Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
aurkibidea
 

 

8

 

 

Edith Wynnerrek 43. kutxan gorde zituen Hagako Emakumeen Nazioarteko Kongresuko paperak. Bilkura hura 1915eko apirilaren 28tik maiatzaren 1era izan zen. Holandako feministek egin zuten deia mundu zabaleko emakumeak biltzeko bertan, gerrari erantzun bateratu bat emate aldera. Lubakietako bi aldeetan zeuden herrialdeetako aktibistak deitu zituzten, eta baita neutralak zirenetakoak ere bai. Estatu Batuetako Jane Addams feminista ezaguna hautatu zuten hura dena bideratzeko idazkari nagusi gisa. Rosika Schwimmerrek Hungariaren izenean parte hartu zuen eta bidaide izan zuen bere adiskide berria, Lola Maverick Lloyd.

      Kazetariek, beste behin, New Yorkeko McAlpin hotelaren atarian galdekatu zuten Rosika Emakumeen Nazioarteko Kongresura joatekoa zela jakin zutenean. Berriemaileak bata bestearen gainean zeuden, guztiak ere gizonak, eta galderak sinesgogortasunetik eta mespretxutik sortuak ziren. Zernahi gisaz, Rosikak ondo ikasia zuen lezioa eta ez zen gehiegi luzatu. Esaldi bakar batean laburbildu zuen bere pentsamendua. “Entzungo gaituzue, ez goaz soilik hitz egitera, eragitera goaz”, eta espaloian behera desagertu zen beraien artetik bidea eginez.

      Rosika ez zegoen prentsarekin luzamenduetan galtzeko prest. Beste kezka batzuk zituen buruan. Lolarekin geratua zen Hagarako bidaiaren nondik norakoak zehazteko.

      — Badakizu —aipatu zion Rosikak—, Jane Addams eta enparauak Noordam izeneko ontzian doaz. Egunak arintze aldera, eta, bide batez, kongresua prestatzearen kariaz, lantegiak eta hitzaldiak antolatu dituzte itsasontzian bertan. Ikusi dut zerrenda eta...

      — Eta?

      — Ezin zuela talde aspergarriagorik aukeratu... —Lolak irribarre egin zion—. Zer deritzozu gu beste ontzi batean joaten bagara? Frederik viii izeneko baporea har genezake eta Eskandinavian barrena iritsiko ginateke Hagara. Agian luzeagoa izango da ostera baina...

      — Baina ez gara aspertuko!

      — Bestalde, badakizu Catten berria? —gaiz aldatu zuen Rosikak.

      — Zeozer gertatu zaio?

      — Ez doa.

      — Ez esan! Bigarrenez egin dizu kale? —barre egiten zuen—. Hasieran Wilsonen elkarrizketa izan zen eta orain hau.

      — Alemaniar itsaspekoen beldur omen da eta ez du bidaiatu nahi. Zer gerta ere.

      — Bai, bai. Zer gerta ere —eskua kokotsean jarrita errepikatu zuen Lolak.

 

 

Ez zen bidaia barea izan. Bi ontziek izan zituzten trabak Herbehereak aldera iristeko. Frederik viii alemaniarrek gerarazi zuten Ipar itsasoan eta goitik behera miatu. Noordam ontzia, aldiz, britainiarren armadak egin zuen atxilo, luzaroan gainera; hainbeste, ezen Jane Addams doi-doia iritsi baitzen, apirilaren 28an bertan, kongresua zabaltzera.

      Bidaia hasi zenetik, Rosikak eta Lolak ordu asko igarotzen zituzten elkarrekin kongresurako ebazpenak pentsatu eta idazten eta senarra muturtu egin zitzaion sarritan Lolari, denborarik eskaintzen ez ziola aurpegiratuz. Emakumea lanpetuegia zegoen senarrari begira egoteko.

      — Nahikoa da —esan zion senarrak Lolari, afalostean Rosikarekin bildu behar zela esan zionean.

      — Aizu, ez gaude txango erromantiko batean. Bidaia honen helburua kongresua prestatzea zen eta gurekin batera etortzea erabaki zenuenean bazenekien nora zentozen.

      Kamaroteko atea indarrez itxi eta alde egin zuen Henryk. Geroztik, bakoitzak bere aldetik egingo zuen bidaia.

      Burumakur aurkitu zuen Lola Rosikak.

      — Zer duzu?

