Zerrakuretan
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
Gaizka Sarasola
 
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
aurkibidea
 

 

Ulua

 

(Iluntasuna. kristobal agertu da. Berriz ere ibaiaren ertzean. Ibaiaren bazterretik begira, eta kontari.)

 

kristobal: Arratsean ulua. Arratseko uluak. Arratseko uluari zioten beldurra herri hartan. Beldurra otsoaren uluari eta haize hotzaren ziztuari. Beldurra hotsari... baina izua? Izua isiltasunari. (Isilunea. kristobalek bularraldean daraman fokua biztu du) Horregatik paratzen zituzten kaskabiloak, kriskitinak, zintzarriak eta joareak. Isiltasuna estaltzeko, beldurrak uxatzeko, norbait zirela errateko, nonbait zeudela adierazteko... izuak eta uluak isilarazteko. Eta jo zuten otsoen kontra! Otso hilak... hamar, hogei, ehunka! Eta beraiek ikasi zuten ulu egiten. Ulu egiten... beldurra sartzeko. Uluak, ziztuak, sirenak, kanpaiak... beldurra adierazteko, larritasuna azaltzeko, hondamendia kontatzeko eta heriotza kantatzeko. (Isilunea) Jo zuten otsoen kontra, eta irabazi! Bakandu ziren otsoak eta isildu uluak. Taldean aisa egiten da oihu, bakarrik gaudenean ez. (Isilunea. kristobalek bularraldean daraman fokua itzali du) Ez ziren ikusten otsoak, ez ziren aditzen uluak; baina desagertu ziren izuak? (shepherd jaunak farola biztu du) Hor daude izuak, hor daude beldurrak... haize hotzaren ziztuari... otso bakartiaren isiltasunari.

 

(kristobal eszenatokia zeharkatuz atera da. shepherd jauna ohi baino aztoratuago mugitzen da alde batetik bertzera. Urduritasunez oihukatzen du.)

 

shepherd jauna: Alirooooon! Alirooooon!

 

(erramun joakinek tailerreko argia biztu du. Tailerretik atera da.)

 

erramun joakin: Shepherd Jauna! Shepherd Jauna!

 

shepherd jauna: Alirooooon! Alirooooon!

 

erramun joakin (bortitzago): SHEPHERD JAUNA!

 

shepherd jauna (beldurrez): E? Zer?

 

erramun joakin: Lasaitu, Shepherd Jauna!

 

shepherd jauna: A! Bai, bai.

 

(Isilunea.)

 

erramun joakin: Otsoena berriz ere...

 

shepherd jauna: Bai. Kristobal. Kristobalen ipuinak.

 

erramun joakin: Beharrezkoak ditu berak ere. Behar ditu berak ere. Iluntasuna arintzeko. Iluntasunean bizitzeko; bizirauteko. Biziraun, bere burua ibaira bota gabe!

 

shepherd jauna: Bai. (Isilunea) Ipurtargiena gustatzen zait, baina otsoena ez.

 

erramun joakin: Itzali zure argia. Egon lasai. Gaur ni geldituko naiz.

 

shepherd jauna: Itzali? Baina ontziren batek nire laguntza behar badu? Argia behar badu? Edo norbaitek ibaia gurutzatu eta guregana etorri nahi badu?

 

erramun joakin (haserre): Geldituko naiz ni! (Lasaiago) Urteak dira ibaian ez dela ontzirik ibiltzen, ez dela jenderik etortzen... Geldituko naiz ni hala ere.

 

(shepherd jauna berriz ere mugitu da, lasaiago oraingoan. Tren baten ziztu bizia entzun da. shepherd jaunak eta erramun joakinek buelta erdi eman eta agurtzen saiatu dira, baina ez dute astirik izan.)

 

shepherd jauna eta erramun joakin (oihuka): Iee...!

 

(shepherd jaunak eta erramun joakinek berriz ere buelta erdi eman dute.)

 

shepherd jauna (haserre): Alirooooon!

 

(Isilunea.)

 

erramun joakin: Eta Mari Pili?

 

shepherd jauna: Ez da agertu iluntzean.

 

erramun joakin: Enararekin solastatu izanen da. Lur jota egonen da. Animorik gabe.

