Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Berokia

 

Inoizko hartan karrikan fistua entzun eta itzuli egiten zuen burua, xalo, barrez, eskua luzatuz edozein zokormazori esker oneko agurra eginez. Gero, adin ustetsua iragan zuelarik, xarmatzailea izatea erabaki zuen. Ez zizun burua itzuliko fistua birritan eginagatik. Fistua entzun eta, gizonezkoek berari, Santurtziko kale-plazetako mirabe politenari gizonezkoek egin miresmenezko fistu sarkorra entzun eta burua ez itzultzea, apeta bortitz baten aurkako borroka izan zen. Gogorra zinez ardia edo zakurtxoa ez izatea. Baina esker gaiztokoa, harroa, estua izaten saiatu zen. Ahaleginak bazeukan meriturik, onar dezagun. Lortu zuen, bai, fistuak isiltzea, burua itzultzen zutenak, bera barik, gizonezkoak izatea: baforearen brankak lez apurtzen zituen albo banatara espaloiak betean zetozen mutilen eta mutilagokoen koadrilak. Zelako branka izan ere, zelako goraztea, Lorea Gernikarena!

        «Beroki bat merezi dut!».

        Beroki bat benetakoa. Kontserba fabrikako eta hainbat udalanetako soldatak metatu zituen hartarako. Bilboko Gran Vían zegoen larrudenda alemanean sartu zen noizbait. «Lehengo astean don Biktor Txabarriren alabak probatu zuen, baina hau beroki hau zure begirean zegoen. Zuretzat egina da, ez dago dudarik!». Osatua zeukan dirua, tamalez, apurra zen halakorik erosteko.

        Ez karurik ez merkerik: protestatzearren, berokirik gabe ibili zen neguaren minenean.

        Orain ilusioz beterik Uhainari erakusten dionaren lako bat jantzi nahi zuen orduan Lorea Gernikak.

        — Zure aitak ekarri zidan, Moskura egin zuen lehen hegaldian erosi zuen.

        Karrikan fisturik inoiz egin ez dioten arren, Lorea amamaren goraztea daukala entzun behar izaten du sarritan Uhainak. Baina ez du sinesten. Total bestelakoa da.

        — Amama, zuk hau, zuk hau jantzi izan duzu inoiz?

        Baietz, sarritan gainera. Adibidez? Adibidez, zer. Esateko nora joateko jantzi izan duen zarpatzar hori, posible ote den horrekin inon azaltzea.

        — Inora joan behar da orain horrelakoa janzteko?

        Ispilu aurrerako jantzi ohi du Lorea Gernikak hogei azeri zuriren larruarekin eginiko berokia.

        — Zapata koxkordunak edo txankletak oinetan eta hauxe beste arroparik soinean ez duzula ispiluaren bistan paseatu. Horren hurreko plazerik!

        Eta beste barik alde egin du sukaldera afaria prestatzen, armairu zaharren puskekin atondua daukan zazpi gorputzeko ispiluaren aurrean utzi du biloba. Eta neskatoak atea itxi du poliki, kisketari eman dio. Aitak ez dio inoiz aipatu Moskukorik. Une zirraragarria Uhainarena, tundrako hogei azeri zuriren artean.