      — Ezer ez, betikoa. Gizona eta umorea. Gero eta okerrago gaude. Badakizu zenbat egunez egon zen iaz etxetik kanpo? 80 egunez. Zenbatu egin dut. Ez nekien non zegoen ere. Baina ez dizut penarik kontatu nahi. Zer berri dugu kongresuari buruz?

      — Gauza onik ez. Prentsak egurra eman digu.

      Prentsaren titularrak jasotzen zituzten telegramak zituen Rosikak eskuan eta ahoz goran irakurri zizkion Lolari.

 

            “Blundering Englishwomen”

                  (Emakume hanka-sartzaile ingelesak, Daily Graphic)

            “Folly in petticoats”

                  (Azpikogonadun txoroak, Sunday Pictorial)

            “This mischievous and futile committee”

                  (Talde bihurri eta alferrekoa, Globe)

            “The babblers of this country”

                  (Herriko motelak, Evening Standard)

            “This shipload of hysterical women”

                  (Ontzibete emakume histeriko, Globe)

            “These feminine busybodies”

                  (Emakume sudurluze hauek, The People)

            “Pro-Hun Peacettes”

                  (Alemanen aldeko bakegistak, Daily Express)

 

      — Gizonak... —atera zitzaion erdeinuz Lolari.

 

 

Kontrako giroari aurre eginik, mila eta hirurehun emakume elkartu ziren Hagan, hamabi herrialdetako ordezkariak; horietarik sei gerran zeuden (Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Austria, Hungaria eta Belgika) eta beste sei neutralak ziren (Estatu Batuak, Kanada, Holanda, Suedia, Norvegia eta Italia). Hastapeneko egunean hartu behar zuen hitza Rosikak. Lolak besotik helduta geldiarazi zuen, agian esan beharrekoa moldatu beharko zuela pentsatuz.

      — Berri txar bat dut. Gaur jakin da zenbat hildako egon diren Flandrian. Kopurua ikaragarria da, milioi bat soldadu hil dira.

      — Zer? —Rosikak ezin zuen sinetsi, milioi bat gazte hilda, sekula ez zen horrelako sarraskirik gertatu.

      Rosika eserlekutik altxatu zen eta, odol-bainuaren larritasunak zeharo hunkiturik, mintzaldia inprobisatu zuen, doinu sakon eta biziz. “Gu guztion semeak dira Flandrian hildakoak. Gure semeak, milioika gazte noizbait itxaropenez beteak, ez dute berriz eguzkia aurpegian sentituko, ez dute gozatuko ostera ere ilargi betearen ederraz, horiengatik eman behar dugu dena, eta oraindik etsi ez duten horien alde ere bai, egin behar dugu zerbait gehiago...”. Hildakoen aldeko minutu bateko isilunea eskatu zuen gero. Bukatu zenean, burua jaiki eta hitz egiten jarraitu zuen.

      “Gerrara doazen gizonei kemena eskatzen zaie, guk ere askotan gehiegi baloratu dugun kemena. Baina zer da kemen fisikoa kemen moralarekin alderatuz? Kemen fisikoa mundua zapuzten ari da, gizatasuna ertz batera eraman du.

      Eta guk, emakumeok, erabakitzen badugu kemen etikoa eta morala gorestea, orduan hauxe esan behar dugu: ez diegu begiratuko armadetako buruei, ez diegu begiratuko munizio egileei, medioetako lider pozoitsuei ez diegu begiratuko, ez diegu begiratuko enperadoreei, erregeei ezta presidenteei ere. Behatu soilik sufritzen ari diren gizon eta emakumeen bihotzetara, horra begiratu bakarrik, eta garrasi egin!

      Militarismoa ez dago borrokan ari diren gazte horiengan, militarismoa dago legeetan eta erakundeetan, militarismoa dago gerrako barkuetan, hegazkinetan eta zepelinetan... Azken soldadua hiltzen denean ere militarismoak jarraituko du. Eta odola isurtzen ari diren gure seme horiengatik esan behar dugu: gerra geratu. Eta ezin dugu onartu batzuek esaten dutena, gerra amaitu behar dela, baina geroago. Ez, gerra bukatu behar da orain! Gerorik ez dago, bakarrik oraina, emakumeok, orain geratu behar dugu gerra”.

      Alboan eserita zuen Austriako kideak papertxo bat pasatu zion Rosikari. Bere baitan irakurri zuen idatzita zetorrena:

      “Horrela jarraitzen baduzu ez zara sekula Hungariara bueltatuko. Inperioa antimilitaristak atxilotzen ari da”.

