Poesia kaiera
Poesia kaiera
Maria Merce Marçal
itzulpena: Itxaro Borda
2014, poesia
64 orrialde
978-84-92468-53-9
Maria Merce Marçal
1952-1998
 
 

 

Uraren erromeria

 

                             I

 

Zarrailu zulotik sartzen naiz huntz hostoarekin.

Zein haizek bulkatu nau oihan hartarik atera?

Ez dago seinale izpirik toki hortako arboletan.

Desirak erantzunik gabeko zerua du ikertzen.

 

Eurizko oihaletxe bat, gonbita berriarentzat!

Belarrean barreiatuak, ardo honen auzoetan,

jolasaren gatza, amodioaren piperra,

eta zure soina eta nire soina, jaiaren hazkurri.

 

Nork jarri zuen mahaia estalki ttakatuekin?

Zein ekiren otsailak hogeita hamar? Zein lur?

Kartetako gaztelutik zein itsas erdi da ageri?

 

Ilunpeak estaltzen zuen iragarpenik ilunena.

Noranahi noa, edonondik naiz itzultzen,

poeten zergatian exiliatua maite zaitudala.

 

 

                             VIII

 

Harrulia aiduru duzu sasi-hiri horren mugan.

Min egiten dio pozoi-suizidioz bete orratzak.

Suaz setiatua —herioaren eztei dantzaldia—

dorre errearen hondarretik urruntzen da.

 

Jada hostoak usteltzen doaz. Udazken deboila

bermatu oihan gorakoian, zauriaren hegian.

Zomorroak gordetzen dira izarren labirintoan

suntsiketari jazarriz, bizi berri bat ekarriz.

 

Harrulia aiduru duzu eta uhin beltzatua.

Utzi atea itsutzen duten armiarma-sareak!

Ez zaitez ukatua sendi bizitza den kloskoan.

 

Ebaki lotzen zaituen soka! Eta gatzaren bidez,

besarka nazazu arauak ezagutzen ez dituen ura

bezala, bridarik gabeko ibai-erroari josirik.

 

 

                             IX

 

Markak ahantzi dituen itsuaren antzera maite nauzu.

Errutinari lotzen zaizkion korapilotik ihesi doaz oinak.

Zure behatzak, biziak, igotzen dira hostoen ukimenaz.

Sagardi peza dagoenera eramaten zaitu sudurrak.

 

Zure gorputza laguna dut eta leihoak irekitzen dizkit.

Zein izarralde zurbilek ditu burdin-zerrailuak eroaten

eta zintzurretik hartzen, ur zorrotzaren ahotsekin,

desiraren arku tiratuaren azpiko ontzitxo?

 

Nire arbolen itzalek, sukartsu, errozko aterpe bat

bezala, sapaz, eta amodio berdez inguratzen zaituzte.

Senditzen al duzu belarria ilargiaren miauka hesten

soilik begiek distiratu eta soa konjuratu artean?

 

Han nehor ez dago zain eta ekiaren pare iluntzearen

putzu itsura lehiatzen dira su honen adreiluak.

 

 

                             XI

 

Dantza ala borroka? Gaur egun, gerra dantza!

Ez al duzu ikusten odolez gorritu begiekiko ilargia?

Gauaren azkonek eraso dute lokatza.

Bulun goaz, ero, itsasotik zerrako oihanera.

 

Eta euri sukartsuen lauhazka itotzen den

karrika handiko urmaelaren ardatz ilunak gara.

Bat-batean atsegin homizidak betetzen gaitu:

arku gaitzeko indio, hautsa eta zaldia probatu dugu.

 

Preso egin nauzu. Labanezko errotarekin

larrua eta bihotzaren ahoak tatuatzen dizkidazu.

Altxorraren harpea, ausart, bilatu dudalako

iragarpen gordeen pean amodioa bazkatu dut.

 

Gaztigatzen nauzu, jelos, eta uzten didazun plazerak

are urrunago narama, aduana gabeko mortuan zehar.

 

 

                             XIX

 

Ai! Agrada zait zure burua eta agrada zure uzkia

—desberdinduak diren birazkako bi erdi—.

Nire mingainak, karakol isil baten antzera,

arbola osoan darrai, astiro, errotik kaskoraino.

 

Maitasun itzulkariaz, etxe hetsi bat bezala,

eta antenen puntan beldur pixka batekin,

azalean lerrari noa eta korapilo bakoitza maite dut,

hosto bakoitza, eta noiztenka negar dagien harra.

 

Ai! Zure uzkia agrada zait eta agrada zait zure burua.

Ekiak dailu ziurrez suntsituko dituen izkinak lotzen

ditu tua distiratsuzko bide-labirinto batek.

 

Mundua-birlaren ingurune anitza da

zure gorputza, lurrezko eromen baten pare,

gaur, nire aho ibiltariaren nostalgiari eskainia.

 

 

                             XXI

 

Artagairik gabe, badakit, buru eta abururik gabe

maite zaitut. Ez da oin bakarrik ez eta buztanik,

denak baitoaz zuzenki uraren festaburura:

Aiztoa eta oihana, ardoa eta odola eta ogia eta ahoa.

 

Ubidea eta uholdea, arrosa eta aizturrak,

mihiseak eta ohea, iturria eta egarri leinurua.

Dorre eroria eta zeruan iruten den adarra.

Hondar hilaren gainean, erretzen duen izotza.

 

Bururik eta ezer gabe, abururik eta artagairik gabe,

nire gorputzaz eztia egiten duten erle txikiak,

arbola arteko leze iluna, hatza galtzen duen amodioa.

 

Uholdea eta iturria, ahoa, ardoa eta egarria.

Hondarra, odola eta aiztoa, oihana eta izotza

eta urezko suhaka hau eragin duen sua.