Zerrakuretan
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
Gaizka Sarasola
 
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
aurkibidea
 

 

 

(Eszenatokiaren erdialdean txondor itxurako egitura zahar bat, goiko aldetik irekia dena. Honen ondoan estufa zahar bat, eta inguruan sakabanaturik, besaulki zahar bat, bertze aulki xumeago bat, bigarren aulki honetan hedaturik toalla bat, balde bat, trangadera, bertan aizkora sartua, otarrea ipurdiz behera, honen ondoan makila luzea, eta hozkailu ttiki zaharkitu bat.)

 

 

laztanak eta ogiak

 

(txoria sartu da. Hanka bat arrastaka, beso bat erdi kakoturik, erabat ezin luzaturik, eta bertzean zaku huts bat darama. Poliki dabil. Aulki xumean jarri da. Pixka batean egon, altxatu, besaulkira hurbildu eta bertan jarri da. Hemen ere pixka batean egon, berriro ere altxatu eta ibili ondoren otarrean jarri da. Urrunetik fanfarre batek jotako martxa baten doinua. txoria altxatu eta gibeleko aldetik desagertu da.

Fanfarrearen doinua gero eta ozenagoa. Txondorraren goiko aldetik juanen burua azaldu da. Ingurura begiratu eta berriro ezkutatu da.

Gibeleko aldetik fanfarre baten itzalaren pasaldia eszenatokia zeharkatuz, Fanfarrearen atzetik bertze itzal baten pasaldia, eskuan makila, bizkarrean motxila eta buruan txanoa daramana.

Martxaren doinua gero eta baxuago. Berriz ere juanen gorputza agertu zaigu. Fanfarrearen musika isildu da.)

 

juan (oihuka): Txoria! Txoria! Non habil Txoria? Txoria! (Apalago) Txoria? (Haserre) Txoria!

 

(txoria azaldu da. Eskuan zakua.)

 

txoria: Zer?

 

juan: Non hintzen?

 

txoria: Hemen.

 

(Isilunea. txoria juanengana hurbildu eta zakua erakutsi dio.)

 

juan: Hutsik!

 

txoria: Beti bezala. Hutsik. (Zakua lurrean utziz) Ke zuririk ez.

 

(txoriak eskuak estufara hurbildu ditu.)

 

juan: Ikatzik gabe ezin piztu!

 

txoria: Berotasuna imajinatzea gustatzen zaidak; goxotasunaren sentsazioa gogoratzea.

 

juan: Bai, goxo bizi gaituk gu aspaldian!

 

(Isilunea.)

 

txoria: Negua urruti zegok oraindik.

 

juan: Nahi baino agudoago etorriko duk hala ere. Mekauen Sebastopol! Eta gu ikatzik gabe!

 

txoria: Barrenean ez duk pizar bat gelditzen?

 

juan: Ez.

 

txoria: Seguru?

 

juan: Bai.

 

txoria: Gaur begiratu duk?

 

juan: Berriz?

 

txoria: Baina begiratu duk?

 

juan: Zertarako? (Isilunea) Bahuen atzo?

 

txoria: Ez.

 

juan: Eta herenegun?

 

txoria: Ezta ere.

 

juan: Eta aitzineko egunean? Eta aitzinekoaren aitzinekoan? Eta aitzinekoaren aitzineko egunaren aitzineko egunean? Ez, ezta?

 

txoria: Ez.

 

juan: Orduan?

 

(Isilunea.)

 

txoria: Baina gaur begiratu duk?

 

juan (etsiturik): Ez.

 

(juan txondor barrenean sartu da. Berriro agertu da.)

 

txoria: Eta?

 

juan: Zer uste duk?

 

txoria: Ezetz.

 

juan: Noski ezetz!

 

(Isilunea.)

 

txoria: Baina ongi begiratu duk?

 

juan: Segi ezak kaka egitera!

 

(juan, haserre, txondor barrenean sartu da. txoriak urez betetako baldea hartu, aulkian eseri, oinetako eta galtzerdiak erantzi eta hankak uretan sartu ditu, hotzez.)

 

txoria: Surik ez izatearen alderik makurrena hankak ur hotzetan garbitu behar izana duk. Aurpegia, eskuak… bueno… baina hankak. Hankak! (juani oihuka) Aditu duk? Juan! Aditu duk? Aurpegiak eta eskuak bale… baina hankak! (Apalago berriz ere) Bueno, berak istripuaz geroztik ez dik hanketan deus sentitzen, ez berorik eta ez hotzik. Berari total! (juani) E! Hiri total! E! E! Hiri total!… (Apalago) Aunitzetan deus ere ez sentitzea zenbatez hobe. Hotzik ez, berorik ere ez… ez minik, ez lotsarik… beldurra, bakardadea… bueno, gu ez gaituk bakarrik. (Oihuka) E! Gu ez gaituk bakarrik! Nik hi haut eta hik ni! Elkarrekin gaituk, e! Elkarrekin gaituk! (Apalago) Zenbat urtez? Auskalo zenbat urtez. Ahantzia diat zenbat urtez. Beti elkarrekin. (Isilunea. juani oihuka) E! E! Hik hanketan hotzik ez eta biok bakardaderik ere ez!

