Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—VIII—

 

— Azkar ez dabilena lehoiak jaten dik!

        Ñengé beti dago prest hurkoa eskolatzeko. Nire azken arrangurak uxatu uste izanen ditu, bere maisutza erakutsita lo bezala jarraitu du autoa ezinean gelditu den arte.

        Pontxatu egin diagu?

        — Noski, signore, heure aldekoa gainera, harritzekoa denez!

        Izerditu naiz, baina aitor dezadan Ñengé ere saiatu dela aginduak eta aholkuak ematen. Abiatu gara ostera. Ez luzean, aldatutako kurpila blokeatu egiten da.

        — Gaizki ipini duk!

        Ez nikek hire ugazaba izan nahi, konpai. Gelditu dut ostera, lasaitu ditut tuerkak, atera dut katua, jaso dut autoa, askatu dut kurpila, alderatu dut beste hiruekin, berdina dela ikusita berriz ipini dut Ñengéren behako zorrotzaren pean. Filmeak atzera egin du ostera proiekzionista jolasean ari balitz bezala eta benetan sentitu naiz barregarrizko filme baten protagonista, Laurel & Hardy ez bagara haien hurrengo. Batez ere autoa berriro blokeatu denean.

        — Arraioa, zer egin behar diagu!

        — Azkar ez dabilena lehoiak jaten dik!

        Heriosuhar ekin diet tuerkei, katuari, kurpilari, atera dut, luzatu diot nire lagun izutuari eta behingoz agindu egin diot:

        — Har ezak kurpil zahar hau, llanta okertua zegok eta trabatu egiten duk, eraman itzak hau eta pontxatutakoa hurbileneko pontxerara, eta alda ezak ordezkoaren kurpil ona pontxatutakoaren llanta onera, oka?

        — Errukigarri hago benetan, blai eginda hago...

        Lada bat gelditu zaigu, Cienfuegoseko enpresa batekoa da, hiru lagun gazte dira eta pozarren lagunduko digutela. Sartu da Ñengé bi kurpilekin.

        — Ez nihoak lasai, hi hemen bakarrik utzita...!

        — Beldur haiz ñañigoek janen ote nauten?

        Barre egin behar izan du, eta barre egin dute hiru gazteek ere. Aldegin dute eta bakarrik utzi naute. Utzi banaute utzi naute. Gautu du. Ezin dut irratia entzun, aldatu beharraren harat-honatetan Ñengék gorde du giltza, kontaktoa ipini gabe ez da bizten.

        Kirkirrek biztu dute irratia.

        Ñañigoek ez baina jejenek naute janen.

        Saunan sartu behar izan dut, hobe dut itota hil ziztadaka baino.

        Iluna dago oso, urrunean argiren bat ikusten dut, ahula, eta kokuyoena, hemengo ipurtargiena, bazterrean ugari. Bikote bat pasa da auto ondotik. Auskalo nondik datozen oinez eta noraino doazen. Noizean behin, bizikletaren bat. Autorik gabeko autobide bat eta hegokorear herren bat bazterrean ordezkagarri egokirik ez dagoelako. Hau ere Kuba da, menturaz hau da Kuba.

        Heldu dira noizbait. Espero ez bezala, kurpila konpondua dakarte. Oso jator portatu omen dira pontxerakoak, arrazoia nuen, llanta okertua zeukan ordezko kurpilak, zelako kabroiak agentziakoak, etorria dauka Ñengék. Baietz egiten diote gazteek, konpondu beharreko asko dago hemen. Beharrik munduko mekanikaririk onenak ditu Kubak, eskasiak artista bilakatu ditu. Argi egin didate kurpila alda dezadan. Froga egin dut, autoa badabil. Eskerrak eman dizkiet hiru fula emanda. Elkarri laguntzeko gaude, badakizu:

        — Ez duk erraza, konpai, ez duk erraza!

        Ladak ezin du abiatu. Argi emanez ahitua izan behar du zeukan bateria apurra. Ez didate kasorik egiten, kapota ireki eta barnean miaka hasi dira, eta ezagun dute ez dakitela fitsik. Hurbildu natzaie, umoreko.

        — Nik uste diat zera dela...

        Ez didate amaitzen utzi:

        — Zera, aberri ama sobietiko handiaren oparia!

        Ez gorrotoz hala ere, umorez nik bezala. Biraorik ez errusiarrentzat. Errespetu bat bezala. Maitasunik, ez dut uste. Itxi dute kapota. Gure argi hegokorearrean erakusten dizkiogu eskuak elkarri, koipez zikinduak.

        Granma daukat autoan.

        — Ez, utzi...

        Eta belarrarekin garbitu ditugu eskuak. Ladaren atzean paratu gara eta bulka ekin diogu. Arrankatu du. Adio, burkideok.

        — Hi... Zergatik ez zizkiaten eskuak garbitu nahi Granmarekin?

        Ez dit ulertu, edo ez du erantzun nahi. Zehaztu egin diot, ausartu egin naiz:

        — Egunkari ofiziala ez zikintzearren, ala eskuak ez zikinagotzearren?

        — Biztu eta goazemak!

        — Heuk daukak giltza!

        — Nik? Bai zera...! A, bai, hemen zegok! To!

        Ez zaigu bateria ahitu, abiatu gara. Galdera berritu diot.

        — Biengatik!

        Noski, noski, euskalduna, oraindik ez duk ikasi erantzun egokiak asmatzen, ez haiz hi izanen Habanako beltz bat urduri jarriko duana! Eta euskaldun progre bat balitz bezalaxe hasi zait, atzerritarraren aurrean bere herritarren zabarkeria gaitzesten duela etsiturik:

        — Motell! Hau duk Kuba! Zelako herria!

        Kubako Ekialdeko Armada eta Kubako Mendebaldeko Armada elkarren lehian ari dira malobretan Camiloren Metraileta nork irabaziko, informatzen du Guanabá Irratiak.