 

(shepherd jaunak farola itzali du. erramun joakin ibaiaren ertzera hurbildu da.)

 

erramun joakin: Bai iluna gure ibaia. Eta gu, argiarekin oraindik, baina ia animorik gabe. (kristobal joandako aldera begiratuz) Ai, Kristobal! Zu eta zure ditxosozko alegia xelebre horiek... (Aharrausi eginez) Aaaaai! Niri ez didate lorik kenduko bederen!

 

(erramun joakin bere tailerrera itzuli da. Argia itzali gabe lokartu da.

otsoa sartu da. Zalantzati, mesfidati. Inguruan begiratu du.)

 

otsoa: Hemen ez, hemen ere ez... Hemen ez da animorik usaintzen. Ia arimarik ere ez! Arimarik gabe, sabela nola bete? Nola indartu? (Ibai bazterrera hurbildu da) Bertze aldean egonen dira gehienak? (Etsiturik) Eta ni hemen... Egarria ase nezakeen hemen, baina gosea? (Zeru aldera begiratu du) Ez da animorik usaintzen. Gizajoak. Eta gizajoa ni ere.

 

(otsoa etorritako bidetik atera da.

Isilunea.

Argitu du. erramun joakin bat-batean ernatu da. Presaka, tailerreko argia itzali, eta lanean hasi da. Hauspoari eragin, garra bizitu, burdina goritu eta mailuarekin ekin.)

 

shepherd jauna: Lokartu zara.

 

erramun joakin: E? A! Shepherd Jauna!

 

shepherd jauna: Lokartu zara!

 

erramun joakin: Zer?

 

shepherd jauna: Lokartu zarela. Zu geldituko zinela erran zenidan, eta lokartu zara.

 

erramun joakin (urduri): Bueno, bueno... Zu bai lo zeundela! Nola dakizu nik zer egin dudan?

 

shepherd jauna: Lokartzen zara beti.

 

erramun joakin (haserre): Normal! Normal! Goizean goiz jaikitzen naiz, hauspoari eragin, garra bizitu, burdina goritu eta mailuarekin ekin. Lana egiten dut nik. Lana! Nekatzen naiz... Zer uste duzu, bizitza faro batekin paseatzea dela? Egunez hogei ardi galduri begira, eta iluntzean faroari eusten... Hiru pauso baino ez dituzu ematen eta!

 

shepherd jauna: Hiru, edo lau, edo sei. Segun...

 

erramun joakin: Horixe bada! Horixe bada! Zergatik faroa lekuz mugitu? E! Zergatik faroa lekuz mugitu? Bertze aldekoek gure lurra aldiro lekuz mugitzen dela pentsatuko dute. Horrela ez du inork guregana etorri nahiko!

 

shepherd jauna: Horrela izan da beti. Lurra berdina da, baina guk zatitzen dugu desberdin, berdina desberdin josten joateko.

 

erramun joakin (mailuarekin mehatxatuz): Mecagüen el inglés! Mecagüen el inglés! Hori ez da horrela! Hori ez da horrela! Hori uste izan duzue! Hori da uste izan duzuena... baina hori ez da horrela! (Isilunea) Horrela egin izan duzue beti. Argia harat eraman, eta hango dena zuen itzalpean jarri. Eta han aspertzean berriz itzuli eta bertze norabait mugitu, eta han ere berdin... eta buelta berriz... eta lehen gurekin, eta orain... ez, ez, ez... orain berriz bakarrik. Bakarrik, bakarrik bukatzeko. (Lasaiago) Mecagüen el inglés! Denekin dantza egin nahi izan duzue, eta ez diozue inori dantza egiten utzi! (Isilunea) Guk bagenekien burdina lantzen zuek etorri aitzinetik ere. Haizeolak lehenbizi, erreka bazterretako burdinolak gero... ibaietan burdin mingainak pilaka garraiatzen! Baina zuek, zuek... zuek etorri behar izan zineten zuen jakinduria eta diruekin guri erakustera, handiagoak izaten erakustera, gehiago egitera... zuek, zuen kirol txatxu horrekin! Tanto fútbol! Tanto fútbol!... zuen kirol txatxu horrekin... Txatxuak gu,zuei kasu egin eta zuen jolasean parte hartzeagatik! Zuek igelen moduan ahoa ireki, eta guk ahotik zuei txanponak sartzen eta sartzen, sabelak puzten! Igelak ez... apo zikinak! Eta guk burdinak eta txanponak eta burdinak eta txanponak eta burdinak eta txanponak zuei ahotik sartzen... Eta orain? Orain?... Orain tailer ziztrinetan berriz ere, ia argirik gabe. Eta herrian? Herrian?... Herrian hamar lagun baino ez. Ezta futbol talde bat osatzeko ere! (shepherd jauna imitatuz) Alirooooon! (Isilunea) Ez da galako ontzirik ibili ibaian zehar aspaldian... Mecagüen el inglés! Mecagüen el inglés! (Isilunea) Eskerrak hogei ardi galdu eman genizkizula bederen... lagun ona zara bederen... Mecagüen el inglés.

