Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
 

 

14

 

 

Bake-ontziaren berriak kanpixtasuna sorrarazi zuen sektore batzuetan. Prentsako sinadura ezagun askok susmagarri irizten zioten bakezaletasun horri, bando beligerantearen aldeko ezkutuko maniobra bat balitz bezala. Oldarrak, gaur egunetik begiratuta, irrigarritzat ere har daitezke, izan ere, alemanen eta austriarren aldekoak zirela frogatzeko bakezaleen izenen jatorrian oinarritu ziren. Schwimmer, izen horrekin eta hungariarra izanik, zalantzarik ez Austria-Hungariako Inperioaren alde zegoela. Horretaz aparte, Lochner ere izen alemaniarra zen eta Shelley, Rosikari Ford aurkeztu zion maistra, izen benetan ingelesa izan arren, eta hor daude Shelley idazleak hori egiaztatzeko, aleman irakaslea zen. Horiexek ziren haien alemantasunaren frogak. Bala-bala zebiltzan gezur horiek egunkari batean eta bestean. Gaur egunetik begiratuta funtsik gabeak, baina urte haietan min handia egin zezaketenak.

      Rosikak ez zituen seriotzat hartu akusazio horiek denak. Hala eta guztiz ere, kontuaren larritasunaz ohartu zen New York Times-ek eraso horiei bide eman zienean. Izen handiko medioa zen, eta da. Eta serioa. Alta, aliatuen aldeko jarrera argia hartua zuen gerraren hastapenetik, alegia Erresuma Batua eta Frantziarekin lerratua zegoen hasiera-hasieratik. Eta letra larritan, 1915eko udazken hartan, hauxe argitaratu zuen: “Gurutzada ez da Forden ideia. Hungariako Schwimmer andrearena da, eta germanofiloek bultzatua”.

      Rosikak ezin zuen gezur hura onartu eta zirkinik egin gabe geratu. Zalantza izpirik gabe, telefonoa deseskegi eta Times-eko zuzendariari deitu zion. Ahots urduriz, baina irmo, gauzak argitu nahi izan zizkion.

      — Ontzia ez da hungariarrena, ez da alemanena. Gure txalupak Bake-ontzi Amerikarra du izena. Abendurako prest izan nahi dugu. Bertan joango dira Estatu Batuetako ordezkariak, parlamentariak, aktibistak, filantropoak, enpresariak... Eta ez goaz Estatu Batuetako Gobernuaren izenean, Estatu Batuetako 100.000.000 herritarren izenean baino. Aukera bat eman nahi diogu bakeari. Bake-ontzian aitzakia bat aurki dezakete Europako gobernuek su-etena egiteko. Askotan aitzakia bat behar da deabruzko espiral baten barruan zaudenean.

      Ez dut aurkitu egunkariaren desenkusarik.

      Bien bitartean, Henry Fordek bidaiaren prestakuntzarekin jarraitzen zuen. Aurrekontua handituz zihoan, bake-ontzirako pentsatuta zituen aurreikuspenak erabat gainditzen.

      — Rosika, ba al dakizu zenbat balioko duen honek denak? —galdetu zion estuturik negozio-gizonak.

      — Ez dakit. Ahalik eta merkeen egiten saiatuko gara, Henry. Musu truk lan egiten ari den jende asko dago, Bakearen Aldeko Alderdiko emakumeak batez ere. Nik ere ez dut ezer kobratuko.

      — Barkatu. Ez dut oso ondo ulertu —harritu zen Ford—. Rosika, zurea da ideia, zuk egin duzun lan handiarekin...

      — Ez dut sos bat bera ere nahi, Henry. Ez dezala inork pentsa honekin aberasten ari naizela. Baina trukean zera eskatu nahi dizut —goibeldu zen Rosika.

      — Esan ba.

      — Lolari eta haren seme-alabei ontzian lekua egitea nahiko nuke. Aurrekoan esan zidan berarentzat miragarria izango zela umeek halako une historiko eder bat bizitzea.

      — Akabo ba, Rosika. Datorrela Lola eta seme-alabak ere bai. Jakina tokia egingo diegula umeei ere. Senarrari ez, ordea. A ze badaezpadakoa. Gizon horrekin aurrez aurre hitz egin behar dut...

      — Ahaztu, Ford —moztu zion Rosikak begietara zuzenean begiratuta—. Baina gogoan hartu Lola eta umeak. Hori izango da nire soldata.

