Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—IV—

 

Londresek badu Hyde Park, Parisek badu Bois de Boulogne, Madrilek badu El Parque del Retiro, eta Habanak badu Lenin Parkea. Hemen daude Zooa, Lorategi Botanikoa, Expocuba eta Leninen beraren monumentua, Otxarkoagakoarekin batera munduan geldituko den bakarretakoa. Cheren ideia izan omen zen parke hau egitea. Bertara zihoan tren txipia ez dabil, eta aintzira gaineko antzezleku mugikorra herdoilak jana dago. Hala ere, ez Londresek ez Parisek ez Madrilek izanen dute inoiz halako parke zabal, dotore, zaindu eta librerik. Ikusgarriak dira igandeetan bazterrok, gazteak zaldian ikasten, umeak pilota jokatzen, familia osoak zuhaitz zoragarrien orpoetan bazkaltzen, bikoteak europar lotsatiak bezala zoko gozoen okupa egiten. Ez Londresek, ez Parisek, ez Madrilek izanen dute inoiz Lenin Parkea bezalakorik, B. bat ez daukatelako nire zain: dolar bat gehiago eman diot sasiko taxiari, doala, utz nazala, suntsi dadila, gainera baitatorkit bizikletan eskua inarroska, eta laster hasiko zait, ohi duen bezala, mattezko berbetan oihuz, eta lotsatuko nau.

        — ...Txitxarea, hemen haiz! Kapitalista zerria! Hik ez daukak egoera berezirik! Euskaldun inpotentea! Zapaltzailea! Ni ez nauk nolanahi erosiko...! Txinito! Kandanga!

        Isilik dator ordea. Baldin bizikleta hartan datorrena B. bada. Oihuka hasi behar luke jada. Ez da B., L. da. Badugu zer edo zer. L. da, bai, B.ren lankide bat.

        — Euskalduna!

        Bostekoa luzatzen dit bizikleta guztiz gelditu baino lehen.

        — Kaixo, L.! Zer moduz!

        Bizkarrean jo naute arin. Gurdiduna da, oraindik aldegin gabea, kainabera eskaintzen didala leihatilatik.

        — Barruan ahantzi zaizu...

        Ez dut hartu ahal izan, L.k kendu dio eskutik neuk hartu ahal dezadan baino lehen.

        — Ekarri diok...! Poztuko duk etortzen denean!

        — Mendian zebilek berriz?

        — Boluntarioak eskatu ditiztek, badakik nolakoa den B...

        — Noizbait!

        — Nola noizbait!

        — Noizbait ordaindu behar zioan zergatxoa Iraultzari... Eta hik, noiz?

        Ongi iruditzen zait Alderdikoa izateak, presiopean bada ere, zerga gogor xamar bat izan dezan. Baina seriostu egin zait L.

        — Atzo bertan joan huen, Camaguey-n zeukak basea.

        Labana bihotzean. Titulu txarra poema baterako. Baina labana nonbait hemen barruan.

        — Baina...

        — Abenduan etorriko omen hintzen...

        — Aukera eman zidatean, kronika batzuen truke bidaia ordaindua...

        Zafra hasia duk... Zergatik ez huen deitu etorri baino lehen!

        — Zer? B. zafran dagoela?

        Poema bat dun hauxe, ni honaino etorri (kainabera batekin, izorrai!) eta hi bahoa zafrara. Hondatuko zaizkin eskutxo lizun horiek. Eta ni zimeldu eginen naun.

        — Zorro bat utzi zidak apunteekin hiretzat! Ez duk liburutegietarik irteten, zoratua daukak neska hori, euskalduna!

        Apunte bila etorri ote naiz ba? Fidel, burkide, neska horrek ezin du zafrara joan, ikusi behar zuen lehen kainabera artifiziala da, Taiwanen egina eta Europatik ekarria... Fidel, neska hori intelektual bat bilakatu dut, ez daki matxeteari heltzen, ez du gauza onik eginen, liburuak irakurri behar ditugu elkarrekin, arrantzan irakatsi behar diot...

        — Noiz arte gelditu behar duk?

        — Ez zekiat... Ez diat presarik.

        — Etxeko giltza, to!

        — Ez...

        — Euskalduna, ezagutzen duk B., haserretu eginen duk, eta nirekin ere bai!

        — Esaiok eman didaala...

        — Baina auzoek, CDRkoek... denek esanen ziotek ez haizela etxean egon.

        — Badakik, konpai, euskaldunak hitza hitz: ez!

        Irriño maltzur bat marraztu zaio L.ri, gizonezkook ongi ulertzen dugu elkar Kuban...

        — Hotelera, e?

        — Hain zuzen!

        — Hobe duk B.k ez jakitea, burkide! Begizkoa eginen dik!

        Gezurretan ari naun, ez naun hotelean geldituko, ez behintzat saio bat egin gabe... Baina nahi niken Habanako hoteletan nabilela pentsa dezanan... Ezagutzen haunat, B.

        — Hator Zentrora, lagunak hire zain zeudek!

        Urteak ziren ez nintzela bizikleta baten parrilan jesartzen.