Zerrakuretan
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
Gaizka Sarasola
 
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
aurkibidea
 

 

Izotza

 

(kristobal sartu da, inoiz baino baldarrago. Ibaiaren ertzera joan da. Ibaiaren bazterretik begira, eta kontari.)

 

kristobal: Izotza. Sukaldean izotza. Sukaldera ere sartu zen izotza. (kristobalek fokua biztu du) Sukaldera sartu zen izotza, umeak sartzen diren bezala; edo sartzen ziren bezala. Bat-batean, baina ez ezustean. Amonak beti espero baitzituen umeak, eta umeek amona. Sukaldeko atea ireki, mahaian mantela, leiho ondoko loreontzian loreak, apaletan ontzirik dotoreenak eta saski batean intxaurrak, paretan erlojua, aulki batean periodiko zaharrak, eta su ondoan amona, eta bere esku beroak. Eta bat-batean, baina ez ezustean, amonaren kroketak. Eta amonaren muxua eta laztana, eta bere esku beroak.

 

(Urradura ozenagoak. Ibaiaren soinua leunagoa, motelagoa.)

 

        Baina hozten da beroa, gelditzen da mugimendua, geldotzen odola, aldatzen amona. Soinean mukutsa, begietan bisutsa...

 

(Urradura zaratatsu bat. Orro ozen bat. Eta ondoren, isiltasuna. Ur korrontearen soinurik ez da nabari. Ibaiko ura hormatua da.)

 

        Sukaldean sartzen jarraitu zuten ez hain umeek. Ez hain umeek beti espero zuten sukaldean amona. Baina, amonak? Zer espero zuen amonak? (Isilunea) Mahaian mantela, leiho ondoko loreontzian loreak, apaletan ontzirik dotoreenak eta saski batean intxaurrak, paretan erlojua, aulki batean amona, eta su ondoan izotza. Eta amonari muxua eta laztana, eta bere esku hotzak. Izozten da gorputza, hormatzen da odola.

 

(kristobalek zauritutako besoarekin lurrean den farola nolabait ere hartzea lortu du. Bere burua berreskuratua du. Poliki-poliki, eszenatokitik jaitsi eta ibaia gurutzatu du. Bertze aldera joana da, ikuslegoaren artean desagertuz. shepherd jaunak farol ttikia hartu du. Jauzi egin eta ibaiaren bazterrera hurbildu da. kristobal joandako aldera begira gelditu da.)

 

shepherd jauna: Kristobal? (Isilunea) Kristobal?

 

(Erabateko isiltasuna. shepherd jauna ere, ibaiko uraren antzera hormaturik; mugiezin, estatua baten modura. Argitzen hasi du. Nahiko ilun dago hala ere. erramun joakin agertu da. Hormatutako ibaiari begira gelditu da bera ere.)

 

erramun joakin: Hau hormatea! Hau hormatea! Egundaino horrelakorik ikusi gabe! (Isilunea. shepherd jaunari) Hormaturik zu ere?

 

(Isilunea.)

 

shepherd jauna: Kristobal joan da.

 

erramun joakin: Normal. Beti erretiratu ohi da tenore honetarako.

 

shepherd jauna: Baina oraingoan betirako joan da. Gure argia zen bere burua hartu, ibaia gurutzatu, eta bertze aldera joan da.

 

(shepherd jauna eta erramun joakin ibaiaren bertze aldera begira. Isilunea. erramun joakin bere tailerrean sartu da. Momentu horretan azaldu da mari pili, hotzez bera ere, manta batekin babestuta.)

 

mari pili: Shepherd Jauna? (Isilunea) Eta isiltasun hau? Nolatan isiltasun hau, Shepherd Jauna? Ibaiko uraren soinua ere ez da nabari.

 

shepherd jauna: Hormatu da ibaia.

 

(mari pili ere ibaiaren ertzera hurbildu da.)

 

mari pili: Ibaian izotza?

 

shepherd jauna: Soinean mukutsa, begietan bisutsa.

 

mari pili (haserre): Bisutsa? Kataratak dira, Shepherd Jauna! Kataratak! Bi begietan gainera! Lehendik angula gutti, nire ikusmena ere guttitu gero, eta hondarreko urak hormatu... esperantza guztiak izozteko! (Isilunea. Haserre oraindik) Bisutsa! Poesia eta antzerki guttiago irakurri beharko zenuke, Shepherd Jauna! Ikusmena lausotzen dizu horrek. Begietan bisutsa...