      Bozkario denborak izan ziren haiek Rosikarentzat. Bizitzako egunik zoriontsuenak, beharbada, haiek izan ziren. Bizian ez dira asko izaten hain sentipen aratza duzun egunak, ze ondo nagoen uste duzunak, gauzak benetan bide onetik doaz. Alabaina, euforia ez zen luzea izan. Rosikak berak Franciska ahizpari idatzi zionez, “gogoan dut bi egunez maitagarrien ipuineko edozein ume bezain zoriontsu izan ginela, bi egunez, bi egunez soilik, baina benetan zoriontsu izan nintzen orduan”. Alaitasun horren berri data haietako egunerokoak ere jasotzen du: “Mirari handia gertatu da. Munduko gizon bakarra gurea da. Henry Ford bake mugimenduaren atzean dago, gizon handia. Nire bizitzako urtebetetze zoriontsuena izan da aurtengoa. Sekula ezagutu ez dudan zorion hori, horixe bizi izan dut. Kaletik noala, etxeak ez zaizkit begitantzen etxe arruntak edo zuhaitzak zuhaitz huts. Paisaia hegan ikusten dut nire begien aurrean. Izan ere, albiste onak daude edonon eta mundu osorako dira gainera. Ametsak egia bihurtzen dira, bai. Ford bikotea nirekin dago. Prest. Ez dago oztopo gehiagorik. Bakea lortuko dugu”.

 

 

Ez dakit noiz erabaki genuen New Yorken geratzea. Agian hasieratik geneukan susmoa hura ez zela izango urtebeterako, bagenekien apika itzulera luzatu egingo zela. Ahalegin handia izan zen dena utzi eta familia osoa beste herrialde batera mugiaraztea. Eta Gabonen ostean, bagenuen sentipena laburregia izan zitekeela hura, bagenuela oraindik zer bizia, zer ikasia, itsasoaz honako aldean. Itzulera atzendu egingo zen.

      Migrari askok nahi izaten dute itzuli, nahiz eta herrialde berriak ondo hartu, lana eman, maitasuna, dena, urte asko eta gero, itzuli. Hutsunea izaten dute sorterriarena, denboraren poderioz handituz doan zuloa. Bada hor indar bat esaten dizuna, hasi eta buka bizitza toki berean, munduan zehar ibili arren luzaroan, bizitzari zentzu bat emanez, amaitu beti sorterrian, hasierako lekuan, itxi zikloa. Odisean, Ulisesek kosta ahala kosta itzuli nahi du Itakara. Bidaiaren erdian ezagutzen du Kalipso ninfa, eta maitatzen du gorputz eta arima, baina itzuli egin nahi du, hala ere. Kalipsok dena ematen dio, amodioa, etxea, babesa, betiko bizitza ere eskaintzen dio, harekin geratzen bada. Baina ez, Ulisesek Itakara itzuli nahi du, Peneloperengana. Ez du betiko bizitza nahi, lurreko bizitza baino, eguneroko bizitza, menturaz gogaikarria. Alabaina, eta hori ere esan behar da, Ulises Itakara itzultzen den egunean ez du inork ezagutzen, ezta Penelopek berak ere. Txakurrak ezagutzen du, hori bai, eta txikitan izan zuen inudeak, gaztetan ehizan egin zuen orbain batengatik. Horixe izan zen Ulisesek aurkitu zuena itzuleran, ahanztura, espantua. Dena zen desberdin, dena lauso. Mereziko ote zion itzultzeak? Damu izango ote zen? Odisearen ondotik antzinatean bertan idatzi ziren liburu beraren bertsio apokrifoetan, Ulises atera egin zen berriz Itakatik. Kalipsorengana bueltatzeko, ala besterik gabe bere egunak itsasoan amaitzeko, etengabeko bidaia batean, batek daki, baina ontzian sartu eta atera egin zen portutik, ziotenez.

 

 

Gure bidaia luzatzea ez zen lan xamurra izango. Urtebeterako joateak ez zuen zailtasun handirik, beka geneukan, lana, bisa, dena. Baina hori guztia bekarekin batera desagertuko zen. Estatu Batuetatik atera beharko genuen, ez genuen bertan bizitzeko eta lan egiteko baimenik. Beste bisa bat lortu behar genuen, eta horretarako lan kontratu bat behar da, baina laneko kontraturik ez dizute egiten bisarik ez baduzu. Dena dago lotua. “New York gogorra da”, esaten dute newyorktarrek. Hiriak, zu konturatu gabe, trabak jartzen dizkizu. Zuri eta zure familiari. Eta traba horiek gaindituz joan behar duzu, guztiaz nazkatu eta herrira bueltatzen zaren arte. Gutxi batzuk geratzen dira. New York gogorra da.

      Bankuko kontua zabaltzeko zergen historikoa eskatzen dizute, baina nola izango duzu zergen historikoa lehen urtean. Telefono bat erosteko behar duzu gizarte segurantzako zenbakia. Baina gizarte-segurantzako zenbakia lortzeko telefonoa eskatzen dizute. Mediku asegurua eska dezakezu, umeentzako dohainik da. Baina eskatzera joan ginenean esan ziguten hobeto zela ez eskatzea, sistemak gure izenak jasotzen baditu gero ezingo dugula migrazio egoera finkorik lortu. Trumpen garaiak ziren orduan, etorkinentzat are okerragoak.

