketan barna ilea arraso moztuta pasearazi gintuztelako. Lotsa eta gorroto hari ihes egiteko, gure amak gu biok hartu eta Argentinara ekarri gintuen.

        Mercedes han ezkondu zen eta han jaio zen Alicia bere alaba. Neskak 31 urte zituen militarrak etxera azaldu eta atxilotu zutenean. Ordu t'erdiko itaunketa egin behar ziotela esan zioten, berehala itzuliko zela. Haurrak —zortzi, zazpi eta lau urteko Martin, Patricia eta Leonardo—, bizilagun batekin utzi eta militarrekin joan zen.

        Ez zuten berriro bizirik ikusi. 1978ko urtarrilaren 5ean izan zen.

        — Alicia ez zegoen inongo taldetan, ezta sindikatuetan ere —dio Mercedesek—. Dendaria zen, merkatuetan-eta saltzen zituen produktuak. Borrokalaria zen, hori bai! Gure familian oso barruan zegoen sen hori. Sistema aldatu nahi zuen, baina jaso zuen heziketarengatik ezin zuen inongo taldetan jardun, ulertzen? Bere borroka askatasunarengatik zen, oinarrizko eskubideen aldeko askatasunarengatik.

        Borborka ateratzen zaizkio oroitzapenak eta eskuak arin mugitzen ditu hitz egiten duen bitartean. Olatuak marrazten dituela irudi luke.

        Han eta hemen galdezka hasi zen berehala. Paperak bete, habeas corpusa eskatu, ate guztiak jo zituen.

        — Ate guztiak, Elizarena izan ezik, garai haietan inork ez zuelako apaizengandik ezer jaso. Ez zituzten mezak ematen desagertutakoen alde eta, maiz, galdera gehiago egiten zizkiguten, datuak biltzeko. Zerbait egin zuten batzuk izan ziren, baina horiek ere desagertu egin ziren.

        Lehen sei hilabeteak tortura izan ziren, eta Nafarroan jasandako mina berriro erne zitzaion, alabaren azalean areagotuta.

        — Ezin nuen hitz egin, ezin nuen lutoa eraman, ezin nuen ezer egin. Orduan bezala. Depresio gogorra izan eta gero, burua altxatu eta borrokatzea erabaki nuen: ostegun batez hurbildu nintzen Maiatza Plazara. Amek ikusi nindutenean inguratu egin zitzaizkidan, besarkatzera. Denek zekiten zein gogorra zen lehen urrats hori eta babestu nahi izan ninduten denen artean. Negar batean hasi nintzen. Haiei esker konturatu nintzen borrokarik gabe ez dagoela ezer. Inoiz ez ginen asko izan, batzuetan atxilotuta eramaten gintuzten eta desagertutako batzuk ere izan ziren gure artean baina kalera atera ginen, gure seme-alaben borroka gure egin genuen.

        Mercedesek ez zuen inoiz galderarik egin, ez zuen jo bizirik irten zirenengana Alicia zentroren batean ikusia ote zuten galdetzera.

        — Zertarako? Xehetasunak jakiteko? Ez. Nik baditut 30.000 desagertutako, ez nire alaba bakarrik. Alicia beste bat izan da, baina denei egin zieten gauza bera.

        Entzuten dudan bitartean mezuaren gatibu dela otu zait, kate ikusezin batek ondo lotzen bide duela. Mercedesen jardunak badu zer edo zer artifiziala, mezua hainbeste errepikatu denean sortzen den monotonia kutsu pixka bat. Ez kontatzen duenarengatik, baizik kontatzeko moduarengatik. Oroitzapenak porlanezko kutxa batean bildu eta ezerk aldatu ezingo balitu bezala.

        — Zergatik amak eta ez aitak? —sartu naizenetik buruan darabildan galdera egin diot azkenean.

