Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Jauntxoa

 

Gogait eginda zeukan gerizak. Izan ere... Ez, ez gaitezen entrometi bikote baten isilekoetan: plater zikinak dutxapera. Moztu eta paretan itsatsi zuen Lorea Gernikak, despeditutako laugarren senarra balu bezala. Laster eraitsi behar zuten ondare katalogatutako lantegi baten paretan, hemen berton, Durangon. Hurrengo goizean egin zion bisita. Zer ikusi dun hor bart, ilunpean urtuta zelatari? «Sekulakoa!». Horixe besterik ez zion gerizak erantzun. «Izutzekoa!». Orduan geriza paretatik kendu eta Lorea Gernika bera geratu zen lantegi bikainaren ate nagusiaren ondoan, herriko gazteek egin margolana iduri. Jakin behar zuen berak ere, ikusi behar zuen berak ere. Adio barik urrundu zitzaion geriza. Arratsa ez zen Lorea Gernikak gura bezain arin heldu. Sekulakoa? Izutzekoa? Hurrengo hamabi egunetan euria egin zuen, langarra, gexala, matutsa, jasa, truxala, erauntsia, bustitzearen aldaera bakarra barkatu barik, etenik ez, argi printzarik ez, bero hatsik ez. Eta gaua ez zen gaua, belun bustia baizen. Aspergarria! Higuingarria! Atertu zuen halako batean. Han zetorren bere geriza. Ez bakarrik baina. Jauntxo dotore batekin besorik beso, kasik musurik musu. Bazakinat utzi egin behar nindunala. Berak moztu eta abandonatu izan ez balu bezala. Guztiok dauzkagun aldarte petralak izaten ditu Lorea Gernikak. Ezer ez da betiko, partikularzki betikoa bihurtzen denean. Mihia erakutsi zion gerizak, eta osteratxoa jarraitu zuen bere jabe dotorearekin: hari emona zegoen bihotzez. Eta eguzkiak gustagarri jotzen zuen arren, Lorea Gernika paretan geratu zen hormaturik, beldur. Sekulakoa. Izutzekoa. Burua aldatzeko aukera izan zuen behin, eta ez zuen aldatu. Belarriak kendu eta jaurti egin zituen harroaldi batean, bai, baina geriza ez liteke hazi kendutako belarriak ostera hazten diren bezala. Eta horren beldur da orain, horrek dauka aztoratua, zelakoa izanen ote den egun eta eguzki atxikiko zaion zaindari berria, zer gimnasiatara behartuko duen, zenbat jarrera gaitz ikasi beharko dituen... Bizitzaren aurka egiteko balira, bederenik!