      Baina, bestalde, New York “lagunkoia” ere bada. Migrarien hiria da, migrariek egin dute eta egiten dute. Migrariek migrariak laguntzen dituzte. Eskolako guraso batzuek, korear jatorrikoak, nahiago zuten hirian geratu inguruko herri batera bizitzera joatea baino. Han arrazakeria handia da. Horren beldur ziren. Baina hiriak ondo hartzen zaitu zentzu horretan, nahi duzun tokikoa eta nahi duzun modukoa izan zaitezke. Elkar laguntza handia dago. Norak Amsterdam etorbideko denda batean erosten zituen bagelak. Konturatu zen bi eskatu eta hiru sartzen zizkiola dendako mutil gazteak. Hasieran pentsatu zuen okertu egin zela, tira hurrengoan ordainduko diot. Zerbait esan nahi izan zion mutikoari. “Ez esan ezer eta segi”, poltsa itxi eta eskura eman zion.

      Unaik estututa galdetu zion amari.

      — Zergatik ematen dizkizu hiru? Zutaz maitemindu da?

      — Ez dut uste, Unai. Zaude lasai. Baina, badaezpada, ez diogu galdetuko, bale? —Norak keinu egin zion begiarekin umeari. Eskutik heldu eta kalera atera ziren.

 

 

Umeak ez du desberdin izan nahi, besteen modukoa izan nahi du, taldeko parte, estimatua, maitatua. Baina batzuetan ezin da. Ezberdina izatea bekatua denean, gainontzekoek onartzen ez zaituztenean. Anaia pozik zebilen asmatutako lagunarekin edo bakarrik jolasten etxean, berba berriak asmatzen. Dena den, amak uste zuen horrek kaltea ekarriko ziola luzera, ez zuela jakingo kideekin elkar ulertzen eta haren jolasetatik atera eta dendara bidaltzen zuen, edo besterik gabe esaten zion joateko kalera, hantxe egingo zituela lagunak.

      Batzuetan zalantza izaten dut gauzak benetan gertatu ziren edo amestu egin ote ditudan, batez ere haurtzaro garaikoak. Eta hau nahiago izango nuen sekula gertatu izan ez balitz, amestu izan banu eta horretan geratu izan balitz, amesgaizto batean. Anaia goiko mailetan zebilen ikastolan, berea izan zen lehen belaunaldia. Ni baino sei urte zaharragoa zen. Eta egun batean ikusi nuen nola joaten ziren haren atzetik ikaskideak patioan. Eta nola anaia ihes egiten saiatzen zen baina azkenean harrapatzen zuten. Eta gero, denen artean, ikastetxearen alboan zegoen zubira nola eramaten zuten, zubiaren punturik altuenera, eta eskegitzen zuten handik, bi oinetatik helduta. Erortzen bazen, ez zen bizirik aterako. Anaiak oihu egiten zuen. Azkenean, kideek berriz igo zuten zubira eta broma bat zela esan zioten.

      Zer egiten duzu halako zerbait ikusten duzunean? Zuk benetan maite duzun pertsona batek halako egoera bat nozitzean? Nik ez nekien non sartu. Erabat geldirik geratu nintzen. Damu izan nintzen haiengana joan ez izanaz eta oldartu ez izanaz mutil handiei. Baina beldurrak gehiago egin zidan. Ez nion ezer esan etxean. Ez genuen hitz egin gertatutakoaz. Amari ere ez nion ezer esan. Urte asko geroago galdetu nion amari anaiak bizi izan zuen hura benetan gertatu zen ala amestu nuen. Eta amak aitortu zidan hunkiturik baietz, egiatan gertatu zela. Garai hartako giro politiko zitalak ez zuen lagunduko, esaten zidan, non erabat markatuta geunden “korrontearen aurka” joatearren. Indarkeriaren alde ez egotea, “komunista” izatea, gauza horiek. Baina ez al zuten ezer egin orduan gurasoek? Eta irakasleek, zergatik ez zuten neurririk hartu? Agian normaltzat hartzen ziren garai hartan gauza hauek, jolas bat baino ez ziren erasotzaileentzat. Horietako asko gogoratu ere ez dira egingo. Baina ongi dakit anaiari bizitza aldapan gora jarri ziotela “broma” horiek, gainditzea zaila izan duela, eta nekez kendu duela gainetik desberdin izatearen zama hori, maitatua ez izatearena, parte ez izatearena.

      Eta nik ere ezin dut burutik kendu irudi hori. Bera sufritzen, eta ni isilik.