        — Gure senarrek lana zeukaten. Etxetik ateratzen ginenean, norbait gelditzea nahi genuen, alaba edo semea etortzen bazen-edo. Oharrak uzten genizkien sarreran: «Alicia, berehala itzuliko naiz, hozkailuan aurkituko duzu jatekorik». Gainera, gutako asko alargun gelditu ginen, senarrek ezin izan zutelako presioa eta mina jasan. Beste ama batzuek senarrei kontra egin behar izan zieten, haiek ez zutelako uste borrokatik ezer atera genezakeenik.

        Egoitzaren sarreran gaude, Amei buruz idatzi diren liburu ugariez inguratuta. Horietako batean —Judas. La verdera historia de Alfredo Astiz—, Uki Goñi kazetariak kontatu du nola izan ziren Mercedesek aipatutako desagerpenak, Amenak.

        Maiatza Plazan astero-astero biltzen hasi eta komunikabide amerikar eta europarren arreta bereganatzen hasi zirenean —argentinarrek isiltasuna aukeratu zuten diktaduraren lehen urteetan—, amen taldearen aurka egitasmoa prestatu zuten Armadako Inteligentzia Zerbitzukoek, taldea desegiteko edo, gutxienez, taldekideak izutzeko, atzerrian gero eta oihartzun handiagoa zutelako salaketek.

        Horretarako, partaide guztien datuak eta funtzionatzeko modua ezagutu behar zituzten lehendabizi. Alfredo Astiz tenientea aukeratu zuten infiltrazio lana egiteko. Astizek berak atxilotutako batzuei gero onartu zienaren arabera, Montoneroak talde gerrillariarekin harremana aurkitu nahi zuten Amen barruan, ez baitzuten sinesten protestaldi hura guztia ama soil batzuengandik sortua zitekeenik.

        1977ko ekainean, bada, amen bilkuretako batera gazte ilehori bat azaldu zen. Orduko lekukoek gogoratzen dutenez, Gustavo Niño —Astizek izengoiti hori erabili zuen amekin— neska batek lagundu zuen. Anaia nagusia desagertuta zegoela eta gazte isil eta polit hura bere arreba zela azaldu zien denei.

        1985ean Astiz kapitainari egin zitzaion epaiketan, jakin ahal izan zen "arreba" Silvina Labayru zela, Armadak bahitu eta urte t'erdiz desagerturik eduki zuen 22 urteko montoneroa. Silvina Labayruren haur jaio berria militarren eskuetan zegoen, gatibu, eta Astizek berarekin eraman zuen beste senideen artean susmorik ez pizteko.

        Biak aktore bikainak ziren nonbait, oso berandu arte —Astizek taldea bahitzeko egitasmoa prest izan zuen arte— inork ez baitzuen ezer susmatu. Azucena Villaflorrek berak, Maiatza Plazako Amen fundatzaileak, estima handia hartu zion marinoari, eta ia semetzat izan zuen 1977ko hilabete haietan.

        Abenduan, desagertutakoen alde eskatzeko egunkarietan publizitate orri bat argitaratu behar zuten bezperan, taldeko hamabi kide bahitu zituzten Armadakoek, Astizek emandako informazioei esker. Horien artean ziren Azucena Villaflor, eta Alice Domon eta Leonie Duquet moja frantziarrak.

        — Bahiketa meza baten ondotik gertatu zen —gogoratzen du Mercedesek—. Elizaren ataritik dena ikusi zutenek ez dute ahaztu gazte ilehori gizalegeko hark Ford Falcon beltzak iritsi baino bost minutu lehenago alde egin zuela. Alde egin, ohi zuen gisan, denei musuak banatu ondoren.

        Hamabi atxilotuak Esma tortura zentrora eraman zituzten, eta inor ez zen bizirik atera.

        Mercedesek ez du barkatu, eta oroitzapenak bere bizitzako minutu guztiak betetzen ditu orain.

        — Gure seme-alaben odolaren mendekua etorriko da herria zoriontsua denean —errepikatzen du.

        — Argazki bat egin nahi nizuke —esan diot.

        Laster asko atera du poltsatik beti aldean daraman zapi txuria eta buruan jantzi du. Hor, Alicia bere alabaren argazkiaren aurrean, irrimarra triste, definigaitza, eskaini dio objetiboari.