      Begietara begira gelditu zitzaion kideari, ukabilarekin papertxoa zimurtu zuen bitartean.

      Kongresuko egun horietan oso ordu gutxi egiten zituen lo Rosikak. Batarekin eta bestearekin biltzen zen ebazpenak adostu eta aurrera ateratzeko. Hasierako egunak ondo joan ziren, arazorik gabe onartu zituzten emakumeek hark idatzitakoak. Dena den, ebazpen horiek asmoen aitorpenak baino ez ziren. Eskatzen zena zen gerran zeuden herrialdeek su-eten bat egin zezaten, bakeari aukera bat emateko. Gerran ez zeuden herrialdeei, aldiz, bitartekari gisa saiatzeko deia egiten zitzaien. Aho batez onartu ziren. Baina Rosikari otutzen zitzaion hori dena, urrats bat aurrera izanik ere, ez zela nahikoa gerra gelditzeko. Asmo hutsean geratuko zen, paperetan, agintariek ez zuten atzamarrik mugituko. Zirt edo zart egiteko egun bakarra geratzen zen, kongresuko azken eguna. Bere ezinegona adierazi zion Lolari bezperako iluntzean.

      — Orain arte hitz onak baino ez ditugu lortu, Lola. Baina hitzetatik ekintzara igaro behar dugu. Ezin gara gerraren aurkako adierazpen hutsetan geratu —eta azken ebazpenaren xehetasunak azaldu zizkion Lolari.

      Lolak adi entzun zituen bere lagunaren asmoak, eta burua goratuz eta ezezkoa eginez, aitortu zion:

      — Laugarren ebazpen hau ateratzea ez da erraza izango, Rosa.

 

 

Kongresuko azken egunean, egunsentian, Lolaren gelatik ateratzen ikusi zuten Rosika. Gau osoa igaro zuten elkarrekin lanean laugarren ebazpena pentsatu eta idazten. Paper zirriborratu batzuk eskuan sartu zen bilera gelara eta, saioa hasi orduko, Jane Addams idazkariak galdetu zuenean inork ba ote zuen zerbait gehitzeko kongresua itxi aurretik, Rosikak eskua altxatu zuen.

      — Azken ebazpen bat aurkeztu nahiko nuke.

      — Ados, hiru minutu baino ez dituzu.

      Rosika ebazpena irakurtzen hasi zen, urduri.

      “Emakumeen Nazioarteko Kongresu honek eskatzen du odol isurketa hau behingoz gera dadin, munduko gobernuak negoziatzen has daitezen. Horretarako, kongresu honek mandatariak bidaliko ditu hala gerran dauden nola neutralak diren gobernuetako ordezkariekin hitz egitera, lehenik eta behin Estatu Batuetako presidentearekin.

      Ordezkari horiek emakumeak izango dira, soilik emakumeak, kongresu honek hautatutako andrazkoak”.

      Zurrumurrua egin zen nagusi gelan. Gauzak argiago esan behar zituela sentitu zuen Rosikak.

      — Esan nahi dut, ordezkariak bidaliko baditugu ez da izango soilik gure ebazpenak irakur ditzaten, zirt edo zart egiten duten ikusteko baino.

      Lolak hartu zuen txanda jarraian, Rosikaren proposamenari sostengua emateko.

      — Egia esango dizuet. Ni ausartuko nintzateke tsarraren aurrean hitz egitera, baina Jane Addams etxera datorkidan bakoitzean dardarka jartzen naiz. Nork esango dio ezetz Janeri edo bera lako batzuei?

      Jane Addams bera eta gainontzekoak barre-algaraka hasi ziren. Jarraian, suediarren eta Italiatik etorritako ordezkariaren babesa jaso zuten Rosikak eta Lolak. Halarik ere, ez zegoen ezer erabakitzerik britainiarren iritzia jakin gabe, pisu handia baitzuen haien ordezkaritzak. Mundu guztia geratu zen haien erreakzioaren zain.

      — Uste dut ebazpen hau erabat ezinezkoa dela —esan zuen britainiarren bozeramaileak—. Schwimmer anderea izan ezik, horren alde agertu diren guztiak herrialde neutraletakoak zarete. Baina beste gauza bat da gerran ari diren agintariekin hitz egitea. Ni ez nabil, beste batzuk bezala —Rosikari begira jarri zen—, zuen bihotza ehizatu nahian. Bihotzaz baino buruaz fidatzen naiz ni. Buruarekin pentsa ezazue eta ohartuko zarete berehala ideia hau burutzea ezinezkoa dela, eta gerra geratzen ere ez duela lagunduko. Ez nuke nahi kongresu honek asmo onekoa bai baina erabat bideraezina den ebazpenik onartzea.