 

(erramun joakin itzuli da tailerretik. Bi aulki ekarri ditu berarekin.)

 

erramun joakin: Ez dakit poesia, antzerkia edo zer... baina zerbait irakurtzen jarraitu beharko dugu guk ere, nahiz eta bista bajatu! Kristobal joan da. Akabo bere ipuinak!

 

(erramun joakin aulki batean jarri da. Bertzea, mari piliri eskaini dio.)

 

mari pili: Kristobal ere bai?

 

erramun joakin: Bai. Bere burua hartu, eta ibaia gurutzatu omen du. Joan da bertze aldera, ezta, Shepherd Jauna?

 

(shepherd jaunaren isiltasunak erramun joakinek errandakoa baieztatu du. mari pili ere aulkian jarri da, erramun joakinen ondoan.)

 

mari pili: Gizajoa! Normal! Pixkanaka gorputzik gabe utziko genuenaren beldur izanen zen... Bertze aldean lasaiago utziko dute.

 

erramun joakin: Zuk uste?

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Han denetarik izanen dute.

 

erramun joakin: Zuk uste?

 

mari pili: Honat inork ere etorri nahi ez izateko, guk baino gehiago bai bederen!

 

erramun joakin: Agian bai.

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Ni ez naiz bere gibeletik joanen bada!

 

erramun joakin: Ezta ni ere!

 

mari pili: Baditugu bonbillak oraindik, karakolak eta bareak, angulak harrapatzeko baheak...

 

erramun joakin: Mailua eta indarra...

 

mari pili: Ardiak eta lantegiak...

 

erramun joakin: Lanik emanen balute sikiera!

 

(Isilunea. Tren baten ziztua. shepherd jaunak, erramun joakinek eta mari pilik, sumatu bai, baina ez dute buelta erdirik eman. Agurtzen ere ez dira saiatu.)

 

shepherd jauna: Guttitzen dira ardiak ere. Bagenituen hogei, orain hemeretzi bakarrik.

 

erramun joakin: Nahikoak guretzat!

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Kristobalek kontatuko du. Kristobalek kontatzen badaki. Zuk ardiak, eta berak ipuinak, istorioak. Bertze aldean ere kontatuko du. Bertze lekuetan ere kontatuko du. Eta kontatuko du hemen badela jende bat, badela leku bat.

 

erramun joakin: Badugula gazta! Badugula gazta, baditugula bonbillak oraindik, arratsetan irakurtzeko bonbillak, eta etxe huts baina hauskorrak. Jendeak bete ahal izateko oskolak.

 

mari pili: Eta oraindik ikusten ahal direla ipurtargiak, eta oroitu uluak. Sortzen ahal dugula haizea, hiltzen direla ardiak, ur bareetan jostatzen direla zapatariak, eta hotzetan izozten irriak... eta odola.

 

(Isilunea.)

 

shepherd jauna: Nire odola hotza dago beti!

 

erramun joakin: Odolik baduzu oraindik bederen...

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Oraindik! Hurbilduko zaigu norbait oraindik! Kristobali aditu, eta hurbilduko zaigu norbait!

 

erramun joakin: Hori da! Etorriko dira. Etorriko dira nahi badute!

 

(Isilunea.)

 

shepherd jauna: Alirooooon!

 

(Bertze aldean oihu bat entzun da erantzun moduan.)

 

oihua: IEUUUUUP!

 

(shepherd jauna, mugiezin zirudiena, bat-batean aztoratu da.)

 

shepherd jauna: Aditu duzue? Aditu duzue? Erantzun bat! Erantzun bat azkenean!

 

mari pili: Kristobal izan da. Kristobal izan da, Shepherd Jauna.

 

(Isilunea.)

 

shepherd jauna: Bai. Badakit. Hori badakit.

 

(Mendiak gibelean, ibaia aitzinean, eta herri zahar bat bien erdian. Bide erdian, edo amaieran agian? Nor etorriko zain. Nor hurbilduko esperoan. Hotzak dena izoztu du. Farol ttiki bat baino ez dago bizturik. Eta esperantza apur bat.)

 

 

Amaiera