 

(Tren baten ziztu bizia entzun da. shepherd jaunak eta erramun joakinek buelta erdi eman, eta agurtzen saiatu dira, baina ez dute astirik izan.)

 

shepherd jauna eta erramun joakin (oihuka): Iee...!

 

(Isilunea. mari pili sartu da.)

 

mari pili: Zer dugu? (Gibeleko aldera begiratu du) A! Hori... (Hirurek buelta erdi eman dute) Erramun Joakin! Enara hemendik joatea galarazi behar dugu!

 

erramun joakin: Galarazi? Nola? Norabait joan nahi duenak bilatzen du bidea beti.

 

mari pili: Bilatu bai, baina aurkitu ez. Ibaia da hemendik ateratzeko aukera bakarra, eta ontzirik ez da etortzen sekula. Ibaia gurutzatzea eta bertze aldera joatea du aukera bakarra. Kristobalek baino ezin dio lagundu ibaia gurutzatzen.

 

erramun joakin: Bai. Eta?

 

mari pili: Ba... hori! Kristobali moztu genion noizbait burua, eta urtu. Moztu baita beso bat ere, eta behatzak... eta... eta urtu! San Kristobalen hankak moztu eta urtu beharra ditugu. Hankarik gabe ezin izanen du Enara lagundu!

 

erramun joakin: Moztu eta urtu zertarako? Zer eginen dut bere hanketatik lorturiko berunarekin? (Isilunea) Buruarekin egin nuen gure faroa, eta besoarekin zure lanpara. Bere zatiak urtuz egin nituen joareak, egin nituen balak, ibaiaren bertze aldean erabiltzeko balak... baina zer eginen dut bere hankekin? Zer, hainbertze burdinarekin?... Hamar lagun baino ez gara. Apenas behar dugun burdinarik.

 

mari pili: Berdin dio! Edozer gauza! Deusetarako balio ez duten gauzez bete dugu mundua.

 

erramun joakin (haserre): Ez! Ez! Deusetarako balio ez duen gauzarik ez! Deusetarako balio ez duten gauzak egiten baditugu, deusetarako ere balioko ez duen jendea bihurtuko gara.

 

(erramun joakin tailerrean sartu da. Isilunea.)

 

shepherd jauna: Eta zertarako balio du gauza baliagarriak egiteak, ez bada balioa emanen dion jenderik etortzen baloratzera?

 

erramun joakin (mailuarekin ekinez): Balio dit niri! Balio dit niri! (Isilunea) Bueno, ez dakit. (Isilunea. Haserre) Mecagüen el inglés!

 

(erramun joakin, etsiturik, hauspoari eragiten hasi da, erritmo geldo baina jarraian.)

 

mari pili: Zer du?

 

shepherd jauna: Nekatuta dabil. Ez du behar bezain ongi lorik egin.

 

mari pili: Ba! Nekatuta!... Nekatuta!... Ipurterre bat baino ez da, Shepherd Jauna!

 

(mari pili atera da.)

 

shepherd jauna: Bai. Lagun ona da bederen.

 

(Argia desagertu da. Ilundu du. erramun joakinek ilunpetan hauspoari eragiten jarraitu du. Tailerreko argia biztu du. Hauspoak eragindako haizearen ziztua aditu daiteke.)