 

(juan azaldu da.)

 

juan: Mekauen Sebastopol! Ni ezin naizelako mugitu, ezin diat ibili, bertzela aspaldi alde egina nian hire ondotik!

 

(juan berriro ezkutatu da. Isilunea.)

 

txoria (oihuka): Ez ezak horrelakorik erran! Brometan ari haiz. Bazekiat! Ja! Ja! Baina ez ezak horrelakorik erran ezta brometan ere! Min ematen didak! Min ematen didak! (Apalago) Hotza sentitzen diat, mina ere bai… eta gosea, gosea ere bai. Surik ez izatearen alderik makurrena, hankak ur hotzetan garbitu behar izanaren ondotik, janaria ezin berotzea duk. Beti janari hotza jan behar. Babak hotzak, bakailaoa hotza, aza eta patata ere bai. Beti janari hotza. (Isilunea. Hankak baldetik atera, idortu, eta oinetakoak jantzi ditu. juani.) Ramona anderea ez duk aspaldian etorri, e! Anderea ez duk aspaldian etorri! Noiz etorriko duk? E! Noiz etorriko duk? E! Noiz? Badakik? Badakik?

 

(juan agertu da.)

 

juan: Ez. Nahi duenean eta ahal duenean etorriko duk. Ez duk gure zerbitzaria.

 

(txoria hozkailura hurbildu eta ireki du.)

 

txoria: Janari gutti gelditzen duk ba! Intxaurrak, hurrak, almendrak, ogia… eta gazta?

 

juan: Atzo bukatu genian.

 

txoria: Kauen Santa Cruz!

 

(txoriak hozkailutik eskukada bat hur hartu eta txaketako poltsikoan sartu ditu. Jaten eta paseoan, tarteka gelditu eta sakelatik hurrak hartu eta janez.)

 

juan: Txoria!

 

txoria: Zer?

 

juan: Egiatan ez al duk gogoratzen noiztik gauden elkarrekin?

 

txoria: Betitik?

 

juan: Betitik ez.

 

txoria: Ez?

 

juan: Ez.

 

(Isilunea.)

 

txoria: Eta ez gaituk hemen betitik?

 

juan: Ez.

 

(Isilunea.)

 

txoria: Ba… niri horrela iruditzen zaidak.

 

juan: Ez haiz Talavera de la Reinaz oroitzen? (Isilunea) Lehendabiziko aldiz han ikusi genian elkar. Mekauen Sebastopol!

 

txoria: A!

 

juan: Gu eta gu bezalako ehunka gizajo. Eta handik Arritxuloko kanpamentura. Toledoko zabalgune idorretatik hemengo itxitura hezeetara. Eta bidea. Bide madarikatua. Bide madarikatu hori egitera behartuak. Lana eta nekea.

 

txoria: Egia! Zopa beroa ematen zigutean. Txarra, baina beroa. Ahantzia nian!

 

juan: Ahantzi ez. Ez duk gogoratu nahi. Lana eta nekea. Miseria. Zigorrak. Bideak irekitzen, mendiak zulatzen hainbertze oinaze! Eta gosea… lapurtutako gaztainak, artzainari erregututako esne-zopak.

 

txoria: Zopa… zopa beroa janen nikek orain.

 

juan: Ez haiz oroitzen. Ez duk gogoratu nahi. Doroteo eta gu egur bila joanak gintuan barrakoitik kanpora. Ihes egiten saiatu zuan bera, eta soldadu mukizu hark tiroa bota! Hiru aukera genitian; soldadua akabatu, hanka egin, edo biak batera bertzela. Bertan gelditzea ez zuan aukera… Baina zer zuan bada soldadu gazte hura? Gu bezala, miserable bat, bertze arropekin, arropa garbiagoekin. (Isilunea) Ahantzi ez, ez duk gogoratu nahi… hik, hire musikari esku horiekin… Eta zulo honetan ezkutaturik gaituk orduz geroztik.

 

txoria: Ez gaituk betitik hemen, beraz?

 

juan: Ez.

 

txoria: Horrela iruditzen zaidak niri ba… (Isilunea) Juan!

 

juan: Zer?

 

txoria: Soldadu mukizu hura ez zakiat, baina ni ez ninduan gizajo bat. Ni musikaria ninduan; “klarinetista”. Nik betitik jakin diat ze musika nuen gogokoen.