      Alemaniarren ordezkariak britainiarrekin egin zuen bat:

      — Gainera, oso zaila izango zen horretarako prest dauden emakume esanguratsuak aurkitzea...

      Rosikak besoa altxatu zuen.

      — Minutu bat, Rosika, minutu bat —erregutu zion Addamsek.

      — Buruaz ari zara. Baina buruak ekarri gaitu egoera honetara, buruak hil ditu milioika pertsona. Ahaztu buruez, hitz egin diezaiegun gure bihotzei. Zergatik ez saiatu, emakumeok, enperadoreekin hitz egiten, arrisku bakarra ezezko bat jasotzea denean?

      Oihuak zabaldu ziren gelan, “entzun Rosika, entzun, entzun”.

      Onartu egin zen azkenean ebazpena. Britainiarrek, galtzaile onak zirela erakutsiz, beraiengan hartu zuten gehiengoaren iritzia. Ez hori bakarrik, beren burua aurkeztu zuten bidaia horietan balizko ordezkari izateko.

      The New York Times-ek egun hari buruz egindako kronikak jaso zuenez, “estrategikoki kokatutako zenbait mila Rosikak gerra geldiaraziko lukete”. Munduan zabaltzen ari zen haren irudia. Hala eta guztiz ere, poz horrek bazuen bere ifrentzua. Haren fama Austrian, Hungarian eta Alemanian zabaldu zen eta zaila izango zuen Hungariara itzultzea, izan ere, alemaniarrak ari ziren dagoeneko bakegileen aurkako neurri gogorrak hartzen. Austria-Hungariak bide beretik jarraituko zuen.

      Gainera, eta hau okerragoa zen, burumakur ikusten zuen Lola.

      — Zer duzu, laztana?

      — Senarra Kanadako ordezkari batekin oheratu da.

      — Zer?

      — Halaxe da, gu lanean ari ginen bitartean berak ez du astirik galdu. Ezin dut sinetsi, kongresuko kide batekin ligatu du nire muturren aurrean!

      — Zerria.

      — Hau bai ez diodala barkatzen, Rosa. Dibortzioa eskatuko dut.

      — Itxaron. Ez hartu erabakirik beroaldian. Agian ez da uste duzuna.

      — Beroaldian? Uste dudana? Lehenengoa balitz, urteak daramazkigu horrela. Baina ez nuen uste denen aurrean egingo zuenik, hau gehiegi da... —Rosikak zer esan jakin ez eta eskuarekin estali zuen musua—. Lau seme-alaba ditut, ez dakit nola egingo dudan, Rosika, nik bakarrik...

      — Ez zaude bakarrik, nirekin zaude.

 

 

Gelakideek antolatutako Ama eta Alaben Irakurle Klubean eman zuten izena Norak eta Anek. Hileko bigarren larunbatean, ikasgelako amak eta alabak biltzen ziren gurasoetako baten etxean, aurreko hilabetean hitzartutako liburua komentatzera. Liburuaz hitz egiten zuten eta baita goxoak jan ere. Taldea erabat askotarikoa zela ohartu ziren berehala: britainiarrak, juduak, afro-amerikarrak, asiar amerikarrak, latinoamerikarrak, australiarrak...

      Lehen hitzorduan Kirkpatrick Hill idazlearen The Year of Miss Agnes liburuaz aritu ziren. Nola iristen den irakasle berri bat Alaskako herri txiki batera eta umeen bizimodua nola aldatzen den. Liburuan, hamar urteko haur batek kontatzen du nolakoak ziren eskola eta herria 1948. urtean, Miss Agnes irakasle berria ailegatu zen arte.

      Gehien zer gustatu zaien galdetu zutenean, Anek eskua jaso zuen. Oraindik ez zeukan ingelesez hitz egiteko erraztasunik, baina lotsa ere gutxi. Zutitu eta esan zuen:

      — Kostaldeko herri txiki batean bizi direla. Ni ere horrelako batetik nator. Eta arrain usainari buruz esaten duena guztiz egia da. Nik gorroto dut arrain hatsa!

      Barre egin zuten gurasoek, denek Norak izan ezik.

