Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
 

 

 

 

HIRUGARREN LIBURUA

(2022)

 

 

 

 

Diru gabe baina

izarrak gurekin daude,

piano baten soinuaz.

Itoiz

 

 

 

 

 

 

PHOTO BOOTHEKO BIDEOA

(JFK aireportua, 2022ko udaberria)

 

ane: Jaun-andreok, azkenean ere oporretara goaz!

unai: Hori da, Ane, hiru urte eta gero oporrak! Baina, ba al dakizu nora goazen?

ane: Galdera ona, Unai. Amak esan zuen lagun bat bisitatzera goazela, baina ez dit esan nora.

unai: Ez, ala?

ane: Irla bat omen da, eta hondartzak ditu.

unai: Ez da txarra.

ane: Eta izurdeen ondoan bainatuko omen gara. Izurdeak hurreratu egiten omen zaizkizu eta mokoarekin ukitzen zaituzte.

unai: Niri beldur pixka bat ematen dit horrek.

ane: Lasai, Unai. Gainera ume gehiago egongo dira.

unai: Zer diozu?

ane: Bai, eskerrak. Amaren lagunak bi ume ditu. Joseba eta Nora.

unai: Nora? Zer diozu? Hori ez da ume baten izena. Eta handik Euskal Herrira goaz?

ane: Bai, baina ez bizitzera.

unai: Nola ezetz? Aitak dagoeneko atera du liburua eta hura bukatuta bueltatuko ginela esan zigun.

ane: Sentitzen dut, baina beste bat hasi du.

unai: Hara! Eta zuk zergatik dakizu hainbeste?

ane: Neu naizelako handiena.

unai: Beti igual. Eta New Yorkera bueltatzen garenean presidenteak berriz atxilotuko du aita?

ane: Tira, presidenteak ez zuen atxilotzen. Mugan ilaran egoten ginen zain eta aitak pasaportea erakusten zuen bakoitzean, ala, barrura, kontrolera.

unai: Eta hori zergatik?

ane: Ez dakit. Kartzelan egon zelako edo.

unai: Aita kartzelan egon zen? Gaizkilea zen?

ane: Ez, kartzelan egon zen ez zuelako gerrara joan nahi. Bera poeta dela dio, ez jenerala.

unai: Ba poetek gauza arraroak egiten dituzte. Antzinako idazleen etxeak eta hilobiak bisitatzea, adibidez. Oporretan nonbaitera goazen bakoitzean hilerrietara eramaten gaitu. Ez da pixka bat arraroa?

ane: Benetan ba. Azkena Rosika ikustera eraman gintuen Ferncliffera.

unai: Bai, eta ezin genuen hilobia aurkitu. Milaka hilobi zeuden. Milioika. New York bat zen, baina hildakoena.

ane: Eskerrak hango langile batek lagundu zigula. Oso atsegina izan zen. Krabelin gorriak eraman genizkion Rosikari. Amak musu bat utzi zion. Aita hunkitu egin zen. Tira, ez da gauza arraroa. Oso erraz hunkitzen da.

unai: Eta angurri handi bat zabaldu zuen amak eta hantxe bertan jan genuen. Hori ondo egon zen. Esan zigun Rosika eta Edithen frutarik gustukoena zela.

ane: Hemen bestea. Nirea ere bai! Ze goxoa zegoen.

unai: Zuk poeta izan nahi duzu? Nik ez.

ane: Ezta nik ere, nik biologoa.

unai: Bada, lehen futbolaria izan nahi zenuela esaten zenuen...

ane: Hori lehen zen.

unai: Poeta izatea gogorra da, dentista ere ezin duzu ordaindu.

ane: Bai, amari hagina puskatu zitzaion laboreak jaten eta ez omen zuen dirurik dentistara joateko.

unai: Oso garestia da eta.

ane: Bada, labore enpresara idatzi zuen eta azkenean ordaindu egin zioten bisita.

unai: Tematia da ama. Eta hagina gorde zuen?

ane: Zertarako?

unai: Maritxu Teilatukorentzat?

ane: Baina Maritxu Teilatuko existitzen da ala?

unai: Ez dut uste.

ane: Nik ere ez dut uste.

unai: Eta guk badakigu ez dela existitzen?

ane: Ofizialki ez.

unai: Bada ez esan gurasoei.

ane: Santa ere ez da existitzen, Unai. Sentitzen dut.

unai: Ba nik mezuak uzten dizkiot mugikorrean.

ane: Ba ez da existitzen.

unai: Eta Olentzero?

ane: Bai, hori bai.

unai: Ane.

ane: Zer?

unai: Aitak esan dit gure geneen ehuneko laua neandertala dela.

ane: Horrela atera zitzaion analisi batean.

unai: Eta barruan daramagun ehuneko lau neandertal horri deitzen zaio arima?

ane: Unai, ala, itzali bideoa.

unai: Bale. Youtubera igoko dut?

ane: Gurasoek ez digute uzten.

unai: Ez dira enteratzen. Besteak ere igo ditut...