 

(txoria klarinetea jotzearen imintzioa eginez. Fanfarreak jotako habaneraren doinua urrutian.)

 

juan: Betitik berriz ere? (Isilunea) Ez gaituk betitik, baina betikotu gaituk… “hemengotu”. Ni, Toledoko mendietan baso batetik bertzera ikatza egiten aritzen zena, hemen ikazkin mugiezin bihurtua… eta hi, hire herrian musikari, hemengo txori… txori maingua.

 

(txoriak klarinetea jotzearen imintzioa egiteari utzi dio. Habanerak jarraitzen du.)

 

txoria: Badakik?

 

juan: Zer?

 

txoria: Zopa beroa janen nikek orain.

 

(txoriak klarinetea jotzearen imintzioari berrekin dio.)

 

juan: Musikak ez dik jatera ematen, Txoria!

 

(txoriak klarinetea jotzearen imintzioa egiteari utzi dio behingoz. ramona sartu da. Bertze biak ez dira konturatu. ramona emakume dotorea da; harrotasunik gabe, xume, baina ongi jauntzia.)

 

ramona: Jaunak!

 

juan: Ramona!

 

txoria: Anderea!

 

(ramona besaulkian eseri da. Fanfarrearen musika isildu da. txoria paseoan eta tarteka hurrak janez.)

 

ramona: Dena ongi?

 

juan: Dena berdin.

 

txoria (etsipenez): Janari guttiago.

 

ramona: Eta ni esku hutsik etorri… gizajoak! Ea hurrengoan zerbait ekartzerik dudan!

 

juan: Ez da beharrezkoa.

 

txoria: A, ez?

 

juan: Ez.

 

(Isilunea.)

 

ramona: Lasai, Txoria, ekarriko dut zerbait. Badakizue senarrari agindu niola.

 

juan: Gizon ona zen. Zera zuen…

 

txoria (moztuz): Printzipioak.

 

ramona: Denek baditugu printzipioak, jokamoldeak, izaerak… aldatzen ditugun arte! Begira, herriko idazkaria ere, beti hain zuzena eta hain lasaia, eta gaur sutan dabil herri guzian barna zer eta alaba ez delako arratsean etxera itzuli. Bertzeen artaldeetan soilik ikusi nahi izaten ditugu ardi beltzak! (Isilunea. ramona estufara begira) Itzalita orain ere?

 

juan: Ikatzik gabe nola?

 

ramona: Noski.

 

juan: Inguru honetako egur pizarrak ere aspaldi akitu ziren!

 

ramona: Hala da bai. (Isilunea) Lehenagotik ere badakizue ikatza eta egurra ez dena ere erretzen.

 

juan: Aspaldiko kontuak, badakizu. Zure senarrak horrela nahi izan zuen.

 

ramona: Bai. Bera beti hain…

 

txoria (moztuz): Printzipioak! Printzipioak!

 

ramona (haserre): Ze printzipioak! Diferentea! Beti diferente egin behar! Ezin bertzeak bezalakoa izan! Ez! Hiltzeko orduan ere espeziala! Azken orduan ere denak seinalea uzten; marka. Gurutzeak, hilarriak, harriak… bizitzan zehar nahiko arrasto uzteko denborarik ez bagenu bezala, gero hildakoan seinalea utzi behar izateko! Eta berak diferente nahi! Diferente, baina bera ere seinalea uzten bukatzeko. Printzipioak…

 

txoria: …eta ideologia.

 

ramona: Printzipioak eta ideologia. (Fanfarreak jotako pasodoblearen doinu apala. ramona altxatu eta txoriagana hurbilduz.) Ez ziren printzipioak eta ideologia dantzara niregana lehen aldian hurbildu zirenak. Ez ziren printzipioak eta ideologia etxera lehen aldiz lagundu nindutenak, ez ziren printzipioak eta ideologia hain begirada lotsatiz begiratzen nindutenak, hain baldar lehen aldiz muxu eman zidatenak, bere eskuen berotasunez nire hotzak goxatzen zituztenak… Ez nintzen printzipioak eta ideologiarekin maitemindu, herriko gazte alai eta langile batekin baizik; jatorra. Ez zen Gary Cooper, baina tira!... guapo xamarra. Ez dakit nik maite nuen gizona noiz bihurtu zen printzipioak eta ideologia… (txoriagandik urrunduz) Hori ez nuen nik aukeratu. Aukeratzekotan xinpleago bat aukeratuko nuke; arruntagoa… Laztanak eta ogia, ez printzipioak eta ideologia.

 

(ramona etorritako lekutik atera da.)

 

txoria (ramonari oihuka): Oroitu gure ogia!… (Apalago) Eta laztanak?

 

(juan txondorrean ezkutatu da. txoriak zakua hartu du. Gibeleko aldetik atera da. Fanfarrearen musika isildu da.)