      Umeak jolastera joan ziren geletara gero, eta amek mimosa batzuk edaten luzatu zuten mahaiko solasa. Eskolak gaztelaniaz eta ingelesez ematen diren lerroan zebiltzan irakurle klubeko amen umeak, gureak bezala. Kexu ziren ez ote zuen udalak aukera hori itxiko, elebitasuna ez omen dute maite. Protestak ere antolatu ziren udal egoitzen aurrean.

      — Aprobetxatuko dugu kartelak egiteko? —esan zuen ametako batek, Karibe aldean jaiotako emakumeak, mimosak eragindako umore onarekin.

      Ondo hartu zen ideia, eta, konturatu baino lehen, Norak amaitua zuen eleaniztasunaren aldeko kartel bat.

      — Ezin dut sinetsi —aitortu zuen Norak—. Gaztelaniaren aldeko kartelak egiten ari naiz. Euskal Herrian gaztelania erabat indartsua da eta euskara babesten dugu, ahulagoa delako. Eta hemen, arrazoi beragatik gaztelania defendatzen ari naiz. Ikusiko banindute...

      Bilera bukatu eta igogailurantz zihoazela, Norak Aneri galdetu zion ea zer moduz moldatu zen ingelesez, ea ulertzen zuen.

      — Ondo, ama, baina, gauza bat sentitzen dut eta ez dut nahi gertatzerik.

      — Zer?

      — Euskararen gelan ingelesa ari da sartzen.

      Igogailua hartu zuten gero. Gizon bat zegoen barruan botoiei eragiten. Isilik egin zuten beherako bidea.

      — Ama, zer egiten zuen gizon hark igogailu barruan?

      — Botoiei eragin. Hori da bere lana.

      — A ze lan arraroa. Eta zenbat aldiz esan behar du “egun on” eta “agur” egunean zehar?

      — Bada, milaka.

 

 

Unaik eta biok, bitartean, liburutegian pasatu genuen arratsaldea. Nire bulegoan egon nahi zuen, kosta ahala kosta, nire mahaian eseri eta hango ordenagailua probatu. Larunbata zenez, eta ez zenez bulegoetan jende askorik egongo, kuxkuxeatzeko aukera ona zen.

      Semeak badu joera makinen funtzionamendua barrutik aztertzeko. Bi urterekin pertsiana bat igotzen eta jaisten egon ahal zen luzaroan. Edo garbigailua jartzen zuen martxan eta hari begira geratzen zen.

      Zebra-bidean geldirik, semaforoko botoia sakatzea saihetsezina egiten zaio. Gorrian badago, “wait” esaten du ahots batek. Bada Unaik behin eta berriz ematen dio botoiari, wait, wait, wait... argia berde jartzen den arte. Emakume batek agiraka egin zion halako batean, uzteko botoia bakean, behin sakatuta nahikoa zela. Harrezkero, zebra-bidean gaudenean albo batera eta bestera begiratzen du ea inor dagoen eta gero, tak, botoiari ematen dio di-da batean.

 

 

Luzaroan egon ginen bulegoan, aire egokitua jartzen zuen eta gero itzali.

      — Aita, badakizu zein den aire egokiturik onena?

      — Ez ba.

      — Friedrich. Hori da marka onena. Baina zure bulegoko hau modelo zaharra da. Badaude berriagoak.

      — Baina nola dakizu hainbeste sei urte mokorekin? Friedrich izeneko margolari bat ezagutzen dut, hori bai, baina makinei buruz gutxi dakit.

      — Bada fijatu egin naiz. Etxean, eskolan, dendetan, tabernetan ze aire egokitu dauden. Eta Friedrich da onena. Horregatik Friedrich markako aire egokitua jarriko dugu gure jatetxean ere. Aukeratu dut dagoeneko lokala.

      — Jatetxea?

      — Bai, zuk egingo duzu lan sukaldean eta nik zerbitzatu. Oso sukaldari ona zara. Eta lokal bat libre ikusi dut Columbus etorbidean, Saffron. Jatetxe indiar bat izan zen eta itxita dago orain. Baina aproposa da euskal jatetxe bat jartzeko. Oso argitsua da. Mahai handiak jarriko ditugu oholezkoak. Telefono bat dago atean alokatu nahi duenarentzat: 2127246363. Deituko duzu hemendik?

      — Hemendik?

      — Bai. Zure bulegoa da. Lasai dei dezakezu eta alokatu.

      — Itxaron, baina. Gauzak ez dira egun batetik bestera erabakitzen. Pentsatu behar dugu pixka bat...

      — Ados. Arazorik ez. Bihar deituko dugu.