Poesia kaiera
Dylan Thomas
itzulpena: Iker Alvarez
Poesia kaiera
Dylan Thomas
itzulpena: Iker Alvarez
2017, poesia
64 orrialde
978-84-92468-97-3
Dylan Thomas
1914-1953
 
 
Hitzaurrea
Beņat Sarasola

 

      Aiurri bereziko artista ugarirekin gertatzen da ez dela sinplea bereizten mitoa eta sortzailea. Kontu zaharra da, gutxienez XIX. mendeko bigarren erditik, artista askoren irudi publikoa gizartearen bazterrekin identifikatu izan baita. Eta artisten artean, nola ez, poetak. Paul Verlaine-k 1984an argitaratutako liburuaren izenburuak (Baudelaireren poema batetik hartua) ondo ematen du aditzera irudi hori: Poeta malditoak.

      XX. mendeko poeta anglosaxoi malditoetarik genuke, beraz, Dylan Thomas. Swansean jaioa 1914an familia aski kultu batean, haren talentu goiztiarrak zein bizimolde ez-konbentzionalak (edanari emana, hamaika eskandalu eragile, diru arazoak) Thomasen mitoa hanpatu zuten; hainbeste ezen, zenbait kritikariren aburuz, poeta aski ezagun eta arrakastatsua izanagatik, haren poesia ez baita berehalakoan ulertzeko modukoa.

      Ezin esan Thomasen poesia muturreko hermetismoetan erortzen denik, baina hizkuntza poetikoa obsesiboki lantzen zuenez (horrekin ere horditzen omen) eta mundu sinboliko berezia osatzen, haren poemek sarri eskatzen diote irakurleari ulermen ahalegina. Iruditeria horren parte dira, alde batetik, Gales jaioterria (nahiz eta maiz ezkutatzen saiatzen zen), eta bestetik, tradizio biblikoa, zeinaren zantzu esplizitu asko topatuko dituen irakurleak poemotan. Erkaketa harrigarriak egiteko gai zen (antologiako lehen poema kasu, Bihotzaren eguraldiko prozesu batek), eta horrek, besteren artean, XIX. mende bukaerako sinbolismora garamatza. Tradizio anglosaxoian kokatzen delarik, baita lehenagora ere, William Blake batengana esaterako. Bestalde, haren poesiaren dohain nabarmenetarikoa dugu hizkuntza poetikoaren intentsitatea, hein handi batean soinuzko elementuen taxuera berezi baten bidez (fonemen aukeraketa, erritmoa) lortzen zuena. Antza denez, txikitatik irakurri zizkioten familian poema zein bestelako testu literarioak, eta akaso horregatik garatu zuen poemen musikarekiko jaidura hori. Errezitatzeko modua ere aski kantaria zuen, egun sarean errazki aurkitzen diren grabazioek (ugari egin zituen BBCrako) erakusten dutenez.

      1950ean Ameriketako Estatu Batuetan bira poetiko bat egin zuen, gerora etorriko ziren ugariren estreinakoa, eta luze gabe Thomasen poeta gisako fama eta mitoa are gehiago zabaldu ziren. Sona hori beste sortzaile hainbatengana iritsi zen berehala gainera. Ezagun denez, Robert Zimmerman-ek, Literatura Nobel saria izan den Bob Dylan-ek alegia, harengandik hartu zuen izengoitia 1959an, eta bere letretan Thomasen zantzuak sumatu dituzte kritikariek. Sylvia Plath-ek ere haren eragina aitortu zuen, bien poesiaren izaera konfesionalean antzeman litekeen moduan.

      1934an argitaratu zuen lehen poema liburua, 18 poema izenekoa, gerora Thomasen poema ikurretako batzuk gordetzen dituena: Ez da gailenduko heriotza, Fusa berdean zehar. Ondoren etorri ziren, besteak beste, Hogeita bost poema (1936) eta Heriotzak eta sarrerak (1946). Azken horretan II. Mundu Gerraren zantzuak topatzen ahal dira, eta baita Thomasen beste poema klasiko bat ere, Garo muinoa. Prosazko zenbait lan azpimarragarri ere idatzi zituen; tartean, Koro Navarrok 1999an euskarara ekarritako Artistakume baten erretratua.

      Iker Alvarezek mimoz itzulitako poemok mitotik poesiarako bidea erakusten diote irakurleari. Bide maiz sigi-sagatsua, baina beti txundigarria.